Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret

Euskadiko Liburutegia Kolokan

albret 2009/12/28 13:10
Urriaren 26ko 11/2007 Legean, Euskadiko liburutegiei buruzkoan, laugarren xedapen gehigarriak adierazten du liburutegien legea indarrean sartu eta gehienez ere 18 hilabetera eratuko dela Euskadiko Liburutegia. Hortaz, 2009ko maiatzaren 19rako sortua eta arautua izan behar zuen legez.
 

Gerardo Luzuriaga (Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordeko kidea)

Larunbatean Gara egunkarian argitatatutako artikulua)

Badaramat bi urte baino gehiago gai honi buruz paperezko prentsan idatzi barik, eta ikustean Gobernu berriak ere ez daukala asmorik Euskal Liburutegia sortzeko, animatu naiz honen gainean lerro batzuk idaztera, nahiz eta ideia gehienak ez diren berriak, nik neuk azken urte hauetan behin baino gehiagotan plazaratu baititut.

Badakigu denok Eusko Alderdi Jeltzalea agintean izan den urteetan ez dela gai izan gainontzeko autonomia erkidegoetan aspaldi sortutako erakunde kultural hau sortzeko. 1990. urtean Liburutegi Nazionalaren Sistema arautu zuen, Euskal Kultura Ondareari buruzko legea indarrean jartzearekin batera. Gehienok espero genuen Euskal Liburutegi Nazionala ere abian jarriko zutela, baina ez zen horrela izan. 1997ko urriaren 2an sortu zen Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia, aldarrikapen jakin eta temati bat aurrera eramateko, Euskal Liburutegia sortzeko asmoarekin, hain zuzen ere. Kulturako arduradun politikoekin hamaika elkarrizketa eduki ondoren, eta komunikabideetara idatzi ugari bidali eta gero, azkenean, 2007. urtean Euskadiko Liburutegien gaineko Legea indarrean jartzea lortu genuen.

Lege honekin ere Joana Albreteko kideak kritiko samarrak izan ginen. Lege-proiektuari hamaika zuzenketa egin genizkion, arrakasta handirik eduki gabe. Baten bat aipatzearren, izenari dagokionez, egokiago iruditu zitzaigun Euskal Liburutegia, edo Euskal Liburutegi Nazionala, Euskadiko Liburutegia baino. Nafarroa eta Iparraldearekiko lotura ekonomiko, geografiko, sozial, eta kulturalak kontuan edukita, eta batik bat hizkuntza bera izanda, garrantzitsutzat jo genuen proiektu batzuk elkarrekin egin ahal izatea, eta hori legean espresuki jaso ez izana gogor kritikatu genuen.

Azken lau urte hauetan EAJ ibili da Euskadiko Liburutegia kokatu nahian. Hasieran Donostiako Tabakaleran 1.000 m2 utzi zuten erakunde horretarako. Ulergaitza egin zitzaigun 25 urte itxaron ostean, horrelako lardaskeriarekin ateratzea. Gero etorri zen Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sinatutako hitzarmena. Ez batak ez besteak ez zeukan ez hankarik ez bururik. Lehenengoan langileak ere ez baitziren sartzen emandako leku eskasean, eta bigarrenean, besteak beste, ez zeukalako zentzurik gipuzkoar guztiak zerbitzurik gabe uztea, Koldo Mitxelena Kulturgunea Euskadiko Liburutegi bihurtzean.

Gauzak horrela, Gobernura PSE iritsi da, eta hara non, heldu bezain laster, Blanca Urgell Kulturako sailburuak adierazi duen, krisi ekonomikoa dela eta, legegintzaldi honetan ez dela azpiegitura berririk izango. Hilabete batzuk igaro ondoren antzerako zerbait adierazi zuen elkarrizketa batean sailburuordeak. Ondo hasi dira! Gureak egin du! Ez ditut errepikatuko Joana Albreteko taldekideok askotan Euskal Liburutegiaren alde prentsan beste artikulu batzuetan eman ditugun argudio teknikoak. Soilik esango dut alde batetik, aipatutako urriaren 26ko 11/2007 Legean, Euskadiko liburutegiei buruzkoan, laugarren xedapen gehigarriak adierazten duela liburutegien legea indarrean sartu eta gehienez ere 18 hilabetera eratuko dela Euskadiko Liburutegia. Hortaz, legez 2009ko maiatzaren 19an, dagoeneko duela 7 hilabete, sortua eta arautua izan behar zuen. Beste alde batetik, krisi ekonomiko batean sartuta gaudenez, proiektu kultural honen sorrerak milioi asko inbertitzeko eta lanpostu ugari sortzeko aukera emango digu, lehendabizi, eraikuntza egiteko, eta gero, langile finkoen lanpostuak sortzeko.

Azkenik, ikus ditzagun, zertzelada batean, zer-nolako eginkizunak beteko dituen Euskadiko Liburutegiak: liburutegi sistemaren buru izango da eta arduratuko da Euskadin eta euskararen hizkuntza-esparruan argitaratu edo ekoiztutako lanaz; ahaleginak egingo ditu Euskadiko bibliografia-ondarea gordetzeko eta zabaltzeko; Autonomia Erkidegoko bibliografiarako eta ikerketarako zentroa izango da, baita euskal ondare digitalaren egoitza ere; nazioarteko bibliografia-arauak egokituko ditu; Euskadiko libururutegien eremuko erreferentzia izango da...

Euskadiko Liburutegiak betebehar hauek eta aipatu ez ditudan beste batzuk izango ditu Euskal Erkidegoko lurralde osoan. Eginbehar hauek duintasunez aurrera eramateko Administrazioak honako baldintza hauek derrigorrean bete behar ditu: lehenik, 11/2007 Legean datorren bezala (IV. titulua, 28. artikulua), Eusko Jaurlaritzako Erakunde Autonomoa sortzea. Bigarrenik, erakunde honen eskumen guztiak Eusko Jaurlaritzari atxikiak izan behar dira, biblioteka guztien buru eta koordinatzaile izan dadin. Hirugarrenik, Euskadiko Liburutegirako eraikuntza berria sortu behar da, beste arrazoi batzuen artean, euskal kultura komunitatearen ikurra eta erreferentzia izan dadin. Gainontzeko autonomia erkidegoetan aspaldi sortuta daude: Andaluzian 1994an (Granada), Aragoin 1990ean (Zaragoza), Errioxan 1988an (Logroño), Extremaduran 1995ean (Badajoz), Gaztela eta Leonen 1989an (Valladolid), Gaztela-Mantxan (Toledo), Kantabrian 1999an (Santander), Katalunian 1939an (Bartzelona), eta Madrilen 1989an (Madril). Laugarrenik, aurrekoa bezain garrantzitsua da azpiegitura egokia bermatzea, kasu honetan ere ez dago ezer asmatu beharrik, aldamenekoek dauzkaten baliabide materialak eta giza baliabideak begiratzea besterik ez baitaukagu. Adibidez, Nafarroan bukatzear dagoen Nafarroako Liburutegia, non honezkero 14.000.000 euro inguru inbertitu baitituzte, 24.000 m2 edukiko duen eraikuntza berrian. Bosgarrenik, lekua gutxienekoa izan arren, Liburutegi Sistemaren buru izango den erakunde honetarako lekurik aproposena Gasteiz dela uste dut; alde batetik, Gasteiz Euskadiko hiriburu administratiboa delako eta, bestetik, Gasteizen egoteak ahalbidetuko duelako Euskadiko biblioteken sareko irizpide estrategikoak, politikoak eta teknikoak gauzatzea.

Unibertso digitalaren doakotasuna

albret 2009/12/10 17:52

Jakinen 173. aleak liburu elektronikoen inguruko hausnarketa interesgarri ugari (aldaketak, abantailak, izena, garapena, egile-eskubideak…)  dakartza, nire iritziz interesgarrienetariko bat doakotasunari buruzkoa da, ikuspuntu berria bezain funtsezkoa.  Joan Marik argi adierazten du doakotasunak kontsumitzaileen mendekotasuna eta askatasun eza ekar dezakeela, baizik eta erabiltzaileak  telekomunikazioko operatzaileen eskuetan harrapatuta gera daitezke. 

  Izan ere, orain arte artikulu ugari argitaratu ditugu gaur-gaurko egoera salatzeko, bada agintarien alferkeriei esker etorkizunean errentagarriak izango diren proiektu digitalak esku pribatuetan (Google, Microsoft, Amazonas…) gelditzen ari dira. Behin baino gehiagotan, adierazi dugu aurrerantzean, erremediorik izango ez denean, denok ordainduko dugula oraingo batzuen erruak. Etorkizunean orain doain diren zerbitzuak garesti ordaindu behar baitugu.

 Liburutegietako ikuspuntutik, horrela gertatzeak ez dauka ez hankarik ez bururik, liburutegi publikoek aspalditik gorde dute ekoizpen bibliografiko historikoa erabiltzaileen eskuetan jartzeko asmoz, doain gainera. Salbuespena digitalizazioarekin etorri da, orain arte inori ez zaio bururatu Liburutegi Nazional pribatua antolatzea, sortzea eta kudeatzea. Ez da izango, proiektu honetan  negoziorik ez  zegoela, eta orain berriz, ekoizpen digitala kudeatzea erraza izateaz gain pagotxa delako?  Teknika aldetik erraz egin daiteke, baita pertsonal aldetik ere, eta horren ondorioz hor dago diru pribatua sartuta erakunde publikoek egin behar dutena egiteko, gero etekinak haien poltsikoetan sartzeko.  

 Torrealdaik  doakotasunari buruz dioena egokitzat jotzen dut, beste kontu batzuen artean, nazioarteko digitalizazioaren norabidea aldatzeko abiapuntua izan daitekeelako, modernidadearen izenean orain arte izandako zerbitzu publikoak enpresa pribatuen eskuetan uzten ari baikara.

 

Gerardo Luzuriaga

 

Liburua unibertso digitalean

albret 2009/12/09 22:56

Uztaila eta abuztuko 173 zenbakian, Jakin aldizkarian Joan Mari Torrealdaik eta Andoni Sagarnak  liburu elektronikoaren gaineko artikulu bana argitaratu dituzte. Benetan badaukagu lan hauen gaienean zer hausnartu. Ideiak orijinalak, sakonak eta interesgarriak  agertzen baitira.

 Ikus dezagun Torrealdairen “Liburua uniberso digitalean. Liburu elektronikoa” izeneko artikuluan zer aurkitzen dugun.

 Lehendabiziko orrialdeetan apokaliptikoen –liburu elektronikoa paperezko liburuaren mehatxutzat hartzen dutenak- eta integratuen –teknologiaren miresle akritikoak direnak- aurreikuspen okerrak edo desegokiak agerian utzi dizkigu, lan sakona egiten du paperezko eta liburuen elektronikoen bertuteak azalduz, gaur egungo errealitateari erreparatuz. Ikus dezagun zer paragrafokin bukatzen duen Joan Marik atal hau: “paperen eta digidalaren artean bide dagoen oreka hori noiz puskatuko den ez dakit, ez du zertan iraun horrela, baina badirudi joerek gaur-gaurkoz bide beretik jarraituko dutela: zientzia digitalean argitaratuko da; eta literatura papelean”.

 Integratu taldean ez aurkitu arren, susmoa daukat paperezko liburuak denboraren poderioz salbuespen izango direla. Zaila egiten baitzait merkatu berean argitaratzeko bi era hain desberdin irautea. Egun, belaunaldi berriak prestatuta daude digitalizazioari dagozkion aldaketetan murgiltzeko, eta zer esanik ez etorkizunean jaioko diren gizaldiak. Hori bai, esan beharra daukat, nik ere Joan Marik bezala oraingo joera noiz puskatuko den ere ez dakidala, bestetik  liburu elektronikoak ez badute gainditzen merkatua ez nintzatekeela batere tristatuko, bada daukadan adinagatik, paperezko liburuak elektronikoak baino askoz gehiago maite baititut.

(Gerardo Luzuriaga)

Miren Azkarateri eskaintza

albret 2009/12/02 23:33

Igande honetan Deia egunkarian Miren Azkaratek Liburutegi Nazionalaren beharrik
ba ote? izeneko artikulua argitaratu ondoren Joana Albret Bibliotekonomia
Mintegiko partaidea izatea eskaintzea beste erremediorik ez daukagu.

http://www.deia.com/2009/11/29/opinion/tribuna-abierta/liburutegi-nazionalaren-beharrik-ba-ote


Bat nator artikulu horretan esaten duen guztiarekin, pena da orain konturatu
izana, eta ez pittin bat lehenago.

Ea denon artean EUSKAL LIBURUTEGIARI bultzada ematen diogun, eta ahalik eta
azkarren dagokion eraikuntza sortzen dugun Euskal Herriko ikur kulturala izan daitezen.

Gerardo Luzuriaga

Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.