Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak spotify

Harrikadak

spotify

Spotify, ora pro nobis

Abuztuan Madrilen egingo den Gazteriaren Mundu mailako Jardunaldia.

Ostiral arratsaldean irakurri nuenean Spotify Aita Santuaren bisitaren babesle zela, asko haserretu nintzen. Eta horrela jakinarazi nuen twitter-en.

Javier Vizcaínok, ondoren, baja emango zuela jakinarazi zuen eta nik astebete ematen niola enpresari nire erabakia gauzatzeko. Vizcaínok jada esan dio agur Spotify-ri.

Ostiralean bertan beste pertsona batek esan zidan orduan gainerako babesle guztiekin berdin jokatu behar nuela. Arrazoi zuen. Begiratu dut eta zerrenda luze horretan, gutxienez, hiruzpalau enpresa gehiagoren bezero naiz. Are gehiago, Munilla Elorzarengana joan zen eta Donostiako Udalak ere laguntza eskainiko dio Elizari.

Gauzak gehiago korapilatzeko, El Paísen agertu zen baja emango nuela Spotifyn (tuitak bota eta jada ez ditu haizeak eramaten; hortxe geratzen dira kieto-parau).

Hainbat pertsonek jakinarazi didate, berriz, beraiek Spotifyn alta emango dutela. Oso ondo iruditzen zait. Ez naiz boikoten zale. Aspalditik gainera. Produktu frantsesen kontra 80. hamarkadan egin ziren haiek gogoratzen ditut, Euskal Herriko hainbat musikariren kontra eginikoak, Israelen usaia duen ororen aurkakoak... Ez zait gustatzen jendeari esatea zer egin behar duen, baina, trukean, portaera beretsua eskatzen diot hurkoari.

Ezin dut jasan Eliza Katolikoaren Kuria, ultrakatolikoz josita baitago (eta hauek bai direla abilak besteei zer egin behar duten esaten, baita inposatzen ere ahal dutenean). Ezin dut Ratzinger-ekin, ezta ere Gipuzkoako gotzai ultra horrekin ere, Munillarekin.

Gauzak horrela, zer kristo egin behar dut Spotify Premium kontuarekin? Une honetan bertan ez dakit. Pasa den udazkenetik ari naiz hilero 10 euro pagatzen eta musika piloa entzuten dut, bai etxean, bai bulegoan.

Hori bai, enpresaren aldetik ez zait iruditzen oso estrategia egokia, jakina baita ez dela gauza bera Haitiren aldeko kanpaina laguntzea edo hain polemikoa den figura baten alde egitea.

Spotify, ora pro nobis. Este apunte en castellano.

Mikel Iturria 2011/04/10

Geratzeko etorri da Spotify?

Astebete daramat Spotify probatzen. Gauza onak ditu, baina beldurgarria ere izan daiteke. Hype bat izango ote da?

textoalternativoAste honetan deskubritu dut spotify, musika Interneten zuzenean entzuteko disketxe handien zerbitzua.

Zenbait adituk diotenez, horrelakoa izango omen da etorkizuna. Hau da, musika Interneten entzungo dugula, inolako deskargarik egin gabe. Hodeia da etorkizuna esaten dute. Last.fm izan daiteke ezagunena une honetan. Nik izena emana daukat Last.fm-n, baina ez diot puntua harrapatzen.

Spotify, teknikoki, gozada bat da. Entzuteko gonbidapena behar da. Izena eman, aplikazio txiki bat jaitsi, zure ordenagailuan exekutatu eta hortik aurrera pronto duzu.

Adibidez, datorren hilaren 7an Kursaal auditorioan egongo den Mogwai taldearen 163 kanta entzun ditzakezu bata bestearen atzean. Calexicoren 80 kanta daude ere. Euskaldunen artean, 63 kanta ditu Bide Ertzean taldeak eta 120 Mikel Laboak. Hau da, dirudienez Elkar eta Gaztelupeko Hotsak disketxeen katalogoak entzungai daude bertan, baina ez dira Esan Ozenki eta Metak agertzen.

Ikusteko dago hau hype bat ote den: hau da, momentuko fenomeno hanpatua edo geratzeko etorri ote den. Formula ezberdinak daude: pagatzekoak batzuk, ez pagatzekoak besteak. Azken hauek, dena den, publizitatearekin berdinduko dituztela dirudi.

Honen harira, Spotify no mola irakurri diogu Keko Ponte blogariari. Berari ez zaio gustatzen kanpoan geratzen dena eta modelo publizitarioak soilik handiei egiten omen die mesede:

"Arazoa edukia da. Handien apostu agerikoa da Spotify, argi eta garbi dago hori. Eta bai, handiak musikaren % 95a dira. Baina Spotifyn ez dira denak sartzen, eta gainerako % 5ean (gutxi dirudi, baina musika asko da) aposturik erakargarrienak biltzen dira. % 5 hori disketxe txikiak dira, irizpide editorial garbiak mantentzeagatik saldu ez direnak, musika irizpideak (ez ekonomikoak) erabiliz aukeratutako produkzioak, % 5 hori Birra y Perdiz bezalako disketxeek osatzen dute, disko gutxi baina hautatuak publikatzen dituztenak. Ezin ahantzi ere auto-produkzioak eta net-labelak. % 5 horrek kontra egingo dio bere katalogoa eguneko merkatal eskaintzekin batera entzun behar izateari. Aurtengo nire disko gogoko gehienak biltzen dituen % 5 hori".

Eztabaida interesgarria dago Kekoren apunte horren azpian.

Eguneratzea: urtarrilak 26. 16:30. Gaur honen berri eman dute Sustatun (Spotify: musika zuzenean entzueko disketxe handien zerbitzua) eta Unaik dio Deezer.com hobeagoa dela. Garik, berriz, Grooveshark gomendatzen du. Probetxuzko zerbait ateako hainbeste eskaintzarekin.

Mikel Iturria 2009/01/25

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31