Harrikadak
zinemaldia
Gutxiago geratzen da 60. Zinemaldirako
Kitto. Larunbatean amaitu zen 59. Zinemaldia.
Ez naiz buru belarri ibili Donostiako 59. Zinemaldian, Reborrek zuzendutako lehen edizioan, baina 9 filma (+ film labur bat) ikusteko aukera izan dut: Next Music Station: Lebanon, Take This Walz, Zeinek gehiago iraun!, Bi anai, Los Marziano, Parking, Americano, Las razones del corazón, The Artist, Intouchables. Kukutzaren aldeko kontzentrazioa eta Joann Sfar-en hitzaldia ahaztu gabe, noski.
Multzo horretan denetarik egon da, baina nahiz eta batzuk ez gustatu, beti merezi du Zinemaldian murgiltzea. Gozamena delako egun hauetan etxean aukera hau izatea. Luxuzkoa iruditzen zait.
Rebordinosek hilabete hasieran idatzitako apuntean, Zinemaldiaren eragin ekonomikoa aipatu zuen. Adibidez, egun hauetan 424 pertsona kontratatu omen ditu zuzenean jaialdiak. Horietako askok ohiko lantokietan jai hartzen dute bertan lan egiteko (gure herrietako hainbat jaietan musutruk aritzen den jende horren antzera, nahiz eta hemen jendeak kobratu). Horiek guztiek, baita beste hainbat tokietan Zinemaldian lanean buru belarri ibili direnak, eta aretoetara doan publikoa dira jaialdi honek zaindu behar dituenak. Neurri batean, nukleo gogorra osatzen dute.
Gaurko Diario Vasco egunkarian Ricardo Aldarondok eginiko elkarrizketan zuzendariaren esaldi hau azpimarratuko nuke: "Yo estoy contento, no hemos hecho el mejor festival del mundo, pero sí uno que ha estado bien, y que ha aportado mucha ilusión a gente que no venía últimamente al Festival, y eso es un primer paso".
Gaur goizean Euskadi Irratian, Amarauna saioan, Maite Goñik esan bezala, baditu ere hobetu beharreko kontuak: ilarak, Internet bidezko salmenta, euskararen presentzia urria hainbat alorretan....
Bukatzeko, itxiera egunean aho zapore ederra utzi zigun Intouchables filmaren trailerrarekin utziko zaituztet. Zinematografikoki ez da film handia izango, baina bizipoza da nagusi filmean, bere presentziarekin pantaila betetzen duen Omar Sy aktoreagatik, batez ere. Bizi ditugun garai hauetan eskertzen da.
Esan bezala, gutxiago geratzen da 60. Zinemaldirako.
Amaitzear da Zinemaldiaren 58. edizioa
Apunte batzuk.
Urtean zehar pelikula gutxi ikusten dituen horietakoa naiz. Telebistaren agintea azkar astintzen dut etxean eta kosta egiten zait zinema aretoetara joatea.
Normalean, Zinemaldiaren garaian hiruzpalau ikusten ditut. Aurten, berriz, bi jai-egun hartu eta filmak ikusten egon naiz: lehenengoan, hiru; bigarrenean, lau. Uste dut muga-mugan egon naizela, hortik aurrera erokeria baita film gehiago ikustea. Ondo pasa dut eta, ahal badut behintzat, datorren urtean ere antzekoa egiteko asmoa daukat.
Guztien artean gehien gustatu zaidana atzo arratsaldean ikusi nuen: Barney´s version. Bikaina Paul Giamatti eta pare-parean Rosamund Pike (bertatik bertara ikusi nuen eta ze guapa, gainera). Aurretik, Chicogrande, 2010eko Kimuak uzta, Cirkus Columbia, Amigo, Aita, Cerro Bayo, Agua fría de mar, Addicted to love eta, ondoren, Poetry ikusi ditut.
1.- John Sayles-ena kenduta, ez dago Estatu Batuetako filmik zerrenda horretan: Kanada, Mexiko, Euskal Herria, Bosnia, Argentina, Costa Rica, Txina, Hego Korea.
2.- Hiru filmetan alzheimerra ageri da gai gisa (pisu gutxiago edo gehiagorekin): Addicted to love, Poetry eta Barney´s version. Eta Pasqual Maragalli buruzko Bicicleta, cullera, poma ikusi ez dudala.
3.- Gehienak erritmo motelekoak izan dira. Aita filmeko etxezainak dioen bezala: Mantso doa Historia, azkarregi bizitza. Zinemak motelduko gaitu?
4.- Maila honetako zinemaldi batek dirua behar du, konpetentzia gero eta handiagoa baita. Futbol talde batek Champions League-a jokatzeko gutxieneko aurrekontu bat behar duen bezala. 6 milioiren bueltan dabil zinemaldia, baina beste 1 edo 2 beharko lituzke.
5.- Mikel Olacireguik hamar urte egin ditu zuzendari gisa (zorionak egindako lanagatik). Jose Luis Rebordinosek hartuko du lekukoa. Pertsonarik egokiena Donostiako Zinemaldia aurrera eramateko.
Uste baino kaikuagoak?
Ez al ginen ba kosmopolita petoak?
Aurreko batean entzun nion pertsona bati, Zinemaldia antolatzen duen taldeak ez zekiela nori begira prestatu jaialdia. Hau da, bertako prentsan (española barne) oso emaitza kaskarrak lortzen dituzten filmek, mundu mailako puntako aldizkarietan nota altuak lortzen zituztela. Eta hemengoentzat gustukoak ziren filmak, berriz, iritzi eskasak jasotzen zituztela aipatu tribunetan.
Hau da, Campanellaren filma (El secreto de sus ojos) Donostiara iritsi zela puntako beste jaialdi batean ez zutelako onartu. Bruno Dumont-en Hadewijch, aldiz, eliteko beste jaialdi bati kendu ziotela eta urteko filmik ederrena dela lehen aipatutako zine aldizkarientzat.
Hori guztia ostiralean entzun nion. Ostiralean bertan David de Jorge gonbidatu zuten urriko Pintxos and Blogs ekitaldira (hona hemen De la Maza eta Mak Gregoryren kronikak). Davidek kontatu zuen Frantzian pasa zuela urtebete goi mailako jatetxe batean. Bueltan, Gasteiza ekarri zutela aipatu chefa, halako batean, eta David bera gonbidatu bitartekari lanak egitera. Daviden ustez, frantsesak oso plater bikainak mahai gaineratu zituen, baina bilera hartan zeuden gehienei, sukalde kontuetan ustezko adituak, ez zitzaien batere gustatu edo, behintzat, pega asko jarri zituzten.
Ireki parentesia. David ganberroak ederra egin zuen: berak itzultzen zizkion frantsesari besteen iritziak, baina berak nahi bezala. Hau da, itzulpen sui generis. Itxi parentesia.
Egun berean entzundako bi pasadizo hauek, galdera hauek utzi dituzte nire buruan: Uste baino kaikuagoak gara? Ez al gara uste dugun bezain kosmopolitak? Zilborrari begira jarraitzen dugu hura gizentzen den bitartean?
Ez erantzun, mesedez. Oraindik ez, behintzat. Goazen publizitatera.
Igual no somos tan cosmopolitas, este apunte en castellano
Zinemaldiaren balantze pertsonala
9 egun. 180.000 biztanleko hirian, 178.000 ikusle. 200 film baino gehiago. 500 proiekziotik gora. Baina analisiak ez du soilik kualitatiboa izan behar.
Inoiz baino film gehiago ikusi ditut Zinemaldian (zinema-aretoetara joatea asko kostatzen zaion horietakoa naiz eta etxean, telebistaren aurrean agintearekin jarrita, alferrikakoa suertatzen zait film bat ikusi nahi izatea).
Aurreko larunbatean hasi ginen Precious filmarekin, NYCko Harlem auzoan bizi den neska gizen afroamerikar jipoituaren bizimodu latza kontatzen duen pelikula. Produkzioan Oprah Winfrey eta bigarren mailako paperetan Lenny Kravitz (bizpahiru kameo) eta Mariah Carey. Sundance jaialdian oso harrera ona izan zuen eta hemen ere bai. Niri gustatu egin zitzaidan, nahiz eta demaseko detaile batzuk ere badituen.
Gero, Kontrauhina sailaren barruan botatako À ma soeur ikustera hurbildu ginen. Gaztetxo baten hastapenak sexu kontuetan. Ahizpa gaztetxoa ere gertu dago, adinean eta fisikoki. Erritmo moteleko filma, eztanda bortitzeko bukaera duena.
Asteartean Itsasoaren alaba ikustera joan nintzen. Txapela etakidea GALek akabatu zuen laurogeigarren hamarkadaren hasieran. Haize Goikoetxea alaba aitaren bila abiatzen da Txapela ezagutu zuten, eta bizirik dauden, lagunen kontakizuna entzuteko irrikitan. Josu Martinezek zuzendua, amateurismo puntua duen pelikula beharrezkoa eta duina. 27 urteko Haize, indar handiko emakumea, oso heldua iruditu zitzaidan.
Asteazkenean La mujer sin piano, Jesús Rebollok zuzendua eta Carmen Machi aktorea (Aida) protagonista duen pelikula. Etxekoandre baten 24 ordu kontatzen ditu zuzendariak eta sail ofizialeko epaimahaiak saritu du zuzendari onena gisa. Niri aspergarria iruditu zitzaidan filma, baina uste dut teknikoki bazituela gauza interesgarriak. Kamera nola paratzen eta mugitzen duen, adibidez, eta ahal da/ezin da jolas horiek. Baina aspertu egin nintzen.
Ostegunean Irlandako Five minutes of heaven filma ikusi nuen. Liam Neeson aktorearen pertsonaia UVFn aritutakoa da gaztetan eta tipo bat erail zuen. Lekuko, hildakoaren anai txikia. Urteak pasa dira, amaitu da gatazka armatua, eta lehenak bigarrenaren anaiarekin du hitzordua barkamena eskatzeko. Bati kosta egiten zaio barkamena eskatzea eta besteari askoz gehiago hura barkatzea. Film interesgarria gure egoera nazkante honetan.
Ostiralean lehendik ikusitako Check point rock musika dokumentala berrikustera joan nintzen. Fermin Muguruzak zuzendutako pelikula potentea iruditu zitzaidan estreinatu zuten egunean eta ostiralean berriro gozatu nuen hari begira. Sosegua transmititzen duen indar handiko dokumentua. Interesgarria ere Mayumana taldeari buruz proiekzio osteko solasaldian esandakoa. Gazako bonbardaketaren kontra Israelen egindako manifestazioetan beraiek utzitako danborrak erabili zituztela manifestariek eta artista arabiarrak ere sartzen ari direla taldean.
Larunbatean niretzat ohikoa bihurtu den Belodromoko klausurara joan ginen. Egungo Macao eta Hong Kong-en girotutako western kutsuko filma bota ziguten aurretik, Vengeance. Ederra Johnny Hallydayk jokatzen duen papera (ez du honekin zerikusirik, baina Loquilloren Balmoral diskoan biek abesten duten Cruzando el paraíso kanta). Alaba larriki zauritu eta suhia gehi bi biloba erail dituenen atzetik ari da film osoan Hallyday. Amaieran, Rodrigo Garcíaren Mother and Child. Aldez aurretik esana zidaten igande arratsaldetako tv film-a zela, baina hori baino ederragoa iruditu zitzaidan Naomi Watts eta enparauen pelikula.
Estreinatu zain geratuko naiz Zorion perfektua ikusteko eta El secreto de sus ojos eta Yo, también saritua, eta... ea aurten gehiago joaten naizen zinema-aretoetara.
Balance personal del Zinemaldia 09 (este apunte en castellano)