Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Spam edo zabor posta

Mikel Iturria 2006/11/09 08:00

Pasa den astean idatzi zuen Luistxok spam-ari buruz. Kasu honetan, Baketik erakundearen informazioa behin eta berriro jasotzen duelako kexatu zen eibarnauta.

Elkarri, Lokarri, Baketik

Nik ere jasotzen ditut sortu berri den erakunde honen e-postak. Zergatik? Duela zenbait urte nire sinadura eman nuen Elkarrik abiatutako kanpaina batean. Elkarri desagertu egin da eta Lokarrik ditu haien datuak orain. Nire susmoa da Lokarrik Elkarriren datu-basea erabiltzen duela informazioa banatzeko eta, gainera, Baketik institutuak ere jaso dituela datu horiek... baina ezin dut frogatu.

Eskerrak duela bi urte etxez aldatu naizela eta paperean ez dudala jasotzen bi elkarte hauen propaganda. Etxea erosi zuenak zakarretara botako du zuzenean. Ulertuko nuke Lokarri Elkarriko kideekin harremanetan jartzea zera adierazteko: dakizunez, Lokarri sortu berri da eta gure informazioa jaso nahi izanez gero, baieztatu aukera hori nola edo hala. Nahikoa litzateke hori. Ezin dena da informazioa behin eta berriro bidali, komunikabideen bidez enteratuko ez bagina bezala.

Herri Irratia

Haserre nago ere Herri Irratiarekin. Uda aurretik kultur etxera bidali ziguten buletin digitala izeneko pdf artxiboa. 1,8 megako pisua zuela konturatu nintzenean eta horrek gure korreoa kolapsatzeko zuen arriskua ikusita, e-mail bat idatzi nien. Ez zidaten kasurik egin.

Bigarren e-maila eskribitu nien, nire haserrrea agerian utziz. Ez zidaten kasurik egin, udazkenean berriro bidali baitidate beste bat. Hirugarren e-maila idatzi nien: mesedez, horrelako artxiborik ez bidaltzeko esan nien; ea zergatik ez zuten buletina haien webgunean jartzen (16.a argitaratuta dute eta oraindik 1.a dago webgunean); azkenik, zergatik ez zuten benetako buletin digitala sortzen (blog bat, RSS jarioarekin eta kitto).

Ez zidaten kasurik egin. Luistxoren kexa irakurri nuenean, erantzunetan zer edo zer jartzea erabaki nuen. Lagun gehiagok egin du gauza bera eta Felipe Retamal, Herri Irratiko ordezkariak, aitortu du akatsa. Orain falta zaiena da hanka ateratzea.

Nik ere spam?

Kontua da nik kultur etxean egiten ditugun zenbait ekitaldien berri emateko jotzen dudala nire agendara. Ez dut bidalketa orokorrik egiten: ekitaldiaren arabera, bidali egiten diet batzuei edo besteei.

Hona hemen pare bat lotura spam-a, zabor-postari buruzkoak:

Wikipedia euskaraz

Wikipedia gazteleraz (Sarrera bikaina).

Etxebizitza duina? Noski baietz, Pako

Mikel Iturria 2006/11/06 15:00

En castellano

Pako Belmonte blogkide dut Javier Ortizenean. Bartzelonan martxan jarri den etxebizitza duinaren aldeko mugimenduan dabil buru belarri. Komunikabide tradizionalek gero eta kasu gehiago egiten diete. Adibidez, Cuatro telebista katean Ana García Siñerizek eta Boris Izaguirrek arratsalde pasa egiten duten programa txotxolo horretara gonbidatu zuten. Ringaren beste aldean, Pilar Rahola dibinoa, mugimendu hori kriminalizatu nahian. 6 minutuko iraupena du bideoak. Bikain aritu zen Pako.

Oharra: Helbide honetan begiratu. Orain ez dut asmatzen bideoa zuzenean hemen sartzen.

Gazte etorkinen auzia Gipuzkoan

Mikel Iturria 2006/11/04 16:26

En castellano

Atzo ikusi nuen bezperan grabatutako David Truebak eginiko Carta Blanca telebista saioa. Gustuko dut formula: astean behin ezaguna den norbait gonbidatzen dute saioa egitera eta honek nahi dituen gonbidatuak ekartzen ditu platora (Davidek, besteak beste, Jabier Muguruza). Horietako bat Forges umorista izan zen. Etorkinen gaiarekin lotura duen udako biñeta bat geratu zitzaidan iltzatuta. Etorkinez beteriko patera (utz iezadazue izen hau erabiltzen) ageri da itsasoaren erdian. Eta ume batek galdetzen dio amari: "Gu goazen herrialdean egongo da arkatzik, ezta?". Behean, leienda bat: "2050eko Literatur Nobel Saria" (edo antzeko zerbait).

Marokoko gobernuaren errepresioa

Eta horretaz gogoratu naiz gaur goizean Mataróko Mariaren e-mail hau irakurri dudanean:

"Chakib Alkhayari laguna, Giza Eskubideen aldeko Rif-eko lehendakaria, eta José Palazón, Haurren Eskubideen aldeko Melillako Elkarteko lehendakaria, Marokoko poliziaren jazarpena ari dira pairatzen. Jazarpen hau bizitu da Rif-eko Elkarteak Mohamed VI.a erregeari zuzendutako gutun bat argitaratu zuenetik. Agiri horretan droga trafikoan Nador-eko segurtasun agintarien inplikazioa salatzen zuten".

Marietak gazteleraz dauden zenbait esteka pasa dizkit informazioaren osagarri:

Meliya.com

Melilla Hoy

Mellila Hoy berriro

Meliya.com

Melilla Hoy

Hispanidad.com

Diario Siglo XXI

Ceres televisión

Fuerteventura Digital

La Voz de Galicia

Diario de León

Gipuzkoan 92 gazte atzerritar daude Foru Aldundiaren menpe

Mari Carmen Marín da Gizarte eta Erakunde Harremanetarako diputatua. Goiko lotura horretan duzue urriaren 31n Diario Vascori eskaini dion (eta hautsak harrotu dituen) elkarrizketa. Elkarrizketa horretan dio 92 gazte atzerritar atenditzen dituela Aldundiak.

Zergatik sortu da zalaparta hori? Tolosako alkateak, Jokin Bildarratzek, hurrengo egunean publikoki erantzun ziolako, komunikabide berean, Marín andereari. Gezurrak esatea leporatu zion diputatuari. Tolosan dago horietako gazte batzuk jasotzen dituen gune bat (asko Gipuzkoako herri ezberdinetako pentsioetan eta hoteletan daude, egoera tamalgarrian) eta herriko merkatariak, eta gainerako bizilagunak, eskandalizatuta daude sortutako iskanbilekin.

Ostegunean Diarioak eskaini zion editoriala gai honi eta gainerako alderdiek ere egin zituzten adierazpen publikoak.

Tolosako (eta Urnietako) kontu honetaz egin nuen berba duela pare bat aste hauetako gazte batzuekin lanean aritutako hezitzaile batekin. Hark esan zidanez, egoera lehertzeko zorian zegoen. Eta badirudi puntu horretan gaudela.

Nire iturrien arabera, diru gutxi inbertitu du Aldundiak (konpetentzia berea da) egoera honi aurre egiteko orduan. Ez diete beharrezkoa zuten prestakuntza eman hezitzaileei eta lan-baldintza kaskarretan aritu dira (soldata eskasak, lan-ordu asko).

Oker ez banago, duela pare bat urte ere antzeko-parezido ibili ginen (gazte hauek jasotzen zituen horietako zentro bateko hezitzaileek ezina plazaratu zuten eta komunikabideek jaso zuten gaia).

Denbora pasa da, baina ez dugu ezer ikasi. Oraindik oso jende gutxi dugu, baina SOS Arrazakeria taldeko Peio Aierbek Berria egunkarian ostiralean plazaratutako iritzi artikuluan dioen bezala, "gureak ere badira gazte adingabe horiek" eta horretaz jabetzen ez garen bitartean, zaila izango da irtenbideak lortzea.

Lortu duzue nahi zenuten argazkia

Mikel Iturria 2006/11/03 22:33

En castellano

Arrazoi du Jon Eskisabelek : "Soziedad Alkoholikako kideak eta managerra Espainiako Auzitegi Nazionalean, akusatuen aulkian eserita. AVT elkarteak euskal abertzaletasunaren aurkako jazarpen kanpaina musika taldeetara zabaldu zuenetik lortutako enegarren garaipenaren irudia. Taldeak pairatu duen boikot eta eraso mediatiko eta judizialaren ondoren ez baitago epaia kaleratu arte itxaron beharrik auzi honetan benetako biktima nor den ebazteko".

Xabier Martinek sinaturiko artikuluan, berriz, epaia bizpahiru aste barru kaleratuko dela dio. Juanek, SAko abeslariak, taldea ataka honetatik berrindartuta aterako dela uste du: "hiltzen ez zaituenak indarra ematen dizula esaten dute, ezta?" Ea horrela den.

Taldearen webgunean jasaten ari diren kanpainari buruzko informazio gehiago.

Support your local scene

Agur Lipus, agur Antzerkiola?

Mikel Iturria 2006/11/01 18:24

En castellano

Gaurko Berrian Iñaki Ziarrustaren gutuna irakurri dudan arte, ez naiz gogoratu Ander Lipus komerianteak agur esan zuela pasa den asteko Argian publikatutako Nekea izeneko artikuluan. Penatuta irakurri dut berriro ere. Nekatuta dagoela dio Lipusek, behin eta berriro hasi behar izan dutelako 10 urte hauetan. Orain, berriro hasteko tenorea iritsi zaienean, ez duela indarrik aitortu du markinarrak. Jarraituko du, segiko dute. Zain ditzagun gureak! Animo Lipus! Animo Antzerkiola! Nekea

Badakit! Utopiaren ibaietan zehar gabiltzanontzat, nekea, ez da hitz polita. Baina, errealitateak utopiak baino gehiago agintzen du. Eta guztiok dakigu, osasuna erabat garrantzitsua dela edozein proiektu, ideia edota utopia aurrera eramateko. Ia hamar urte pasa dira, Antzerkiola sortu genuenetik. Nahi eta nahi ez, krisialdiak beharrezkoak direla diote. Hori bai, gure politikariei ez diegu inoiz entzungo euskal antzerkia krisian dagoenik. Bost axola politikariei euskal antzerkigintzaren alorrean ikerketak, sorkuntzak... duen eragina. Gaztetan Hertzainak taldearekin batera gogor eta ozen abesten nuen "Euskadin Rock&Rolak ez du inoiz, dirurik emanen". Hitz berdinak erabili antzerkiarekin edo, petralagoa al da antzerkilarion egoera? Izan ere, euskal eskuindar pentsamoldeko gobernu honi ez zaio inoiz interesatu kultura, eta are gutxiago kulturgintzaren berrikuntza politiko, sozial zein estetikoa. Herri honek armagintzan zenbat diru mugitzen duen kontuak atera behar! Gaur egungo herri aberatsak horrela aberasten dira. Mesedez, ez hitz egin, espiritualtasunaz, zuen Jaungoikoa aspaldi usteldu zen.

Argi dago sorkuntza artistikoak administrazioarekin oztopoak baino ez dituela izaten. Eta, zentzu honetan, profesionaltasuna eskatzen digute, baina hauen funtzionalitatea erabat amateurra da. Izan ere, ez dute ofizioa batere ezagutzen, eta ofizioaren beharrak are gutxiago. Gainera, Euskal Herrian ere, Espainian erabiltzen duten modelo berdinak erabiltzen dituzte. Herritarren benetako demandak guztiz ondo aztertu eta kontuan hartu gabe.

Estruktura hauetan ere hutsune asko ikusten dira. Adibidez, antzerki taldeok jaso dezakegun dirulaguntza jakina da ez dela sarritan nahikoa izaten. Izan ere, zertarako dirulaguntza jaso, gero ez badaukagu emanaldiak banatzeko aukerarik. Eta egia da, antzoki bakoitzak presupuesto batekin lan egiten du eta agian, presupuesto horietan bakarrik hilabetean ekoizpen bat edo bi ekartzeko aukera dauka, soilik. Azkenean sarea, arrazoi bat edota bestegatik konplikatu egiten da, eta norbere sortze lana ia ezerezean gelditzen da.

Nik, eta Antzerkiolan sortu genuen enpresarekin utopia bat bilatzen nuen, eta ez da posible izan. Ez zerotik, baina berriro hasi behar dugu, eta nekagarria da. Nire ilusioa, oholtza gainean antzerkia egitea da, eta ez enpresa bat sortzea.

Motibazioa galdu dut, ilusio barik nabil.

Aldizkari honetan ere gustura ibili naiz nire gogoeta xumeak nolabait aportatu nahian. Baina, agur esateko ordua iritsi da. Argiari nire esker ona ematen bukatu nahi nuke, eta nola ez, zuri, irakurleari. Inoiz ez nuen imajinatuko, iritzi artikuluak idatziko nituenik. Baina antzerkiak eta euskarak merezi du. Eskerrik asko guztiori, bihotzez. Antzerkian ikusiko gara. Nekeak erremedioa dauka eta.

Ander Lipus

Denok bat

Badago bihotza estutzen digun berririk. Domekan BERRIAko Hemerotekan irakurri nuena horietakoa izan da. Antzerkiola Imaginarioaren sortzaile Ander Lipusena zen artikulua. Idatzi horretan, kultura politikarien eskuetan dagoelako hariari tiraka, zera zioen: «Motibazioa galdu dut. Ilusio barik nabil». Zalantza barik, Lipusek kritikatzen zuenarekin bat gatoz kultura munduan gabiltzanok. Guk geuk erabaki genuen lubakietan bizitzea, barrikadaren lehenengo lerro horretan egotea. Lubaki horrek bizitza eman eta, batzuetan, kendu ere egiten digu. Barrikada horretan, Utopiaren barrikada horretan, askotan igartzen da bakardadea eta nekea, eta oso atsegina da Antzerkiola Imaginarioaren moduko gerrakiderik topatzea. Atsegina baino gehiago, ezinbestekoa da, nekearen gainetik jarraitzeko adorea ematen digutelako. Ez dut batere gustuko eroritako lubaki-kideei lurra ematea, eta dagoeneko erori batzuk ikusiak ditut. Ez dut beste bat ikusi gura. Euskal Herrian ezin dugu Antzerkiola Imaginario legezko konpainiarik galdu. Gehiegizko luxua da hori guretzat. Eurek eman dizkigutelako arnasteko arnasa, bidean jarraitzeko bidea eta amets egiteko ametsak. Geu ere Olivetti haietako mamu bat gara; geuk ere printze urdina izan gura dugu; geu ere Trotskiren lagunak gara; geuk ere Yuriren dantzari tinko jarraitzen diogu; eta geuk ez diogu au revoir esan gura. Silvio Rodriguezen kantan Bertold Brechten berbak zabaltzen ziren, eta Antzerkiolakoak azkenean aipatzen direnetakoak dira.

Iñaki Ziarrusta. Gaitzerdi Teatroko aktorea

Support your local scene

Fantasia, beldurra, komikiak eta antzerkia Donostian

Mikel Iturria 2006/10/30 13:00

En castellano

Larunbat arratsaldean jarri zen martxan Donostian Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVII. Astea. Hamazazpi edizio hauetan film bakarra ikusi dut: La matanza caníbal de los garrulos lisérgicos, Galiziako errealizadore batena, derrepentean hil zena handik urte batzuetara. Egun hartan kasualitatez sartu nintzen Antzoki Zaharreko aretoan eta ederto pasa nuen, baina ez naiz berriro bueltatu eta ez dakit zergatik.

Azken urte hauetan lan-harremanak izan ditut Asteko antolatzaileekin, erakusketa bat paratzen baitugu kultur etxeko areto batean. Aurten, Iñaki G. Holgado komikigilea izan da komisarioa eta Juan Luis Landa eta Marko Armspach komikilari euskaldunei buruzko lanak aukeratu ditu erakusgai jartzeko. Landa momentuko euskal komikigile onentsuena omen da eta Markoren lana ere aipagarria bide da. Honetaz ni baino gehiago daki E-gor lagunak eta hari egin kasu.

José Luis Rebordinos, Rebor, da zinema jaialdi honen zuzendaria eta aste honetan komunikabidetan atera da behin baino gehiagotan. Lehengoan entzun nion telebista lokal batean frikien defentsa egiten. Frikia, bere ustez, gauza bat pasioz bizi duen pertsona bat besterik ez da. Hori bai, beldurra ematen omen dio Reborri 30 ordu abonu bat lortzeko zain dagoen jendea. Eta badago horrelakorik. Oso jende jatorra izango da, baina ez dakit burutik sano ote dauden, dedio!

Sapatuan, Bataplan diskotekan egin zuten, gaueko 22:30etatik aurrera, lehenengo jaia eta, azken urteetan bezala, bertan egon nintzen garagardo batzuk edaten eta paretik pasatzen ziren pintxo bandejak hustutzen. Bista politta du diskoteka honek (badia, Santa Klara, hondartza…) eta debalde sartzea ere aprobetxatu beharra dago (jaialditik aparte, gaueko sarrera 12 eurokoa da).

Festara joan aurretik, Egiako Kultur Etxeko Gazteszena aretoan Malayerba teatro taldearen La razón blindada antzezlana ikustera joan nintzen. Patagoniako kartzela batean preso politikoen bizimodu latza arintzeko, Kixotearen istorioa kontazen zioten elkarri behin eta berriro. Bi aktore ordu eta erdiz eszenatokian. Obrak kritika onak jaso ditu zenbait jaialditan. Galdera: zenbat ikusle bildu zen larunbat gauean? 30 lagun.

Gauzek ez dute behar bezala funtzionatzen eta guztia ez da erakundeen errua.

Support your local scene

Badaude gauza tristeagoak, Ezquiaga

Mikel Iturria 2006/10/28 18:00

En castellano

Sustatun irakurrita enteratu naiz Diario Vascoko kazetariren bat ez dela oso abila izan Miguel Angel Lotina meñakarraren profila egiterakoan.

"Lotina aprendió castellano a los ocho años en la escuela, porque en su casa sólo se hablaba el euskera. «Mi padre nunca me habló en castellano. En mi vida se dirigió a mí en castellano y eso que sabía hablarlo. A sus hijos, siempre en euskera», recuerda. Aprendió euskera vizcaíno, que ya apenas se habla".

Oker ez banago, horretaz ari zen Asier Sarasua oharkabean pasa den donostiarzentrismoa apuntean. Niretzat donostiarzentrismo hutsalaren adibiderik behinena Mitxel Ezquiaga kazetaria da.

Noiz eraman du kazetari honek euskal abeslari bat, demagun Ruper Ordorika, telebista lokal batean duen saiora? Inoiz ez. Zergatik? Ideiarik ez, baina uste dut gehiago dela Mitxelen errua, Ruperrena baino (Ruper kendu eta jarri beste batzuk: Joseba Tapia edo Bide Ertzean, orain diskoa atera duten zenbait euskal musikari ezagun aipatzeagatik).

Gaur, tabernan kafetxo baten aurrean, bere zutabea irakurri dut eta Lotina "triste"a dela jarri du idatziz. Gutxi ezagutzen dut Lotina. Gizon langilea iruditzen zait, behe-behetik goi mailara iritsi dena, aita baserritarraren lan egiteko grina jaso duen gizona, ezina ekinez egina. Ez hori bakarrik: berak uste duena baino inteligenteagoa, ironikoa ere bai.

Ezquiagak, berriz, beste zerbaitetan nahi du guk jartzea atentzioa. Eta nire ustez benetan tristea dena da kazetari hau bezala, tronuan eserita dagoen jendea, agoantatu behar izatea.

José Manuel Naredo Donostian

Mikel Iturria 2006/10/25 08:00

En castellano

Irrati kontuak gaur ere. Aspaldiko partez Herri Irratia piztu nuen atzo eguerdian, bazkaltzeko asmoz etxeratu nintzenean. Aurkezlea Alberto Gorritiberea zela esango nuke. Halako batean, José Manuel Naredo izeneko irakasle batek Donostian aste honetan, Zuzenbide Fakultatean oker ez banago, emango duen hitzaldia aipatu zuen kazetariak.

Jakina den gauza bat ere gehitu: Europan eraikuntza-lanak asko handitu direla azken urte hauetan, baina besteetan baino dezente gehiago Espainian (Frantzia, Alemania eta Ingalaterran baino porlan gehiago mugitzen da).

Parentesia ireki. Etxegintza esatea positiboa da, berdin eraikuntza-lanak: porlana mugitzea ez da izango egokiago gaur egun egiten diren sarraskiak kontutan hartuz? Itxi parentesia.

Porlan kopuruak aipatu zituen Naredok (izugarriak). Eta eredu hau gainbehera datorrela (ea egia den). Kezka: zer egingo dugu hainbat tokitan eginiko urbanizazio fantasma horiekin?

Gustatu zitzaidan esaldi hau: "Hay que hacer ciudad, no urbanizaciones". Eta ideia bera azpimarratu zuen solaskideak. "Hiria, herria, egin behar dugu, urbanizaziorik ez".

Ez nuen irakasle honen berririk eta interneten begiratzen egon naiz hau idazteko. Aurkitu ditut zenbait lotura interesgarri:

Mercado del suelo y plusvalías. Artikulua.

Ideas y propuestas para una nueva política del agua en España. Liburua.

Por una oposición que se oponga. Liburua. Trantsizio garaia ikuspuntu kritikotik. Hona hemen pasarte bat.

Valentzian emandako hitzaldi baten aipamena

Espainiako Ekonomi eta Ingurugiro Sari Nazionala lortu omen zuen 2000 urtean.

Orain bakarrik falta zait jakitea noiz den hitzaldia eta, ahal bada, bertara joatea. Ez dut behar den bezala begiratu interneten. Hori izango da kontua...

Urriaren 28ko eguneratzea: gaztelerazko pedradan kopiatu dut gaurko Diario Vascon Josean Blanco kazetariak eginiko elkarrizketa interesgarria.

Déjà vu eta Musikaren eraginpean

Mikel Iturria 2006/10/23 08:00

Gauean irratia entzutea gustatzen zait. Urtetan entzun ditut Espainiako kirol irratietako pope aho beroen saioak (José María García edo José Ramón de la Morena), baina jada ez nago prest. Beste bolada batez Radio Euskadiko gaueko solasaldia eta kirol saioa entzun izan dut, baina kirolaren eta prozesuaren gurpiletik atera nahi dut ordu horietan.

Gazte nintzeneko ohiturara bueltatu naiz: orduan, Herri Irratiko Forkiren musika tartea entzuten nuen, "Azken furgoia", baita Euskadi Irratian aritzen zen Jon Sanzen "Paretari begira" irratsaioa ere. Orain deskubritu dut Déjà vu, Susana Mujikak gaueko 23:15etatik aurrera Euskadi Irratian egunero gidatzen duen ordu eta hiru laurdeneko irratsaioa. Joxe Aranzabali esker izan nuen haren berri eta halako batean sintonizatu egin nuen. Geroztik, behin baino gehiagotan entzun dut.

Orokorrean, irratsaioaren tonua egokia iruditzen zait. Gustuko ditut Lander Garroren interbentzioak (Ikea-ara joateagatik lotsatuta: masa sentitzeagatik) edo Estitxu Fernandezenak (nahiz ez izan Traperoa bezain zalea). Barkatuko didate gainerako solaskideek, baina oraindik ez ditut ikasi denen izen-abizenak.

Déjà vuk badu ere "Blogesfera" izeneko tartea eta bertan euskal blogosferatik hartutako pasarteren bat irakurtzeko ohitura dute.

Triste nago, berriz, ordu erdi kendu diotelako "Musikaren eraginpean" saioari, Asier Leoz kazetari finak aurkezten duena. Lehen gaueko 21:05etatik 22:00etara zena, ordu erdikoa da denboraldi honetan, astelehenetik ostegunera. Iaztik jarraitu dut kazetari honen programa eta lana ondo baino hobeto egiten duela iruditu zait. Lastima, beraz, aldaketa hori. Dena dela, ostiraletan, pare bat orduko saioa egiten duela esan didate.

Irakaspena: gutiziak prestatuz gero, euskaldunak ere gai gara delicatessenak dastatzeko, beraiekin gozatzeko.

Post scriptum: norbait animatzen da hemen kontatzera profesional hauek irrati publikoan dituzten lan baldintzak? Asier autonomoa dela esango nuke. Susana ez dakit. Eta besteen egoera nolakoa da?

Post scriptum plus: Dani Arizalaz idatz nezakeen ere, baina ederto bete du alde hori Hamaika ikus-entzuteko jaioak blogak.

Zaindu maite duzun hori

Mikel Iturria 2006/10/21 17:04

En castellano

Azken boladan tokiko eszenari dagozkion zenbait berri pozgarri jasotzen ari naiz. Horietako bi aipatuko ditut hemen: bata, "Arto Artian" ekimena da eta bestea, "support your local scene".

Arto Artian

Arto artian ekimenak diskoak argitaratzeko asmoa du eta osatu du dagoeneko lehen katalogoa.

Egitasmoaren aurkezpena zorrotza da, zorrotzegia nire gusturako: "90 hamarkada Eskual Herritan, kontu zarrak berritzen kalea bizirik zen oraindik. Orwellen 1984ko amesgaiztoa urruti zenean, ordenagailuak, jende helduagoaren tresna -ez oraindik herriaren opio-, borrokak kalean zirauen eta ezinezkoa zen beste era batera izatea. ‘Dirurik ematen ez duen rockanrolla’ bere buruaren parodia izatera pasa zen; Kortatutik Negu Gorriakera; eta Donosti inguruko norbaitzuk verano azul leloa asmatua bazuten ere, urruti zen oraino Loreak Mendiaken hutsalkeria, urruti Kukumuxuren arrakasta komertziala. Garraxiak zentzua zuen artean. Zaratak jateko gordinegia zirudien, moldagaitza. RRVaren azkenetan, abestitako hitzak sozialak-politikoak ziren ezinbestean. Sinistea baino, izatea zen kontua, aukeren aurretik zen pragmatismoa. Guk ere izatea erabaki gendun".

"Musika txikiak eta eskulanak banatzeko katalogoa da. Ez dago musika estilo jakin batean oinarritua, bere helburu nagusia gure inguruotako zenbait artista interesgarriren eta pertsonalen soinu-lanak sustatu eta banatzea da. Hemen aurkezten ditugun lanak nagusiki auto-ekoizpenak eta diskoetxe txikiek argitaratutako grabaketak dira. Hain zuzen, izaera horiek dituzten mugak gainditu nahi ditugu, sei hilabetero argitaratu ditugun katalogo honekin".

Gutural, Gutariko Bat eta Akauzazte taldeen berrargiltapen bana aurkeztu dute CD euskarrian.

Support your local scene

Hots, Love of 74 lagun ipurterrearen ahalegin berria.

Nik proposatu nion Ruper Ordorikaren kantu batetik hartutako esaldia erabiltzea euskaraz, Zaindu maite duzun hori, baina berak beste bat aukeratu du: Gertuko kultura ikus ezazu.

Itzuliko dut Lok apunte horretan dioena: "Estadioetan eskaintzen diren kontzertuetara goaz, baina ez dakigu ezer gure herrikideen soinuetaz. Jende asko biltzen dituzten gauzak, kanpokoak, erosoak, handiak ditugu gustuko. Eta gertukoa ahaztu egiten zaigu".

"Inor ez da bere auzoko, plazako edo herriko kultur jardueretara hurbiltzen. Inork ez du egunkaria hartzen eta izen arrarodun talde batek taberna zulo batean eman behar duen kontzertura joateko ipurdia mugitzen".

"Inork ez ditu bi ordu ematen kultur etxe baten areto nagusian ezagutzen ez duen antzezlana ikusteko, baina ez dago problemarik egunero bi ordu telebistaren aurrean pasatzeko. Inor ez da sartzen erakusketa areto batean inguruko tipo batek bertan paratu dituen Ugandako argazkiak ikusteko".

"Inork ez du arriskurik hartzen eta ez da gai lurralde berekoa den artista baten eskultura areto batean ikusteko".

"Horregatik sortu dut Support your local scene. Parte hartu zure komunitatearen ekitaldietan, agertu, iritzia eman, haserretu hala nahi izanez gero. Baina kexatu ere kultura (lokalaren) hilzori egoeragatik, jendea joaten ez delako, espaziorik ez dagoelako eta gizartearen nagikeriagatik".

Egilea: Love of 74

"Gu hasiko gara ikusten dituzun irudi hauen eranskailuak egiten (ingelesez eta gazteleraz ere) eta kalean itsatsiko ditugu. Gauza bera egin nahi izanez gero, eskatu guri. Edo segi kultur ekitaldi batera. Agendan begiratuz gero, ziur topatuko duzula gustuko gauzaren bat".

Support your local scene

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter