Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak victoria_eugenia

Harrikadak

victoria_eugenia

Esnatu zenean, Tabakalera oraindik hantxe zegoen

2001. 2006. 2010. 2013. 2016...

Duela lau urte, 2006ko maiatzean, Donostiako Plan Estrategikoaren Bulegoak hiriak hurrengo urteetan landu beharreko kultur proiektuei buruzko jardunaldiak antolatu zituen. Bertan, Victoria Eugenia Antzokiaz hitz egin zen, 2007ko martxoan ateak berriro zabaldu zituena. Bertan, San Telmo Museoaz aritu ziren, 2011ren hasieran berriro martxan egongo dena. Bertan, Tabakaleraz hitz egin zen...

Egun haietan ohar mordoa hartu eta zortzi apunte osatu nituen (hamasei, euskarazkoak zein gaztelaniazkoak kontutan hartuz), bertan esandakoak gorde nahi nituelako. Oinarrizko apuntea Donostiako kultur proiektuak izenekoa da, gainerakoak bertatik ikus ditzakezue.

Aste honetan Tabakalerari buruzko gertaera desatsegin batzuek gertatu dira, Joxean Muñozen dimisioa ekarri dutenak. Joxeanen mailako pertsona batek proiektua utzi behar izateak mindu egin nau eta proiektuarentzat tamalgarria da.

Datozen urteetan, gure hiri honek arazo larriak izango ditu une honetan bertan dituen kultur azpiegiturei eusteko, proiektu gehienak behiaren errapea puztuta zegoenean pentsatuak izan direlako. Orain, berriz, errapeak esne gutxi dauka eta denok dardarka.

Ez dut ulertzen nola 2001ean abiatutako Tabakalera bezalako proiektuak, gaur egun duen itxura kaskarra izatea. Ea nork altxatzen duen zerraldoa orain.

Hona hemen 2006ko maiatzean Tabakalerari buruz entzundakoa.

Cuando despertó, Tabakalera todavía estaba allí, este apunte en castellano.

Eliades

Eliades Ochoaren emanaldia ikusi ondoren pentsatutakoa.

90. hamarkadan Altsasun ikus-entzun nuen lehen aldiz Eliades Ochoa musikari kubatarra. Nafarroako Jaialdiak izeneko aterkipean Noche Santiagueña izenekoa antolatu zuten aipatutako herrian. Abuztua bazen ere, gau hotza tokatu zitzaigun. Gogoan dut Atxaga ikusleen artean.

Eszenatoki gainean azaltzen lehena Estudiantina Invasora izan zen, 1920. hamarkadan sortutako taldea. Zuzendari hiztuna baino hitzontzia zuen gidari. Abesti bat amaitu eta hurrengoa destripatzen zuen gure gizonak (noizkoa zen, zein estilotakoa, egilea, etab). Kontrabaxu jotzailea aurkezterakoan, 20. hamarkadan taldea sortu zutenetakoa zela esan zigun. Interneten begiratu dut eta bajistaren izena Roberto Nápoles ei da (ez dakit oraindik bizi ote den).

Hain zen hiztuna lehenengoa, ezen oholtza gainean Eliades Ochoa (Cuarteto Patriarekin oker ez banago) azaldu zenean, horrela agurtu gintuela: "Nosotros más que buenas noches... y a tocar".

2000. urtean hamabost egun pasa nituen Kuban. Bertako musikari asko turistentzat jotzen ohituegiak zeudela pentsatu nuen orduan. Atzo, Eliadesen kontzertuan sentsazio berdintsua izan nuen; hots, turistentzako saioa eman zuela Santiagokoak. Pieza klasiko asko eta berri gutxi. Gehiago espero nuela, alegia.

Halako batean, jendearen artean ahots indartsu bat entzun zen antzokian. "Eliades... Soy de tu barrio... El hijo de Vicenta.... Toca algo nuevo". Eta guajiroak: "Cómo me haces esto... Ya saben aquello de con estos amigos..." Dena den, tipoa, eta berarekin zeuden beste batzuk, dantzan gelditu gabe aritu zen bakanetakoa izan zen.

Agian arazoa nik neukan atzokoan eta musikariak harrapatu ez nuen onda batean zebiltzan. Zaratari, adibidez, gustatu zitzaion emanaldia. Nirekin joan zen lagunari ere gatz gutxikoa iruditu zitzaion saioa.

Aldiz, arratsaldean, Zazpi etxe Frantzian zabaldu omen zuen estreinakoz lagunak eta gustura irakurri zituela lehenengo berrogeita hamar orrialdeak. Apuntatu nuen datua.

Hementxe dago 2009a

Atzo aurkeztu zituen Donostia Kulturak 2009ko lehen seihilekoari dagozkion musika, antzerkia eta dantza programazioak.

Eguerdian izan zen ekitaldia Victoria Eugenia Club aretoan. Nik jada bota diot begiradatxo bat eta emanaldi hauek apuntatu ditut nire zerrenda partikularrean:

Lehendik ere publiko bazen ere, oraingoz ez da gehiegi azaldu Buenafuente eta konpainia egongo direla Terrat Pack aurkezten Kursaalean urtarrilaren 9an eta 10ean.

Urtarrilaren 17an, berriz, Calexico + Depedro egongo dira Victoria Eugenian (kontrakoa esaten ez bada, hauxe da gunea).

Urtarrilaren 30ean, Rafa Rueda Imanol Larzabal Aretoan (Lugaritz).

Ahitu samarra badago ere, mereziko du ba buelta bat Antonio Vegaren kontzertuak: otsailaren 6an izango da.

Tindersticks taldeari txanda otsailaren 10ean iritsiko zaio.

Living Colour taldeko gitarrista etorriko da Clubera otsailaren 12an. Yohimbe Brothers du izena haren proposamenak.

Saioa eta Joseba Irazoki Imanol Larzabalen (Lugaritz), otsailaren 27an. Oharra: Saioa Erakusleihoan egongo da abenduaren 18an, Ernest Lluch Kultur Etxean.

Elorrioko Logela multimedia (+Circle of Trust) Egiako Gazteszenan egongo da otsailaren 28an.

Ralfe band britainiarrak martxoaren 13an etorriko dira.

Urtain antzezlana prestatu dute Animalariok eta CDNk. Martxoaren 14an eta 15ean bisitatuko dute Donostia.

Giulia y los Tellarini Bartzelonako taldearen bi kanta daude Woody Allen-en azken filmean. Interesgarria da ere jakitea Eusebik (Iban del Camporen Un tal Eusebi filmekoa) eginiko marrazkiarekin moldatu dutela banda honen diskoaren azala.

Joserra Senperena pianistak kontzertua eskainiko du martxoaren 27an Imanol Larzabalen (Lugaritz).

Bukatzeko, maiatzean hiruko polita: Lila Downs 13an, Eliades Ochoa 14an eta Jackson Browne 19an.

Rafa Berrio: Obra da garrantzitsuena

Musikari donostiarrari buruzko zenbait albiste bildu ditut: bideo bat, aurkezpen bat, elkarrizketa bat.

Aurreko batean kontatu nuen Hitzorduak izeneko apuntean, Mikel Erentxun musikariarekin batera atera zela Victoria Eugenia antzokiko eszenategira Rafa Berrio. Gaur, Rafaren laguna den Cruz Larrañeta argazkilariaren blogean ibili naiz saltseatzen eta hara non ikusi dudan egun hartako minutu eta erdiko bideo bat. Bertan Rafak kantatzen du Erentxunekin batera.

 

Abesti hori Rafak egindakoa da. Kanta gehiago ere egin izan ditu beste zenbait artistarentzat. Azkena, Presuntos Implicados taldean ibilitako Sole Giménez bakarlariaren bigarren diskoan agertzen da eta Siempre volverás du izenburu. Duela gutxi hirian egon zen valentziarra lan hori aurkezten; Cruzen blogean irakur dezakezue kronika moduko bat.

 

Bukatzeko, pasa den igandean Javier Vizcaíno irrati-gizonak Rafa elkarrizketatu zuen bere programan. Berrioren izenaren gainean klikatuz gero hemezortzi minutuko solasaldi lasaia (tartean Loreto Larunbek eginiko perfil ederra) entzuteko aukera izango duzue. Bertan esaten du apunte honen izenburuan agertzen dena: obra da garrantzitsuena. Horregatik saiatuko da disko bat grabatzen 2008an. Ea egia den.

En castellano

Hitzorduak

Mikel Erentxun musikariak hiru kontzertu eskainiko ditu aste bukaera honetan Victoria Eugenia antzokian. Lehenengoan egon nintzen.

Ostegunean Mikel Erentxun abeslariak bere bigarren bizitza musikalari (ustez) adio esateko abiatu duen hiruko seriearen lehenengoan egon nintzen Victoria Eugenia antzokian. Beteta zegoen aretoa eta Erentxun erdian, gitarren alarde amaiezinean (kanta bakoitzeko bat, María Dolores Praderak xalekin egin bezala), Fran Iturbe eta Rubén Caballero gitarristak ezker-eskuin; atzerago, bajista (izena ahaztu egin zait), Rufo Urbina bateria jolea eta Joserra Senperena pianista handia.

Alfonbra baten gainean aritu zen Mikel. Etxean bezala egon nahiko zuen, baina urduri zegoen. Publikoa, berriz, hotz. Noski bazeudela Erentxun zaleak, baina iruditu zitzaidan publikoa gehiago zela Victoria Eugenia zaleago. Jarreragatik diot.

Erreforma egiteko itxieraren aurretik, Antonio Bartrina tango-kantari madrildarra etorri zen Malevaje taldearekin duela hamar bat urte. Harrituta zegoen jendearen hoztasunagatik. Amaiera aldera esan zigun arrazoia topatu zuela: antzokiaren belusa. Horregatik jarriko zion agian "Aterciopelado" Juan Luis Etxeberriak ostiralean dvn agertu zen kronikari. Meritua dute Etxeberria bezalakoek, ordu erdi eskas izan baitzuen lerro horiek idazteko.

Osteguna propina izan zen, ostiraleko eta larunbateko sarrerak agortu zirela ikusirik. Filma grabatuko du Jose Mari Goenagak (are urduriago egongo da asteburuan, ea Goya sariren bat jasotzen duen Moriarti etxeak ekoitzi eta Aitor Arregirekin batera eginiko Lucio filmagatik). Ostiralean gonbidatuak egon dira, baita gaur ere. Bakarra egon zen ostegunean: Rafa Berrio. Detailea izan zuen Erentxunek eta ondo bete zuen papera Rafak.

Bi kanta berri eskaini zituen Mikelek. Horietako batean, blues doinuen artean, "tengo una cita en el Boulevard a las nueve y diez" abestu zuen. Silveira bertsolariaren hitzorduaz ("A las ocho en el Bule") eta Sabino Ormazabal bakezaleak hitz egiteko bultzatutakoaz gogoratu nintzen. Desberdinak denak, baina toki berean guztiak.

En castellano

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31