Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Urte berri on

Mikel Iturria 2006/12/31 18:24

En castellano

Oso ondo gogoratzen dut nola enteratu nintzen 1998-1999 urteko su-etena bukatu zela. Oso ondo dut gogoan iltzatuta nola ikusi nuen, etxean, bi hegazkin tupust egiten New York-eko dorre bikien aurka. Edo Madrilgo martxoaren 11ren berri nola jaso nuen. Lehenengoa, kioskoan izan zen, igandeko periodikoei begira, 1999ko azaroaren amaieran. Bigarrena, telebistaren aurrean, bazkaltzen nuen bitartean. Hirugarrenaren berri lankide batek eman zidan.

Atzokoa, berriz, ohean, oporretako larunbat goizari dagokion goxotasuna alferrarekin borrokan, irrati bidez. Radio Euskadi nuen jarrita. Sadam Hussein exekutatu zutela esan zutenean, buelta eman nuen, deseroso. Javier Vizcaínok bonba bat lehertu egin zela Barajaseko aireportuan adierazi zuenean, altxa egin nintzen ohetik.

Galdera asko idatz ditzaket hemen, baina batean laburbilduko dut: nori egiten dio mesede sarraski honek?

Urte berri on!

Eraso vs. Irizar

Mikel Iturria 2006/12/29 18:26

En castellano

Gogo gutxi gehi arazo tekniko batzuk izan ditut hemendik agertzeko azken egun hauetan, baina pare bat gauza komentatzea otu zait gaur.

Santi Eraso

Santi Erasok publiko egin du aspaldian bolo-bolo zebilen notizia: utzi egingo duela Arteleku. Albistea emateko Diario Vasco eta Alberto Moyano aukeratu ditu.

Emandako arrazoia, berriz, duela zenbait hilabete Tabacalera proiektutik ateratzeko emandako berdina: "He tenido una niña y he decidido cambiar de vida. Seguiré yendo y viniendo, pero voy a tener el centro en Sevilla. Estaré más volcado en la vida afectiva y personal, y menos en el trabajo».

Ez dut pertsonalki ezagutzen gizon hau, baina iruditzen zait lan ona egin duela Artelekun. Bejondeiola Sevillan edo berak aukeratzen duen tokian.

Mikel Irizar

Kontrako bidea aukeratu duena, berriz, Mikel Irizar da. Izan ere ardura berriak hartu baititu Kutxan, Hizkuntza plangintza eta Barne Komunikazioko arduradun izendatu baitute.

Eta kontrako bidea egin du zeren "utzi egin behar izan dut orain arte hainbeste gozatu dudan jardun murrizketa, eta astelehenak berriro bihurtuko zaizkit lan egun".

Zorterik onena, Mikel eginkizun berri horretan.

Adin beretsua (berrogeita hamarreko aldapan sartuak), baina bide, itxuraz, ezberdinak aukeran.

Irutxuloko Hitza RSS jarioarekin

Mikel Iturria 2006/12/22 23:54

San Tomas eguneko Hitzak albiste on bat zekarren kontrazalean: Hitza hurbilago, titulupean, "aste honetatik aurrera Irutxuloko Hitzaren informazioa e-posta bidez jasotzeko aukera izango da, RSS jarioek ahalbidetuta".

Ez dakit oso zuzena den azpititularra: e-posta bidez baino, RSSak ahalbidetuko duena da blog jarioak irakurtzen dituzten robotek irakurtzea egunkariaren webgunea. Honela, bloglines, alesti eta antzeko zerbitzuen bidez egongo da Hitza jarraitzeko aukera.

Gaur arratsaldean ibili naiz RSS jarioei begira eta gehitu dut bat nire Bloglines-eko zerrenda oparoan.

Gehienak auzoetakoak dira, baina badago Donostiako bat eta edizio jarraitua izeneko beste bat. Dena den, nik paperean argitaratzen dena jarraituko dut Irutxulo izenekoarekin.

Zorionak Irutxuloko Hitzakoei urtea honela amaitzeagatik.

Jende temosoa

Mikel Iturria 2006/12/19 23:11

En castellano

Lankide batek, Maitek, oraindik Word Perfect testu prozesadorea erabiltzen duen tipo bat ezagutzen duela aipatu dit gaur goizean. Pertsona hori ezaguna da, baina Maitek ez dit utzi haren izena publiko egiten.

Duela zenbait asteburu, Javier Marías idazleak El País egunkariaren igandeko aldizkarian duen zutabean zioen ez zuela e-mailik erabiltzen. Donna Leon idazle estatubatuarrak ere ez omen du e-postarik nahi. García Cancini irakasle mexikarrak adierazi zuen elkarrizketa batean e-postak gainditu egin zuela eta berriro faxa erabiltzen hasia zela.

Goazen honekin zerikusi gutxi duen beste gai bat aipatzera. Arratsaldean, Udalak atera dituen egutegiak banatu ditugu hiriko kultur etxetan. Banaka banatzeko gomendioa genuen, baina beti dago baten bat alaba duena lanean, ahizpa ospitalean, seme-alabak kanpoan, lehengusu bat Bolivian… Eta 19:00etarako agortu dira guztiak.

Amaitu eta berehala etorri zait andre bat esanez, haserre, ikusi duela pertsona bat bi egutegirekin eta bera, zergak pagatzen duen herritarra, alerik gabe gelditu dela. Esan diot gauzak ez hartzeko horrela. Alkateari esateko etxera bidaltzeko ale bat hurrengoan, arrapostu dit berak, kontribuzioa helarazten dioten bezala. Alde egin duenean, ea kemen berarekin egiten ote duen borroka gauza garrantzitsuak lortzeko pasa zait burutik.

Zein den istorio guztien haria? Jende temosoa garela, dedio!

Sarelarion eguna eta aste honetako mapa

Mikel Iturria 2006/12/17 12:02

En castellano

Amaitzear dagoen astea ekitaldiz lepo egoten den horietakoa da, aurreko zubiaren erruz, urtearen helmuga marra nork lehenago zapaltzeko asmoz.

Sarelarion eguna

Pena dut ostiralean ezin izan nuelako joan bosgarren urteurrena ospatu zuen The Balde aldizkariaren festara. Eskerrak Lok kronika egin duen. Eta ez nintzen joan, besteak beste, Altzan egon nintzelako Album altzatarra argazki bildumaren aurkezpenean

Sustaturen bosgarren urteurrena ospatzeko jaialdian bai egon nintzela asteazkenean. Alde batetik, plazer handia izan zen Iban Zaldua presentatzea eta, bestetik, norbaitek nire mezu bat lehiaketara aurkeztu zuenez, i-pod nanoaren zozketan sartzeko aukera izan nuen… eta etxera i-podarekin bueltatu nintzen, Leireren baimenaz... ;-)

Sarelariok giro aparta izan genuen. Jostunen eguna zen, saregileen festa ere bai eta, hori kontutan hartuz, Zalduaren aurkezpenean, proposatu nuen blogarion eguna bihurtzea hura. Ez dakit datorren urtean jarraipena izango ote duen, baina giro aparta sortu genuen eta gustura egon ginen, inauguratzear dagoen Arrasateko Kultur Etxe berrian, Kalistroan, baita handik kanpo ere.

Ruper eta bertso tranpak

Igande goiz honetan, beste hainbat igande goizetan bezala, irratia aukeratu dut goizari soinu banda jartzeko (Más que palabras, Javier Vizcaínok gidatutako irratsaioa). Xabi Paiaren atzoko garaipenak ireki du programa, Txaro Arribas, Dardo Gómez eta Karmele Jaio hirukotearen solasaldia, Jabier Muguruzaren betiko tartea eta… Ruper Ordorikari eginiko elkarrizketa.

Ruper bidean da berriro eta batetik bestera joateko Memoriaren mapa aukeratu du. Aste honetan hasi duen birak Donostian izango du geldialdia datorren asteazkenean, Egiako Gazteszena gunean. Hantxe egongo gara, Ruperrek eta Piris kontrabajistak eskaintzeko dutena ikus-entzuteko. Adi ibili, harmailak jarriko dituzte eta horrek asko murriztuko du sarrera kopurua (264 eserleku).

Eta Santo Tomas egunean, Paiatarren eta Egañatarren arteko desafioa, arratsaldeko 20:00etan kapitaleko Antzoki Zaharrean hasiko den Bertso tranpak emanaldian. Musika, antzerkia, bertsoak... Alde batetik, Bizkaiko txapelduna; bestetik, Euskal Herrikoa. Oraina eta geroa, Ander Lipusek ederto gidatuko duen showa.

Bi ekitaldi hauetara doazenei bostekoa luzatzeko prest nago, baita musuak emateko ere. Hori bai, niregandik jamoirik ez espero.

Loretopetik (IX) Azokatik bueltan, Sustatuk bost

Mikel Iturria 2006/12/13 15:43

En castellano

Irutxuloko Hitzan abenduaren 13n argitaratutakoa.

Zutabetxo hau abiatzerakoan, konturatu naiz Sustatu sortu zen urtean joan nintzela azkenekoz Durangoko Azokara. Aurten bueltatu naiz eta topo egin dut Landako pabiloietako egoitza berrituarekin. Bost urte ez dira alferrik pasa euskal kulturaren abenduko plazan eta, instalazioei dagokienez bederen, badago alderik.

Publikoari erreparatuta, bakoitzak Durango bere modura bizi du. Oier Araolazak ondo baino hobeto laburbildu zuen berea: "zenbat gustatzen zaidan Durangoko azokaren buztan luzea!". Hau da, toki aproposa da urtean zehar eskuragaitzak diren materialak eskuratzeko. Jatsu Argaratek, berriz, zioen "euskaldunon kontzientzia kulturala garbitzeko aitzakia bat besterik ez da. Durangora doan jende gehiena, kultura erostera doa, urtean zehar ez duelako sosik ere gastatzen horretan”.

Arrazoi dute biek, baina irakurketa baikorrarekin geratu nahi dut. Gaur egun kultur munduan lanean egonik, harreman gehiago dut artistekin eta feria toki aproposa da urtean zehar telefonoz edo e-postaz agurtzen duzun jendea ikusteko, ezagun zein lagunekin tragoak hartzeko edo solasteko, musikari zein idazleak zirikatzeko eta, noski, Euskal Herriko kultur produkzioan sosak gastatzeko (Gure Irratia tarteko).

Donostian eros nitzakeen handik ekarritako gehienak, eskaintza onen bat albo batera utzita, baina pozik itzuli naiz etxera. Onerako aldatu da azokaren eremua (aizue, ez da hotza pasatzen). Estrainekoz, kanpoko ordezkariak ekarri dituzte (Esloveniakoak harrituta omen zeuden). Simulakroa? Bai, hemen eta Eslovenian.

Durango alde batera utzita, egin dezagun salto sarera. Euskal Herria 2.0 bidean jartzeko lagun aparta izan da Sustatu, blogari askoren harrobia. 2001eko azaroaren amaieran martxan jarri zuten Gipuzkoako bi enpresa ttikik, bata Eibarkoa (CodeSyntax), bestea Debagoienekoa (Goiena).

Asko gozatu dugu blog hori irakurriz, baina sufritzea ere tokatu zaigu. Adibidez, Euskaldunon Egunkariaren itxierarekin edo Joxe Aranzabalek minbizia zuela kontatu zigun egunean. Internetek bihotzik duenaren seinale.

Bost urte bete ditu haurrak eta hori ospatuko dugu Arrasaten gaur. Ondo da negar egitea, baina pozak konpartitu behar ditugu, topalekuak eta plazak, jendearen berotasuna.

Ruperrek zioen, zaindu maite duzun hori. Jatsuk, berriz, gora kultura euskalduna, bai originala, bai kopiatua!

Karmelo C. Iribarrenen irakurraldi poetikoa

Mikel Iturria 2006/12/11 16:00

En castellano

Etxeko propaganda. Erakusleihoa programaren aurtengo itxiera, harribitxi batekin egingo dugu. Ahal baduzue, ez galdu.

Ernest Lluch Kultur Etxeak, abenduaren 14an Karmelo C. Iribarren poetak egingo duen irakurraldiaren berri eman nahi dizue. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da kultur etxeko areto nagusian (Anoeta Estadioko 7. eta 8. ateen artean). Sarrera doakoa izango da.

Egile eskubideak: Sara Santos

Egungo joera eta eskola anitzen artean, Raymond Carverrek abiarazitako errealismo hausnartzailearen baitan koka dezakegu Iribarrenen poesia: irudiekin jokatu eta lehen kolpean ulertzen dena.

Francisco Díaz de Castro kritiko eta poetaren arabera, jende arruntaren emozioen konplexutasuna arakatzen trebe izaki, Iribarren gertuago dago Carver eta Chandlerengandik Bukowski eta Dashiell Hammetengandik baino. Luis Antonio de Villenarentzat, berriz, sentimenduen mundu antzemanezinaren edota gaizki egindako gizarte eta mundu baten aurrean jartzen gaitu Karmeloren poesiak, parez pare.

Bere obran barrena egindako ibilbidea izango da irakurraldia, laster argia ikusiko duen liburuko hainbat poema argitaragabe ere eskainiz: "Ola de frío" (Renacimiento, 2007).

Bibliografia

Bares y noches (plaquette), Ateneo Obrero de Gijón, 1993

La condición urbana, Renacimiento, 1995

Serie B, Renacimiento, 1998

Desde el fondo de la barra, Línea de fuego, 1999

Gainontzekoa, kontuak dira (Antología traducida al euskera), Erein, 2000)

La ciudad (Antología 1985-2001), Renacimiento, 2002

Seguro que esta historia te suena (Poesía completa 1985-2005), Renacimiento, 2005

El tamaño de los sueños (Antología de poemas de amor para jóvenes), Anaya 2006.

Durangon goiz pasa

Mikel Iturria 2006/12/10 08:00

En castellano

Bost urte joan dira Durango Azokatik pasa gabe eta aurten bertara hurbiltzea erabaki dugu etxean.

Autoa inguruko aparkaleku batean utzi eta Landakon sartu aurretik ebakia hartu dugu Plateruenan. Gero, toki batetik bestera ibili naiz, erosten eta jendea agurtzen.

Lehenengo erosketa, Xabier Soubelet, Baztango lapurtarraren Oroitzirriak liburua, Maiatz aldizkariaren postuan, Luzien Etxezaharretaren eskutik.

Bigarren parada, Alberdania argitaletxearen postuan. Bertan, Inazio Mujika agurtu ondoren, bi liburu erosi ditut: Ramón Zalloren "El Pueblo Vasco, hoy" eta Joxerra Garziaren "Kurrin-kurrun vitae. Maisu baten ikarak eta ostikarak".

Hirugarren geldialdia, Susa. Bertan zeuden Patxi Gaztelumendi eta Paddy Rekalde. Paddy-ren "Ragga-ragga dator gaua" erosi eta sinatu dit autoreak. Gainera, Jon Alonsoren "Erretzaileen eremua" erosi dut. Gorka Arrese editoreak Pablo Sastreren "Elurretan hotsak" oparitu dit. Katalogo txukuna ere agertu da paperezko poltsan.

Laugarren geldialdia, Gure Irratiak pairatu duen azken ezbeharrari aurre egiteko sarrera nagusian zegoen Juan Etxenike aspaldiko laguna agurtzeko. Eskerrak Durangoren aurretik gertatu den, bota dit Juanek.

Bosgarren geldialdia, Julen Gabiria idazlea eta Asier Sarasua blogaria agurtzeko.

Seigarren geldialdia, Nabarra aldizkariaren postua. Aspaldian egiteko nuena egin dut: harpidetza-orria bete. Pare bat ale atzeratu eta bibragailu bat eman didate opari.

Etxetik eramandako dirua xahutzen ari nintzen eta, okerrena, musika eremua oraindik zapaldu gabe. Hemen ez dut gehiegi gastatu, baina bai saludatu dudala Jitu, Leire eta Kuki.

Gaztelupeko Hotsaken postuan ezin izan naiz erriprimitu, ordea. Mugaldekoak eta Hauxe erori dira poltsara. Gainera, eskaintza ona aprobetxatuz (katalogoko zaharreko 3 CD 6 eurotan), Txuma Murugarrenen bi eta Kokein taldearen azkena ere erosi ditut.

Centro Palentinora joan aurretik, Pamiela argitaletxearen standean erosi dut autoreak sinatu didan "Hyde Park-eko hizlaria", Jimu Iturralderena. Gustura asko jasoko nuen egilearen sinadura, baina ezinezkoa izan da Joseba Sarrionandiaren "Ez gara geure baitakoak" liburuaren ale sinatua eramatea. Opari gisa, Bernardo Atxagaren "Fontainebleau Hotel, Miami".

Centro Palentinoan tragoa hartzen ari ginela, Julen Gabiriaren deia. Plateruenan elkartu gara Txuma Murugarrenekin.

Txumak oparitu dit "Larrialdietako irteera" liburua eta Xarrak Kataluniako Conxita taldearen Conxita: amb lletra petita diskoa.

Halako batean, atera naiz Landakotik. Atera aurretik, oraintxe gogoratzen ez dudan zein unetan, Erein argitaletxearenetik pasa naiz eta Xabier Etxaniz Rojoren "Nork bere ozeanoa" eskuratu dut.

Musika entzutea ez da zaila, baina, orain kontua da noiz demontre irakurri behar ditudan liburu guzti hauek.

Dena den, gustura bueltatu naiz etxera.

Terrorismoa eta Espainiako komunikabideak

Mikel Iturria 2006/12/07 11:36

En castellano

Atzo, Berria erosteaz aparte, La Vanguardia erosi nuen. Asteazkenean kultur gehigarri interesgarria plazaratzen zutela entzuna nuen eta atzokoak, behintzat, itxura ona zuen.

Egunkariaren atzealdeko kontran, Elkarri utzi eta Baketik zentroko zuzendari lanetan dabilen Jonan Fernandezi (eskerrik asko Imanol loturagatik) eginiko elkarrizketa. "Ser humano en los conflictos" (Alianza) liburua aurkezten dabil eta hori izan da Lluís Amigueten aitzakia elkarrizketa burutzeko.

Fernández baikor agertzen da prozesuaren bilakaerari dagokionez. Kazetariak prozesua geldirik dagoela esaten dioenean, berak ezetz: "Informazioa daukat. 25 urte daramatzat gatazka gertutik jarraitzen eta nire iturri propioak ditut negoziazioetan eta ziur egon beraiek baieztatzen didatela prozesuak aurrera darraila, baina, batez ere, ez dagoela atzera bueltarik". Jonanen ustez, euskal gizartea gatazkaren aurretik doa, bost urte aurrerago.

Florencio Domínguezek, berriz, "El campanero" zutabean, tesi askoz ere ezkorragoa maneiatzen du. Honen ustez, ETArekin abian den elkarrizketa saioa gelditu egin zen duela ia bi hilabete. ETAk zein Batasunak, 2004 urtean, rolen banaketa adostu bazuten ere, the organizationek nork agintzen duen jakitera emateko beharra sentitu du.

Gauzak dauden bezala, bi iritzi kontrajarri hauek egunkari berdinean kaleratzeko jarrera positiboa dela uste dut.

Filiak eta fobiak

Astearte gauean Noche H, Eva Hachek Cuatron aurkezten duen saioaren zati bat ikusi ondoren oheratu nintzen. Hasieran badu (ustezko) komentarista politiko bat. Txantxa da nagusi programan, baina euri zaparradak baino gehiago bustitzen dute / dira. Venezuela eta Espainiako gobernuen artean norbaitek haizatu duen azken krisi diplomatikoari buruz ari zirela, ez dakit zenbat ETAko militante ohiren kontura, aipatu komentaristak pare bat aldiz esan zuen: "ETAko abokatuak", pertsona horien abokatua izendatzeko.

Horrelakoetan beti daukat gogoan Antoni Batista kazetari katalanak 1999 urtean argitaratutako "Diario privado de la guerra vasca" liburuan dioena. Euskal Herritarrok sortu zenean, egunkariko nagusiekin izandako elkarrizketa baten zati hau ageri da liburuaren 216. orrialdean:

-Mesedez, gauzak dauden bezala, ez dut nire sinadura duen testu batean banda terrorista edo banda criminal edo proetarra agertzerik nahi. Onartzen dut nahi duenak horrelakorik erabiltzea, baina nik irakurri berri dut tesi bat (Unibertsitatean) hori kaltegarria dela argudiatuz.

-Baina badira, proetarrak dira.

-Eta zergatik ez duzu jartzen, PSOE beharrean, partido pro-GAL?

-Beste gauza bat delako. Beno, batasunos jarriko dugu.

-Izena aldatzen ari badira, albistea izen-aldaketa da. Gainera, informazioa ematen ari bazara, zergatik jarri nahi duzu batasunos, mespretxagarria dena.

Ez dakit non dabilen Antoni gaur egun. Kataluniako aurreko gobernuan, Bargallóren prentsaburu izan zen.

Garai batean, behintzat, Javier Ortiz edota Antoni Batista kazetariek bazuten zer esana El Mundo eta La Vanguardia bezalako egunkari indartsuetan, baina Juan Goytisolok kultur gehigarrian dioen bezala: "Mende erdi egin zen atzera Aznarren garaian". Zoritxarrez.

Tila eta pazientzia.

Diego Vasalloren letra bat

Mikel Iturria 2006/12/04 23:19

Euskararen Eguna pasa denez, gaztelerari heltzeko prolemarik ez.

Berri Txarrak taldeari eskainia.

Esta luz, este instante

Línea de luz
horizonte de antenas
canciones de cuna
relojes de arena.

Sueños que viajan
en autobuses dorados
sol de la tarde
sobre campos quemados.

Marquesas con alma
de piel de hojalata
y colecciones de amantes
en cajitas de plata.

Estaciones de pueblo
con trenes parados
un ex ministro
con un carrito de helados.

Cielos cansados
paisajes ardiendo
espantapájaros locos
gritándole al viento.

Golondrinas de luto
y tres desertores
de una convención
de enterradores.

Trapecistas cojos
con referencias
corazones rotos
en salas de urgencias.

Una mesa apartada
de un bar en venta
el futuro arrastrado
por la tormenta.

Un parque vacío
un confesor ambulante
este hilo de vida
esta luz, este instante.

Diego Vasallo.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter