Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret

Euskarazko Dekretuari buruz

albret 2010/12/22 10:31
Hizkuntz Eskakizunei, EGAri, eta gaiontzeko tituluei garrantzia ez ematea...

Ez da ezer berri esatea hizkuntzari dagokionez herri berezi batean bizi garela. Logikoa da pentsatzea D ereduan batxilergoa egin dutenek EGAren baliokidea den titulua egiaztatzeko beharrik ez izatea. Areago, logikoa da pentsatzea unibertsitateko titulua euskaraz atera dutenek ere azterketarik ez edukitzea, eta EGAdunak izatea.

Proiektu horri alderdi onak ikusten dizkiot. Hemendik aurrera gutxik ikasiko baitute A eta B ereduetan, D ereduaren mesedetan.

Beste aldetik, alderdi txarrak pilatzen zaizkit. Oraingo egoerari erreparatuz gero, ez dut uste administrazioak aipatutako euskarazko dekretua abian jartzea irtenbidea izango denik. Alde batetik baieztatuta baitago D ereduan ikasten dituzten ikasle askok ez daukatela mailarik euskara lantzeko. Euskal Herria, tamalez, hizkuntzari dagokionez ez da herri arrunta. Badakigu ikastetxeetako eta unibertsitateetako ikasle gehienek euskarazko maila ona dutela, eta gaitasuna daukatela hizkuntza horretan edozein gai lantzeko, baina, beste aldetik badakigu hainbat ikaslek aurrekoek beste urte ikasten igaro arren, gaitasuna ez dutela bereganatzen eta batez ere euskara erraz ahazten dutela.

Honen gainean Administrazioan eskarmentua daukagu 3. HE eta 4. HE atera dituzten langileekin. Gehienek ez dute oztopo handirik eduki goi-maila horiek lortzeko; baina erabileraren kopuruari erreparatuz gero hutsaren hurrengoa izan dela esan dezakegu. Maila horiek lortzea baitzen, hain zuzen ere, Administrazioan lanpostu finkoa ateratzeko ezinbesteko baldintza, eta hortaz, ikasteko helburua maila horiek lortzea izan da eta ez euskara jakitea eta erabiltzea.

Ez nator bat Celaak eta Urgellek diotenarekin: “ikasketak euskaraz egin dituztenei hizkuntzaren ezagutza egiaztatzeko titulazioa eskatzea ez da premiazkoa, eta gainera diskriminatzailea da. Ikasle horiei ez zaie antzeko probarik eskatzen gazteleraren ezagutza frogatzeko”.

Agian ailegatuko da eguna, non Euskal Herrian gaztelaniazko ezagutza frogak egingo diren, baina horretarako ohiko azterketa guztiak euskaraz izan beharko lirateke, eta egun ez gaude egoera horretan. Garai horri heldu arte, hona hemen nire proposamena: Hizkuntz Eskakizunei, EGAri, eta gaiontzeko tituluei garrantzia ez ematea, eta gutxienez 3. Hizkuntz Eskakizuna eta 4. Hizkuntz Eskakizuna duten lanpostuak lortzeko azterketak euskaraz egitea. Gainontzeko irtenbideak orain bezala jarraitzeko aitzakiak direlakoan nago.

Dena den arestian esan dudan moduan aurrerapausoren bat ikusten dut dekretu honetan, A eta B ereduak desagertuko baitira, lana aurkitzeko mesedetan soilik bada ere.

Gerardo Luzuriaga

Liburuzainak, dokumentalistak eta artxibozainak haserre gaude

albret 2010/12/17 21:32

 

PSEren Gobernuak Kulturaren Euskal Kontseilua osatu du, eta teorian eta bere adierazpenetan hain garrantzitsua den kultura sektorearen ordezkaririk gabe utzi du.

Ikus dezagun,  haien hitzetan,  zeintzuk diren Kulturaren Euskal Kontseiluaren funtsezko xedeak: kultur ondarearen, museoen, artxibategien, liburutegien, ikus-entzunezkoen, musikaren, arte eszenikoen eta arte plastikoen eremuetan jarraipena eta garapena gauzatzea.

Liburutegien, dokumentalisten eta artxibozainen eremua ordezkaririk gabe  benetan baten batek sinestuko du eremu hauek jorratuko dutela edo areago kontuan hartuko dutela? Ez dut uste.

Ezbairik gabe, eremu hauetako partaideak ez gaude gure zilborrari begira,  ulertzen baitugu euskal kultura era orokor batean,  sektore hauetako partaideak ere kontseilu horretan izatea ezinbestekotzat jotzen dugu. Dudarik gabe, euskal kultura kontu estrategikoaz gain, kontu txikiari eta egunerokoari loturik ere  ikusten  baititugu. Hots, Kulturaren Euskal Kontseiluak Kulturen aldeko Herritartasun Kontratuaren jarraipena eta garapena jorratzeaz gain hamaika kontu ere landu behar baititu.

Gerardo Luzuriaga

Euskal liburuzainen adierazpena

albret 2010/12/13 19:30
Euskal liburuzainak haserre eta aztoratura gaude!

Haserre eta aztoratuta gaude. Kontua hasi zen espainiar prentsak («El Mundo», «La Razón») argitaratu zuenean Euskadiko zenbait liburutegitan Xabier Makazagaren «Manual del torturador español» liburua zegoela (Txalaparta, 2009). Carlos Urquijo PPko legebiltzarkideak galdera bat egin zuen Eusko Legebiltzarrean, Kulturako sailburuari zuzendua, liburu hori Euskadin zenbat liburutegik zuten jakinaraz zezan. Gaiak okerrera egin zuen Basauriko PSEko alkateak, Loly de Juanek, liburua udal-liburutegitik kentzeko agindu zuenean. Afera horren aurka berehala erantzun zuten, publikoki, hala argitaletxeko zuzendari Jose Mari Esparzak nola liburuaren egile Xabier Makazagak.

Liburuzainok kezkatuta gaude zentsura-kasu honengatik, eta salatu egin nahi dugu, adierazpen honen bitartez, aurrerantzean politikoak arlo profesionaletan sar ez daitezen. Amaierarik gabeko zerrenda egin genezake legeekin, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalarekin, Unescoren adierazpenekin eta liburuzainen elkarteen (Aldee, Joana Albret, Asnabi) eta nazioarteko antolakundeen agiriekin, eta denetan baieztatzen eta bermatzen da «Gizabanako guztiek dutela iritzi- eta adierazpen-askatasuna eta eskubide horrek barne hartzen duela erlijioa eta sinesmena aldatzeko askatasuna eta bakoitzaren iritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta informazioa eta iritziak mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jaso eta zabaltzekoa». Liburutegi publikoetako funtsek eta zerbitzuek «ez dute inongo zentsura ideologiko, politiko edo erlijiosori loturik egon behar, ezta presio komertzialei ere», eta egunkari osoak bete genitzake baieztapen horiek babesten dituzten orrialdeekin.

Baina zertarako? Hori guztia idatzita dago jada eta, agerian uzteaz gain, lotsagarri uzten ditu proposatzen dutena ere egiteko gauza ez diren horiek adierazpen honen amaieran, liburuzainok liburutegi publikoen aldeko aldarria egin nahi dugu, bertan zentsurazko jarrerek ez baitute lekurik, askatasunaren eta aniztasunaren esparru direnez gero. Asnabiko (Nafarroako Liburuzainen Elkartea) adierazpenak zioen moduan: «Ezinbestekoak diren zainketen artean liburutegi publikoen ezaugarrien hausnarketa egitea da». Hori da, hain zuzen ere, orain egingo duguna: «Hiritar batzuen gustukoak ez badira ere, liburutegiak ez dira horrelakoak. Liburutegiek ez dute baztertzen. Liburutegi publikoak oso ehun berezi batez eginak dira, sal-erosgai ez den ehun batez eginak. Ehun hori ez da ideologikoa, handitu daiteke neurririk gabe eta ez da sekula ehun zentsuratzaile izanen. Horren iragazkor izatean eta bere bukaezinezko zabaltasunean datza bere handitasuna».

110 sinadura.

Dokumentazioa, artxiboak eta liburutegiak Kulturaren Kontseilutik at

albret 2010/12/01 16:03
Berriro natzaizue matraka ematera; baina...

Bitzia da, Eusko Jaurlaritzak izendatutako Kulturaren Kontseiluko partaideen artean ez dago inork dokumentazio gune, artxibo eta liburutegi eremuak ordezkatzen dituena.

Kultura osatzen dituzten arloei erreparatuz gero, hauek aipa genitzakeen: ondare kulturala, museoak, artxiboak, liburua, liburutegiak, ikusentzunekoak, musika, arte eszenikoak, arte plastikoak. Partaideen zerrendari gainbegirada eman ondoren erraz ikus ditzakegun, liburutegi, dokumentaziogune eta artxibo eremua ordezkaririk gabe dagoela.

Kulturaren Kontseiluan osatzen dituzten partaideak, berriz,  eremu hauetan sailka ditzakegun: arte ederrak, blogak, erakusketak, museoak, ondare industriala, telebista, zinema, antzerkia, dantza, musika, irratia, argitaletxea, liburudenda, idazleak, olerkariak, aisialdia, hizkuntza.

Gerardo Luzuriaga

Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.