Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret

CSICeko bibliotekak, CSICa eta ikerketarako inbertsioak

Imanoltxu 2005/12/24 00:37

"N"garren bidarrez aditu diot gaur nire nagusiari (Juan Ignacio Pérez errektoreari) Euskadiko Komunitate Autonomoak ez dituela eskuratuta ikerketa arloko transferentziak (Estatutua, art. 10.16, konpetentzia exklusiba horietako bat) eta horrek zelako min egiten dion bertako ikerkuntzari. Antzeko erreflexioak, nik behintzat, askotan entzun dizkiet Komunitateko agintari politikoei, baina beti geratu naiz..., nola esan, mamian zer esaten den jakin barik, mina zertan egiten duen ulertu gabe, bai..., dirua...

Nire azken aldiko irakurketetan hainbat alditan leitu ditut Espainiako Centro Superior de Investigaciones Cientificaseko biblioteken gaineko kontuak, baina horiek ere beti urrutiko gauzak begitandu zaizkit, nik sekulan ez baitut CSICeko biblioteka bat ezagutu ezta entzun inguruan batere dagoenik.

Eta halako batean kontu biak lotu ditut, Espainian ikerketarako zuzen bideratzen den dirua ez da dena CSICarentzako, baina bistan da CSICak bai biltzen dituela ikerketa zentru askotxo. Nik bibliotekak begiratu ditut, ondorengo zerrendan ikusi daitezke denak: http://www.csic.es/cbic/bibliotecas/siglas.htm

Ezkerreko "Codigos" horretan sakatuz gero, bibliotekaren oinarri-oinarrizko informazioa agertzen da, gehienbat kontaktatzeko moduak, eta eskumako "www biblioteca" horretan ja askoz informazioa gehiago biblioteka zehatz horren gainean: fondoak, zerbitzuak, langileak...

Seguru dena eztabaidatu daitekeela, baina nik ikusten dudana da ikerketara bideratutako inbertsioen "loteria" horretan, topikoak topiko, sari potoloa Madrilek eroaten duela, gero hainbat tokitan "pedreak" eta jausten direla, eta Euskal Herrian ezta hori ere. Uste dut ulertzen hasi naizela J.I. Pérezek eta politikoek diotena, "loteria" horretan zoriak ez baitauka zerikusirik.

Eta biblioteketako langileriari buruzko informazioa hemen: http://www.csic.es/cbic/personal.htm

Datu batzuekin geratu naiz:

  • Badira, bat gora bat behera, 97 biblioteka, biblioteka bakoitza ikerketa zentro independiente bati dagokionez, gutxi gora bera, 97 ikerketa zentro diferente, ez da gutxi.
  • Bibliotekarioak, bat gora bat behera, 258 kontatu ditut nik, biblioteketan oso sakabanatuta. Hauek ere ez dira gutxi. Ikertzaileak zenbat diren ez dut begiratu, baina garbi dago bibliotekarioak baino dexente gehiago izango direla.
  • 97 biblioteka (ikerketa zentro) horiek horrelaxe daude barreiatuta geografikoki: - 42 Madrilen - 16 Andaluzian (Sevillan 7) - 12 Katalunian (Bartzelonan 10) - 9 Valentzian (Valentzia probintzian-hirian 8) - 4 Aragoin (Zaragozan 3) - 3 Galizian - eta besteak oso sakabanatuta
  • Euskal Herrian 0, zero, ZERO.

Liburuzainen egoera profesionala

Gerardo Luzuriaga 2005/12/21 09:55

ALDEEk, Artxibategi, liburutegi eta dokumentazio zentroetako profesionalen euskal elkarteak bidali digu CD-ROMa, profil profesionalari buruzko lan-taldeak 2005. urtean zehar egindako txostenekin.

Hona hemen lan honetan bote-prontoan ikusitako alderdi onak: Lehenik eta behin gai honi buruz eztabaidatzea eta laneko talde propio bat sortzea (liburuzain lanbideen duintasunak aurkitzea, profesionalizazioaren alde lan egiteko). Bigarrena, 2005. urtean zehar egindako lana plazaratzea eta liburutegi batzuei behintzat bidaltzea. Hirugarrena, argitaratzeko hartu duten formatu bera eskertzekoa da, bada CD-ROMeko informazioa erraz zabaltzeaz gain, erraz erabiltzen da. Laugarrena, euskaraz agertzea -estatistika atala izan ezik, ulergaitza egin zait Roberto talde horretan izanda, baina-. Bosgarrena, lan mardula da, hemendik aurrera liburutegietako edozein kontutan erreferentzia izango dena. Seigarrena, euskarazkoa baino ez dut irakurri, aurkezpena egokia da, akats gramatikal gabe, eta gustura eta erraz irakurtzen da.

Ezbairik gabe, beste ezaugarri positibo asko edukiko ditu, ez ditut zalantzan jarriko, aurrean aipatu dudan bezala bote-pronton egindako irakurketa baita. Hortaz, argi geratu dadila alderdi on batzuk aipatzeak ez duela kentzen beste batzuk ere izatea.

Hona hemen, berriz, kritikagarriak iruditu zaizkidanak.

1- Parte hartzaileen gainean.

ALDEEk antolatu, prestatu edo aztertutakoa izanda, zergatik ez da izan publikoa eta parte hartzea librea, edozein profesionalek parte har dezan, eta ez bakarrik aukeratuak? Betidanik pentsatu dut proiektuak irekiak izan beharko direla, denon artean egindakoak. Gehienok proiektu honen berri bukatu ondoren izan dugu. Zeinek prestatu ditu bideak? Ezbairik gabe, proiektu honetan beste profesional batzuk egonda beste emaitza batzuk jasoko ziran, beste ikuspuntu batzuk eskainiko ziran.

Hortaz, hasiera-hasieratik proiektua kontrolatuta izan dela esan dezakegu.

2- Presupuestuen gainean.

Diruak nondik irten du? Administrazioatik irten badu, nire buruari zera galdetzen diot, ea hau den une honetan dokumentazio arloan dagokigun proiektua. Dokumentazio munduan beste kezka batzuk hau baino interesgarriagoak ez al dauzkagu?

3- Lurraldetasunaren gainean: Euskadira soilik mugatuta.

Antolatzaileek zergatik ez dute sartu proiektu honetan Nafarroa?, edo gutxienez, zergatik ez dira saiatu profil profesionalei buruzko gaietan Nafarroako liburuzainekin batera ados jartzen? Kalitate, lanbide eredu, balorazio, sakon, zehatz, global hitzak aipatzea eta Euskal Herriko zati bat baino ez agertzea zaila izango zaie profesional batzuei, gehienei ez esateagatik- onartzea.

Lan mardula izan arren, gehiena deskribapen hutsa da, ez du ekarpen handirik egiten, aurretik jakitun baikinen. Nahiz eta 200 orri inguru izan, Euskal udalerrietan artxibo eta liburutegietako langileen egoerari buruzko aipamena izan ezik (33-34 or.), eta *“Los profesionales vascos de archivos, bibliotecas y centros de documentación”* estatistika atala eta liburutegi publikoak, kategoriak eta funtzioak atalak izan ezik, gainontzeko orrialdeak ez datoz bat proiektuaren izenburuarekin.

Irakurtzen aurrera joan ahala, galdera gehiago etortzen zaizkit burura, eta orriak pasatu ahala gutxiago ulertzen dut. Lehendabiziz, izenburua bera ere, gutxienekoa izan arren, ez da erraza ulertzen : *“Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteko (ALDEE) Profil Profesionalari buruzko lan-taldea”. Beno, laburpena baliteke izatea : “Artxibategi, liburutegi eta Dokumentazio zentroetako langileen profil profesionala”* . Horrela izango dela uste dut.

Lan honetan –Liburutegietako langileen profil profesionalaren gaia-, orokorrean hartuta, gai mamitsuak izan beharko liratekeenak bigarren mailan gelditu dira eta honako gai hauek nabarmendu dira: lanbidearen historia; lanbidea suspertzeko estrategia, XXI. menderako artxibo, liburutegi eta dokumentazio-zentroak; informazioaren eremuko profesionalen prestakuntza; pratika onen kodeak...

Txosten hauetan profesionalen gabeziak, prestakuntzen beharrak, bide berriak, irtenbide berriak, kalitatearen kudeaketak, eta antzerako gaiak azpimarratzen eta gailendu dira, eta bigarren mailan utzi dira arestian aipatutako profil profesionalaren aldarrikapenak.

Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio-zentruetako langileek egindako txostena baino enpresa batek egindakoa ematen du. Alde batetik 200 orrialde hauetan bizi garen egoera ontzat ematen da, inon ez da agertzen edo sumatzen kritika txikirik ere, eta orain arte egindako planteamendu berberak ikusten dira. Era hauetako txostenak, Euskal Herrian edo Murtzian eginda ere, antzerakoak izango lirateke.

Laburbilduz, txosten hauekin, zaila ikusten dut ezer konpontzea. Agian ezer ez konpontzea da txosten hauen helburua. Alde batetik, CD-ROMeko gaiei buruzko gogoetak ezinbestekoak eta erabat interesgarriak izanda ere, artikulu hauetan agertzen diren kontuak balorazio sozialarekin, profesional duintasunarekin harreman zuzena eduki arren erabakitzen ez diren elementu batzuk dira. Bestetik, atal batzuk interesgarriak bezain profesionalak badira ere, baten batek elementu hauek sektore profesionalaren egoera penagarri hau konpontzeko erabakigarriak dirala uste al du?

Berriro diot, ondo dago mundu honetako gabeziak aztertzea, profesionalen lana ere bada, baina profil profesionalaren aldarrikapenekin lotuz gero baten batek baino gehiagok ulertuko du gu, gure prestakuntza eta formazio gabeziagatik gaudela gauden lekuan.

Aipatutako estatistika atala interesgarria bada ere, -zenbakiek eta agertzen dituzten datuak ezin hobeto argitzen baititu liburuzainen egoera kaskarra-, eta Liburutegia publikoak, kategoriak eta funtzioak atalak gaia bete-betean asmatu badu ere, lana osotasunean hartuta oso eskasa da. Liburuzainen lanbidearen baldintzak sakon eta zehatz aztertzeko eta dagokion administrazioa egoera honi irtenbideak ematera behartzeko aukera eder bat galdu da.

Txosten hauetan ez da ikusten inon Euskal Herriko profesionalen errealitatean oinarritutako planteamentu garbia, gordina. Beste gai batzuk aztertu diren bezala, gaiaren mamia lantzea eta aztertzea falta da.

Bide honetarako ez zen beharrezkoa prestatu dituzten zakutuak. Etxeak oinarritik hasten dira eta ez teilatutik.

Hona hemen hainbeste orrialdeen artean falta dena: Ezinbestekoa da liburutegietako langileen egoera zehatz-mehatz arautzea. Lege baten bidez. Liburuzainen profila zehaztu behar du legeak, gutxieneko titulazioak eta lan baldintzak.Biblioteka publikoetan, udal biblioteketan batez ere, bibliotekari gutxi dago eta Administrazioko beste profesionalen aldean lan baldintza desegokietan jarduten dute: ordutegi aldrebesak eta erantzukizunarekin bat ez datorren soldata.

Liburuzainen profil profesionala ez bada arautzen lege baten bidez, medikuak, irakasleak, idazkariak araututa daukaten bezala jai daukagu. Edo zer pentsatzen duzue aurretik ez dugula idatzita eta aztertuta orri horietan agertzen dena?

Langileen soldata, prestakuntza akademikoen eskakizun maila alegia, orain dagoen bezala administrazioen esku utziz gero, zertarako ordainduko dio administrazioak liburuzain bati A maila, C maila ordainduta A maila bera edukiko duenean (C maila eskatuta oposaketetan lanpostua lortzen dutenek A mailakoak dira)?

Gerardo Luzuriaga

Altzuzako Dokumentazio Zentroa

nere 2005/12/21 09:51

Iturria: 2005-12-21. BERRIA. Kultura

Intelektual oparoa

Altzuzako Dokumentazio Zentroan artistaren agiri eta eskuizkribuen sailkapena bukatu dute jada

ALBERTO BARANDIARAN - IRUÑEA

Urriaren erditik, Jorge Oteizaren agiri, liburu eta idazkiek osatzen duten ondare osoa aztertzeko dokumentazio zentroa zabalik dago Altzuzako museoan. Prest dago ikerlari eta adituentzat. Prest, sarearen bidez mundu osoan zehar zabaltzeko.

O rain arte, utzitakoari tamaina hartzen aritu dira teknikariak. Lan horrekin Carlos Martinez hasi zen 90eko hamarkadan, museoa proiektu bat besterik ez zenean, eta baldintza gogorretan. Orain, azpiegitura egokiaren epelean, fundaziorako lanean diharduten teknikariek jarraitu dute hasitako lana. Hurrengo urteetarako helburu nagusia sailkatutako guztia digitalizatzea da.Artistaren bizitza osoko ondarea sailkatzen, aztertzen eta katalogatzen aritu direnen esanetan, nolanahi ere, ez da dudarik: intelektualki oparoa izan zen Jorge Oteizaren bizitza.

Dena gordetzeko joera zeukan artistak

Idazki, ohar, gutun, argazki, dokumentu eta abarren artean, 25.000 erregistro inguru dauzka dokumentazio zentroak. Artistak Altzuzan utzi zuen liburutegian, berriz, 6.000 liburuki inguru daude, eta ia 4.000 liburuxka, 3.000 argazki, 4.000 gutun inguru... Dena gordetzeko joera zuelako, eduki ere, Jorge Oteizak.

«Museora iritsi nintzenean, egia esanda, edozer gauza espero nuen». Borja Gonzalez Riera egungo Dokumentazio Zerbitzuaren arduraduna da. Berak ezagutzen zuen beste artista batzuen ondarea sailkatzen aritutako teknikarien lana, eta jakin-min handia zuen Altzuzan zer topatuko. «Salvador Dali pintorearen ondarea nola zegoen banekien, esaterako. Artxibo pertsonal gehiago ezagutzen nituen, baina, egia esanda, hemen lana aurreratuta zegoen».Carlos Martinezek eta Pilar Del Vallek egindako lana gorabehera biak museoko lehen teknikariak, aurreko zuzendariak kargutik egotzi zituen arte, dokumentazio zentroak proiektu bat behar zuen, egitasmo bat, eta Gonzalez Rierak bazuen. «Zentro hau, mundu osoan Oteizaren inguruko ikerketen erdigunea izatea nahi genuen», dio. «Hormek liburutegia ez zedarritzea. Altzuzara etorri gabe ere, hemengo liburuak eta hemengo agiriak kontsultatu ahal izatea».

Argazki argitaragabeak, artelanen eskemak

Argazki argitaragabeak daude asko, eskuz hartutako mila ohar. Jasotako eta bidalitako gutun guztien fotokopiak, artelanen eskemak eta aldez aurreko marrazkiak. Eta poesia nola idazten zuen ulertzeko ezinbestekoak diren zirriborroak. Agiri horiek guztiak testuinguruan kokatu behar dira orain, gaiarekin ez ezik, garaiarekin eta pertsonekin ere lotu. «Dena sailkatuta daukagu», dio Gonzalez Rierak, «baina orain aztertu egin beharra daukagu. Aztertu, esaterako, loturarik ba ote dagoen liburutegian gorde zituen liburuen eta gero jorratu zituen gaien artean».

Liburuak begiratu eta aise ondoriozta daiteke poesia eta literatura, oro har, gai kutuna zuela. Zinemari buruzko liburu asko aurkitu daitezke, eta baita filosofia eta saiakerari buruzkoak ere. Arkitekturari buruzko lanak ere, ugari.

Museoak berak banatzen duen Itziar Carreño beka aurten jaso duten ikerlarietako bat da Emma Lopez. Atzo goizean, ikerlarien mahaietan lanean ari zen. Doktorego lanerako, Oteizaren begirada hiriaren inguruan gaia hautatu du. «Hiri guneetan nola jokatzen zuen aztertzea interesatzen zait; 50eko urteetan garatu zuen teoria hori benetako espazioetan nola landu zuen. Azken finean, espazioaz hitz egitea da arkitekturaren oinarria».

PROIEKTUAK

Artistaren poesia bilduko duen liburua, argitaratzear

Dokumentazio zentroaren arduren artean daude museoaren argitalpenak. Eta egungo helburuetako bat urtero lan bat argira ematea da. Aurten, Jorge Oteizaren lan poetikoaren berrargitalpena prestatu dute. «Berrargitalpen kritikoa» izango da, Borja Gonzalez Riera arduradunak azpimarratu duenez. «Ez ditugu lanak berriro moldiztegira eraman nahi izan. Jorge Oteizaren poesien edizio berria izango da, erabat».

Artistaren poemak hainbat argitalpenetan sakabanatuta daude gaur egun, baina horietako asko oso zailak dira aurkitzeko. Museoak datorren udaberrian artistaren idazki klasiko eta funtsezkoenetako bi kaleratuko ditu: Existe Dios al Noroeste, eta Itziar Elegia. Lan horien azken argitalpenak Pamiela argitaletxeak eginak ditu. Liburuki bakarrean argitaratuko dira orain, hainbat adituren sarrerak barne, oharrak eta agiriekin. Lanaren koordinazioa Gabriel Insausti Nafarroako Unibertsitateko Filologia irakasleak egingo du. Insausti Espainiako Poesia sariko finalista izan da, eta hainbat poesia liburu argitaratu ditu.2006. urtean, berriz, Quosque tandem...! lanaren berrargitalpena egin nahi du museoak. Hain zuzen, Quosque tandem...! artistaren lanik funtsezkoenetakoa da, hainbat euskal artista eta pentsalariren akuilua izan baitzen.

Bibliotekako kanonari buruz euskaraz ere hitz egin daiteke

imanol trebiño 2005/12/21 09:31

Durangoko Azokan biblioteketako liburuen gaineko kanonaz hitz egiteko taldetxo bat elkartu zen. Ez dugu berri askorik izan han gertatu zenaz, baina zertzelada bitxiren bat iritsi zaigu. Pasarte hau interesatzen zaigu:

"Horra talibanaren penak. Baina batzuetan izaten ditu garaipenak ere. Aurtengo Durangoko Azokan mahai-inguru batean parte hartzeko deitu zidaten. Gaia eta han esandakoak beste baterako utziko ditut. Solasgaiak zehazteko mezuan jakinarazi zidaten partehartzaile batek Bartzelonatik jardungo zuela bideo-konferentziaz, hark ez zekiela euskaraz eta, "beraz", nahiz eta beste guztiok euskaldunak ginen, gaztelaniaz izango zela mahai-ingurua. Taliban jatorra taliban zakar bihurtu zen, eta ezetz esan zuen, Durangoko Azokan ez zuela erdaraz hitz egingo, inondik inora. Erosoago sentitzen banintzen euskaraz aritzeko erantzun zidaten; kontua, baina, ez zen erosotasuna (protokoloarekin bezala), printzipiozkoa baizik, eta halaxe jakinarazi nien bai antolatzaileei, bai gainerako hizlariei. Kontuak kontu, iritsi zen mahai-ingurua. Partehartzaile katalanaren ondotik neuk hartu nuen hitza, euskaraz noski, eta ondotik mintzatu zirenak ere, konbentzituta edo bestela egitea lotsagarria litzatekeela ohartuta, euskaraz aritu ziren, salbuespenen batekin. Talibana pozik itzuli zen gau hartan Iratiko oihaneko bere bolizko dorrera."

Osorik, hemen irakurri daiteke: http://eibar.org/blogak/mendiguren/346

it

Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.