Harrikadak
xabier_erkizia
Astea nahieran
Txori Mugariak, ETB nahieran, Pony Bravo, Juan Carlos Perez, #akanpadak, Reala, #m22, graffitiak... eta ezin ikusi-gozatu geratu diren hainbat gauza.
Txori Mugariak
Literaktum jaialdiaren barruan, astelehenean, maiatzaren 16n, Txori Mugariak emanaldia estreinatu zuten Maialen Lujanbio, Xabier Erkizia eta Stéphane Garin hirukoteak. Hegoaldeari eta iparraldeari buruzko 50 minutuko hausnarketa. Ikuskizun trinkoa, buruan bueltaka gelditzen den horietakoa. Oraindik ez dakigu zuzenean ikusteko aukera gehiago izango ditugun. Pena litzateke.
EITB nahieran
Ostegunean EITBk Bilbon duen egoitzako 4. platora joan ginen. EITB nahieran izenekoaren aurkezpenera gonbidatu gintuzten hainbat blogari. Ez dut izan trasteatzeko aukera handirik, baina ikusitakoa gustatu zitzaidan. Irrati-telebista honek ez du inoiz ahaztu behar zerbitzu publikoa dela eta 25 urte hauetan egindako bideak euskal kulturaren ondarearen zati garrantzitsua dela. Denon eskura jartzeko asmoa agertu zuten Iñako Gurrutxagak eta Lontzo Sainz-ek. Ea horrela den, eskubide arazoak eskubide edota arazo.
Pony Bravo
Ostiral gauean berriro buelta Lugaritz Kultur Etxera. San Miguel Donostikluba Zirkuituaren barruan hitzordu bikoitza genuen. Manett taldea ezin izan nuen ikusi, baina asko gozatu nuen Sevillako Pony Bravo taldearen rock andaluziar-progresibo-psicodelikoarekin.
Musikene eta Juan Carlos Perez
Sevillako taldea Imanol Larzabal Aretoko goiko solairuan ikusten nuen bitartean Juan Carlos Perez nuen buruan. Nolatan sartu zara/zaituzte Musikeneko kakanahaste horretan, gizona? Zu artista bat zara, ez duzu balio kudeaketa lanetarako. Pozik hartu dut Juan Carlosek lan hori utzi izana. Ez da bere esparrua. Gusturago hartuko dut Suso andereak zuzendaritza utzi duela jakiterakoan. Denok zure kontra daudenean, andrea, errua ez da besteena.
Akanpadak
Hasi al da #spanishrevolution ? Ez dakigu baina albiste ona da maiatzaren 15ak ekarri duena. Bazen garaia beste belaunaldi bat kalera ateratzeko. Horregatik bakarrik balio du honek guztiak. Balio du ere boterean dagoen jendea urduri jartzeko.
Larunbatean pasa nintzen Bulebarreko akanpadatik. Nire ustez, gazte jendeari dagokio bertako lidergoa. Beraiek dira gurditik tiratu behar dutenak. Gainerakook bigarren maila batean egon beharko dugu, babesa eta laguntza emateko prest.
Bi hausnarketa: Ana Malagonen Akanpanden inguruko hausnarketak eta Gorka Julioren #acampadadonostia esperientzia eta proposamenak.
Reala
Datorren urtean ere Lehen Mailan arituko da talde txuri-urdina. Ea aurtengo denboraldia baino lasaiago den hurrengoa.
M22
Udal eta foru ordezkariak hautatzeko eguna Gipuzkoan. Urrundu egin da jendea alderdietatik. Eta beraiek jakin behar dute jada ez dela hain erraza dena kontrolpean izatea.
Graffitiak
Hauteskunde atari honetan Igor Rezola a.k.a. Dizebi elkarrizketatu du DVk.
Oso tipo interesgarria eta errespetu osoa merezi duen artista iruditu zait ezagutu nuen egunetik. Donostian egin berri duen akzio bat ikusi dut aste honetan. Blas Otero plazan izan zen. Kasualitatea? Seguruenik ez.
Semana a la carta, este apunte en castellano.
Untitled from hiru hamabi on Vimeo.
Sustatun akta jasotzen
Euskal blogosferako blog kolektibo zaharrenak kolaboratzaile eta atal berriak ditu.
Jada jakinaren gainean egongo zarete, baina Sustatu zaharrak kolaboratzaile eta atal berriak ditu pasa den ostiraletik: Anjel Lertxundi, Imanol Murua, Elena Laka, Markos Gimeno, Leire Narbaiza, Amodio Jauna, Maite Goñi.... Goian jarritako loturan duzue, Sustatun bertan agertu den albistean, esplikazio gehiago.
Udaberrian-edo aipatu zidan Luistxok gauzak mugitu nahi zituztela eta, iritziak iritzi, klasiko koadrila polita batu dela iruditzen zait. Gustura asko arituko naiz horrelako pertsonekin.
Nire eginbeharrari dagokionez, berriz, luxuzko bikotearekin arituko naizela esan behar dut. Imanol Murua kazetariarekin arituko bainaiz hortik zehar topatzen ditugun gauza interesgarriak aktan jasotzen. Horrela aurkeztu dute goian aipatutako loturan gure atala:
"Benito Fizek ondo egiten du hau, Atoan atalean, euskararen irakaskuntzarekin eta normalizazioarekin zerikusia duten aipuak han-hemendik hartzen, eta erreferentziarako gordetzen. Gauza bera egingo dute, kultura, politika eta gizarte alorreko kontuekin, Aktan Jasoa atalerako hona gonbidatutako bi notarioek, Imanol Murua Uriak eta Mikel Iturriak.
Notaritza berezi honetan aktan jasoa gordetzea merezi duen aipu edo adierazpenen bat topatzen baduzu, idatzi hona: aktanjasoa@sustatu.com".
Lehenengo aipua aspaldian irakurri dudan elkarrizketa interesgarrienetik jaso dut, Xabier Erkiziari Uxue Alberdik egina (gaztelaniaz itzuli eta Pedradas-en dago: Uxue Alberdi entrevista a Xabier Erkizia); Entzuten ikasi izenburua du zitak.
Urte askotarako, Sustatu.
Proiektu ederra da Stock 13
Ekainaren 19an KMn musika entzunaldi komentatua egin zuen Anjel Lertxundik.
Duela hamar bat egun egin nuen topo Andurekin Arantzazu aldizkariaren azalean. Irungo kiosko batean izan zen. Ostegunean, berriz, Koldo Mitxelenan egon nintzen entzuten Xabier Erkizia, Oier Etxeberria eta Miren Jaio hirukoteak abiatutako Stock 13 proiektu berriaren barruan.
Stock 13 programaren formula xinplea bezain aberatsa da... hizlariarekin asmatuz gero: hartu kultur munduko norbait eta aukera eman bere biografia musikala jendaurrean kontatzeko. Lehenengo gonbidatua Victoria Echevarria izan zen eta bigarrena Josemari Zabala argazkilaria. Hirugarren gonbidatua Anjel Lertxundi zela jakiterakoan, ez nuen inolako zalantzarik izan eta ekainaren 19an Koldo Mitxelena Kulturunera joatea erabaki nuen.
Aspaldiko partez, eguraldi ona egin zuen eta ez zen jende asko hurbildu, baina proiektu honek bide ederra egingo duelakoan nago. Bereziki, udazken-negu partean izan daiteke aproposa halako hitzaldi sorta bat antolatzea.
Iban Arantzabalek blogean aurreko batean jarritako Zabale plaentxiarrak zioen bezala: "Eske, nik beti esan juat, personia feliz ixateko gauza txikixetan dao felizidadia, e! Ojo, e! Kontu, hori! Gauza haundi-haundixetan nik ondio ez juat felizidaderik ikusi iñori be". Bide batez, horra hor beste proiektu ederra: Ahotsak.
Anjelek esandakotik zenbait ohar hartu nituen (Marcelino, pan y vino filmeko kanta bat, Hamaseigarrenean aidanez filmean Angel Illarramendik musikatu eta Mikel Laboak abestutako beste bat, Erromako egonaldia eta Greziako folklorearen deskubrimendua, Thelonius Monk eta Julio Cortázar, Debussy eta Mallarmé, Escudero maisuak Lizardi musikatu zuela…) baina hobe itxoitea Stock 13ren emaitza sonoroa webguneren batean entzungai jarri arte.