Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret

Liburutegiei buruz

albret 2010/03/23 12:37
Garbi dago irtenbideak ez direla kanpotik etorriko...

Blanca Urgell, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Egunon Euskadi izeneko irratsaioan  16 minutu baino gehiago mintzatu da Guggenheimez, Urdaibaiz, kulturklikez, kultur bonuz, arte eszenikoz, Etxepare institutuz; bitxia, baina ez du hitz bat ere aipatu liburutegiz. Irratian 16 minutu luzeak dira; baina ez du eduki tenorerik liburutegiz mintzatzeko, ezta liburutegiak aipatzeko ere. 

Gerardo Luzuriaga

Agian pentsatuko du liburutegi eremuan dena egina dagoela, eta ez dela beharrezkoa ezer hobetzea, ezer sortzea, ezer aldatzea, ezer berrantolatzea. Bitxia.

 Batzuetan ibiltari bakarti sentitzen naiz basamortu erdian izango banintz bezala, ideia berak behin eta berriz errepikatzen; baina garbi dago  irtenbideak ez direla kanpotik etorriko;  hortaz, oraingoz horretaz jabetu garenok jarraitu behar ditugu aldarrikapenak egiten. 

 

         Noizko Liburutegi Nazionala?

        

         Noizko Irakurketa Publikoaren Mapa?

 

              Gerardo Luzuriaga

    

 

Ekipamendu kulturalak

albret 2010/03/05 14:28
Politikoek eremu guztiak bere onurako erabiltzen dituztela esateak ez dut uste inor aztoratuko dudanik.

Aste honetan  Donostiako alkateak adierazi du: “Euskadik ezin du kultur ekipamenduen etengabeko hazkundearekin jarraitu”. Ez dakit bada, beste eremu batzuetan ez du ematen horrela izango denik. Hor dago garraiobideetako kontua. Nik beste era batean planteatuko nuke afera hau: ekipamendu kulturalak herri osoaren beharrei begira sortu beharko genituzke. Herri osorako  planteamendu orokorrik gabe beti herritarrak izango baikara kaltetuak, politikoen kapritxoen mesedetarako, hain zuzen ere.

Donostiako alkatearen hitzak ere kontestu honetan sartuko nituzke, bada, adierazpen horiek egin zituen une berean,  bere hirirako hiru proiektu kultural aurrera ateratzea eskatu zion Patxi Lopezi: 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza, San Telmo Museoa eta Bakearen Etxearena.

Politikoek eremu guztiak bere onurako erabiltzen dituztela esateak ez dut uste inor aztoratuko dudanik. Oro har, politikak eremu guztietan eragina baitauka, eta eremu guztien gainetik baitago. Areago, politikariek gai guztiak bere komenientziaren arabera erabiltzen dituztela agerian baitago.

Ez dago salbuespenik. Eremu guztietan adibide ugari daude, bai osasun eremuan, bai garraiobidean, bai ekonomian, bai enpleguan, bai hezkuntzan…

Dena den, eremu guztiak politikarien eskuetan izan arren,  eta bere gustuen arabera antolatu arren, eremu guztiak ez direla berdinak ere begi-bistakoa da. Izan ere, oro har,  eremu batzuk herriaren beharrei begira antolatuta eta araututa dauden bitartean, ogasuna, zergak edo polizia lekuko;   beste batzuk, berriz,  alderdien nahikeriaren mende daude, eta  ikur moduan erabili ohi dira.  Hauen artean, bereziki  kultura ekipamenduak izan dira.

Badaramagu urteak eta urteak herriak behar dituen ekipamendu kulturalak aldarrikatzen, seguru gehienok gogoratuko duzuela Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak azken urte hauetan aldarrikatu duen Liburutegi Nazionalaren egoitza edo kulturako kontuetarako Euskal Herria oinarritzat hartzea.

Liburutegi eremuari dagokionez, Euskadik irakurketa publikoaren mapa egokia behar du; baita Euskal Herriak liburutegi mapa egokia ere. Euskadiko eta  Euskal Herriko liburutegi mapa egiteke baitago.  

Orain arte, proiektu gehienak probintzialismo kutsu eduki dute; izan ere, tokian tokiko politikoen indarren arabera sortu dituzte ekipamendu kulturalak, azterketa teknikoak, adituen iritziak, eta herri beharrak eta ezaugarriak kontuan hartu gabe.  Euskal kultur ekipamenduei dagokienez, garaia da planteamentu orokorra eta irizpide tekniko batzuen arabera jartzeko eta antolatzeko. 

Gerardo Luzuriaga

 

Iparraldeko aldizkarien katalogoa

albret 2010/03/04 16:59
LAPURDUM aldizkariaren azken zenbakian 1.375 aldizkari deskribatzen dira, mota guztietakoak, ezagunenetatik elkarterik txikienaren barne-albistari xumeeneraino.

Gaur goizean jaso dut LAPURDUM aldizkariaren azken zenbakia, 12.a; berez 2008. urteari badagokio ere, oraintxe atera omen da moldiztegitik.

 Atzerapenak beti deitoragarriak badira ere, kasu honetan emaitzak guztiz estaltzen du izandako hutsa eta lan bikain bat eskaintzen digu: Iparraldeko aldizkari guztien katalogoa, 1944-2004 epean.

 Zenbaki monografiko honetan guztira 1375 aldizkari deskribatzen dira, mota guztietakoak, ezagunenetatik elkarterik txikienaren barne-albistari xumeeneraino. Izan ere, exhaustibotasuna da bilketa honen helburuetako bat; beste bat, deskribapenen zehaztasuna eta fidagarritasuna. Guretzat bereziki aipagarria, agian, hizkuntzari buruzkoa: argitalpen guztietatik %15 bat edo euskarazkoa edo elebiduna da, eta beste horrenbesteko bat euskarari toki duin bat ematen diona (%5 eta %25 bitartekoa).

 Katalogatutako izenburu gehienak (%90) Frantziako katalogoetan aurki daitezke, bereziki Frantziako Biblioteka Nazionalean (BnF), Parisen.

Tamalez, ez dakigu horietako zenbat aurki daitezkeen Euskal Herrian, ez Ipar ez Hegoan, baina pentsa dezagun laster martxan jarriko omen den Euskadiko Liburutegiak egin beharreko lanen artean honi ere ekingo diola. Halabiz.

 Bukatzeko esan dezagun egilea, Jean-Claude Poitelon jauna, oker ez banago une honetan erretiratua dela, baina bere karrera profesionala Frantziako Biblioteka Nazionalean garatu zuela, non zerbitzuburu izatera iritsi zen eta bibliotekonomia alorreko lan ugarietan parte hartu zuen. Bihoazkio hemendik nire zorionak eta eskerrak egin duen lan mardulagatik.

 Hauxe da LAPURDUM aldizkariaren zenbaki monografiko honen erreferentzia zehatza: Poitelon, Jean-Claude, "Bibliographie des publications périodiques du Pays Basque parues en France de 1944 à 2004" in LAPURDUM, XII (2008) [zenbaki monografikoa]

LAPURDUM aldizkaria Baionako Iker taldeak argitaratzen du eta eros daiteke Elkar sareko edozein liburudendetan.

 http://lapurdum.revues.org/index.html

 http://www.iker.cnrs.fr/?lang=fr

 Pruden Gartzia

Azkue Biblioteka

Euskaltzaindia

 

Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.