Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Iritzi bat entzun da

Mikel Iturria 2022/10/26 19:07
Jon Benito, Elkano eta "Hondamendia".

Aurreko batean Barruan gaude podcast-aren denboraldi berriko lehen elkarrizketa entzun nuen. Oier Aranzabalek etxetik 300 metro egin zituen oinez, Aian bertan, Jon Benitorekin topo egiteko.

Igande ederra egiten du gure 60. anfitrioiaren etxean sartzeko:

Jon Benito, enpatearekin konformatzen da.

Entzun eta harpidetu @eitbpodkast-en edo dena delako audio plataforman.

🎧👇🏽https://t.co/AT5sWoW7sk

— Barruan Gaude 🎙️ (@BarruanGaude) October 16, 2022

Duela gutxi kaleratu du Lagun minak liburua 41 urte dituen Jon Benitok eta hori zen topaketaren aitzakia.

[Zabaldu parentesia]

Ander Izagirreren Vuelta al país de Elkano liburua irakurtzen nabil azken egunetan. Euskal Herriko hainbat bazterretatik zehar eginiko bidaia, bizikleta lagun. Atzo Baionan Itxaro Bordarekin izaniko solasari eskainitako kapitulua irakurri nuen, judutarren arrastoen atzetik Lapurdin barrena.

Bordaren adina aipatzen du Anderrek. Bada nobedadea Anderren liburuetan solaskideen adina azaltzea, ezta? Hurrengo batean galdetuko diot berari, gogoratzen banaiz.

[Itxi parentesia]

Esan bezala, 41 urte ditu Jon Benitok eta 10 bat urte behar izaten ditu liburuak kaleratzeko 20 urterekin lehena plazaratu zuenetik (2001ean, Aingurak erreketan). Bigarrena, Bulkada 2010ean, 30 urteren bueltan jada.

Badira egun batzuk Aranzabal-Benito elkarrizketa entzun nuela eta, batez ere, gauza bat geratu zitzaidan iltzatuta.

Iritzia publikoki emateko gogo, behar edo interes falta aipatu zuen Benitok. Ez ditut hitzak zehatz-mehatz gogoratzen.

Eta buruan bueltan daukat niri ere gero eta gehiago kostatzen zaidala esatea pentsatzen dudana. Ez dudalako iritzirik edo dudanak piperrik ez duelako balio, ausardia falta baztertu gabe, noski. Adierazpen askatasunaren alde baikaude denok, baina kosta egiten zaigu gurekin bat ez datozen iritziak ulertzea eta errespetatzea.

Tira. Horixe jarri nahi dut gaur idatziz hemen.

Gainera, aipatu nahi dut pasa den igandean Hondamendia ikustera joan nintzela Egiako Gazteszena aretora (ni beti Nandoren taldean). Betiko Artedramaren estiloa ikus daiteke taula gainean, beren erritmo nekaezin eta bizkor horiek, batzuetan jarraitzeko zailak direnak.

Gehien gustatu zitzaidan aktorea Ruth Guimerà izan zen. Ez nuen ezagutzen eta ikusi dut Estatu Batuetan ibilia dela. Asko gustatu zitzaidan Garmendiaren rolean, Jaurlaritzako Tapia(etaleturia)tik asko duena. Baina gogoratu hau fikzioa dela, benetakoa, errealitatea, askotan ezkutuan ger(t)atzen dela.

Urriaren 28tik 30era Egian dituzue antzezlana ikusteko hiru aukera. Euskal Herriko bazterretan arituko dira plazaz plaza ondoren, Hondamendia zabaltzen, titiritero onak bezalaxe.

"Ni banoa bigarren aldiz ikustera" dio gaur Agus Perezek Berrian.

Eta ez ahaztu Harri Fernandezen txioa.

Se ha escapado una opinión, este apunte en castellano.

Ander Izagirre: «Oso kazetaritza ona dago, baina bilatu behar da»

Mikel Iturria 2022/10/12 22:35
Leila Guerriero eta Ander Izagirreren arteko solasaldi bat kaleratu berri du 5W aldizkariak. Donostian aurkeztu zuten astearte arrasaldean.

Ander Izagirre: «Hay periodismo muy bueno, lo que pasa es que hay que buscarlo», este texto en castellano

Asteartea, urriak 11. Arratsaldeko 7ak. Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia. «En el fondo la forma» liburuaren aurkezpena, Leila Guerriero eta Ander Izagirreren arteko topaketa baten emaitza. Elkano Fundazioa da ekitaldia antolatu duena, liburua 5W aldizkariak kaleratu du.

Fundazioko arduradun den Ion Irurzunen sarrera laburraren ondoren, Agus Morales, 5Weko zuzendaria, eta Ander Izagirreren arteko ordu t'erdiko solasaldia izan genuen.

Behean itsatsi dut ekitaldia osorik jasotzen duen bideoa, baina nik hemen eta orain Anderren bi tarte nabarmendu nahi ditut.

5W (cinco uve dobles) aldizkaria eta kazetaritza ona

«Askotan ezkortasun handia dago gure ofizioan eta jende askok esaten dizu "kazetaritza kaka hutsa da". Eta zuk ze kazetaritza irakurri, ikusi eta jarraitzen duzu? Oso kazetaritza ona dago, baina bilatu behar da. Eta serio demonio diot niretzat 5W dela azken urte hauetan poz eta ilusio gehien ematen didan proiektua, nire adineko hainbat neska-mutil autonomo elkartu baitziren, agentzia eta komunikabideetan lanean ari zirenak, nazioarte mailako informazioaren eremuan faltan botatzen zen gauzak egiteko modu bat bilatzeko».

«Bazkideak limurtuz, eta horrek meritu handia du, gauza bat delako proiektu bat egitea eta beste bat jendeak eskua patrikan sartzea eta urteroko harpidetza ordaintzeko 60 euro ateratzea. Oinarrian, milaka bazkide batzuk mantentzen duten proiektua da eta kalitate handia du. Paperezko aldizkaria ezagutzen baduzue, urtero kaleratzen duten zenbakia altxorra da. Gehi webgunea, etengabe elikatzen dutena. Eta nik esaten diet kazetaritza-ikasleei badagoela gauza onak egiten ari den jendea».

«Gainera, oso ondo zaintzen dituzue (Agusi begira esaten du) kolaboratzaileak eta kazetariak. Tarifak igotzeko ahalegina egiten duzue, eta hori sinestezina da! Niri toki guztietan esaten didate: "Orain gutxiago ordaintzen dugu". Zuek zarete bakarrak esanez: "Agian datorren urtean gehiago pagatuko dugu". Beraz, oso estimatuta nago. Benetan».

«Era berean, oso eskertuta nago Agusek proposatu zidanean Voces saileko topaketa bat Leilarekin egitea, niri zirrara egin zidan, nik asko miresten baitut Leila. Behin egon nintzen berarekin, behin eta erdi, erdi honetaz bera ez baita akordatzen, baina ni bai. Eta nik Leilari errespetu handia diot, niri zirrara egiten didan figuretako bat delako. Ni berarekin hizketan aritzea! Nik entzun egingo nuke eta! Eta baiezkoa eman nion (Agusi) seguru nintzelako proiektua ez zela aurrera aterako. Leila Argentinan bizi baita... Eta nik Agusi beti baietz esaten diot. Beno, ia beti».

«Baina Elkano fundazioa sartu eta gauzak nahastu ziren, beraiek ekarri baitzuten Leila. Eta akabo, orain bai egin behar zela. Hiru egun pasa genituen Bartzelonan, Agusen etxean, Leila eta biok hizketan. (...) Esperientzia zoragarria izan da hiru goiz Leilarekin solasean pasatzea, eta emaitza liburuxka hau da».

Emilio Sánchez Mediavilla eta edizio lana: Libros del K.O.

«Oso agerikoa ez den gure lanaren zati bat da, eta nik asko estimatzen dut editore ona izatea alboan. Nire editore nagusia Emilio Sánchez Mediavilla da, liburuan ere agertzen dena, Libros del K.O.-ko editorea».

«Pasa egingo naiz laudorioekin, baina badaude zalantzaz eta trabaz beteriko une asko, eta horietan ni editore baten irizpideaz fio naiz itsu-itsuan. Egoten dira momentu batzuk, adibidez Vuelta al país de Elkano liburuan, non perspektiba galtzen baituzu, denbora asko daramazulako lan horretan murgilduta, jada ez dakizu gustuko duzun edo ez, ondo edo gaizki ote doan... Eta konfiantzazko pertsona gertu izatea... Berak esaten didan %99arekin nago ados. Esan diezadake tarte bat errepikakorra dela, edo trabatu egiten dela, zerbait kendu behar dudala, beste zerbait hobeto garatu behar dudala... Lan hori guztia funtsezkoa da, lanaren perspektiba galtzen baitugu».

«(Emiliok eta biok) umore antzekoa dugu. Behin baino gehiagotan pasa da liburuetan, jada ez naiz gogoratzen honetan ere hala izan ote den, berak mezu elektroniko batean bidalitako komentarioak sartzen ditudala. Eta edizio lana bihurtzen da liburuan amaitzen den txantxa bat, berak komentario xelebreak egiten baitizkit. Bidean laguntzen didan konplizea da».

«Ikasleen praktikak zuzentzen aritu naiz hainbat urtez, testuekin obsesibo samarra naiz, eta nik behar dudan edizio lana ez da hainbeste ortotipografikoa, baina baita ere, denoi ihes egiten baitizkigute akatsek eta erratek. Libros del K.O.-n zuzentzaile talde bat dago (uste dut denak emakumezkoak direla) eta beraiekin lan egitea itzela da».

«Horretaz gain ikuspegi kontua da. Eta Emiliok eta biok konfiantza handia diogunez elkarri, ba batzuetan harrapatu egiten nau, adarra jo diezadakeelako, eta hori garrantzitsua da. Ni irakasle eta editorea izana bainaiz, gutxitan bada ere, eta bada jendea oso sentibera dena bere testuarekin, eta ni hori ulertzeko gauza naiz, zure aldetik asko jartzen duzulako. Baina batzuetan kaña eman behar zaio testuari, edo testuaz barre egin. Eta Emiliok adarra jotzen dit bidaia-aldizkarietako esaldi batek ihes egiten didanean. Orduan nitaz barre egiten du eta nik diot: "A ze kabroia! Egia da". Bera ausartu egiten da, eta hori garrantzitsua da, testua materia delako, ez da zure arima, eta badago kaña ematerik».

«Uste nuen Leila editore krudela, kañeroa, izango zela, baina gustatu zitzaidan berak aipatzea idazten duen jendearekiko duen sentsibilitatea: hemen jendea onena ematen ari da, badago zer hobetua, baina lan hori ere aintzat hartu behar da eta ezin duzu zure ikuspuntua inposatu, ezin zara diktadore baten moduan aritu».

«Agusekin eta bere taldearekin lan egitea luxuzkoa izan da guretzat: hiru goiz pasa genituen Leilak eta biok solasean, eta handik aste batzuetara beraiek idatzi eta editatu zuten testu bat iritsi zitzaigun».

Etxerik gabeko bikote bat

Mikel Iturria 2022/09/25 19:00
Udatiarrak joan diren bezala, uda amaieran alde egingo ote du bikoteak hiritik?

Amaitu da uda eta sasoi aldaketarekin batera joango dira oroimenen kutxara hainbat kontu. Gehienak, berriz, ura harraskako zulotik behera joaten den bezala desagertuko dira.

Turistak ere bai? Asko bai, baina beste batzuk etorriko direla dirudi.

Horiekin batera gaur aipatuko dudan bikoteak ere alde egingo du? Esango nuke baietz.

Udan goizetan kafea hartu dudan terraza baten aurrean askotan egin dut topo etxerik gabeko bikote batekin.

Kafetegiaren aurrean jartzen ziren. Tipoa argal-argala eta garaia, tristura eta begi zuloak handitzen joan dira udak aurrera egin ahala. Argaltasuna ere bai, nabarmena aurpegiko hezurretan behintzat.

Hori bai, bikotekidea bere burua baino gehiago zaintzen zuen.

Manta bat bota lurrera, eta han etzaten zen laguna. Ura ere botatzen zion ontzitxo batean. Eta egun batean pomada moduko bat ematen ikusi nuen.

Operazio horiek guztiak amaitu ondoren, gure gizona eseri egiten zen espaloian. Platertxoa jartzen zuen jendeak txanponak bota zitzan.

Aste hauetan ez dut hitzik gurutzatu bikotearekin. Ez diet txanponik utzi platerean.

Orduan zergatik idatzi dut hemen gizon eta txakur horiei buruz?

Ez dakit.

Una pareja de sintecho, este apunte en castellano

Buelta bat Irundik barrena

Mikel Iturria 2022/08/28 21:55
Larunbat goiza. 10:00etan ordua du amak ile-apaindegian. Bertan utzi eta buelta bat eman nuen zain egon beharrean.

10:00ak

Lehen aldia da ama ile-apaindegian utzi dudala. Trantsizioan dago, trantsizioan gaude. Ez baitu kanpoan bere kabuz ibiltzeko orain arte izan duen segurantzia. Zahartzearen ajeak.

Ile-apaintzailea krak bat iruditu zait. Amaren edadeko beste bi andrazko daude barruan eta denentzat du konbertsazioa, irribarrea galdu gabe.

10:15

Lalirenean erosi ditut pare bat egunkari, baina gero apenas irakurri ditut biak. Oso gainetik. Instituzio bat da emakume hori hasiera batean Urdanibia plazan zuen kioskoan, azken urteetan San Juan plazan duenarekin (lehen Genaro Echeandia zen gune hori, Kolon ibilbidean).

10:30ak

Urdanibia plazan azoka eguna da (bide batez, Ferminek Lali aipatzen du kantan).

Buelta bat eman dut plazako postuei begira.

Parentesia zabaldu. Juan Antonio Lecuonaren esaldiarekin gogoratu naiz: «Paseando entre el ganado, saludamos al señor alcalde». Itxi parentesia.

Eta halako batean nire lehengusu batekin egin dut topo. Aspaldian elkar ikusi gabe. Hamar bat minutu pasa ditugu hainbat gairi errepaso eginez. Erosketak hartu eta oinez abiatu da etxera. Hiru bat kilometro luze izango ditu etxeraino. Ez du autorik eta autobusik ez du hartu azken 30 urtean. Bizikleta ez du gustuko.

Hura agurtu eta beste lehengusu batekin egin dut topo, alaba txikia eta emaztearekin paseoan.

11:00ak

Aspaldiko partez San Juan plazako Gaztelun sartu eta ebakia eskatu dut.

Pagatu eta plazari begira jarri naiz barruko leiho handi batetik.

Toki askotan bezala, musika txarra eta makina txanponjaleak soberan. Bi gizonezko egon dira, bata bestearen alboan, makina malapartatu horien aurrean dirua xahutzen bertan nik pasatako ordu laurdenean.

Hiru zerbitzari lanean, bistan behintzat. Horietako bat betikoa da, bigarrena ere ezaguna egin zait. Hirugarrena ez, ordea.

Gainerakoan, giro lasaia dago. Bi jubilatu ari dira elkarri kontuak esaten, tabernari bat tartean sartzen delarik.

Beste bi senar-emazte daude hamaiketakoa egiten. Pintxoa eta dena delako edaria.

Plazara ematen duen terrazan zazpiko mahai bat dago. Gaztetxo batek Bidasoa eskubaloi taldeko elastikoa du soinean. Gizaseme bat bakar-bakarrik ari da tortilla pintxoa eta zerbeza edaten beste mahai batean. Iskin batean emakumezko batek kafe kikara eta egunkaria ditu lagun.

Goizeko 10:15 aldera Mosku aldera pasa naizenean Irungo Harrera Sareko pare bat kide, oker ez banago, ari ziren sei migratzaile afrikarri informazioa ematen San Juan plazan egunero zabaltzen duten postuan.

Oraindik bertan daude sei afrikarrak, baita sareko bost bat lagun ere, denak mahaiaren bueltan. Bezperan polizia frantsesa Urruñako elizan sartu zen migratzaile talde bat atxilotzeko. Giza eskubideak hankapean beste behin.

11:30ak

Ama jasotzeko ordua da. Minutu bat berandu iritsi naiz.

Ez dakit nork ontziratutako atuna eskaini dio ile-apaintzaileak amari. Azken urteetan ohitura bihurtu da.

Poteak alde batetik pagatu ondoren, 19 euro eskatu dizkio amari ilea moztu, garbitu eta txukun jartzeagatik. Oso merkea iruditu zait. Gainera ordu eta erdi eman du beste hainbat andrazkoekin kontu kontari.

Hori bai dela komunitatea egitea, Estela.

12:00ak

Etxetik gertu pare bat dendatan geratu gara arrautzak, ogia eta beste pare bat gauza erosteko. Han ere kontu kontari ibili da, ibili dira.

13:00ak

Ama etxean utzi eta bueltako bidea egin dut hausnarrean.

Una vuelta por Irun, este apunte en castellano.

Maria Pilar

Mikel Iturria 2022/08/15 18:15
Hasiera ondo gogoratzen ez duzunean, hobe bukaeratik hastea. Eta pertsona baten bukaera beti da heriotza.

Larunbat arratsaldeko lehen orduetan hil egin zen Maria Pilar Ondarroan, herria jai giroan murgilduta zegoen bitartean. 91 urte zituen.

27 urte atzera egin behar bera ezagutu nuen uda gogoratzeko. Ez dakit Ondarroan bertan edo Donostian izan ote zen.

Lehen topaketa haren oroitzapenik ez dut, baina beti ondo baino hobeto hartu nauela bai gogoratzen dudala. Sukaldean askotan, familia bere etxean elkartzen ginen garaian. Edota familia ospakizunen bat egiten genuenean etxetik kanpo, inguruko jatetxeren batean. Adibidez Berriatuko Mari Karmenen Arriolan edo, gutxiago, Aulestiko Zarrabentan.

Uda garaian zendu da hondartza zale amorratua izandako emakumea. Hezurretako gaitzen bat tarteko, medikuak behin esan omen zion, udaberri garaian: «Udazkenean beltzaran ikusi nahi zaitut». Eta txintxo-txintxo betetzen zuen medikuaren agindua, aski gustura gainera.

Beti izan da oso dotorea. Ez zuen ile-apaindegia barkatzen, eta jada ezinezkoa zitzaionean bere kabuz hurbiltzea, baldartutako hanken erruz, hariak mugitzen zituen norbaitek eraman eta jaso zezan.

Emakume hauen gainbeheraren seinaleetako bat da noiz uzten dioten ile-apaindegira joateari. Kalera irteteari uko noiz egiten dioten izan daiteke bigarrena. Badira jada urte batzuk bi baldintza hauek betetzen zituela.

Besteak beste, bera bezalako andrazkoaren eskemetan ezinezkoa zelako gurpildun aulkian herriko tontokalen paseatzea. Ez dut inoiz ahaztuko seme-alabak Maria Pilar konbentzitu nahian hobe zuela kalera ateratzea etxean egotea baino, horretarako gurpildun aulkia erabili behar bazuen ere. Espainiako telebistetako arratsaldetako pelikularen batean entzundako esaldia ozen bota zuen arte: «¡No me atosiguéis!». Bitxia, berak euskaraz egiten baitzuen berba. Geroztik askotan errepikatzen nizkion hiru hitz horiek eta berak barre egiten zuen.

91 urterekin hil bada ere, bere bizitza osoan apenas pasa duen astebete ospitaleratuta. Galdakaon, hain justu, duela urte batzuk.

Beste behin Bilboko larrialdietara eraman behar izan genuen. Gernu-infekzioa zuen eta burua kili-kolo horren eraginez. Medikuek artatu ondoren, ordu txikietan jada, garai bateko abestiak kantatzen etorri zen Bilbotik Ondarroara autoz. Eta garai batekoak esaten dudanean txikitako kantuak esan nahi dut. Irribarrea pizten zait une zoro hura gogoratzen dudanean.

Senarra duela berrogei bat urte hil zitzaion, duela hiru urte eskas semea. Azken urte hauetan gertuko batzuk, ahizpak tarteko: Josune, ahizpatzat zuen Miren lehengusina...

Kafea, Poleneko (Ruiz) helatua, bisitak... beti esker onez.

Orain beste arrazoi bat gutxiago dut Ondarroara joateko.

Eta beste heriotza bat markatuta agendan. Duela 15 urte, 2007an, Tio Migel zendu zen (bide batez, gaurko egunez duela zazpi Rafa Chirbes).

Hemendik aurrera urtero, abuztuaren 13an, bi alarma horiek egingo dute salto patrikakoan bata bestearen atzetik.

Maria Pilar, este apunte en castellano.

Amarekin paseoan

Mikel Iturria 2022/08/03 07:00
Kosta egiten zait amarekin batera paseatzera, baina duela egun batzuk onartu zuen gonbidapena.

Etxe azpiko fruta dendan kilo erdi gerezi erosi, autoa hartu eta Irunera abiatu naiz.

Bidean telefonoari eragin eta hots egin diot:

-Ama, prestatu eta buelta bat emango dugu.

Euria, beroa, nekea, belauna, hezurrak eta abarreko minen katalogoa ezin erabili eta ameto ematea baino ez zaio geratu.

Aparkatu eta etxera igo naiz. Bigarren pisuan bizi da. Arratsaldeko 18:30ak dira, punttu-punttuan. Badakit erlojuan begiratu dudalako.

Etxearen atzealdean dagoen plazara abiatu gara. Gizonezko batzuk daude eserlekuetan jarrita paseatzera atera dituzten txakurrei begira. Horietako bi bistaz ezagutzen ditut, besteak ez. Haien alboan dagoen hirugarren bat ezagutzen du amak. Ez gaitu ikusi eta, beraz, agurrik gabe egin dugu aurrera.

Errepidearen beste aldean dagoen parkea izango da hurrengo tarteko helmuga. Kanpotarrak gurutzatu ditugu: magrebiarrak, beste afrikar batzuk, latinoren bat edo beste...

-Laster ez dugu inor ezagutuko, dio amak kezkaz. Hobe, pentsatu dut nire baitan.

Eserleku batean hartu dugu atseden.

Itxuraz amona-alaba-biloba katea osatzen duten hiru emakumezko daude gertu. Hiru mutiko gazte flipatzen bertan dagoen skate parke berriari so, baina penaz oraindik amaitu gabe dagoelako. Pixka bat urrunago bospasei neska eta mutiko bat.

Amaren edadetik hurbil samar dauden beste hainbat lagun pasa da ingurutik. Horietako baten nondik-norakoak kontatzen dizkit.

Fresko dago eta mugitzeko ordua iritsi da. Parkearen atzealdean dagoen La Salleko anaiek duten eraikina da hurrengo geralekua.

1950eko hamarkadatik hona hildako hainbat anaiaren izen-abizenak daude idatzita zenbait plakatan. Hasierakoak gaztelaniaz daude idatzita, baina une jakin batetik aurrera euskaraz. Batzuen izenak irakurri eta bakarra ezagutu dut: Patxi Ezkiaga idazlearena.

Handik irten, errepidea berriro gurutzatu eta etxe aurrean dagoen parkean eseri gara. Umeentzako jolastokia dago bertan eta horien jolasa zaintzen gurasoak eta aiton-amonak egon ohi dira.

Atentzioa eman dit tipo batek. Kanabera moztu du alboan dagoen kanaberadi txiki batetik. Labanaren laguntzaz ari da pixkanaka soiltzen. Bi mutiko ditu bere ardurapean, baina ez die kasu handirik egiten. Eta zerbait esaten dienean kariño gutxi demostratzen die. «No llores, joder» (Ez egin negarrik, jode); «Si os hacéis daño, ¡vosotros mismos!» (Mina hartzen baduzue, hor konpon!); «¡No toques el palo! ¿Por qué? Porque es mío...» (Ez ukitu makila! Zergatik? Nirea delako...). Horrelako perlak bota ditu bata bestearen atzetik. Haur batek, txikienak, tio esaten dio, besteak ezer ere ez.

Parkeko zelaian kanabera txukundu duenean, etxerako bidea hartzeko garaia dela esan die bi mutikoei.

Bertan utzi ditu hostoak eta gainekoa soberakinak.

-Ez da kapaza izango dena hor uzteko, ezta?, esan dit amak.

Ezetz? Bai horixe!

P.S.: atzo bertan handik pasa eta oraindik ikusten dira tipo xarmagarri haren arrastoak.

Paseando con mi madre, este apunte en castellano

«Nik otorduak etxean egiten ditut»

Mikel Iturria 2022/07/25 17:30
Anguita, Ferrer, Ortiz.

Iñaki Lopezek aurkeztutako La Sexta telebista kateko larunbatetako gau saio hartan ez dakit zenbat aldiz elkarrizketatu ote zuten Julio Anguita.

Pasa den astean minutu eta erdiko bideoa ikusi nuen txoritxoaren sarean. Saio horretan azaltzen zen (esango nuke egun ere agertzen dela) sasi-kazetari baten galderari erantzunez zera dio Anguita zenak:

Qué grande era este tío 💛 pic.twitter.com/tqz0evRN6y

— Bernat Castro ⭐ (@Berlustinho) July 17, 2022

«Yo vengo aquí provinciano, y además lo digo con satisfacción, y lo primero que me encuentro son que quieren comer conmigo políticos de otros partidos, sindicalistas... Y yo dije: "Yo como en mi casa y ceno en mi casa". Es decir, las tertulias, los encuentros en los pasillos son muy peligrosos. Porque con jueces, con fiscales, con empresarios... se crean unas relaciones de comida, de cacería, de juerga que van creando una especie de pequeña mafia que no es peligrosa, aparentemente.»

«Y después llegan los favores: -¡Hombre, juez! ¿A ti qué te parece que en tu empresa mi hijo puede estar...? -¡Por qué no! -¡Hombre, fulano! Te advierto de que en tu empresa puede venir un problema porque la Unión Europea... Le dan información. Y el otro le regala... Y empieza a crearse la mafia. Y es la mafia».

«Por eso la mejor cosa que pueden hacer los políticos, y es un consejo que yo les digo y que no me harán caso: "Ustedes ejerzan la política, hablen con la gente y vayan a comer a su casa. No se líen tanto».

Berriro idatziko dut: «Yo como en mi casa y ceno en mi casa». Nire bidetik noa esateko beste modu bat.

Berriki Mariano Ferrer kazetariaren heriotzaren 3. urteurrena bete da (2019ko uztailaren 14an zendu zen). Honek ere Anguitaren jarrera horrekin zerikusia zuen ohitura zuen.

Oker ez banago 1970eko hamarkadaren bukaeran gobernadore zibil batekin bilera izan zuen. Handik gutxira hura kritikatzea tokatu zitzaion, baina hori egiten zuen bitartean gobernadore haren irudia etortzen zitzaion akordura: Marianoren bizkarrean burua jarrita negarrez poliziak egindako zerbaitengatik. Horrela kontatzen zuen Marianok eta ez dakit horrela gertatu zen edo irudizko adieran erabiltzen ote zuen kazetari donostiarrak.

Zuzeneko irratsaioa amaitu zenean, telefonoa hartu eta gobernadoreari deitu zion esateko ez zela berriro berarekin bilduko, kazetari gisa zuen betebeharra oztopatu zezakeelako harreman hark.

Javier Madrilez ari zen, baina berdin du Madril, Bilbo, Bartzelona edo Donostia. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.

P.S.: gaur 22 urte, 2000ko uztailaren 25ean, zabaldu zuen Ortizek sarean Diario de un resentido social. Lehen apuntea hauxe da: Las lágrimas del Apóstol.

«Yo como en mi casa y ceno en mi casa», este apunte en castellano.

Ez dira 25 urte alferrik pasa

Mikel Iturria 2022/07/11 22:00
Miguel Ángel Blancoren hilketa gogoratzen ari gara egun hauetan.

35 urte baino gehiago dugun guztiok gogoratzen dugu non eta nola geunden zitalkeria izugarri hau gertatu zenean. #memoria #gogoandut #MiguelAngelBanco pic.twitter.com/6aTLYj503U

— Katixa Agirre (@katixagirre) July 10, 2022

Katixa Agirrek atzo idatzi bezala, adin hori daukagun gehienok ondo baino hobeto gogoratzen dugu non geunden Miguel Ángel Blanco hil zutenean.

Hilaren 10ean bahitu zuten. Egun horretan zer egin nuen ez dakit, baina bai gogoratzen dudala zer egin nuen uztailaren 11n eta 12an.

Gaur duela 25 urte ezkondu ziren Ricardo eta Silvia. Ostiral gau hartako gai nagusia, baina ez bakarra, Blancoren bahiketa izan zen.

Larunbatean, Irungo etxeko nire gauzak hartu eta Donostiara etorri ginen S eta biok. Beraz, bihar 25 urte beteko ditut ofizialki Donostian bizitzen.

Erdi lo geunden arratsaldean telebistaren aurrean, sofan etzanda. Ermuko zinegotzia izan zitekeen pertsona bat larriki zauriturik agertu zela Lasarten zabaldu zuten komunikabideek.

Ondoren zehaztu zuten bera zela, eta igande goizeko ordu txikitan baieztatu zuten medikuek gaztearen heriotza.

Gipuzkoa plazara hurbildu nintzen igandean edo. Ez dut oso ondo gogoratzen eguna, baina esango nuke igandea izan zela. Jendez gainezka, plazan sartu ezinik inguruko kale batean geratu nintzen, ez atzera, ez aurrera.

Espainiako giro politiko, mediatiko eta instituzionalari darion kiratsa dela eta, apenas jarraitzen dudan gaur egungo jardun politikoa. Garai batekin konparatuta, ehuneko 10a? Gutxiago agian.

Ez nekien oso ondo nolakoa izango zen asteburuan Ermuan egitekoa zen ekitaldi instituzionala, baina ez nuen hura segitzeko batere asmorik.

Hala eta guztiz ere, txoritxoaren sarean sartu nintzen igande arratsaldean eta Irungo PPko zinegotzi zentzudun baten txioak harritu ninduen, larritu ere bai.

Pedro Sánchez me ha hecho más daño en 20 segundos que ETA en los 16 años que he tenido que vivir escoltado y las decenas de funerales y entierros de compañeros y amigos,también socialistas, a los que he tenido que asistir.
No tiene respeto por nada. https://t.co/i5eRQY70LL pic.twitter.com/jlkqb1R7Hl

— Iñigo Manrique ▶️ Irun (@iManrique) July 10, 2022

Nolatan esan zezakeen hori? Zerbait erantzutekotan egon nintzen, baina isilik geratzea erabaki nuen. Beranduxeago esplikatu zuen edozer gauza espero zuela ETArengandik, baina ez Espainiako gobernuburuarengandik.

Ez zait beste mundukoa iruditzen Sánchezek esatea Euskadi herrialde bat dela. Ez dakit eskapada izan ote zen, edota esaldia idatzi bezala irakurri ote zuen.

Barka nazala Manriquek, baina niri bere esaldia esajerazio hutsa iruditu zitzaidan atzo. Eta gaur ere iritzi bera dut.

25º aniversario del asesinato de Miguel Ángel Blanco. Políticos y periodistas de derecha y ultraderecha lo utilizan para atacar al "gobierno proetarra de Sánchez". Lo llamativo es que son las mismas personas que SOLO 15 MESES después de ese crimen aplaudían estas palabras (HILO) pic.twitter.com/FfAkuvLDDV

— Carlos Hernández (@demiguelch) July 8, 2022

Carlos Hernández kazetariaren txio-haria zabaldu nuen larunbatean. Blanco hil eta hilabete batzuetara Aznar, Rajoy, Mayor Oreja eta puntako beste popularren adierazpenak jasotzen ditu kateak. Zer esaten zuten orduan, zer ari diren esaten gaur alderdian lehen lerroan daudenek.

Eskerrak euskal gizartea Espainiako klase politikoa (aspaldian ez nuen erabiltzen hitza) baino dezente normalagoa dela. Eta esango nuke gure politikari gehienak ere euskal gizartearen taupada hori ondo ulertu dutela.

Ez dira 25 urte alferrik pasa. Blanco gizajoa gogoan!

No han pasado 25 años en balde, este apunte en castellano.

Hiltzeko makinak gidatzen

Mikel Iturria 2022/07/03 20:55
Larunbateko gertakari bi. Autoak eta auto-gidariak.

Atzo arratsaldean etxe ingurutik buelta bat ematera atera nintzenean, irakurria nuen goizean auto-gidari batek Alejandro Valverde eta beste txirrindulari bat nahita harrapatu zituela Murtzian.

EHUren Gipuzkoako campusaren errektoreordetzaren inguruan nengoela, zebra bide baten parean ikusi nuen nola gelditu zen azken unean auto bat. Azkar samar zetorren eta zebra bidea gurutzatzen hasitako pertsonak bastoiarekin keinu bat egin zion.

Beste espaloian nengoen ni, eszena lehen ilaratik jarraitzen.

Autoko gidariak leihatila jaitsi eta, harroxko, zera bota zion oinezkoari birritan:

-¿He parado o no he parado? (Gelditu naiz edo ez naiz gelditu?).

Biak ni baino zaharragoak ziren: 60 urteren bueltan autokoa, 70ak pasata oinezkoa. Azken hau sasoiko bai, baina baldartzen hasita urteen poderioz. Erabat naturala iruditu zitzaidan bere erreakzioa, beldurraren ondorio.

Oinezkoak ezer esan aurretik, txoferrari esan nion ez zuela batere arrazoirik. Edo horrelako zerbait, jada ez baitut ondo gogoratzen zer esan nion.

Gidariak, niri begira:

-Usted se calla (Egon zaitez isilik).

Bera ere isiltzeko eta bere bidetik jarraitzeko erantzun nion. Kitto. Horretan amaitu zen kaleko xextra.

Jende gehiago zegoen inguruan, denak zur eta lur gizon haren erreakzioarekin.

Ez dakit konturatzen garen auto bat gidatzen dugunean hiltzeko makina bat dugula gure ardurapean. Eta horren jakitun gidatu behar dugula.

Gaur irakurri dut Murtziako gidariak 69 urte dituela.

Zer ostia gertatzen zaigu autoa hartzen dugunean?

Bai, galdera erretorikoa da.

Conduciendo máquinas de matar, este apunte en castellano

Gozatu zale

Mikel Iturria 2022/06/19 08:55
Aurreko batean ezagun batek hori esan zidan, beraiengatik: "Nosotros somos disfrutones". Gozatu zaleen aldeko aldarria. Entusiasmoaz eta hondamendiaz ere idatzi dut. Tremendo combo.

Atzo goizean bakarrik abiatu nintzen larunbateko oinezko buelta egitera. Hiru lagun joaten gara normalean elkarrekin, baina beste biek atzo huts egin zuten, arrazoi diferenteak direla medio.

Beraz, eta esan bezala, bakarrik abiatu nintzen Igara aldera, handik Igeldora igo eta Erregeneatik barrena etxera jaitsi.

Igaran ikusi nuen artzain parea ardiak zelaira eramaten. Atzetik joan nintzaien argazkia egitera.

Telefonoan podcast berriak arakatu eta pare bat audio jaitsi nituen, lege zaharrean entzuteko. Hots, elastikoaren ezker titiaren parean nuen patrikan sartu eta entzungailurik gabe entzun, ahaztu egin baitzitzaizkidan etxean.

Lehena, ohikoa bihurtu den bezala, aste honetako Barruan gaude. Are gehiago Maddalen Marzol lurrin zalea, eta laguna, tartean egonik.

Atal berria airean! Lurrin eta esentzien mundura egin dugu bidaia @madmarzol-en etxera mikrofonoak sartuta.

Ea zer usain hartzen diozun @eitbpodkast-en edo dena delako audio plataforman 🎧👇🏽https://t.co/mLgy44chYC

— Barruan Gaude 🎙️ (@BarruanGaude) June 17, 2022

Hori entzun ondoren ostiralean El ojo crítico irratsaioak Julio Bustamante musikariari eginiko elkarrizketarekin jarraitu nuen paseoa.

Atzo 71 urte bete zituen Bustamantek eta disko berria argitaratu du duela gutxi. Besteak beste, Karmelo Iribarren poetak idatzitako Los hombres prácticos poemari jarri dio musika lan berrian.

Saioaren hasieran entusiasmoaren aldeko aldarria egin zuen Laura Barrachina esatariak. Entusiastas izeneko diskoa ere baduelako kantari valentziarrak.

Kasualitatea izango da, baina gauza bera aldarrikatu du aste honetan bertan Iban Zalduak bere blogean: Entusiasmoaren alde. Entusiasmo kritikoaren alde: gogoberotasuna (kritikoa) eta gogoberokeria (akritikoa) bereizten ditu Zalduak.

Antzerki mundura egin dezagun salto orain.

Ostegunean Victoria Eugenia Antzokian egon nintzen Galiziako Chévere Produccions konpainiaren N.E.V.E.R.M.O.R.E. antzezlana ikusten.

Azaroan 20 urte beteko dira Prestige petrolio ontziaren hondamendia gertatu zela, eta Chéverek planteatzen du ez ote den hura gaur egungoaren metafora aproposa.

Bi zati nagusi ditu obrak: alde batetik, Prestige-arena bere garaian bizi zuten hainbat lagunen hitzak erreproduzitzen dituzte oholtza gainean agertzen diren sei aktorek, 2019an (oker ez banago) egindako elkarrizketetan oinarriturik.

Bestetik, kostaldetik ontzia urruntzeko operatibo ofizialean parte hartu zuten hainbat kideren hitzak ere jasotzen dituzte. Behin baino gehiagotan azpimarratzen dute protagonisten hitzak direla, ez dagoela fikziorik ikusi eta entzuten den hartan, harrigarria bada ere.

Beheko trailerrean ikusten den bezala, gozagarria da bertatik bertara ikustea nola sortzen dituzten helikoptero, ontzi eta gainerako zarata guztiak zuzenean, irrati-antzerkian egin bezala.

Galizian gauzak berdin jarraitu zutela uste baduzue, Chéverek kontrakoa defendatzen du. Hainbat aldaketa gertatu ziren. Adibidez, Costa da Morten ez dago PPko alkaterik, ezta lau hiriburutan ere.

2021eko irailean estreinatu zuten eta ekainean itxi dute oraingoz bira. Baina parean tokatzen bazaizue, joan ikustera.

Azkar samar etorri zitzaidan burura zer nolakoa izango ote den Lipusek, Fuchs anaiek eta enparauek muntatzen ari diren Hondamendia. Harkaitz Canok idatzi du eta Zaldibarko zabortegian 2020ko urte hasieran izandakoa hartu dute oinarri. Urrian hasiko dute bira eta Euskal Herriko bazter askotan ikusi ahalko da.

Goza zaleekin hasi naiz, entusiasmoarekin jarraitu, entusiasmo kritikoarekin, bizi dugun hondamendiarekin bukatzeko?

Ba ez, buelta nadin hasierara, gaur nahiago baitut Maddalen Marzol eta Julio Bustamante bezalako jende gozatu zalearekin geratzea.

Entusiastak? Bai, hori ere bai.

Disfrutones, este apunte en castellano.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter