Denborak jarriko du EA bere tokian
Gehiengo absolutua eskuratu zuen PSOEk Eibarren 2007ko Udal hauteskundeetan: 21 zinegotzitik 11. Iñaki Arriola zen orduan Alkate, eta hark ez zuen bakarrik gobernatu nahi izan. Arrazoiak arrazoi, hiru akordio lortu zituen, eta horietatik lehenengoa izan zen Eusko Alkartasuna. Sanjuanak pasa zirenerako adostuta zuten guztia, baina uztailean eman zuten ezagutzera akordioa.
Eusko Alkartasunako hiru gazterekin iritzi trukaketa izan nuen, gau ia oso batez. Eta, hitzarmena irakurri gabe, honako balorazioa egin nien:
- Uste dut ona izango dela herriarentzat, dinamika batzuk aldatzea lortzen baduzue;
- uste dut errendimendua atera dezakeela EAk, bere txikitasunetik gauzak egiteko ahalmena erakusten badu;
- eta batez ere, uste dut la ostia dela PSOErentzat.
EAko gazte horiek ez zeuden ados, eta argumentu batzuk eman zizkidaten.
- EAren programaren %80a onartu zuen PSOEk.
- Industria eta merkataritza kartera lortu zuten, gai indartsua Eibarren.
Gainera, konfidantza itsua zuten euren lehenengo zinegotzian: Mertxe Garate. Gogoan dut nola 2007ko maiatza partean pintadak agertu ziren Eibarko kaleetan: Mertxe alkate! Eusko Alkartasunako gazteak ari ziren ordurako EArenak propio ez diren dinamikak hartzen, baina batasun giroa antzematen zen Udal politikak zehazteko garaian. Gazte Abertzaleak taldekoen babesa zuen Mertxe Garatek.
Politika orokorraz ere hitz egin genuen. Ibarretxe Plana ez zela sekula egin izan Jaurlaritzan EA egon izan ez balitz. EAJ eta EA elkarrekin zeuden orduan Legebiltzarrean, 2005ean Ibarretxe buru zutela koalizioan aurkeztu ondoren. 2007ko hauteskunde horietan koalizioa alde batera uztea erabaki zuen EAk Udal eta Foru hauteskundeetarako, eta horretaz jardun genuen.
Nik ez dut Eusko Alkartasuna politika egiten bakarrik ikusten. Atomizatua dago abertzaletasuna, eta nire ustez bi aukera egon beharko dute: Ezker Abertzalea eta EAJ. Kitto, ez da egongo besterik. Eta hor bilatu beharko du EAk bere etorkizuna... EAko gazteak ez zeuden ados. Hauteskundeetara bakarrik aurkeztu beharra zutela, erakusteko zein indar izan zezakeen EAk, benetan EAJren politikan eragiteko indarra izan zezan.
"Josu, denborak jarriko du bakoitza bere tokian".
Udal legegintzaldian zehar aldaketa gutxi nabaritu dut nik Udalaren lan dinamiketan, 2007ko uda hartan espero nezakeen haize berririk ez da egon gure herrian. Are gehiago: areagotu egin dira bronkak han eta hemen (Txonta, Erisono, Errebal...). Baina EAko gazteek jarraitzen zuten EAren jarduna defendatzen... 2009ko uda iritsi zen arte. EAko asko eta askok alderdia utzi eta Alkarbide sortu zuten, gero Hamaikabat izango zena. Eta tartean zeuden Eibarko bi zinegotziak.
Hitz politik ez dute izan harrezkero Mertxe Garaterentzat. Bere jardun politikoa kritikatzeaz gain, akusazio pertsonal gogorretan sartu dira EAkoak komunikabideen bitartez.
"Ante la incultura que nos regala dicha concejala con su testimonio, propio de una persona sin personalidad y que se deja llevar por los intereses que toda la ciudad de Eibar conoce, tras más de diecinueve años en dicho Ayuntamiento sin proyección alguna más que la de seguir hasta su jubilación."
Hamaikabatek jarraitzen du Eusko Alkartasunaren 2007ko hauteskunde programa bete nahian, eta Eusko Alkartasunak Udalaren jarduna kritikatu besterik ez du. Orain bai, Errebalen beste batzuk duela bi urte t'erditik kritikatzen duguna kritikatzen dute eurek ere bai.
Mertxe Garate 19 urtez izan baldin bada zinegotzi, horietatik 16 Eusko Alkartasunaren izenean izan da. Eta gogoan dut nola 2007ko uztail hartan Mertxerentzat txaloak besterik ez zituzten gaur egun Eusko Alkartasunan jarraitzen dutenek.
Ez du zinegotzirik EAk Eibarko Udalean, eta ez dut uste lortuko duenik 2011an. Legez kanpo dagoen ezker abertzaleak sekula aurkezteko aukera baldin badu, agian EAkoak hor integratuta joango dira, eta orduan itzuliko dira Udaletxera. Legebiltzarrean 75 legebiltzarkidetik bakarra dauka EAk, eta ikusiko dugu zer izango duen etorkizunean. Denborak jarriko du bakoitza bere tokian, esan zidaten duela 3 urte EAko gazte hauek. Eta bai, hori uste dut nik ere.
2009ko hauteskundeetako emaitzak errepikatuko balira 2011an
2009ko martxoaren 1eko hauteskundeetan Eibartarron emandako botoak honako hauek izan ziren:
| PSE | 5032 |
| EAJ | 4887 |
| PP | 1337 |
| Nuloak |
1244 |
| Aralar | 1038 |
| EB | 538 |
| EA | 533 |
| UpyD | 118 |
Zifra horiek Sustaturen hauteskundeetako kalkulagailuan sartu, eta hark aplikatu dio D'Hont legea goiko datu taulari. 21 zinegotziren artean banatzeko, banaketa hauxe izango litzateke:
- PSE 9 (boto nuloak onartu ezkero, 8) - Urdinez
- EAJ 9 (boto nuloak onartu ezkero, 8) - Naranjaz
- PP 2 - Horiz
- Legez kanpoko ezker abertzalea 0 (onartu ezkero, 2) - Berdez
- Aralar 1- Granatez
Datu horien grafika hemen:
Argazkiak.org | Eibarko Udaleko zinegotzi banaketa 2009ko datuekin © cc-by-sa: josu
Argi dago hauteskunde batzuetako eta besteetako emaitzak ezin direla horrela estrapolatu kalkuluak egiteko, baina egia ere bada Eibar sozialista dela eta hori aldaezina dela esan ohi dutenentzako kontrako argudio gordina dela hau. Eta 2009an parekatuta ibili dira PSE eta EAJ, baina 2005eko hauteskundeetan alde nabarmena atera zion Ibarretxek Lopezi, baita Eibarren ere.
Datu hauek emango balira Udal hauteskunde batzuetan, alderdi txikien babesa beharko luke PSEk edo EAJk enpate horretatik garaile irtetzeko. Inongo baliorik ez badu ere, gogoetarako balio dezakete datu hauek.
Paul Olagarroak zer dio, Espainia ala Independentzia?
Facebook aplikazio bat egin dute Ideatecakoek Paul olagarroari galderak egiteko. Honakoa egin diot nik:
What does Basque Country need? I need...
Eta bi aukera eman dizkiot: Spain eta Independence. Zein uste duzue aukeratu duela Paul olagarroak?
Paul olagarroak I need Independence nahiago du I need Spain baino
.
Eskerrik asko Ideatecari aplikazio hau egiteagatik.
