Artxiboa Azaroa 2008
Marisol Esteban, EHUko errektore hautagaia, spammerra da
EHUko Errektorerako hautagaiek spam egiten dute botuak lortzeko. Unibertsitate berritzaile baten aldarria horrela islatu daitekeela uste dute, agian. Iñaki Goirizelaia hautagaiarena light da, momentuz, baina Marisol Esteban anderearenak ez dauka mugarik.
EHUko errektore hautagaiek, Iñaki Goirizelaia jaunak eta Marisol Esteban andereak, spama erabiltzen dute ikasleak persuaditzeko tresna gisa. Iñaki Goirizelaiaren kasuan, zuzenagoa iruditu zait, momentuz. Lehenik eta behin, gonbidapen bat bidali zidan gaur egingo zuen hautagaitzaren aurkezpenerako. Ekitaldi baterako gonbidapena. Klase bateko ordezkari naizen aldetik, onargarria iruditzen zait. Badago klausula bat zeinen bidez ordezkariok horrelako mezu batzuk jasan behar ditugun. Bale.
Marisol Estebanena lotsagabeagoa iruditu zitzaidan. Bere kartela bidali zidan. Aitzakia ez zitzaion falta: unibertsitatean jartzen dituzten kartelak apurtu, kendu edo gainetik marrazten dituzte betiko radikalek. Radikalei esker, Estebanek spam egiteko zilegitasuna aurkitu du. Atsekabetuta, ez nion ezer esan. Baina beste mezu bat jaso nuen.
"La Universidad necesita tu voto. Unibertsitateak zure botoa behar du. Marisol Esteban". Eta pdf bat atxikituta. Estebanen eta Goirizelaiaren programak nik hartu ditut internetetik, ez dut nahi eurek nire postontzian sartzerik. Erantzun egin nion. "Ez dut propaganda elektoral gehiago jaso nahi nire postontzian. Mesedez, errespetatu nire eskaria. Eskerrik asko. Josu Mendicute."
Ba Estebanek ez du errespetatu nahi nire eskaria, eta gaur beste mezu bat bidali dit. "La Universidad necesita tu voto. Unibertsitateak zure botoa behar du. Marisol Esteban". Erantzun egin diot. "Unibertsitateak ez du spammerrik behar. Josu Mendicute".
Unibertsitate berritzaile bat aldarrikatzen duenak ezin du spama erabili ikasleak bereganatzeko. Are gutxiago ikasle batek horrelakorik ez egiteko eskatu eta gero.
Lau teilatu gainean
Bakarrik geratu gara, Kafe Antzoki erdian. Nire ezpainek zure kantua eten dute. Kalera irten gara, ez dugu musikarik behar. Kalea gurea da eta biok batera, musika gara. Irribarre aztarnak uzten ditugu Abandotik. Gorputza algaraka dugu biok. Bihotza kolpeka nik, gure musikari erritmoa jarri nahian. Baina buruak galdetzen dit zuk abestu nahi duzuna beste kantu bat ez ote den.
Santa Klara eibartarrona!!
Donostiako Santa Klara uhartia eibartarrona da. Kapitalaren zapalkuntzak eraginda, historiak ez du jaso zehazki zein gerratan izan zen; baina ahozko ondarearen arabera, Santa Klara eibartarrona da. Donostiarrek Frantsesen aurkako guda batean, arma-faltan, eibartarrei erosi zizkieten armak. Dirurik ez, eta ordainetan Santa Klara uhartea eman.

Historia idatziak jaso ez duenez, ezin dugu zehaztu zein gerratan izan zen. Badirudi “San Luisen ehun mila semeak” Donostiara sartu zirenean (Konbentzio gerra) izan zitekeela, baina ez dago argi. Zailago dirudi Napeleondarren garaian izatea, honek biztanle gehienak barruan harrapatu baitzituen. Kasu hortan, kanpoan zegoen norbait izan beharko zen, eta zor bitxia dirudi, Donostia osoa kiskali eta herritarrak hilda baitzeuden. Hala ere, horrek beste hipotesi bat irekiko luke: desesperazioaren eraginez Santa Klara momentu horretan eibartarrei entregatzeko prest egitea.
Edozela ere, gure eibartar arbasoek armagintzan egindako lanaren ordaina da Santa Klara, zor historikoa, Eibarko herriak aldarrikatu behar duena.