Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Txuma Murugarren eta Julen Gabiria: Mathilde maitatzeko moduak

Mikel Iturria 2007/02/09 16:00

En castellano

Urtarrilaren hasieran idatzi nuen hemen

"Otsailaren 15ean, berriz, Julen Gabiria eta Txuma Murugarren elkartu ditugu emanaldi berezia presta dezaten. "Mathilde maitatzeko moduak" ikuskizunak musika eta literatura uztartzen ditu. Txuma abeslariaren 10 abesti harilkatuta, Julen idazleak istorio bat kontatuko du, eta elkar osatzera etorriko dira musika eta hitzak: Gabiriaren istorioak kontatzen ez diguna, Murugarrenen kantuek kontatuko digute, eta alderantziz".

Gaur hemen eskegiko dut Adur Larreak eginiko kartela:

Bikotearekin batera, beste bi musikari arituko dira: Rafa Aceves pianoan eta Natxo Beltran baterian.

"Istorioaren narratzaileak guztiz finkatuta ditu lana, familia eta bizitza. Etorkizuna ere, itxura batean, lotuta eta egonkortuta. Bulegoan lanean ari dela, ordea, gaztetako jolas batekin gogoratu da, eta, itsu-itsuan, jolas horretan murgildu da: kalean ikusitako neska bati jarraitu behar dio, edonora doala, ondorio guztiekin. Gaztetan, jolas horrek zentzu sexuala zuen; baina orain, gaztetan ez bezala, istorioaren protagonistak sorpresa bat aurkituko du jolas sinple horren atzean: neskari agenda eroriko zaio, eta narratzaileak agenda horretako telefono batzuetara deituko du, gehiago jakiteko asmoz. Nor da neska hori, norengandik doa ihesean? Nor da Mathilde, zergatik begiratzen du beti atzerantz?"

Non: Ernest Lluch Kultur Etxean

Noiz: otsailaren 15ean, arratsaldeko 19:30etan.

Otsailaren 10eko eguneratzea: Eitb kultura saioak lau minutu eta erdiko bideoa jarri du sarean.

Oleguer Realera

Mikel Iturria 2007/02/07 23:20

En castellano

Gauean irakurri dut Oleguer Presas jokalariak idatzi eta gaurko Berria egunkariak plazaratutakoa. Bartzelona futbol taldeko jokalariak azaldu du Espainiako Estatuak De Juana Chaos presoarekin egiten ari dena gaitzesten duela eta zalantzaz beterik ikusten duela estatu horren jarduera anitz.

Antzeko gauzaren bat irakurri izan diogu kataluniarrari beste batean: duela ia bi urte hau idatzi nuen Kataluniako prentsan Oleguerri eginiko elkarrizketa bat irakurri ondoren.

Kirolariak, normalean, ez dira topikoz beteriko diskurtsotik mugitzen. Ez kirolariak bakarrik, denen gustua egin behar duten negoziodunek berdin aritzen dira. Adibidez, Euskal Herriko puntako sukaldariak: oso basko eta oso tokiko (donostiar, bilbotar…) agertzeaz aparte, pulamentuzko gauza gutxi esatera ausartzen dira.

Kasu honetan, Oleguerrek esandakoa gustuko dugu, baina nola jasotzen ditugu gustuko ez ditugun beste hainbat iritzi? Gogoan dut Valery Karpin futbolari ohiari irakurri niola duela zenbait urte, karrera oparoa Realean amaitzen ari zela, Vladimir Putin presidentearen zale zela. Ez zitzaidan batere gustatu eta inoiz ez dut ahaztuko. Kasu honetan, lehendik atsegin nuen tipoa eta berdin txalotu nituen merezi zuten jokaldiak. Baina, esan bezala, esandakoa ez nuen inoiz ahantzi.

Orain, berriz, Oleguerrek esandakoa ez zaio askori gustatu. Bat esatearren, Laporta jaunari ez omen zaio gustatu jokalariak De Juanari buruzko adierazpenak egitea gaur Bartzelonaren prentsa-aretoan.

Lasai, Laporta: proposamen bat egitera ausartuko naiz. Oleguerrek aurten gutxi jokatu duenez, datorren denboraldian Presas jauna gurera ekartzeko eskaintza luzatuko dizuegu. Arazo bat dugu: horretarako txuri-urdinek Lehen Mailan jarraitu beharko dutela.

Argazkilaria: Jone Unanua, muguruzafm.com webgunetik jasoa.

Otsailaren 11ko eguneratzea: Gehienek jakingo duzue Berriak eta Vilawebek hasi dutela Olegueren aldeko kanpaina bat, Kelme kirol etxeak jokalariarekin zuen kontratua eteteagatik. Hemen sartu eta bidali e-mail bat. Une honetan 16217 lagunek hartu dute parte kanpaina horretan.

Foballa eta merengeak

Mikel Iturria 2007/02/05 21:58

En castellano

Astelehen iluntze honetan futbolaren kontuekin ibili naiz sarean bueltaka. Escolarrek eginiko aipamenak eraman nau Pierren blogera.

Bertan ikusi dut Diarios de futbol blogaren aipamen bat (El País egunkariko kazetaria den Enric Gonzálezi eginiko elkarrizketa).

Eta itxura ona duten beste bi hauek ere hartu ditut gogoan: Futbolitis eta Notas de fútbol.

Foballa ikustea gustatzen zait, nahiz eta jada ahaztu zaidan nire taldearekin gozatzea zer den. Datorren larunbatean merengeak datoz Donostira eta gustatuko litzaidake jakitea agintariek utziko al dieten hauei merengeekin jolasten? Edo azken bi kartelekin gertatu dena aintzat hartuz, betiko moldera bueltatuko gara?

Erantzuna bihar bertan jakingo dugu.

Loretopetik (XI) El que tiene vespa, tiene neska

Mikel Iturria 2007/02/01 09:00

En castellano

Irutxuloko Hitzan otsailaren 1ean argitaratutakoa.

Ilbeltza da urtarrila eta aspaldiko hilabeterik ilunena izan da joan zaiguna. Dena dela, iluntasun horretan beti izaten da argi izpiren bat. Lehengo batean Altzan pasatako tartea, adibidez.

Ander Izagirre idazle eta kazetari donostiarrak motorra erosi zuen 2006ko udaberrian. Nafarroako Bardeetan zehar eginiko hiru eguneko txangoan inutilok ere vesparekin aste batzuetako bidaia egin dezakegula frogatutzat eman ondoren, maiatzaren hasieran Vespaña izeneko abenturarekin ausartu zen. Ipar aldetik Galiziara, handik Madril, Extremadura, Andaluzia, Valentzia, Katalunia… 10.000 kilometro Ondarretako hondartzan eginiko argazkiaren egunera iritsi arte.

Egile eskubideak: Ander Izagirre

Pasa den astean, berripaper honek kontatu bezala, Tomasene Kultur Etxera hurbildu zen. 120 lagun bildu ginen irudiz hornitutako hitz jario aparteko gizona entzutera. Areto betean vespa, kanpin-denda, buzoa, janari latak, motorra saldu zion Eladio, Euskadiko Scooter Club elkarteko motozale batzuk, gurasoak, lagunak eta ni bezalako despistatuak.

Javier Revertek Afrikan barrena bizitakoak haren liburuetan irakurtzerakoan, maleta egin eta bertara joateko gogoa pizten zaizu, nahiz eta koldarroi desio hori handik bost minutura desagertu. Antzeko sentsazioarekin gelditu nintzen Anderrek kontaturiko bidaiaren nondik norakoak entzuten nituen bitartean. Bidaiaren funtsa bigarren mailako errepidetan barrena egin zuen eta errepide horietan murgilduz mila anekdota sortzen dira. Zuzenean aipatu zuen legez, hainbeste kilometro egin ondoren autobidez eginiko laurogeita hamarrak, Antequera eta Granada lotzeko, izan ei dira oroitzapenik utzi ez dioten bakarrak.

Anderrek ohar mordoa jaso zituen koaderno batean eta, ahal zuenean, testua eta argazkiak jartzen zituen abenturaren berri emateko bereziki sorturiko blogean. Gogoan dut bere lagun batek nonbaiten utzitako mezu batetik iritsi nintzela bertara. Pena bakarra dut: bidaia amaitu berritan enteratu nintzela; gainerakoan, polita izango baitzen bere ibilerak sarean kontatu ahala jarraitzea.

Ohar horiek liburu bihurtzeko asmotan dabil orain idazlea. Nahi duenak jaso dezake obra horren aurrerapena datorren udaberrian. Horretarako nahikoa da berari bidaltzea mezu elektronikoren bat.

Hurrengo asteetan jarraituko du hitzaldiak eskaintzen zenbait hiri eta herritan. Ea laster Donostian euskaraz entzuteko aukera izaten dugun.

Zorionak, Ander.

Irakurketak eta film bat

Mikel Iturria 2007/01/30 21:37

En castellano

Irakurri dut Euskadi Sariak direla-eta Jon Alonsok Argiaren Urtekarian idatzitako sei orrialdeak. Hautsak harrotuko ditu.

Irakurri dut Gaztesareak publikatutako salaketa, Gregorio Ordóñezen hilobiaren aurkako erasoagatik Auzitegi Nazionalaren aurrera eramandako gazteei buruzkoa. Ez dakit egia izango ote den bertan diotena, baina zaila izango da hori gailentzea "denak balio du" unean.

Irakurri dut Donostiako Udalean PSE-EE, EAJ eta EA korrika eta presaka ibili direla gaur errauskailua Zubietan jartzeko erabakia hartzeko orduan. Moyanok dioen bezala, Reala, kartzela eta errauskailua Zubietan, a zer pagotxa!

Irakurri dut Hasier Etxeberriak idatzi duela pikutara doala liburua, euskal literaturan zaila dela jada liburu batek 1.000 ale saltzea. Gauza on bat ikusten dut: duela zenbait urte baino hobeto gaude, kontziente baikara gauzak gaizki egiten ari garela. Eta hori da lehenengo urratsa. Bigarren urratsa ez da etorriko PVC eta antzeko erramintak diseinatuz. Ez dut plana irakurri, baina inguruan dabiltzan batzuekin hitz egitea nahikoa da hori ez dela bidea jakiteko.

Dena ez da izan irakurketa. Borja Cobeagaren laburmetraia ikusi dut, Oscarretako bidean dagoena. Kalean ikusita, tipo despistatuaren itxura du Borjak. Tipo jatorra dirudi, baina derrepentean atera zaion lagun piloarekin adi egon beharko du Intxaurrondokoak.

Katixak bidalitako memeari erantzunez

Mikel Iturria 2007/01/28 11:45

Katixak bidali dit enkargua, "nitaz ez dakizkizuen bost gauza" kontatzeko hemen.

Baga: Hamazazpi urte betetzear nengoela, hirugarren lan-egunean, nirekin beharrean zegoen lehengusu bat hil zen lan-istripuz.

Biga: Bizitzaren lehenengo 24 urteak baserri batean pasa nituen. Hau da, jatorriz baserritarra naizela.

Higa: Nire lehenengo taldea Bartzelona izan zela, Johan Cruyff jokalari zen garaian.

Laga: Pasa den mendearen bukaeran, gaur egungoa baino askoz ere atseginagoa zen María San Gil ezagutu nuen.

Boga: A-8an pasa nituen bi uda bidesaria kobratzen.

Eta memea ondorengo boskoteari bidaliko diot: Lo, Patxi Lurra, Leire, Etiam eta lozorroan dagoen Gabiria.

Javier Ortizen hileta-oharra

Mikel Iturria 2007/01/24 23:12

En castellano

Aldez aurretik, argi dezagun ez dela hil Ortiz (lasai gera daitezke zaleak, atsekabetuta etsaiak). Ez da hil, baina gaur, 59 urte bete dituen egunean, bere hileta-oharra utzi digu prest sarean.

Goizean mezua bidali diot zorionak emateko eta, segituan, irakurri dut apuntea. Hasieran ez nekien zein aurpegi jarri, baina horrelako gauzekin jolasteko ausardia aitortu behar izan diot gero.

Arratsaldean, Javierrek esan dit ideia ez dela originala, AEBetako editore batek (ustez New York Times-eko kazetariak) egin zuela gauza bera.

Ni baino 20 urte gehiago ditu Ortizek. Berak esaten duen bezala, hiltzen ez zen jendea orain hil egiten den garaian dago eta horrek gauzak ikusteko modua asko aldatzen du. Egoera berdintsuan dago nire ama (10 urte gehiagorekin) eta ez dakit zein bizilaguna, ezaguna edo ezezaguna, hil egin dela esateko deitzen dit askotan.

Gehienok beldurrez begiratzen diogu heriotzari. Ez dugu horretaz gehiegi hitz egin nahi. Juristek gazteleraz esaten duten esaldia bururatu zait egoera laburbiltzeko: "la ignorancia de la ley no exime de su cumplimiento".

Egin dezagun nahi duguna, begira dezagun beste aldera hala nahi izanez gero, baina guri ere iritsiko zaigu egoera horri aurrez aurre begiratzeko tenorea.

Niri dagokidanez, oraindik ez dut batere presarik.

Amen.

Oharra: bihar beteko du ofizialki urtebete Pedradas blogak.

Pentsatzeko gaitasuna, zalantzan

Mikel Iturria 2007/01/23 20:31

En castellano

Lok esan zuen duela zenbait egun jokoz kanpo egongo zela hainbat astez. Kontuak ez du zerikusirik euskal aberiarekin, bizimodua aurrera ateratzeko egin beharreko denbora inbertsioarekin baino.

Dena den, hiriko patroiaren jaia ospatzen zen aste bukaera honetan, berriro zabaldu du leihoa eta aritu da zenbait gauza denon bistan jartzen. Asko gustatu zait kartel hau

Realak Anoeta espirituarekin dituen arazoak ikusirik, uste dut Batasunak ez zuela izen horrekin asmatu ezker abertzalearen garai bati amaiera emateko hautatu zuenean.

Rocky gorroto dut, baina asko gustatu zait kartela. Asko gustatu zaidan bezala blog lusitaniar batek nire pedrada bati lotura egitea Elena Odriozolari buruz hitz egiteko aitzakiarekin.

Aipatu blog horren goiko partean ageri den esaldi hau ere esanguratsua iruditu zait:

"Porque nós, caro Presidente Bush, nós, os povos dos países pequenos, temos uma arma de construção massiva: a capacidade de pensar!" - Mia Couto.

Uste dut pentsatzeko gaitasuna badugula pertsonek, baina uste dut ez dagoela boladarik onenean. Hipotesi baikorrenari erreparatuz gero, Realak fitxatu berri dituen hiru jokalarien egoerari buruz Lotinak esan bezala, aurre-denboraldian dago ahalmen hori.

Imanol Murua Uria Menéamen

Mikel Iturria 2007/01/21 11:09

Tokatu zaigun garai ilun honetan argia ematen duten argiketari koadrilan daukat Imanol Murua Uria kazetaria.

Atzo ere bikaina iruditu zitzaidan Auzitegi Gorenak Haika-Segi-Jarrai auzian eman duen epaiaren analisia.

Nola edo hala gazteleraz jarri eta Pedradas blogean argitaratu nuen.

Norbaitek (eta ez naiz ni izan) Menéamen jarri du.

Nola konturatu naizen? Normala baino mugimendu handixeagoa zegoelako gaztelerazko blogaren komentarioetan. Stat counter zerbitzuaren bidez kontrolatzen dut jendea nondik datorren eta horrela konturatu naiz bisita batzuk nituela Menéame zerbitzutik.

Oraingoz boto gutxi ditu notiziak eta ez dut uste azalera pasako denik, baina ilusioa egin dit zerbitzu horretara ailegatzea nire ahalegina.

Eta horregatik erabaki dut hemen kontatzea.

Revilla populistaren errezetak

Mikel Iturria 2007/01/19 17:25

En castellano

Atzo ez zen Moncloara Ibarretxe bakarrik joan. Arratsaldean Revilla agertu zen Zapaterok okupatzen duen etxetik.

Tipo berezia da Revilla. El Paísen irakurri dugunez, Kantabriako presidentea taxian iritsi zen Moncloara eta 12 euro pagatu zituen karreragatik. Ez hori bakarrik, taxista aurkeztu zion Zapaterori (Cope entzuten duen horietakoa ez zuen eramango). Argazkilarien aurrean Espainiako eta Kantabriako banderak musukatu ondoren, antxoak eta herriko beste zenbait produktu oparitu zizkion Leongoari.

Pasa den astean elkarte autonomoetako presidenteen biltzarrean, Zapaterok Barajasko atentatua trágico accidente gisa kalifikatu omen zuen (nahiz berehala zuzendu eta "atentado" esan jarraian). Revillak Errioxako presidenteari egozten dio hori filtratu izana komunikabideetara bilera amaitu aurretik.

Terrorismoarekin amaitzeko errezeta bushzalea du: "Esan diodana da ni Espainiako gobernuburu banintz, zera esango niela: 'egin lerroa hemen, jarri nortasun agiria ahoan eta pistolak eta bonbak alde batera utzi'". Seguru kasu egingo diotela.

Ez dakit Zapaterok kasu egingo dion, baina badirudi antzeko errezetarekin saiatuko dela Auzitegi Gorena Haika-Segi-Jarrai auzia nola konpondu duten ikusi ondoren.

Garai txarrak lirikarako, baina ez dakit lirikak noizbait garai onak bizi izan dituen.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter