Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Pertsonekin hitz egin behar

Mikel Iturria 2023/02/25 20:15
Goizean oinez joan gara Trintxerpera Donostiako erdialdetik. Eta buelta.

Etxean gosaltzen nuen bitartean, Del Pinoren irratsaioan entzun dut kale erreportaje labur bat hirietako supermerkatuetan ugaltzen ari diren auto-ordainketa kutxei buruzkoa.

Irratia itzali, kaleko arropak jantzi eta erdialdera joan naiz lagun batekin geratuta nengoelako. Handik Trintxerpera abiatu gara oinez.

Donostiako erdialdera bueltatu aurretik, lagunak esan dit supermerkatu batean erosketa pare bat egin behar zituela.

Euskal Herrian egoitza duen, eta kooperatiba ez den, tamaina ertaineko batera sartu gara.

Zuzenean harategira jo dugu.

Ez zegoen jende asko bertan. Zenbaki pare bat gure aurretik.

Hiru senide zeuden txandaren zain. Tokatu zaienean edadeko andre batek hartu du hitza eta harakin gazte bati galdetu dio ea arkumerik ba ote zuten.

Zerbitzariak esan dio aste honetan antxume eskaintza zutela eta kantatu eta kontatu dizkio antxume haragiaren alde onak. Modu profesionalean eta adeitsuan, beti ere.

Andrearekin batera gizonezko bi. Itxura guztien arabera bata senarra. Telefonoak jo eta gazteak hartu du. Aiton-amonekin zegoela esan dio beste aldean zegoenari.

Bigarren harakina emakumezkoa zen. Bezeroari galdegin dio ea ondo ote zegoen, itxura eskasa zuela. Andrazkoak baietz, gau txarra pasa duela, baina bihar famili bazkaria zuela eta erosketak egin behar zituela.

Jarraitu dute beraien artean hizketan eta antxume erdia erostea erabaki. Lehen zerbitzariak esan dio bost lagunentzako nahikoa eta sobera zuela.

Bilobari erreparatu diot. Itxura eskasa zuen hark ere, nabaria zen dutxatik pasa gabea zela aspaldi.

Emakumearen senarrak, aldiz, ez du ezer esan.

Nire lagunak erosketak egin eta alde egin dugu supermerkatutik, geratuta baikinen osasungintza publikoaren aldeko manifestaziora joateko.

Goizeko erreportajean gazte pare bat elkarrizketatu dituzte. Bata auto-ordainketa kutxen alde zegoen, bestea, aldiz, ez hain alde, batez ere edadeko jendearen kasuan. Esan du gehiago kostatzen zaiela ordainketak bere kabuz egitea eta, gainera, supermerkatuetako langileekin hitz egiten ez bazuten, ea norekin hitz egingo zuten bakarrik bizi diren asko.

Konbentzitu du laguna. Ez da gutxi.

P.S. Lerro hauek idatzi ondoren, aste honetan Twitter-en ikusitako beste honetaz gogoratu naiz.

— La Celda (@24601LaCelda) February 22, 2023

Bestalde, Giorgio Bassmatti lagunak esteka hau bidali dit: kutxa eta ilara motelak Herbehereetan.

Mano Negra

Mikel Iturria 2023/02/20 21:42
Manu Chao eta beste bi kideri 1990ean eginiko elkarrizketa bat.

Euskal jendearen oroimenean txarrerako txertatuta geratu zen eguna da gaurkoa. 2003ko otsailaren 20an Euskaldunon Egunkaria itxi zigutelako.

Gainera, gaur itxi ditu ateak Tobacco Days liburu dendak Grosen. Eta berriemaile berezia izan dut bertan.

💔 @tobaccodays-eri agurra: pic.twitter.com/nxVlptG06D

— Maddalen Marzol (@madmarzol) February 20, 2023

Igeldorako igoera hasi aurretik hitz egin dut Maddalen-ekin.

Etxetik atera aurretik jaitsitako audio bat entzuten egin dut gainerako bidea: Les Nuits de France Culture saio bati zegokiona.

1987. urtean sortu zuten Manu Chao eta enparauek Mano Negra musika talde ospetsua Parisen. Eta 1990. urtean aipatu elkarrizketa egin zioten Radio France-ko Opus irratsaioan.

Garai hartan lan erdiak eginak zituen taldeak, diskografiari erreparatuz gero bai behintzat, Patchanka eta Puta's Fever kaleratuta. Loturan arakatuz gero konturatuko zarete erreportajearen lerroburuak dioela orduan zegoela banda olatuaren aparretan.

80 minutu pasatxokoa da saioa. Kantu ezagun asko entzuten dira, baina abesti artean Manu Chao, Toño Chao eta Jo Dahan-ekin Pigalle-n izandako solasak tartekatzen ditu kazetariak.

Bestalde, gaur arratsaldean garai hartako Frantziako rock eszenako hainbat talderi eskainitako erreportaje gehiago kargatu zaizkit podkast zerbitzuan (begiratu hemen).

Poz-pozik nentorren, baina ikusi dudan gauza batek izorratu egin dit iluntzea. Ez dakit esku beltza tartean ote dagoen, baina lotsa gutxi behar da bide bazterrean hauxe botatzeko 2023 urtean.

Ez dugu erremediorik.

Agur, Tobacco Days

Mikel Iturria 2023/02/19 22:05
Otsailaren 20an esango du agur Donostiako Sekundino Esnaola kaleko liburu dendak.

Agur, Tobacco Days, este apunte en castellano

Grosen izan zuen Garoa liburu dendak adar bat, ia lau urtez, Zabaleta kaleko 34 zenbakian hain zuzen ere. 2014ko sanferminetan zabaldu zuten Agirretarrek proiektua, eta 2017ko otsailean itxi zituen ateak.

Bertan lanean ibilitako Ines Garcia Azpiazuk Tobacco Days zabaldu zuen Tabakaleran. 2020ko uztailean Grosera mugitu zen, Sekundino Esnaola kalera.

Otsailaren 5ean eman zuen ezagutzera Inesek kitto, akabo, amaitu da proiektua. Eta hilaren 20an itxiko ditu ateak.

Bost urte ikaragarrien ondoren, atseden eta autonomo kuotari agur esateko garaiak iritsi dira.

Zuek eman diozue bizia proiektu honi (baita niri ere) urte guzti hauetan, beraz mila esker erraldoi eta eternala 🤍

Otsailaren 20a izango da azkenengo eguna. pic.twitter.com/nxAWuluKdL

— Tobacco Days (@tobaccodays) February 5, 2023

Bitxikeria: hau idatzi ondoren, konturatu naiz bi proiektuak (Garoa eta Tobacco Days) uztailean zabaldu zituztela eta otsailean itxi.

Gauzak horrela, astean zehar joan nintzen eskerrak ematera eta liburu pare bat erostera. Jende askok egin du gauza bera.

Pena? Errealista izan beharra dago: horrela daude gauzak, kamarada.

Nostalgiarik gabe, eskerrak eman, bizitutako une onak gogoratu eta gozatu, ezagututako jendea eta liburuak, besteak beste.

Egia da ere gehiago joan izan nintzela Garoara, gutxiago Tobacco Days-era.

Merezi zuen elkarrizketa egin zion Nerea Lizarraldek, Irutxuloko Hitza aldizkariaren azalean agertu zena ostiralean. Paperean ez zen dena sartu eta interneten paratu dute bertsio luzea.

Hura irakurtzea gomendatzen dizuet: "Bat-batean ni neu izan naizen proiektu bati agur esatea, ez da erraza".

Eskerrak emateaz gain, Inesi esan nion ez nintzela joan agur esatera. Fijo izango dugula elkarren berri.

Are gehiago jakinik Usurbilgo turismo plana gauzatzeko fitxatu dutela. Eta dirudienez kulturak izango du bertan indar handia. Badute nondik tiratu: Artze anaiak, Laboa, Zumeta...

Agur, Tobacco Days. Gero arte, Ines.

Laguntzeak dena aldatzen du

Mikel Iturria 2023/02/02 19:22
Irudi polita Malagan.

Pasa den hilabete bukaeran, Madrilera joan ginen gogoratzera duela 75 urte jaio zela Javier Ortiz kazetaria. Eta zirkulu bat ixtera.

Azken astea Malagan pasa genuen. Bertatik bi txango zoragarri egin genituen, eta biak trenez: ordu eta laurdenera baitaude Granada (Alhambra) eta Kordoba (Meskita).

Irungo lagun bat Malagan dago lanean eta gidari lanak egin zizkigun.

Adibidez, kaitik pasatzeko esan zigun, bertan ia 100 metroko luzera zuen yate erraldoia baitzegoen. Vava II.a zuen izena. Ernesto Bertarelli-ren enkarguz eraikia 2007an. 150 bat milioi libera esterlinako kostua izan ei zuen. Pornografikoa, beste zerbait ez esateagatik.

IMG_20230129_132640

Pasealekuan kale musikariak egoten ziren. Nik ikusi eta entzun nituenak maila onekoak, gainera. Uste nuen egoera konponduta zutela Malagan, baina prentsan irakurri nuenez, han ere ez.

Azken egunean deigarria gertatu zitzaidan bikote bat. Hau, hain zuzen ere.

Kale musikariak Malagan

Eta zergatik? Hurrengo argazkian ikusiko duzuen leloagatik: "Ayudar cambia todo".

Lelo gisa izugarri ona iruditu zitzaidan.

Laguntzeak dena aldatzen du!

Nota: como ya comenté hace un par de semanas, he cerrado mis Pedradas chez Ortiz. Estoy pensando qué hacer con mis apuntes en castellano.

Aro baten amaiera

Mikel Iturria 2023/01/18 08:10
Gaur goizean eman dugu ezagutzera Javier Ortizen webgunea izoztu egin dugula.

Esan bezala, gaur itxi dugu Javier Ortizen webgunea, kazetari donostiarra jaio zela 75. urteurrena betetzetik gertu (1948ko urtarrilaren 24an jaio baitzen). 2000ko uztailean zabaldu zuen bere txokoa interneten, eta egunero plazaratu zuen, gutxienez, testu bat, baita hil egin zen egunean ere, 2009ko apirilaren 28an.

Beraz, 13 urte luze joan dira hil zenetik. Geroztik Ortizekin loturiko hainbat lan egin eta koordinatu ditut: Unerik gorena, heriotzaren hamargarren urteurreunean, 2019ko udaberrian, kaleratutako liburua.

Hura hainbat tokitan aurkeztu ondoren, covid-aren pandemia etorri zen eta nahikoa lan bakoitzak berearekin.

2006ko urtarrilean zabaldu nuen Pedradas Javierrenean. Beraz, 17 urte beteko ditu datorren astean.

Eta orain pentsatu behar dut zer egin. Ematen du jarraituko dudala idazten, baina ohituraz euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen ditut idatziak. Hemen? Euskaraz bai, baina gaztelaniaz? Ez dakit.

Tira, aro baten amaiera da hau eta ateak modu duinean ixten jakin behar da. Gauza izango al gara?

P.S.: Pedradas-en igo dut Javierren libururako idatzitako hitzaurrea. Bertan urte hauetako laburpen moduko bat eta esker anitz.

Gelditu ditzagun gerrak

Mikel Iturria 2022/12/24 19:30
Irratian goizean entzundako elkarrizketa labur baten harira.

Goizean irratia piztu da gogoratzeko altxatzeko garaia zela. Atzo nik jarri nuelako, oraindik ez naiz Adimen Artifizialaren menpe bizi.

SER irrati-katean ez zegoen Javier Del Pino, Lourdes Lancho baizik. Itxuraz Bartzelonatik ari zen saioa egiten.

Esatariak kontatu du Bartzelonan badagoela bakezale talde bat egunero biltzen dena Espainiako Estatuko Defentsa delegazioaren aurrean. Gerra guztiak geratu nahian, ez bakarrik Ukrainakoa, eskatzen dute armetan gastatzen dena, eremu sozialera eramatea, gastu sozial bihurtzea. Katalunian elkarretaratze gehiago omen daude.

Martí Olivellak hitz egin du mikrofonoen aurrean.

Haren izena bilatu dut orojakilean eta Aturem les guerres webgunearen berri izan dut.

Ez nituen ez bata, Martí, ez bestea, webgunea, ezagutzen.

A vivir que son dos días saioaren twitter kontuan begiratu dut, informazio bila. Eta txio honekin egin dut topo.

Todos los días, frente a la Delegación de Defensa de Barcelona, un grupo cada vez más numeroso de personas se manifiestan para parar la guerra de Ucrania y todas las guerras y piden que los gastos militares se conviertan en gastos sociales.

🔊 https://t.co/1CrysNZKuZ pic.twitter.com/N30ikyp34f

— A vivir (@Avivir) December 24, 2022

Lerro hauek idazten ari naizela begiratu dut bertan dauden erantzunak.

Batek dio elkarretaratzeak bertan egin beharrean Errusiako eta Estatu Batuetako kontsuletxe aurrean egiteko.

Beste batek 9 pertsona direla jada (ez dakit komentario animosoa edo adar-jotzailea ote den).

Hirugarrenak utopia eta inozentzia aipatu ditu.

Laugarrenak mundua aldatu beharrean ez ote dabiltzan diru laguntza bila iradoki duela iruditu zait.

Bosgarrenak Ukrainak nahikoa lan duela bere burua defendatzen.

Nik ez dut nire iritzia partekatuko, soilik akta jasotzea otu zait, eta iniziatiba horren berri ematea.

Paremos las guerras, este apunte en castellano.

Kantu-kontari Juan Perro

Mikel Iturria 2022/12/09 19:05
Hondarribian egon zen ostegun iluntzean Juan Perro. Hots, Santiago Auseron.

Juan Perro vino dando el cante, este apunte en castellano.

Baziren ia 30 urte ez nuela zuzenean taula gainean ikusten Santiago Auserón, 1993an Victoria Eugenian ikusi bainuen Kiko Venenorekin batera muntatu zuten proiektu erraldoi hartan (Juan Perro y Kiko Veneno vienen dando el cante).

Nebulosa batean daukat 1990 urtearen bueltan Radio Futura ikusi nuela Logroñoko San Mateo jaietan. Baina ez nago batere ziur. Gezurtia delako memoria batzuetan (oroitzen duenaren mesedetan, normalean).

Uztailean ikusi nuen Juan Perrok kontzertua egingo zuela abuztu hasieran Zaragozan. Apuntatu nuen agendan, baina gero ezin hurbildu.

Atzo, ostegun goiza, kasualitatez jakin nuen Amua In-Edit jaialdian egongo zela arratsalde horretan bertan. Eta pare bat sarrera erosi nituen Hondarribiko Itsas-Etxera joateko.

Itxura ederra zuen aretoak bertara sartu ginenean. Behin egona nintzen, 2016ko martxoaren 8an Jon Abrilen Neskatoak dokumentala ikusten.

Badaramat bolada luze bat bizitzan orokorrean, eta batez ere kultur ekitaldietan, gutxi edo bat ere ez naizela hunkitzen. Zergatia zein ote den ez dakit.

Atzo, berriz, ederki gozatu nuen Espainian parekorik ez duen 68 urteko kantu-egile eta kontulari apartarekin. Bakarrik agertu zen tranpaldoan, gitarra elektrikoa lagun (Gibson SG bat zela irakurri dut sarean). Bi ordutan kantuz eta elez bete zuen aretoa.

Memorian itsatsita geratu zaizkidan hitz edo polaroidak Tijuana, Gibara eta zinema txiroa, Lorca (Federico), Txoria txori (Laboa), Arsenio Rodríguez, Collar de cuentas (hildako bidaideei eskainitakoa), eta Radio Futura garaiko El puente azul eta Semilla negra.

Txoria txori kantaren bertsioa egin zuen, nahiz eta aitortu zigun aholkatu ziotela ez egiteko. Dotore atera zen atakatik. Bi minutuko grabazioa igo du sarera gaur goizean Ricardo Aldarondo kazetariak (beheko loturan dagoen lehen txioan beste bideo bat dago, bi minutukoa hau ere).

El cuentacuentos Juan Perro se atrevió con una canción tan desgastada como ‘Txoria txori’ de Mikel Laboa y también le salió redonda. Con ramalazos del Mississippi. pic.twitter.com/GKqabml8zA

— Ricardo Aldarondo (@raldarondo) December 9, 2022

 

Talent show eta irrati-formulen merkatutik at egiten ari dela karrera esan zigun, gauza nabaria bestalde, eta denok ikasi beharko dugula, berak eta guk, nola egin karrera deskargen mundutik at. Garai batean fonogramak erosten genituela eta irteeran egongo zela zerbait guretzat.

Azken diskoa Libertad da, 2022an kaleratutakoa. Erosteko gogoz geratu nintzen, baina 2020ko Cantos de ultramar disko-liburua aukeratu nuen, jazz munduko bandarekin ondutako albuma.

Esan bezala, bete-betean dago Auseron eta aukera baduzue, segi ikustera. Uste dut bera bezalako ibilbide oparoa gutxik izan dutela Espainian, gailur komertzialera iritsi ondoren albo batera egin dena, bere karrera irizpide artistikoekin garatzeko.

Bitxikeria gisa ikusi dut 2022an 24 kontzertu egin(go) dituela (azkena abenduaren 30ean Alacanten).

Zerbitzu publikoak eta pribatuak

Mikel Iturria 2022/12/04 19:05
Azken egunetan entzundako lau saio: Isaac Rosa Karmele Jaiorekin, Garbiñe Larrea Arantxa Iturberekin, Qatar-eko mundialaz 5W aldizkarian, Felix Zubia Oier Aranzabalekin...

Pasa dira jada egun batzuk hemen azken lerroak argitaratu nituenetik. Tarte honetan Isaac Rosa entzutera joan nintzen azaroaren 21ean. Literaktum jaialdian egon zen Kutxak Tabakaleran duen guneetako batean. Sarean entzungai duzue Karmele Jaiorekin izandako solasaldia.

Gero birus erasokor baten bisita izan nuen eta egun batzuk egon naiz k.o.

Baina altxatu nintzen aste hasieran eta nola edo hala egin izan diot aurre.

Larunbat goizeko paseoa Garbiñe Larrearekin egin nuen. Tira, Larreak Arantxa Iturberekin izandako solasaldia entzuten, eta Iñaki Segurola zenaren Ganorexia liburua hizpide. Ezin laburtu ia ordubeteko jarioa, hainbat hari dituelako.

Baina bai esango dudala bi agerraldi egingo dituela Garbiñek datozen egunetan, hirugarrena pasa egin delako (Katakrak-en egon zen ostiralean). Lehena, Durangoko Museoan izango da, abenduaren 10ean: Iñaki Segurola etorriko ez litzatekeen ekitaldia (bera gogoan egingo duguna). Bigarrena, Zarauzko Egaroan egitekoa da, baina ez dut webgunean topatu: esango nuke abenduaren 14an izango dela.

Igande goizean bi audioren konpainia izan dut: 5W aldizkarikoek Qatarri eskainitakoa izan da lehena. Ondo dago ederto laburbiltzen duelako nondik datorren Qatarreko mundiala: Al Jazeera, Frantziako garaiko eliteak (Sarkozyk eta Platinik) jokatutako rola, kirolaren diplomazioa, eta abar.

Bigarrena bertakoa da: Barruan gaude Felix Zubiaren etxean sartu baitzen aurreko batean.

Felix kexu agertzen da pandemiaren gogorrenean komunikabide batzuk laburbildu, moztu eta titularretara eraman izan zituztelako Euskadi Irratiko Osasun Etxeko hainbat saio. Ni ez naiz komunikabide bat, ez dut agenda markatzen, eta bai ekarriko dudala topaketaren bukaera aldera esandako hainbat kontu. Besteak beste, erabat ados nagoelako berarekin.

Oier Aranzabalen galdera:

Asko hitz egiten da zerbitzu publikoen gainbeheraz. Pentsioaz, adibidez. Eta osasungintzaz. Badu etorkizunik gure osasun publikoak?

Felixen erantzuna:

Ez badugu zaintzen eroriko da. Eta denon artean zaindu beharreko zerbait dela iruditzen zait, baina osasun publikorik ez bada, ez da gizarte justiziarik izango.

Garbi hitz egin da: munduan dagoen herririk aberatsena seguruenik Ameriketako Estatu Batuak izango dira. Eta Ameriketako Estatu Batuek duten sistema dementziala da. Dementziala da eta gizarte justiziaren kontrakoa da. Hori nahi baldin badugu, aurrena kontra irteten ni neu. Eta eredu hori bada, eta hori kontatu nahi badigute, faborez, argi eta garbi esan dezatela, zeren kontra ateratzeko mugimendu handia egin beharra dago. AEBn dirurik ez duena tratamenturik gabe hil egiten da. Garbi hitz egin da.

Hau da, badago ongizatezko edo osasungintza bat, apendizitisa duena operatzeko, edo kolpe bat jaso duenari arta emateko, baina minbizi bat badu eta dirurik ez badu, pertsona horri ez zaio arretarik ematen eta minbizi horrekin hil egiten da. Hau da, aberatsentzat goi mailako medikuntza, eta pobreak hiltzen.

(...)

Gure intentsiboetako unitatean egun bat pasatzeak 1.800 euro balio ditu. Baditugu pazienteak 30 egun pasatzen dituztenak. Ospitaleko egonaldia barne, bota 90.000 euro. Nik pozik gastatzen ditut nire zergak eta sekula erabili ez.

Ez pentsa osasun pribatua eusterik dagoenik maila horretan. Gaur egun aseguru pribatuetara doan jende asko, eta konplikatzen denean, aseguruak esaten dio "bukatu zaizu eta segi osasun publikora". Eta iristen zaizkigu.

Orduan osasun publiko unibertsala, denentzat berdina dena, eta denon artean mantendua, altxor bat da. Hezkuntza publikoa den bezala, eta beste zerbitzu publiko asko diren bezala.

Eta hori ez badugu zaintzen, ez badugu mimatzen, ez da gizarte justiziarik izango.

Oierrek jarraian botatako galdera hau ere interesgarria da:

Zer iruditzen zaizu osasun publikoan eta osasun pribatuan lan egitea bateragarri izatea?

Felixen erantzuna:

Bi alderdiak ezagutu ditudala (...) Nik ezagutu ditut lankideak, bukatu espezialitatea eta lan txukunik, lan duinik gabe egondakoak. Eta nolabait bizi behar eta osasun publikoan eta pribatuan lan egin behar zutenak hilabete bukaerara iristeko. Hor akatsa non dagoen badakigu: lan duina ematen ez zaion momentutik.

Ez zait ondo iruditzen behin lanpostu finkoa izanda osasun publikoan, edo lanpostu jarrai bat eta toki jarrai bat izanik, pribatuan lan egiten duen medikuntza, medikuaren jarduna ez zait ondo iruditzen. Ohikoa da eta ez zait etikoa iruditzen. Bata ala beste. Gure aitak esango lukeen bezala: apaiz edo praile, baina bi gauzak ezin dira izan. Zergatik? Interes borrokak sortu daitezkeelako eta jendeak gaizki pentsa dezakeelako.

(...) Galdera hau guztiz zilegizkoa da: pertsona horrek badu interesik publikoan zerrenda laburrak izateko? Hor interes borroka zuzena baitago. Are gehiago: osasun publikoan zerbitzuburu denak ezingo luke pribatuan jarduera bat eduki (...) Nire ustez horrek debekatua beharko luke.

Gehiago ere kontatzen du Zubiak, baina hemen geratuko naiz. Interesa baduzue, entzun solasaldia.

Servicios públicos y servicios privados, este apunte en castellano.

Futbolaz edo

Mikel Iturria 2022/11/19 17:55
Gizonezkoen munduko txapelketa Qatarren jokatuko da bihartik aurrera.

Bihar hasiko da hautsak harrotu(ko) dituen txapelketa. Eta duela egun batzuk hauxe jarri nuen Twitter-en.

Aspaldi hartu nuen Qatarreko mundiala ez ikusteko erabakia. Gutxienez 6.000 hildako estadio eraikuntzan. https://t.co/bYyqfF1sIH

— Mikel Iturria (@iturri) November 6, 2022

Egia esatea nahi baduzue ez zait gehiegi kostatuko lehiaketa hau ez ikustea, selekzioen futbola ez baititut apenas jarraitzen. Talde batekiko atxikipena behar baitut eta inork ez nau asetzen.

Futbola Realaren begiekin ikusten dut. San Mamesen iluntzean jokatuko den derbia jarraituko dut telebistaz, taberna batean ahal izanez gero, eta urduri jarriko naiz. Bihar ezingo naiz arratsaldean Sanse ikustera joan Zubietara, baina plan ederra da, eta behin baino gehiagotan egin dut jada denboraldian zehar.

Futbola baino Reala gustuko dudala esan izan dudanean, behin baino gehiagotan esan izan didate ez dudala futbola maite. Hala izango dela aitortu izan diot nire solaskideari, baina soilik puntako futbola jarraitzen duten horiek, zer dute gustuko? Futbola ala ikuskizuna?

Eremu honetan niri ez zait ezer aspergarriagorik bururatzen klub indartsuen atzean dauden buruzagi batzuek sortu nahi duten Superliga baino. Utikan!

Esan bezala, nik nahiago dut Realaren elastikoarekin soropilean jokatzen duen goi mailako talde baten partida ikusi puntako jokalariz osatutako beste horien partidak baino.

Ideia horrekin abiatu du Mitxel Gonzalezek zutabe hau.

Elitea ezagutu zuen jokalari ohia da Oleguer Presas, baina elitetik aldenduta dabil.

Enric Gonzálezek zutabe borobila idatzi du gaiari buruz: Disonantzia kognitiboa.

Eta muturrera eramandako kirolaz aritu da Alberto Moyano bere txokoan gaurko zutabearen hasieran, Behobia-Donostia lasterketako parte hartzaileen mediku arazoak ispiluaren aurrean jarriz.

Sanoa da? Horrela hartuta, ez.

Arrazoi osoa puntu honetan behintzat. https://t.co/xZJR03ZwWL pic.twitter.com/T9CE5eYMLS

— Mikel Iturria (@iturri) November 19, 2022

Total. Azpiegiturak egiten 6.000 hildakotik gora duen mundial puñetero hau ez dudala jarraituko, baina egunero tragatzen ditut hori bezain nazkagarriak diren beste produktu batzuk. Halakoxeak gara eta.

Gomendio bat: irakurri Nacho Pato Lorenteren Grada popular liburua, Europako zortzi futbol taldeen zalegoei buruzko erreportaje liburua. Futbola aitzakia gisa hartuta.

Euskaraldia bete-betean den honetan ia lotura guztiak gaztelaniaz, @iturri. Ba bai, eremu honetan ere oso gutxi idazten baita euskaraz.

Amaitzeko, graduatu berri den Alaaddine Azzouzi kazetariak eginiko galdera eta Oleguer Presas-en erantzuna:

I no teníeu contradiccions?
—I tant que en tenia. I també en tinc ara. Crec que són positives, perquè la incomoditat ens fa pensar i ens fa avançar.

Las contradicciones y el fútbol, este apunte en castellano.

@artikoan foraminiferoak ikertzen

Mikel Iturria 2022/11/06 22:10
Naima el Bani Altuna paleozenografoa ezagutu berritan.

"Bilbon beti galdetzen didate ea nongoa naizen: Bilbokoa. Bai, Bilbokoa, baina nongoa. Zein da zure jatorria, nondik etorri zara. Aizu, ze ondo hitz egiten duzun euskaraz. Beti horrela. Bilbokoa naiz baina azalpenak eman behar, zientifikoa naiz baina azalpenak eman behar..."

"Gutxi txiokatzen dut. Kosta egiten zait. Twitter-en asko begiratu eta gutxi argitaratzen dut (...) Batzuetan etorkinei buruzko diskurtsoak ikusten ditut, euskara immigranteak etorri eta ikasten ez dutelako galtzen dela, eta amorru bat ematen dit.... Hortik ez naiz pasako. Gurasoak Euskal Herrira toki askotatik etorritako nire adineko lagun mordoa daukat, hemen jaio gara, hemen ikasi dugu, bertako hizkuntza hitz egiten dugu. Honek guztiak niri buruko min handiak eman dizkit, baina oso harro nago natorren tokitik etorrita, nor naizen eta zer egiten dudan. Badakit eragin gutxi dudala, baina frogatu nahi dut ahal dela... beno, ahal dela, ez! Normala dela! Ni bezalako asko garela. Ni beste asko bezain euskalduna, zientifikoa eta irakaslea naiz, ez dut azalpen gehiago eman beharrik".

"Nola aurkeztu naute orain komunikabideek? Euskal zientifiko bat Artikoan, ba! ze abenturazalea, a ze ekintzailea. Nik aitak baino erraztasun gehiago izan ditut, aitaren abentura askoz ere konplikatuagoa izan zen, baina inork ez du esaten bera bidaiaria zenik; bera etorkina da, bigarren mailako pertsona bat".

Ander Izagirreren Vuelta al país de Elkano liburuan izan nuen Naima el Bani Altunaren berri (Bilbo, 1993). Gaur eta hemen hau nabarmendu nahi nuen, baina Anderrek eginiko elkarrizketan badaude azpimarratzeko moduko beste hainbat kontu.

Gehituko dut aita marokoarra dela, kamioizalea, eta ama bilbotarra, irakaslea.

Sarean sartu eta konturatu naiz euskal prentsa behin baino gehiagotan agertu izan dela Naima el Bani Altuna. Eta nik ez diot erreparatu, auskalo nora begira egon naizen.

2018ko uztailean Lander Muñagorri Garmendiak elkarrizketatu zuen Berrian: «Klima aldaketa ez da konponduko birziklatuz bakarrik».

2018ko bukaeran Sustatuk jaso zuen Unibertsitatea.net-ek kaleratutako elkarrizketa. Txiotesia lehiaketaren 4. edizioan txiolari originalenaren saria jaso baitzuen: "Twitter kontuari esker Artikoaren zatitxo bat Euskal Herrira eramatea lortu dudala uste dut".

2019ko martxoan Elhuyar aldizkarian elkarrizketatu zuen Ana Galarraga Aiestaranek: Artikoan, klimaren bilakaeraren uberan.

2021eko otsailean Argian egin zion elkarrizketa Miren Artetxe Sarasolak: "Ez banintz Altuna nire errealitatea guztiz desberdina izango zen".

2022ko uztailean Sergio Henrique Fariarekin batera egindako solasa jaso zuen Berrian Gorka Berasategi Otaegik: Klima krisia, poloetako izotz artetik.

@artikoan, investigando foramíniferos en el Ártico, estas líneas en castellano

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter