Josu Leokanne
San Pedro
"Errespetu falta bat iruditzen jata Teo rekiko, gure haurtzaroko heroi bat politiko batekin konparatzia" ...
Pasa den aleko zutabean Patxi López eta Teo konparatu nituen. Anderrek idatzi zidan, ostiralean bertan. "Errespetu falta bat iruditzen jata Teo rekiko, gure haurtzaroko heroi bat politiko batekin konparatzia". Akaso arrazoia izango du Anderrek, eta badaezpada barkamenak Teori, iraindua sentitu baldin bada. Baina benetan zuzendu behar dudana, Anderrek berak bidalitako mezuaren bigarren zatiak zekarren. "Baña Sant Pedro Sancti Tomas ekin konfundidu al dozu?". San Pedrok Zeruko atea zaintzen zuen bezela, hemendik nire akatsei ere ateak ireki nahi dizkiet, Patxiren proposamena irekitako ateaz jaso dudan bezalaxe. Agerian geratu da noraino iristen den nire ezagutza ebangelikoa. Lotsatu egin naiz, are gehiago ikastetxe erlijioso batean sei urtez ibilia naizen aldetik. Santo Tomas zen aipatu nahi nuen santua. Askorentzat, txorizoekin lotzen duten santua baino ez da Santo Tomas. Eta afirmazio honekin ez dut esanahi inpliziturik bilatu gura.
Tira, edukiarekin ados ez dagoenik ere etorri zait. Oierrek bota du bere iritzia, eta horrela bukatu: "azkenean Mendarora joan beharko gara bizitzera eta Eibarrera etorri ospitalera". Oierren gogoetek beti eramaten naute nik pentsatutakoei bigarren buelta bat ematera, eta agian arrazoia izango du. Mendaron A8tik irteera balego, maiztasun handiagoz baleude autobus eta tren zerbitzuak... zertarako Ospitalea Eibarren? Uf, zertarako emango nion Patxiri nire babesa birritan pentsatu gabe? San Pedro, irekizkiguzu gogoetarako ateak. Aztertu dezagun zer den benetan behar duguna.