Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak twitter

Harrikadak

twitter

Nola bidali automatikoki zure blogeko apunteak sare sozialetara

Apuntetxo bat twitterfeed-i buruz.

Aurreko batean bloga ireki berri duen pertsona bati esan nion apunteak twitter eta facebook kontuetara bidali behar zituela. Ea hori nola egiten zen galderari ezin izan nion di-da erantzun.

Nik twitter eta facebook-era bidaltzen ditut blog honetan argitaratutako apunteak. Eta horretarako twitterfeed erabiltzen dut.

1.- Sortu kontu bat aipatu zerbitzuan.

2.- Create feed aukera erabiliz bideratu blogaren jarioa. Horretarako, izendatu lehendabizi jarioa (izendapena ez da publikoa, zuretzat soilik) eta hartu blogaren feed-a (harrikadak blogaren feed-a) eta jarri Blog URL or RSS Feed URL izeneko tartean. Test RSS aukera erabiliz, konprobatu ea ondo dabilen.

3.- Advanced settings:

  • Update frequency: 30 minuturo begiratzeko jarri eta 1, 2 edo nahi adina post aldibatera bidaltzeko adierazi (nik bakarra dut jarrita).
  • Post content: twitter-erako gomendatzen dudana da title only aukera (soilik apuntearen titulua azalduko da sare sozial horretan eta lotura bat zure apuntera: 140 karaktere direnez...); facebook-erako, berriz,  hobe da title & description aukera erabiltzea
  • Post link: zure apuntearen helbidea laburtuko duen zerbitzua aukeratzea da asuntua. Nik bit.ly erabiltzen dut horretarako.
  • Post sorting: pubDate nik dut aktibatuta, baina ez galdetu zergatik.
  • Post prefix: horrek aukera emango dizu twitter-en mezuaren aurretik zerbait jartzeko. Nik blog honen izena dut, giltzen artean [Harrikadak].

 4.- Continue to step 2:

 Kasu honetan, erabaki behar dugu nora bidali. Aukera: twitter, facebook, statusnet (identi.ca) eta Hellotxt.

  •  Twitter-era bidali nahi baduzu, eskatuko dizu zure twitter kontua autentikatzea.
  • Facebook bada, gauza bera. Kasu honetan, gainera, aukera emango dizu zure profilera edota zuk kudeatzen duzun orrialde batera bideratzeko.

5.- Done zanpatu eta sortua izango duzu zerbitzu bat zure apunteak aukeratutako sare soziale(ta)ra bidaliko dizuna.

6.- Aholkutxo bat: lehen esan bezala, uste dut hobe dela zerbitzu bakoitzeko feed bana sortzea. Hau da, kontuak twitter-en (edo identi.ca-n) eta facebook-en badituzu, hobe duzu feed ezberdinak sortzea twitterfeed-en.

Zerbitzuak aukera gehiago ematen ditu, baina gaurkoz nahikoa.

Mikel Iturria 2011/07/08

Twitter euskaratzearen aldeko ekimena

Katalanek lortu zuten eta ea euskaldunok lortzen dugun.

Duela gutxi katalanek lortu zuten Twitter-ek kasu egitea eta sare sozial hori katalanez jartzeko lehen urratsak ematea. Lander Arbelaitzek esplikatzen du Hasi da kanpaina: twitter euskaraz apuntean. Ondorioz, gurean lozorroan zegoen eskabidea berpiztu egin da (hona hemen twitter euskaraz facebook taldea).

Lander Arbelaitzek abiatu zuen Act.ly zerbitzuan ekimen berri bat duela hamaika egun eta Twitter-eko CEO den Dick Costolok oraindik ez du erantzun. Une honetan 1530 lagunek sinatu dute eskabidea.

Act.ly horren bidez, azken sinadura duela 12 ordu egin dela ikus dezakegu.

Top 10

Bitxikeri moduan, hona hemen une honetan bertan sinatzaile horien top 10a, jarraitzaile kopuruari erreparatuta:

1.- Xabi Alonso (362.000 jarraitzaile).

2.- EmpireoftheKop (127.000): Liverpool taldearen zale amorratu bat da eta, beraz, Xabik sinatu duelako sinatu du berak).

3.- Patxi López lehendakaria (98.000).

4.- Alex Puig (54.000): web garatzaile katalana.

5.- Tony Barret Times (27.000): futbol gaiei buruz idazten duen kazetaria eta Liverpool taldearen beste zalea.

6.- Francesc Grau (16.000): katalana. Internet mundukoa.

7.- Martí Perarnau (7.250): atleta ohia, kazetaria eta publizista.

8.- Richard Buxton (6.300): Liverpool-i lotutako beste erabiltzaile bat.

9.- 1001 medios (5.400): Espainiako Estatuko hainbat kazetarik osatutako komunikazio laborategia. Bertan @nuksazi, @jonlaiseca eta @juanlarzabal euskal herritarrak daude, besteak beste.

10.- Xabi Alonso Forum (5.200): jokalariaren jarraitzaileak. Espainiako piper poto eta guzti euskararen alde.

Bi ohar

1.- Xabi Alonso bezalako pertsonai ezaguna sinatzaileen artean egoteak ate asko irekitzen ditu (Albert Cuesta sustatzaile katalanak Bartzelonako jokalari batzuei aurpegiratzen zien ekimenaren alde ez egotea).

2.- Lagun katalanek ere gure alde egiten dutela eta, normalean, gu gutxi akordatzen garela haietaz.

Zergatik twitter euskaraz?

Vicent Partalen hitzak, Lander Arbelaitzek euskaratuak:

"Behin zure hizkuntza proiektu sendo batean sartuz gero, hurrena datorrenak, aurrekoa zein hizkuntzatara itzuli duten begiratuko du, eta naturaltasun osoz sartuko du zurea. Horregatik, kontua oso sinplea da: Edo zerrendan zaude, edo ez zaude. Horregatik, ahal den ahalegin guztia egin behar da bertan egoteko"
Una iniciativa para que twitter esté en euskera, este apunte en castellano
Mikel Iturria 2011/03/06

Erabiltzen al dira twitter-eko zerrendak?

Atzo egindako pare bat galderei eginiko erantzunak bata bestearen atzetik.

Atzo twitter-eko zerrendei buruzko bi galdera egin nituen: "Pare bat galdera tuitero: Twitter-ek dituen zerrendak egiteko aukera erabiltzen duzue? Baliagarria zaizue? Eskerrik asko aldez aurretik". Ez nituen erabiltzen eta jakin nahi nuen ea nire sareko kideek erabiltzen ote zuten. Jende askok erantzun dituenez nire galderak, hemen jartzea erabaki dut. Eskerrik asko guztioi.

Rikardo Idiakez (itziartarra):"Nik oraindik ez diot kasu handiegirik egiten, egia esan".

Txomin Jauregi (TxominDD): "Ez ditut erabiltzen, saiakera bat egin nuen, baina hortan geratu zen".

Mikel Iturbe (azken_tximinoa): "Nik ez dut gustuko jendea kategorizatzea/etiketatzea. Publikoak dira eta jendeari buruzko info gehigarria publikatzen duzu". Bigarren mezua: "adib. nonok "friki", "filoterrorista", "umejale" edo holako zerbait deituko banindu,publikoa litzateke ta hori niri buruzko infoa da".

Andoni Munduate (MunduJR): "Ezta ezertako ere. Ez ditut erabili eta ez dakit zertarako erabili ditzakedan ere".

Ander Goñi (agonirena): "Zerrendak pribatuak ere egin daitezke. Zerrenden asunto honekin besteek nola ikusten nauten ere jakin dezaket".

Jon Arrizabalaga (jonarriz): "
Nik erabiltzen dudan bakarra conversationlist deitutakoa da, automatikoki aukeratzen dizu sistemak norekin zabiltza Beti solasean".

Izaskun Pérez (nuksazi): "
Nik ez ditut erabiltzen, baina baliagarriak dira. Pentsa mila jarraitzen dituzula, batzuk lanerako, besteak denbora pasa..." Bigarren mezua: "Guztiak sailkatzeko modu bat da eta horrela momentu bakoitzean gauza batera sartu zaitezke... (Ez dakit ondo azaldu dudan... :S)".

Mikel (hitxipi): "
Nik zerrendak twitterzaleak sailkatzeko erabiltzen ditut, ezin baditut tweet guztiak irakurri, gai-inguru batekoak irakur ditzazket".

bixerdo: "
Neuk, egia esan, ez".

Orreaga: "A
ukera eman zutenean zenbait zerrenda sortu nituen, baina hortxe daude, besterik gabe: ez ditut erabiltzen".

Goio Telletxea (maxkuri): "
Ez ditut erabiltzen. Kontaktuak nire agendan ere ez ditut sailkatuta. Ez dut halako xehetasun beharrik momentuz".

Xabier de la Maza (condedelamaza): "
Egunon, Mikel. Nik ez diet probetxurik atera".

Anamalagon: "
Gauza baterako da erabilgarria zerrendena: jendeak nola etiketatzen zaituen jakiteko. :P".

ggalmazor: "
kaixo! Nik ez ditut sekulan erabiltzen. Oraingoz nere timelina kontrolatzen dut. Igual 10000 jarraitzen banitu erabiliko nituzke".

 




Mikel Iturria 2010/04/23

Zenbat balio du Lance Armstrong-en tweet batek?

Atzo arratsaldean tejanoak idatzitako tweet baten harira. Aktan jasoa. Sustatu.

Lance Armstrong txirrindularia puntako twitterlaria ere bada (une honetan, 2.466.000 jarraitzailetik gora ditu). Ostegun arratsaldean zera idatzi du:

What do you get when you have a Texan, Belgian, Frenchman, Basque, Kazak, Lithuanian, Ukranian, and a Swissman?

Hau da, gutxi gora behera:

Zer egin dezakezu tejano, belgiar, frantses, euskaldun, kazakiar, lituaniar, ukraniar eta suitzar banarekin?

Horiekin guztiekin dago Armstrong karrera bat korritzekotan, hain zuzen ere igande honetan korrituko den Flandriako Tourra. Bi euskaldun daude taldean: Markel Irizar eta Haimar Zubeldia. Bietako bat izango da. Bien izen-abizenen gainean klik eginez gero, Basque Countrykoak direla dio taldearen guneak.

Amaitzeko, nonbaiten ikusi nuen noizbait twitter-eko ranking bat, baina gaur ez dut topatu. Oker ez banago, mundu mailako lehen hamarren artean zegoen garai hartan Armstrong, Estatu Batuetako beste aktore eta kirolariekin batera. Ranking-a ez dut aurkitu, baina bai Celebtwitter, Celebrities on twitter jarraitzeko gunea.

Zenbat balio du Lance Armstrong-en tweet batek? Aktan jasoa. Sustatu. 2010eko apirilak 2.

Frédéric Lefebvre, politikari harroxkoa Twitterren

24 ordu nahikoak izan ziren politikari frantses honen kontua blokeatzeko twitter sare sozialean.

Nicholas Sarkozyk gidatzen duen UMP alderdiko bozeramailea da Frédéric Lefebvre. Atzo arte ez nuen Lefebvre jaunaren berri (gutxiegi jarraitzen dugu hegoaldekook Frantziako gorabeherak, baina kristo guztiak daki hemen nor den Belen Esteban). Twitter-en izan dut haren berri. @kortabitarteren tweet honetan, hain zuzen ere. Eta bertan ageri den estekan egin dut klik. Frédéric Lefebvre expulsé de twitter en 24 heures (24 ordutan bota dute twitter-etik Frédéric Lefebvre).

Dena asteazken arratsaldean hasi zen. Bozeramaile aho beroak kontua zabaldu zuen twitter-en eta lehen mezu gisa, aktan jasoa gordetzeko modukoa:

"Que cela serve de leçon a la presse" (Komunikabideentzako irakasgaia izan dadila hau).

Etsai asko izango ditu, zeren di-da montatu zen kanpaina Léfebvre jaunaren twitter kontua blokeatzeko. Eta 24 ordutan bertan behera utzi zuen twitter-ek aipatu kontua.

Baina bueltan da berriro, lehen bezain harroxko.

"I'm BACK, merci pour votre soutien massif et vos nombreux mails!" (Hementxe naiz berriro. Eskerrik asko zuen babesagatik eta zuen mail andanagatik!)

Frédéric Lefebvre, politikari harroxkoa Twitterren. Sustatu. Aktan jasoa. 2009ko azaroak 28.

Frédéric Lefebvre, un político arrogante en twitter, este apunte en castellano.

Mikel Astarlozari enbido

Frantziako Tourra twitter-en. Lance Armstrong.

Nire ingeles urriarekin gustatzen zait Armstrong-en twitter jarioa segitzea. Aurreko batean norbaitek esaten zidan ez zeukala garbi berak idazten ote duen edo ez, baina nik esango nuke baietz, marketing kontuetan asko baitaki Lancek.

Izugarria da ikustea une honetan 1.384.452 jarraitzaile dituela. Berak, berriz, 100 lagun jarraitzen ditu soilik. Kuriositatez egon naiz begiratzen ea zeintzuk ezagutzen nituen zerrenda pribilegiatu horretatik: Kurt Asle Arvesen, Andy Schleck, Cadel Evans, Manuel Quinziato, Simon Gerrans, Allan Davis, Viatcheslav Ekimov, Christian Vande Velde, Levi Leipheimer, Ivan Basso, George Hincapie, Johan Bruyneel, Axel Merckx...

Beraz, familia eta lagunez gain, txirrindulari profesional edo txirrindularitza munduko jende asko jarraitzen du. Horiek guztiek nagusiki ingelesez idazten dute, baina jarraituenak 53.000 follower ditu (tokitan dago Texaskoaren marka).

Maite Goñirengatik izan dut twitteatzen duten Tourreko 20 txirrindularien zerrendaren berri. Artikuluxka blog espainol batean agertu da, baina txirrindulari español bakarra dago bertan: Carlos Sastre. Avilakoa Tourrarekin batera hasi da twitteatzen eta gaztelaniaz zein ingelesez aritzen da. Kasu honetan, esango nuke ez dela bera orain arteko mezu guztiak twitteatzen dituena. Harrigarria egin zait Alberto Contador ez egotea twitter-en. Are gehiago, hainbeste taldekidek sare sozial hori erabiltzen dutela ikusirik.

Etxera etorrita, Mikel Astarlozari enbidoa bota nahi diot: Berria egunkarira egunero bidaltzen duenaz aparte, twitter kontua zabaltzea eta urtea amaitu aurretik Lance Armstrong-ek jarraitzen dituen 100 laguneko klubean azaltzea.

Amaitzeko aholku bat: entzun Javier Vizcaínok gaur goizean bertan Pedro Horrillori eginiko elkarrizketa. Bikaina.

Eguneratzea. 21:35: Javi Vizcaínok igo du jada elkarrizketa bere blogera. Bertan irakur ditzazkezue JVren inpresioak baita solasaldia bera entzun edota jaitsi, gordetzeko modukoa delako.

Amets prefabrikatuak

Atzo goizean hartu nuen Hertzainaken disko hau. Aurreko batean Jolausek "Aitormena"ri erreparatu zion. Nik kanta guztiekin osatu dut apuntea.

Amets prefabrikatuak

"Prefabrikatutako ametsetan / estadistikaren zeruan / borondatea itoa izan da / kontsumoaren ferian".

Akabo hilabete asko iraun duen hauteskunde kanpaina. Iluntzeko 20:01ean alderdiak gutaz ahaztu egin ziren.  Bi ordu pasatxo eman zuten bakoitzaren boto-poltsari begira.

Ispiluaren aurrean

"Kristalaren bestaldera bi begiak iltzaturik / jada ezin dut konprenitu zein gaizki sentitzen naizen / Dena aldatu da erabat".

Noiz izango dira hurrengo hauteskundeak? EAEri dagokionez, ezetz aguantatu lau urte gobernuan udaberri honetan lehendakari izendatua denak.

Autokutsatzen

"Automata bat naiz, zarata belarritan / Ez dakit non nagoen baina berandu da".

Ibarretxeri etxera joateko garaia iritsi zaiola dirudi. Bere onerako izango da.

Era berean, EAJri ere komeni zaio Lakuatik urruntzea bolada batez. Hainbeste urte pasa dituzte gobernuan!

Aitormena

"Ez dira betiko garai onenak / Azken finean, gizaki hutsak gara / barearen ostean dator ekaitza / udaberri berririk ez guretzat".

Papeleta ederra du PatxiLok. Ez litzaidake gustatuko bere tokian egotea. Ez dut ezer espero berarengandik, baina gaur Jukeboxek ederki gogoratzen zuen bezala, horrela hartu zuen Donostiako alkatetza Odón Elorzak 1991n... eta bertan jubilatuko dela dirudi.

Gaizki pentsatzen

"Ez pentsa gaizki. / Gaizki pentsatzen hasi naiz betiko lez pentsatzen / zuek beti zaudela pentsatzen / gu beti garela gauza bera pentsatzen".

Demagun 25 eserleku lortzen dituela PSEk (EArekin du eserleku bat jokoan, baina partidu honek 8 boto ateratzen dizkio bakarrik eta atzerrian daudenen botoak kontatzeke daude oraindik). Ederki sufrituko du Lopezek PPkoen menpe geratzen bada. Zer esanik ez UPyDkoak bidaide badituzte.

Zuzen zuzen heriotzeraino

"Zuzen heriotzeraino / ez dago atzeko biderik / Argiak itzali egin dira / bukaera goxoa banoa".

Javier Madrazori norbaitek erakutsi beharko dio dimisioa hitza hiztegian bilatzen. Eta etxerako bidean jar dezala hain ondo ordaindu dugun Kepa Junkeraren lana. Unai Ziarretak egin duen bezala.

Tupeak gora

"Hauxe da ronkanroll jaia / hoixe eroa jaia / rokanrola dantza jaia / hoixe eroa".

Aralarri dagokionez, pena ez kentzea PPri Gipuzkoako azken eserlekua. Euforikoak daudela dirudi. Hori bai, ondo baino hobeto ikasi beharko lukete goiko bi alderdiek larrutik ordaindu duten lezioa: boterea ukitzeak, are gehiago alderdi handi baten arrimuan jartzeak, ondorio larriak izan ditzakeela.

Suaren gainean dantzan

"Etxetik alde egin eta giltza bota, ez nintzan itzuliko legepera / eskaintzen zidatena ez nuen nahi / lehenengo obeditu ta gero jai".

Ezker abertzale ortodoxoa erditik kentzen saiatzen badira ere, ur azpitik bizi-bizi ateratzen da beti. Baina, kontuz, gazte garaiak pasa dira jada.

564

"Hotz amaigabe bat baino latzago / ta urteak egun baino gehio / 564 ohe huts / samina zabaltzen".

Adi, boto biltzaileak! Abstentzioa ere gora doa.

Bi minutuero

"Hegoko itsasoraino tren bat doala pentsatzen / hasten baldin bazara / bi minutuero / herrimina".

Atzo ez nuen jarraitu hautesgaua telebistaz: irratia, hauteskundeak.teketen.com, twitter eta Sustatuk montatuko liveblogging-a izan nituen lagun.

Oharra: hauxe da Jolausek egin zuena Aitormena kantarekin.

Twitter mosaikoa

Twitteren jarraitzen nauen jendearekin osaturiko mosaikoa.

Hemen zure twitter mosaikoa.

Beste hau nik twitteren jarraitzen dudan jendearekin egina dago. Gutxiago dira. Izan ere, muga jarri nion nire buruari.

 Twituneando blogean ikusia

Mikel Iturria 2009/02/21

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31