Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Duncan Dhu, duela hogei urteko kontuak

Mikel Iturria 2006/11/29 08:00

En castellano

Astelehen gauean, Donostiako Udalaren Batzar Aretoan aurkeztu zen Juanra Vilesek idatzi duen "Duncan Dhu. Crónica de un éxito (1984/89)" liburua. Aurkezpen instituzionala erabat: Ramon Etxezarreta, Kultura zinegotzia; Ignacio Casado, SGAEren delegatua; Mitxel Ezquiaga, guardiako kultur kazetaria eta Viles bera. Aurrealdeko eserlekuetan, PNV, PP, EA eta PSEko zenbait zinegotzi. Aulki gehienak beteta. Jende asko.

Berandu iritsi nintzen, baina egileak berak kontatutakoa entzuteko garaiz. Liburua esku artean izan nuen, (Fundación Autor argitalpenaz arduratu dela kontutan hartuz, ez dakit zer nolako zabalpena izango duen), baina ezin izan nuen bat eskuratu. Viles Bankoa banketxeko Prestakuntza arduraduna da gaur egun eta liburuaren solapan alkandora eta gorbata urdina soinean duela ageri da, Donostiako parke bateko aulkian eserita, eguzkipean.

Garai baten kronika dirudi, Juanrak bere buruarekin kitatu beharreko zorra. Denbora asko pasa da eta, haserreak alde batera utzita, taldeko hiru kideen argazkia azaldu zen atzo Gipuzkoako zenbait komunikabidetan. Ezquiagak aurkezpenean aipatu zuen zubiak eraiki behar diren garai honetan argazki ederra osatzen zuela hirukoteak. Berak badio horrela izango da. Amen.

Gazte denboran gorroto nuen talde hau. Irunen Kortatu eta enparauak entzuten genituen. 1986an, errematerako, "Canciones" diskoa oparitu nion nire nobia izandako bati (berriro nire nobia izateko), baina ahalegin ustela izan zen. Ondorioz, gehiago gorrotatu nituen.

Handik urte batzuetara, 90. hamarkadan, diskoa entzuten hasi nintzen. Urte gehiago pasa ziren eta hamarkada horren bukaera aldera, Erentxunek eta Vasallok gidatzen zuten taldeak Victoria Eugenian eman zuen kontzertuan egon nintzen.

XXI. mendearen hasieran ez hori bakarrik: haiei buruzko liburuaren aurkezpenean egon naiz, Vasalloren diskoak erosi eta entzuten ditut, Erentxunen kontzerturen bat edo beste ikustera hurbildu naiz… Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!

Post Scriptum: Hau idatzi gabe ezin dut sosegurik hartu. Musikari ezberdinekin egon nintzen aretoaren atzealdean, paretik pasatzen ziren pintxo eta edalontzi urrien likidoa tokiz aldatzen (barrura). Gogoa ematen zuen Casadorengana hurbildu eta esateko: "Casado jauna, hona hemen Donostiako zenbait musikari". Hari begira, berak musikariekin eta nik Pakistango herriarekin harreman berdintsua dugula baitirudi.

Gazte bortitzak

Mikel Iturria 2006/11/28 21:18

José Miguel Leo gizarte hezitzailearen hitzaldi batean egon nintzen pasa den ostiralean Donostian. Interesgarria izan zen Bartzelonako irakasle honen solasa entzutea. Oraingoan ere apunteak hartu nituen. Denboraz larri nabil eta ezin izan dut itzulpenik egin. Gaztelerazkoa hemen dago.

Norbait animatzen da euskaraz jartzera?

Hitzaldiaren titulua: Nerabezaroa. Bortizkeria eta gizartea. Joan-etorriko bidaia.

Laburpena: indarkeria jaun eta jabe den gizarte batean zer nolako gazteak sortuko ditu bada?

Estekan zenbait libururen erreferentzia, DVn argitaratutako elkarrizketa bat eta beste zenbait kontu.

Duela ia zazpi urte

Mikel Iturria 2006/11/26 12:05

En castellano

1999ko azaroko azken igandea zen. Gaur bezala Donostiako Maratoia hiriko kaleetan. Goizean periodikoaren bila abiatu nintzenean, ojoplatiko geratu nintzen kioskoan egunkari baten azala ikusi nuenean. The organizationek bukatutzat eman zuen orduko su-etena. Azaroaren 29a izan zela esango nuke.

Hainbeste haserretu ninduen notiziak, une hartan bertan erabaki nuela, egoerari buelta emateko, Kursaalen kontzertua eskaini behar zuen Compay Segundo xaharrenera joatea. Sarrera gutxi gelditzen ziren eta garestienetakoa erosi behar izan nuen.

Espero dezagun halako gauzarik ez gertatzea berriro. Irlandako azken egunetako gertakizunek demostratzen dute duela hamar urte abiatutako bake prozesuak han ere arazoak dituela. Hemen, berriz, gehiago. Besteak beste, Espainiako bigarren alderdi politikoagatik (atzo ere manifestazio jendetsua Madrilen, prozesuaren kontra).

Apenas dugu prozesuan ari diren eragileen informaziorik eta jendaurrean egiten ari diren eszenaratzea hirugarren mailakoa dirudi. Kezkatzen nau hemen ez dagoela prozesuaren alde dagoen jendea biltzeko inolako mugimendurik edo liderrik. Hau da, prozesuaren alde egon daitekeen ideia ezberdinetako jendearen bultzada edo presioa behar izanez gero gizartea kalera aterako duen lidergo falta sumatzen dut.

Aurreko su-etenean sarea, internet, ez zen apenas esistitzen, 1.0 zen. Gaur egun 2.0 da. Honetarako ere erabil dezakegu. Ez zait otutzen, une honetan, zer egin horrelako mugimendu boteretsu eta plurala sortzeko, baina komeniko litzateke jendeak horri buruz hausnartzea.

2.0 bake prozesu baten aldeko ekimena.

Millás eta Bestiarium Gastronomicae

Mikel Iturria 2006/11/23 23:16

En castellano

Asteartean Juan José Millás idazlea egon zen Donostian argitaratu berri duen Laura y Julio eleberriari buruz hizketan. Goizean Madrilgo aireportutik Hondarribiara etortzeko izan zituen arazoak ederto gaindituz, arratsalde bikaina pasa genuen Millás-ekin egoterik izan genuenok. Aretoa 130 lagunez bete zen eta Eduardo Yáñez kazetariak ez zuen gehiegi zirikatu behar izan, idazlea gai baita lasai asko 15 minutuz jarraian hitz egiteko, tartean une gorenak lortuz. Adibidez, aitak, inflazio garaietan, Espasa entziklopedia erosi zuela kontatu zigunean eta nola bera intelektualki elikatu den aipatu entziklopedia irentsiz; edota botiken prospektuak, autopsiak eta espediente klinikoak literatur generoekin parekatu zituenean (poesia, kontakizun laburra eta eleberria, hurrenez hurren, oker ez banago).

Asteazkenean, berriz, KMra joan nintzen Bestiarium Gastronomicae erakusketaren inaugurazio-ekitaldira: Gyula Madarâsz hungariar ornitologoari buruzkoa da eta José Belmonte, Andoni Luis Aduriz, Usagi Enoki eta Harkaitz Cano aritu dira, besteak beste, dena moldatzen.

Ekitaldira joan aurretik, goizean, Konatxeren blogean irakurri nuen Rafael García Santos kalifikaezinaren Lo mejor de la gastronomía azokari buruzko apuntea. Arzak eta Aduriz sukaldariak feria horretatik kanpo daudela aipatzen zuen Hasierrek.

Bertan utzitako erantzunean Mugaritz jatetxera behin joan nintzela bazkaltzera gogoratzen du eta zorte eskasa izan nuela. Aldameneko mahaian Rafael Pantagruel eta Fernando San Martín erori zitzaizkidalako. Bikote horrek izorratu zidan bazkaria.

Ez da lehenengo aldia Adurizi buruz hemen idazten dudala. Eta ez dut uste azkena izango denik: tipo hau azkarra da eta ez dio hainbeste begiratzen diruari, negozioari. Goi mailan horrelako sukaldariak behar ditugula uste dut.

Oharra: bide batez, bikaina da ere Alberto Moyanok feria hori buruz blogean idatzi duena.

Neneh Cherry Realaren ajeen aurka

Mikel Iturria 2006/11/20 10:00

Azaroaren 22ko oharra: gune honek arazoak izan ditu azken bi egunetan. Gaur, asteazkena, igo dut sarera, baina astelehenerako aurreikusita zegoen apunte hau.

Realaren martxa hain da penagarria, futbol zelaian egon ondoren eta etxera joan aurretik, beste planen bat egin beharra dagoela astea behar den bezala bukatzeko. Atzoko plana Neneh Cherry abeslariaren kontzertura joatea izan zen. Eta asmo hori ez nuen nik bakarrik izan, 700 lagunek bete baikenuen atzokoan Gazteszena aretoa. Cherryk 42 urte ditu eta senarra eta beste zenbait lagunekin osaturiko CirKus taldearekin batera etorri zen Donostiara. Gustatu zitzaidan emanaldia, baina hobeto egon zen duela zenbait urte Victoria Eugenian eskaini zuena.

Wikipedian begira ari nintzela, Neneh Chelsea taldeko zale dela irakurri dut. Beti irabazten duen talde baten jarraitzaile izatea ez da zaila. Meritua Realeko zaleek dugu.

Bakero etxera bidali ondoren, Lotinaren lehenengo partidan politto aritu ziren txuri-urdinak, baina ilusio hori desagertu egin da. Galtzea merezi ez bazuten ere, Vila-real taldea gailendu egin zen egun hartan ere Anoetan. Atzo ez zen hori gertatu, baina gutxi falta zitzaien Iruretak entrenatzen dituen Betiseko mutilei hiru puntuak Andaluziara eramateko.

Azken aste hauetan, John Toshack ahoberoaren bi zutabe irakurri ditut eta ados nago berak bertan esandakoekin. Realaren kide garen guztiok argi izan beharko genuke zer den talde hau. Ezinezkoa da Getafe, Malaga eta beste zenbait tokietako erdipurdiko jokalariez betetzea aldagela. Kanpotik ekarritako hiruzpalau jokalari onak behar ditugu, beti berdegunean egon beharko luketenak (bere kalitateak hori eskatzen duelako). Gainerako bizkarrezurra etxeko jokalari beterano eta gazteen nahasketa beharko luke. Reala hori dela konturatzen ez den bitartean, gainbeheran jarraituko dugu. Miguel Fuentes eta konpainiak beste Reala dute buruan (edo hori dirudi).

Gainera, ez dut uste oso garbi dutenik nortzuk joaten garen igandero estadiora. Dirudienez elite ekonomikoa garela uste dute. Izan ere, 30.700 euro balio duen auto aleman baten propaganda jarri ziguten domekan eserlekuan. Nori begira ari dira? Realeko jokalariek erabili dituzten autoak salgai ere bazeuden txartelan (42.000-44.000 euro bitartean), baita 3.900 euroko gangaren bat ere, baina azalean 30.700 euro balio dituen autoa.

Hori ez da Reala. Chelsea izango da?

Paule Sodupe eta Eduardo Madina

Mikel Iturria 2006/11/17 23:14

Bake prozesuaren gorabeherak komunikabideen bidez zabaltzen diren bitartean (ez digute ezer kontatzen, baina hortxe ari dira egunero alde guztiak zipli-zapla, giroa nahasten eta gu denak nazkatzen), gaur goizean irakurri dut Miel Anjel Elustondo kazetariak aste honetako Argian publikaturiko elkarrizketa. Elkarrizketatua hiru presoren ama den Paule Sodupe andre mutrikuarra da.

Auzitegi Nazionalean Eduardo Madinak atentatuaz esandakoak entzun ondoren sentitu nuen antzeko zirrara sentitu dut. Berdin du bakoitzak zer pentsatzen duen, berdin du haiekin ados gauden edo ez, baina zirrara sortzen dute biek ala biek.

Gazteleraz jarri dut jada elkarrizketaren lehenengo flasha. Bihar, edo etzi, gainerakoa jarriko dut.

Zirraragarria da ere Gabriel Arestiren poema hau:

Etarren ama urrikariek / bakea dute merezi / bihotz-ikara izugarrian dardaraz baitira bizi. / Etarren amek asko sufritzen dute. / Andre hauen bihotzean / kabitzen da / munduko min guztia.

(...)

ETArren amek / asko sufritzen dute, / semeak hiltzen dizkietenean / eta batez ere /semeek hiltzen dutenean.

Joxepa Mendizabal Zaldibian

Loretopetik (VIII) Donostiako kultur etxe bat

Mikel Iturria 2006/11/15 21:15

En castellano

Irutxuloko Hitzan azaroaren 11n argitaratutakoa.

Goizeko 7:00ak baino lehen sartu dira Noemí eta Alaitz garbitzaileak. Hauek dira kultur etxera datozen lehenengo bi langileak. Gero, 8:00ak aldera, agertuko dira Esther, Koro edo Sergio (Leire, Manu…), lan-txandaren arabera. Liburutegiko langile batzuk ere ordu horretan azalduko dira: Larraitz, Oihana, Olatz, Izaskun, Mertxe, Itziar, Ana, Arantxa, Saioa… txandaren arabera goizez edo arratsaldez ari baitira. Maite beti goizez; César beti arratsaldez; Amelia edo Mikele larunbatetan.

Lourdes edo Karmele goizean (edo arratsaldean; edo goizean eta arratsaldean) etorriko dira, baita KZguneko Jaione, Maialen edota Arantxa ere. Astelehena, asteazkena edo ostirala bada, Plus 55 zerbitzuko Susana bertan egongo da (hau ere lanaldi zatituan). Gaztelekua eta haurtxokoa arratsaldez irekitzen dira, baina goiz batzuk behar dira gauzak prestatzeko. Lehenengo zerbitzuko langileak dira Ione eta Mikel, bigarrenean ari dira Ainhoa eta Miren. Koordinatzailea da Marije eta barruko lanetarako dago Maribel. Ostiraletan errefortzurako dator Olatz.

Ikasturte honetan 24 ikastaro atera dira. Eta horiek emateko 20 bat monitore daude: Saioa, Luis, Borja, Julio, Kris, Mikel, Raquel, Beatriz, Maialen, Gari, Gorka, Ibai, Eunate, Ailem… besteak beste.

Astelehenetan bideo-foruma dugu programatuta. Ez gara gu horretaz arduratzen, ARES elkarteko David, Dani, Mariano… baizik. Bost urte bete dituzte jada, film mordoa aukeratzen, aurkezpenak prestatzen, musu truk.

Astegunetan goizeko 10:00etan zabaldu eta 14:00etan ixten dira ateak. Arratsaldez 16:00etatik 20:30etara. Ikastaroak, bilerak, ekitaldiak… ia gaueko 22:00ak izan daitezke pertsiana jaisteko.

Larunbatetan antzeko ordutegia du zentroak, baina arratsaldez ordu erdi beranduago irekitzen da. Imanol, Iñaki, Aratz… egon daitezke lanean. Azterketa garaietan, horiek izango dira igandetan ikasgelen zerbitzuaz arduratuko direnak.

Egunero 700 lagun baino gehiago pasatzen da eta goiko guzti horiek haientzat egiten dute lan. Jende gehiago ari da bulego zentraletan, baina etxekoei erreparatu nahi diet hemen.

Anoeta Estadioan dago txertatuta kultur etxea. Futbol estadioaren beste aurpegia. Izan ere, futbol izarrak ezagunak dira, baina hor goian aipatu ditudan izen horiek gehiago ematen diote egunero komunitateari, gizarteari, herriari eta, askotan, ez dugu haien lana aintzat hartzen.

Oharra: Donostiako kultur etxe bat da hau, baina beste edozein elkarte, erakunde, enpresa edo dena delakoa izan zitekeen.

Julia Cristina, Viéndola Venir

Mikel Iturria 2006/11/12 08:00

En castellano

Propaganda.

Ernest Lluch Kultur Etxeak, Erakusleihoa programaren barruan, azaroaren 16an egingo den "Viéndola venir" musika emanaldiaren berri eman nahi dizue. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da kultur etxeko areto nagusian (Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean) eta sarrera doakoa izango da.

Julia Cristina Donostiako kantagile undergrounda da (Quantas Veroir, Cris Monge izenak erabili izan ditu)." Viéndola venir" errebelazio bat da, goraipamena, subjektibotasunaren ospakizuna: Dulce Chacón, Flavia Company, Chantal Maillard, Rosa O, Cristina Peri Rossi, Eli Tolaretxipi… idazleen poesiak eta testuak erabili ditu musikatzeko, behin eta berriro arnastutako testu horiek kanta izateko bidean jartzea erabaki du (etxean zituen testuak, azken finean).

Abeslaria ez da bakarrik arituko: bi gitarra eta teklatu baten laguntza izango du. Oraindik ez du webgunerik, baina bai hasi dela materiala youtuben jartzen. Hemen duzue Mas turbación kantari dagokion bideoa.

BECen talka: Euskal Herria, Jamaika, Katalunia, Kuba... Palestina

Mikel Iturria 2006/11/10 08:00

En castellano

Atzo pasa nintzen Pagoa aretotik. Goizean periodikoan ikusi nuen bandaren argazkia portadan. Barrualdean Jon Eskisabel & Mikel Lizarralde bikoteak sinaturiko bi orrialdeak.

18:15etan iritsi nintzen. Kanpoan apenas zegoen girorik (industrialdea da Pagoaren auzunea). Atarian kamioi bat aparkatuta. Tabernatik sartu eta Ruperrekin egin nuen topo. Gitarra zintzilik, tximista bezala alde egin zuen. Anari hantxe zegoen, baina segituan desagertu zen hau ere. Eneko BAP, Jitu, Zulu… betikoak.

18:30etan hasi zen banda berriro entsaiatzen: Pintza, Benas, Sorkun, DZ, Jon Elizalde… (etxeko harrobia), Kataluniatik La Kinky Beat taldeko perkusio jotzailea eta abeslari bat, Kubako baxu jotzailea (Victor Navarrete), Jamaikako Lisa Dainjah, Masta Blasta, Bubbler Waul... Eszenatokia ttikia zen hain talde handiarentzat.

Egun batzuk daramatzate entsaiatzen, goiz eta arratsalde. Ordubeteko saioa ikusi ondoren, aurrekoan pentsatu nuen gauza bera pasa zait burutik: Ferminek muntatu du kristoren banda kontzertu bakarra emateko, baina lan berarekin hilabeteko bira egin zezakeen.

Gaur arratsaldean ere entsegua egongo da Oiartzunen. Larunbatean, berriz, kontzertua BECen. Larunbatean ez naiz han egongo (asteburua eta beste zenbait egun kanpoan pasako baititut) eta horregatik pasa naiz lokaletik.

Herenegun, Israelgo estatuak ere 18 esan zuen: 18 palestinarren gorpuak jarri zituen mahai gainean. Akats teknikoa omen. Elkartasuna erakutsi nahi izanez gero, aukera izango duzue sapatuan Barakaldon egongo baita Palestinako DAM hip-hop taldea.

Bertara joan beharko du Lander tertulianoak (berandu iritsi baita gaur eta ez du ezer ikusteko aukerarik izan). Eider ere berdin. Biak egongo dira han. Nik ere burua eta bihotza hantxe izango ditut.

Spam edo zabor posta

Mikel Iturria 2006/11/09 08:00

Pasa den astean idatzi zuen Luistxok spam-ari buruz. Kasu honetan, Baketik erakundearen informazioa behin eta berriro jasotzen duelako kexatu zen eibarnauta.

Elkarri, Lokarri, Baketik

Nik ere jasotzen ditut sortu berri den erakunde honen e-postak. Zergatik? Duela zenbait urte nire sinadura eman nuen Elkarrik abiatutako kanpaina batean. Elkarri desagertu egin da eta Lokarrik ditu haien datuak orain. Nire susmoa da Lokarrik Elkarriren datu-basea erabiltzen duela informazioa banatzeko eta, gainera, Baketik institutuak ere jaso dituela datu horiek... baina ezin dut frogatu.

Eskerrak duela bi urte etxez aldatu naizela eta paperean ez dudala jasotzen bi elkarte hauen propaganda. Etxea erosi zuenak zakarretara botako du zuzenean. Ulertuko nuke Lokarri Elkarriko kideekin harremanetan jartzea zera adierazteko: dakizunez, Lokarri sortu berri da eta gure informazioa jaso nahi izanez gero, baieztatu aukera hori nola edo hala. Nahikoa litzateke hori. Ezin dena da informazioa behin eta berriro bidali, komunikabideen bidez enteratuko ez bagina bezala.

Herri Irratia

Haserre nago ere Herri Irratiarekin. Uda aurretik kultur etxera bidali ziguten buletin digitala izeneko pdf artxiboa. 1,8 megako pisua zuela konturatu nintzenean eta horrek gure korreoa kolapsatzeko zuen arriskua ikusita, e-mail bat idatzi nien. Ez zidaten kasurik egin.

Bigarren e-maila eskribitu nien, nire haserrrea agerian utziz. Ez zidaten kasurik egin, udazkenean berriro bidali baitidate beste bat. Hirugarren e-maila idatzi nien: mesedez, horrelako artxiborik ez bidaltzeko esan nien; ea zergatik ez zuten buletina haien webgunean jartzen (16.a argitaratuta dute eta oraindik 1.a dago webgunean); azkenik, zergatik ez zuten benetako buletin digitala sortzen (blog bat, RSS jarioarekin eta kitto).

Ez zidaten kasurik egin. Luistxoren kexa irakurri nuenean, erantzunetan zer edo zer jartzea erabaki nuen. Lagun gehiagok egin du gauza bera eta Felipe Retamal, Herri Irratiko ordezkariak, aitortu du akatsa. Orain falta zaiena da hanka ateratzea.

Nik ere spam?

Kontua da nik kultur etxean egiten ditugun zenbait ekitaldien berri emateko jotzen dudala nire agendara. Ez dut bidalketa orokorrik egiten: ekitaldiaren arabera, bidali egiten diet batzuei edo besteei.

Hona hemen pare bat lotura spam-a, zabor-postari buruzkoak:

Wikipedia euskaraz

Wikipedia gazteleraz (Sarrera bikaina).

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter