Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak zinema

Harrikadak

zinema

Gutxiago geratzen da 60. Zinemaldirako

Kitto. Larunbatean amaitu zen 59. Zinemaldia.

Ez naiz buru belarri ibili Donostiako 59. Zinemaldian, Reborrek zuzendutako lehen edizioan, baina 9 filma (+ film labur bat) ikusteko aukera izan dut: Next Music Station: Lebanon, Take This Walz, Zeinek gehiago iraun!, Bi anai, Los Marziano, Parking, Americano, Las razones del corazón, The Artist, Intouchables. Kukutzaren aldeko kontzentrazioa eta Joann Sfar-en hitzaldia ahaztu gabe, noski.

Multzo horretan denetarik egon da, baina nahiz eta batzuk ez gustatu, beti merezi du Zinemaldian murgiltzea. Gozamena delako egun hauetan etxean aukera hau izatea. Luxuzkoa iruditzen zait.

Rebordinosek hilabete hasieran idatzitako apuntean, Zinemaldiaren eragin ekonomikoa aipatu zuen. Adibidez, egun hauetan 424 pertsona kontratatu omen ditu zuzenean jaialdiak. Horietako askok ohiko lantokietan jai hartzen dute bertan lan egiteko (gure herrietako hainbat jaietan musutruk aritzen den jende horren antzera, nahiz eta hemen jendeak kobratu). Horiek guztiek, baita beste hainbat tokietan Zinemaldian lanean buru belarri ibili direnak, eta aretoetara doan publikoa dira jaialdi honek zaindu behar dituenak. Neurri batean, nukleo gogorra osatzen dute.

Gaurko Diario Vasco egunkarian Ricardo Aldarondok eginiko elkarrizketan zuzendariaren esaldi hau azpimarratuko nuke: "Yo estoy contento, no hemos hecho el mejor festival del mundo, pero sí uno que ha estado bien, y que ha aportado mucha ilusión a gente que no venía últimamente al Festival, y eso es un primer paso".

Gaur goizean Euskadi Irratian, Amarauna saioan, Maite Goñik esan bezala, baditu ere hobetu beharreko kontuak: ilarak, Internet bidezko salmenta, euskararen presentzia urria hainbat alorretan....

Bukatzeko, itxiera egunean aho zapore ederra utzi zigun Intouchables filmaren trailerrarekin utziko zaituztet. Zinematografikoki ez da film handia izango, baina bizipoza da nagusi filmean, bere presentziarekin pantaila betetzen duen Omar Sy aktoreagatik, batez ere. Bizi ditugun garai hauetan eskertzen da.

Esan bezala, gutxiago geratzen da 60. Zinemaldirako.


Mikel Iturria 2011/09/25

Jose Luis Rebordinos eta Lucia Olacireguiren omenezko bideoa

Zergatik zoaz? da jarri dioten izenburua. ¿Por qué te vas?

Donostia Kulturan 21 bete ondoren (bueno, Donostiako Udaleko Kultura sailak izan dituen figura juridiko eta izen ezberdinetan), Jose Luis Rebordinosek bere etxea izan den erakundea utzi eta 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera Zinemaldia zuzenduko du. 21 urte hauetan zehar, makina bat gauza egin ditu Errenteriakoak. Gaur baina, bakarra aipatuko dut: ostiralean itxiera-ekitaldia bizi zuen Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astea urtero zuzendu.

Gertuko kolaboratzaile, lankide, lagun eta zaleek Rebor (eta berarekin batera Zinemaldira doan Lucia Olacireguiren) omenez film laburra "egin" dute. Lana Aritz Morenok eta Telmo Esnalek zuzendu dute

Rebordinosek ba du ordezkoa Donostia Kulturan: Josemi Beltran. Zorte onena lan zail honetan, Josemi. Beharko duzu-eta. Arconadaren tokia betetzea bezain zaila baita erronka.

Hona hemen bideoa.

¿Por qué te vas? Cortometraje en homenaje a José Luis Rebordinos y Lucía Olaciregui, este apunte en castellano.

¿Por qué te vas? from Moreno on Vimeo.

A Serbian Film: ez da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astean proiektatuko

Epaile batek hartutako kautelazko neurria.

Hona hemen atzo gauean Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko antolakuntzak bidalitako oharra: Epailearen kautelazko neurria dela-eta, bertan behera “A Serbian Film” pelikularen proiekzioak Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astean.

"Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak ebatzi du, kautelazko neurri gisa, A SERBIAN FILM pelikularen proiekzioa bertan behera uztea Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen barruan, Kode Penalaren 189. artikuluan tipifikatu eta zigortutako sexu askatasunaren kontrako ustezko delitua betetzen duen edo ez erabaki arte".

"Behin betiko ebazpenaren zain, Asteko zuzendaritzak obeditu eta errespetatu egiten du epailearen erabakia; behin betiko ebazpena iritsi arte, ez du beste iritzirik plazaratuko".

"Beraz, bertan behera geratuko dira aurreikusitako bi proiekzioak: gaur Antzoki Zaharrean, gauerdiko 00:30ean, eta bihar, Victoria Eugenian, gauerdiko 00:00etan. Sarrerak erosi dituzten ikusleek, sarrera horien kostua jasotzerik izango dute aipatu bi antzokietako lehiatiletan, bihartik aurrera".

Oharra: 00:40. Precríticasek igotako bideoa da hau. Bertan, José Luis Rebordinosek, Asteko zuzendariak, aurreko filma proiektatu aurretik publiko aurrean emandako esplikazioak.

Mikel Iturria 2010/11/05

A Serbian Film, zentsura gora, zentsura behera.

Botako al dute Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean?

Azken bolada honetan hautsak gehien harrotu dituen pelikula da “A Serbian Film”.

Lehenengo eta behin, sinopsiari erreparatuko diogu: erretiratzeko bidean den Milos porno izarra lasai ederrean bizi da emaztearekin eta semearekin batera, baina diru arazoek eramango dute tipo misteriotsu baten lan eskaintza onartzera. Pornografia artistikoaren barruan kokaturiko filma egitea ei da kontua, baina berandu samar jakingo du hori baino gehiago dagoela tartean: nekrofilia, intzestua, bortxaketak, pederastia, heriotzak... eta gehiago.

Filmak komeriak izan ditu bere ibilbidean zehar (Britainia Handian, besteak beste). Ez da ahaztu behar genero filma dela, muturreko biolentzia tarteko.

Filma Sitgesko Zinemaldian bota zutela-eta, Concha García Campoyk Cuatro telebista katean zuzentzen duen programan filmari buruz aritu ziren solasaldian aurkezlea bera eta lau kazetari (Antonio San José tarteko; gainerakoak ez ditut ezagutzen). Inork ez zuen filma ikusi, baina, tira, kontra agertu ziren hasiera-hasieratik. Zuzenean hartzen du parte Zinemaldiko zuzendari den Angel Sala jaunak, baina, trakets, ez da gai gauzak behar bezala kokatzeko.

Hurrengo egunetan, Campoyren hitzak erabili zituen Nacho Vigalondok El País periodikuaren komunitatean duen blogean: Yo no soy pacato, pero... Bertan, kantabriarrak gauzak behar diren bezala planteatzen ditu: fikzioa gauza bat da eta errealitatea bestea. Eta hori funtsezkoa da.

Campoyk Vigalondori zuzendutako Vigalondo apuntea idatzi zuen Cuatron duen blogean eta Nachok berriro erantzun zion (Concha).

Pasa den larunbatean hasi zen Donostian Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXI. Astea. Eta bertan botako dute filma. Ostegunean, oker ez banago, ETB2ko Aspaldiko programak Asteari buruz berba egitera gonbidatu zuen José Luis Rebordinos zuzendaria. Baina Asteari buruz hitz egin beharrean, aipatu filmari buruz hitz egin omen zuten (nik ez dut programa ikusi eta, oraindik, ez dago eitb.com-en).

Beste zenbait tokitan ere galdegin diote honi buruz Rebordinosi eta, gutxi gorabehera, arrazoi hauek aipatzen ditu: filma generokoa da (muturreko biolentzia), gauerdian egingo da proiekzioa, 18 urtetik gorako jendeak ikusi ahal izango du soilik eta, gainera, jaialdiko publikoak ikusi nahi du (eta jaialdi honetan, behintzat, publikoaren iritzia kontutan hartzen da).

Tartean, baina, ustez guraso katoliko batzuen interesak defenditzen dituen elkarte bat sartu da. Espero dezagun arazorik ez izatea. Amen.

P.S.: honek ez du zerikusirik Sánchez-Dragórenarekin. Honek aipatzen zuena benetakoa zelako. Hor dago koxka.

A Serbian Film, con la censura hemos topado, este apunte en castellano.

Eguneratzea. Azaroak 3. Arratsaldeko 16:45ean. Gaztelaniazkoa utzi dit Trónak izeneko batek lotura: ikusgai dago jada Rebordinosen partehartzea A2 saioan.

Eguneratzea. Azaroak 6. Arratsaldeko 17:30ean. Lortu dut bideoa behar den bezala itsastea hemen azpian. Azkenean, gainera, epaile batek bertan behera utzi zituen A Serbian Film pelikularen proiekzioak Donostiako Beldurrezko Astean.

Kimuak 09 aurkeztu dute

Indartsu dago film laburrak egiten dituzten errealizadoreen euskal harrobia.

Egun batzuk pasa badira ere zerbait esan beharra dago pasa den ostegunean, urtarrilak 22, Donostiako Victoria Eugenian egindako jendaurreko Kimuak 09 uztaren aurkezpenaz. Donostiako Zinemaldian egin zuten pasea irailean, baina bertan egiten dutena profesionalei eta kreditatuei begira egiten ei da, nahiz eta errealizadoreek beti izan gonbidapenak familia eta lagunentzat.

Gustura atera nintzen emanalditik. Katalogo polita iruditu baitzitzaidan eta, gainera, publikoaren erantzuna ere ona izan baitzen (450 ikusletik gora).

Ahate pasa, Koldo Almandozena, majarada iruditu zitzaidan. Zinemaren historian zehar makina bat filmetan ahateak nola erabiltzen dituzten baliabide gisa eta horren inguruan zintan ageri den teoriko sasi-jakintsu batek eraikitako tesia.

Telmo Esnalen Amona putz dibertigarriena da: famili bateko hiru seme-alabak jasanezin jartzen direnean amona puztea da erremedio bakarra, amona bera jasanezin bihurtzen den arte, noski.

Anartz Zuazuaren Él nunca lo haría lanak ere gai bera jorratzen du: kasu honetan, zaharrak txakur gisa agertzen dira pantailan. Baten batek esan zidan egin zuena baino gogorrago jokatu behar zuela zuzendariak. Baliteke, baina pelikularen planteamendua bada gogorra.

Aspaldian entzun genion Iban del Campori New York-eko burlesque underground-ean grabaturiko irudiekin zerbait egin beharra zeukala. Dirty Martini da emaitza, kabaret mundu horretako izar moduko baten bizitza. Katalogoko obrarik luzeena, baina Un tal Eusebi lanean utzitako zipriztinak aurki daitezke bertan.

La presa indartsua da irudi eta off-eko ahotsagatik, baina soberan ditu gauza batzuk.

Desberdinena, kolore aldetik behintzat, Mexiko inguruan dabilen Oriana Alcaine donostiarraren lana, 5 recuerdos. Nacho Vigalondoren Marisa eta David González-en Los que lloran solos filmak ahaztu egin ditut. Zergatik ote?

Hasieran esan bezala, katalogo sendoa iruditu zait 2009koa. Logikoa, kontutan hartuz eskarmentu asko duen jendea dagoela tartean.

Ya rula Kimuak 09, este apunte en castellano.

Zinemaldiaren balantze pertsonala

9 egun. 180.000 biztanleko hirian, 178.000 ikusle. 200 film baino gehiago. 500 proiekziotik gora. Baina analisiak ez du soilik kualitatiboa izan behar.

Inoiz baino film gehiago ikusi ditut Zinemaldian (zinema-aretoetara joatea asko kostatzen zaion horietakoa naiz eta etxean, telebistaren aurrean agintearekin jarrita, alferrikakoa suertatzen zait film bat ikusi nahi izatea).

Aurreko larunbatean hasi ginen Precious filmarekin, NYCko Harlem auzoan bizi den neska gizen afroamerikar jipoituaren bizimodu latza kontatzen duen pelikula. Produkzioan Oprah Winfrey eta bigarren mailako paperetan Lenny Kravitz (bizpahiru kameo) eta Mariah Carey. Sundance jaialdian oso harrera ona izan zuen eta hemen ere bai. Niri gustatu egin zitzaidan, nahiz eta demaseko detaile batzuk ere badituen.

Gero, Kontrauhina sailaren barruan botatako À ma soeur ikustera hurbildu ginen. Gaztetxo baten hastapenak sexu kontuetan. Ahizpa gaztetxoa ere gertu dago, adinean eta fisikoki. Erritmo moteleko filma, eztanda bortitzeko bukaera duena.

Asteartean Itsasoaren alaba ikustera joan nintzen. Txapela etakidea GALek akabatu zuen laurogeigarren hamarkadaren hasieran. Haize Goikoetxea alaba aitaren bila abiatzen da Txapela ezagutu zuten, eta bizirik dauden, lagunen kontakizuna entzuteko irrikitan. Josu Martinezek zuzendua, amateurismo puntua duen pelikula beharrezkoa eta duina. 27 urteko Haize, indar handiko emakumea, oso heldua iruditu zitzaidan.

Asteazkenean La mujer sin piano, Jesús Rebollok zuzendua eta Carmen Machi aktorea (Aida) protagonista duen pelikula. Etxekoandre baten 24 ordu kontatzen ditu zuzendariak eta sail ofizialeko epaimahaiak saritu du zuzendari onena gisa. Niri aspergarria iruditu zitzaidan filma, baina uste dut teknikoki bazituela gauza interesgarriak. Kamera nola paratzen eta mugitzen duen, adibidez, eta ahal da/ezin da jolas horiek. Baina aspertu egin nintzen.

Ostegunean Irlandako Five minutes of heaven filma ikusi nuen. Liam Neeson aktorearen pertsonaia UVFn aritutakoa da gaztetan eta tipo bat erail zuen. Lekuko, hildakoaren anai txikia. Urteak pasa dira, amaitu da gatazka armatua, eta lehenak bigarrenaren anaiarekin du hitzordua barkamena eskatzeko. Bati kosta egiten zaio barkamena eskatzea eta besteari askoz gehiago hura barkatzea. Film interesgarria gure egoera nazkante honetan.

Ostiralean lehendik ikusitako Check point rock musika dokumentala berrikustera joan nintzen. Fermin Muguruzak zuzendutako pelikula potentea iruditu zitzaidan estreinatu zuten egunean eta ostiralean berriro gozatu nuen hari begira. Sosegua transmititzen duen indar handiko dokumentua. Interesgarria ere Mayumana taldeari buruz proiekzio osteko solasaldian esandakoa. Gazako bonbardaketaren kontra Israelen egindako manifestazioetan beraiek utzitako danborrak erabili zituztela manifestariek eta artista arabiarrak ere sartzen ari direla taldean.

Larunbatean niretzat ohikoa bihurtu den Belodromoko klausurara joan ginen. Egungo Macao eta Hong Kong-en girotutako western kutsuko filma bota ziguten aurretik, Vengeance. Ederra Johnny Hallydayk jokatzen duen papera (ez du honekin zerikusirik, baina Loquilloren Balmoral diskoan biek abesten duten Cruzando el paraíso kanta). Alaba larriki zauritu eta suhia gehi bi biloba erail dituenen atzetik ari da film osoan Hallyday. Amaieran, Rodrigo Garcíaren Mother and Child. Aldez aurretik esana zidaten igande arratsaldetako tv film-a zela, baina hori baino ederragoa iruditu zitzaidan Naomi Watts eta enparauen pelikula.

Estreinatu zain geratuko naiz Zorion perfektua ikusteko eta El secreto de sus ojos eta Yo, también saritua, eta... ea aurten gehiago joaten naizen zinema-aretoetara.

Balance personal del Zinemaldia 09 (este apunte en castellano)

Mikel Iturria 2009/09/28

Pim, pam, pum

Andoni de Carlos Yarza eta Asier Urbietaren laburmetraia.

Love of 74renean ikusi dut.

Infernuan

Astearte iluntzean El Infierno Vasco film dokumentala estreinatu zen Donostian.

Gaur eguerdian Sustaturen bidez enteratu naiz azken balentria lotsagarriaz: Iruñeko Opuseko Unibertsitatearen aurkako atentatua. Gero, bertako ikasle eta irakasle izandako Ander Izagirreren mezua irakurri dut haren blogean. Ondoren, astearte iluntzean Giza Eskubideen VII. Zinemaldiaren lehen saio berezian ikusitako El Infierno Vasco filmaz gogoratu naiz.

Filma

Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eskainitako pelikula terrorismoaren biktimei buruz Iñaki Arteta bizkaitarrak eginiko filma da. Estrainekoz bota zuten dokumentala Euskal Herrian (Valladolideko Seminci jaialdian estreinatu zen aste bukaeran).

Astearte goizean Udaletxeko Gobernu Batzordearen aretoan izandako prentsaurreak interesa piztu zuen komunikabideen artean. Iluntzean, berriz, 400-500 lagun egongo ginen antzokian.

Artetak lehendik ere tratatu du gaia eta oraingoan Euskal Herritik alde egindako ia hogeita hamar lagunen testigantza erakusten digu: kazetariak, apaizak, ertzainak, irakasleak, epaileak, enpresariak, politikariak... Denek ETAren presioagatik alde egin dute Euskal Herritik (baten batek Jaurlaritzarengatik alde egin zuela zioen).

Niregandik politikoki urrun dagoen jendea agertuko zela banekien. Eta horregatik animatu nintzen filma ikustera. Entzutera joan nintzen, biktima hauen mina entzutera. Batzuek botatako astakeri politikoak kontutan hartu gabe.

Ia bi orduko pelikula da, baina adi egon nintzen entzuten, gustura. Pertsonaia publikoak daude tartean eta horiek baino askoz ere gehiago interesatu zitzaidan niretzat erabat ezezaguna zen jendea. Badaude edozein pertsona ukitzeko moduko kontuak.

Solasaldia

Solasaldian Iñaki Arteta zuzendaria, Cristina Cuesta eta Carmen Gurrutxaga, filmean parte hartzen dutenetako bi, egon ziren. Moderatzaile lanetan Edurne Ormazabal.

Lehenengo galderan pertsona batek GAL talde armatuaren apologia egin zuen. Bereziki Gurrutxagak eta Cuestak isilarazi zuten, baita gainerako ikusleek ere.

Bigarrenak, filma goraipatu ondoren, hutsuneak azpimarratu zituen: nik pentsatu nuen ETArengatik hemendik alde egindako jende abertzalearen hutsuneaz arituko zela, baina galdetzailea ez zegoen gustura Estatuko Segurtasun Indarren ordezkaririk azaltzen ez zelako dokumentalean. Itxuraz, ertzainak ez zituen eremu horretan sartzen. Artetak lehendik egindako lanetan agertzen zirela erantzun zion Cuestak eta zuzendariak berretsi zuen hori azpimarratuz filmak errealitatearen zati bat erakusten duela soilik.

Galdera gehiago egon ziren, baina azkenarekin geratuko naiz. Madrilgo artistek eta intelektualek zergatik ez diren gehiago bustitzen galdetu zuen pertsona batek. Beste gai batzuk erosoagoak direlako, laburbilduz, erantzun zion Artetak: hobe da baleen alde ateratzea, biktimen alde baino.

Zuzendariak zioenez Madrilgo puntako hogeitaka musikariri eskatu omen zien soinu bandan parte hartzea berak eskainitako abestiren bat goiz batean grabatuz. Inork ez omen zuen baiezkorik eman. Hori bai, Artetak azpimarratu zuen horietako batzuk parte hartzen dutela Kepa Junkeraren "Etxea" lan berrian.

Filma asteazkenean bota zuten Bilbon eta azaroaren 7an estreinatuko da Estatuko zortzi zinema aretoetan. Horietako bi sala Euskal Herrian daude: Bilbon eta Gasteizen, oker ez banago.

En el infierno

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31