Ikaskidearen laguna
Elkar ikusten dugunean nabaritzen dut nola pentsatzen duen "kabronzete, fitxatuta zaude", eta irribarre txiki bat antzematen diot. Baina sekula ez dugu hitz egin. Gurutzatzen garen bakoitzean pentsatzen dut ea agurtu beharko nukeen, baina inozoa iruditzen zait ezertaz ezagutu gabe agurtzen hastea.
Azken hileotan, baina, gogo biziagoa sentitzen dut kalean geratu eta besotik gogor heltzeko. Animo txo, segi aurrera esateko. Lagunak eta familia badituen arren, babestuago sentitzeko. Eta ez berarekin bakarrik, gauza bera sentitzen dut bere lankide askorekin. Horietako asko dauzkat fitxatuta, eta askotan izaten dut gogoa eurei besarkada bat emateko. Badakidalako ETAkoek ere fitxatuta dauzkatela, eta mutil baten hitzek horren aurrean kemena emango dielako. Bada garaia beldurrak astindu eta, armen aurrean, hitzak askatzeko. Animo.
eta kitto!, 2009/V/22 (ale osoa, pdf)
Tuenti berritxuratzen ari dira
Perfilaren portadan argazki gehiago ikusten dira. Orain duten ratioari eutsi nahi diote (ia 2 milioi argazki berri egunero). Bideoak ikusteko sistema bat ere gehitu diote.
Oraindik ez dute argitaratu, baina ABC egunkarikoei erakutsi diete Tuentik izango duen diseinu berria. Aurrekoaren oso antzekoa, baina erabilterrazagoa dirudi. Hain zuzen, erabilterraztasuna aipatzen dute erabiltzaile gazteenek, Facebook beharrean Tuentin aritzeko. Hala ere, azken hilabeteotan Tuenti erabiltzaile hauetako asko hasi dira Facebookera saltoa ematen. ABCn ez dakar hizkuntzari buruzko informaziorik. Oraindik Tuenti gaztelera hutsez dago. Euskara berandu iritsiko da hona ere, iristen bada.

