Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak rafael_chirbes

Harrikadak

rafael_chirbes

Liburua

Eta idazlea: Rafael Chirbes.

"Liburuez asko hitz egiten den bitartean, gutxi irakurtzen den irudipena dut. Liburuetan dago idazle batek pentsatzen eta sentitzen duena. Zuk nire iritzia eskatzen didazu, eta nire usteetatik hurbilen dagoena idatzita utzi dudana da. Hemen egingo dugun gauza bakarra liburuan esandakoa laburtzea eta eskematizatzea da, banalizatzea".

"Egilea bere obraren gainetik jartzea komunikabide eta merkatarien kontua da. Horiek rock eta photoshop izarrak behar dituzten modu berean behar dituzte literaturarenak. Baina idazleak esan beharrekoa, adierazi nahi duena, azken finean dena, bere liburuetan dago". 

"Literatura zintzilik ez eta lurra ukitzen dagoen zerbait dela pentsatu nahi dut. Literatura eguneroko zerbait da, hitza ere egunerokoa den heinean. Hitzarekin lan egitea, beste edozein materialekin lan egitea bezala da, gutxiago izerditu arren. Literatura bizitzaz atseden hartzen dugunean geratzen dela dioen esaera gezurra da. Hitza da bizitza mugitzen duena, zentzua ematen diona".

Jon Benitok Rafael Chirbesi eginiko elkarrizketa maiatzaren 2an argitaratu zen Berrian. Nobela artefaktu bikaina da oraindik. Gomendagarria da oso, baita bere azken liburua ere: Por cuenta propia artikulu bilduma. Elkarrizketa gaztelaniaz jarri nuen atzo goizean Pedradas blogean.

Mikel Iturria 2010/05/18

Javier Ortizen omenezko ekitaldia apirilaren 30ean Donostian

Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Foru Aldundiak sustaturik, omenaldia egingo diote duela urtebete zendutako Javier Ortiz kazetari donostiarrari.

Hemen paratzen ditudan lerro hauek irakurtzeko ohitura duzuenok, jakingo duzue Javier Ortiz kazetaria behin baino gehiagotan aipatu izan dudala txoko honetan. Are gehiago, gaztelaniazko Pedradas blogak haren etxe digitalean du ostatu.

Pasa den Alternatiba taldeak Javier Ortiz omentzeko eskabidea aurkeztu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietako erregistroan. Herri hau den bezalakoa da eta hilabete batzuk pasa dira data finkatu arte. Apirilaren 30ean izango da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, iluntzeko 19:00etan.

Ekitaldiari hasiera emango diote erakundeetako ordezkariek. Ondoren, mahai-ingurua antolatu da. Izenburua: El compromiso de Javier Ortiz (Javier Ortizen konpromisoa). Moderatzaile lanetan Mariano Ferrer kazetari ezaguna arituko da eta parte hartzaileak ondorengo hauek izango dira: Arantxa Gurmendi (kazetari eta ekintzailea), Garbiñe Biurrun (epailea), Rafael Chirbes (idazlea), Ignacio Escolar (blogari eta kazetaria) eta Mikel Iturria (bai, ni neu, javierortiz.net webgunearen koordinatzaile gisa). Gainera, Jabier Muguruzak pare bat kanta egingo ditu zuzenean, Angel Unzuren laguntzaz. Joateko asmoa izanez gero, bertan elkar ikusiko dugu.

Denbora arin pasa da eta, esan bezala, urtebete joan zaigu 2009ko apirilaren 28tik.

Egunero akordatzen naiz berarekin.

David de Jorgeren txorakeriarik gabeko sukaldaritza

David de Jorge handiaren estreinako saioa ETB2n. Gaur. Uztailak 28. 23:00etan. Cocina sin bobadas.

Pasa den astean-edo jaso nuen David de Jorgek idatzitako e-maila. Bertan, Cocina sin bobadas telebista saioa egin behar zuela zioen. Oraindik ez zegoela emisio data jakinik, baina laster enteratuko ginela. Jada periodiko batzuetan izan dugu horren berri, baita hainbat blogetan ere (hala nola, Hasier Etxeberriarekin batera Soitun duen Glotonian: David aurreratu egin zen eta Hasier etorri zen ondoren). Sopa de Ganso blogean, berriz, David ageri da minutu t´erdiko bideoan programa saltzen.

Hor bertan, Iñigo Galatasen Sopa de ganso blogean, enteratu gara Andoni Luis Aduriz eta David de Jorge egon zirela duela zenbait urte Amara auzoan dagoen ARCCO merkatal gunean ireki berrian Berasategi faktoriak zabaldutako mostradorean. Gero, biek hanka egin zuten orain Andonik bakarrik gobernatzen duen Mugaritz famatua martxan jartzera. David puntako sukaldaria dela diote, baina orain bulegoan ari da lanean.

Nik duela pare bat urte ezagutu nuen. Ez nuen berarekin berbarik egin, baina KMn egondako Bestiarium Gastronomicae erakusketan izan zen. Gero, 2007aren bukaeran, Rafael Chirbes ekarri genuen hirira Crematorio eleberriaz hitz egitera. Aurkezle lanetan aritu zen Hasier Etxeberria eta Daviden jestioei esker bapo afaldu genuen Kursaal jatetxean. Prezioa, menu infantil, berak esango lukeen bezala.

Geroztik Hasierrekin batera gobernatzen duen Glotonia blogean jarraitu diot pista. Verracotzat dute beraien burua, baina aketza jartzea gehiegizkoa iruditzen zait.

Gaurko saioa berezia izango da, aurrerapena, eta adi egongo gara pantailari so, dena ondo irtenez gero, udazkenean aukera gehiago izango baitu ETBn jarraitzeko.

David: niri sukaldea baino mahaia gustatzen zait, baina gaur gauean telebista aurrean izango nauzu. Ea egia den oraindik maite duzula Oteizaren maxima (ez zapuztu zure galtzaile karrera, erdipurdiko arrakastaren batekin).

La cocina sin bobadas de David de Jorge

Rafagak

Pilatu egin zaizkit zenbait apunte eta denborarik ez denak ateratzeko. Batuko ditut apunte batean.

Rafa Berrio

Ostegun gauean ezin izan nuen Rafa Berrio musikariaren emanaldira joan eta gainera lista pasatzen zuten. Kaka zaharra! Eskerrak lista pasatzen zuen pertsona berak (Cruz Larrañetak) grabatu zituela kanta batzuk. Hemen jarri du "La senda del olvido" bikaina, behin eta berriro entzuten ari naizena lerro hauek idatzi bitartean.

 

Elnako amaetxea

Eta ez nintzen Rafaren emanaldira joan, Elnako amaetxearekin nuelako zita Ernest Lluch Kultur Etxean. Inaugurazioa ez zen oso jendetsua izan, baina aukera berri bat duzue apirilaren 9an. Egun horretan pasako baita “El legado de la maternidad de Elna” dokumentala. Hona hemen hiru minutuko mokaua.
 

 

Thee Brandy Hips

Amaratik aterata, berandu bazen ere, Egiara igo ginen Sorkun abeslariaren kontzertua ikusteko asmoz. Ederra izan zela diote Etxeberriak eta Leozek. Ni, berriz, beste frekuentzia batean nengoen ostegunean. Tabernan geratu nintzen. Aldiz, ondoren bai gozatu nuela Le Bukowski aretoan zegoen Thee Brandy Hips bandarekin. Kontuz, zer esana emango du-eta laukoteak.

Txuma Murugarren … eta ragafas

Ostiralean ere bazegoen zer entzuna Donostian. Rosendo, Barricada eta Aurora Beltran? Bai, hori ere bai, baina guk Txuma Murugarren jaunarengana hurbildu ginen. Ados nago Etxeberriak diarioan idatzitakoarekin. Halere, nik gaur Txumaren pianistarekin geratuko naiz. Rafa Acevesen bideo bat baitago youtuben hona ekartzeko modukoa. Fernando G. Tolak ETB2n egiten zuen programatik pasa zen Rafa gaztetxoa:


Sariak

Ostegunean jaso zuen Jabier Muguruzak Musika Akademiak emandako euskal kanturik onenaren saria Valladoliden. Hirugarren aldia da Jabierrek sari hau jasotzen duela eta pozten naiz berarengatik. Azken diskoak ere merezi baitu.

Atzo, berriz, Espainiako Kritika Saria eman diote Rafael Chirbes idazleari. Izugarria da Crematorio eleberria eta merezitakoa jaso du valentziarrak. Chirbes ezagutu nuen egunean ere enfant terrible bat ezagutu nuen: David de Jorge sailkaezina. Berarekin egin dut topo kiroldegian gaur goizean. Bai, kiroldegian irakurri baitut Berriako azken orrialdea .

Euskaraz, berriz, Jokin Muñoz eta Jon Gerediaga idazleek jaso dituzte sariak. Muñozena ere irakurri dut eta handia iruditu zait ere. Portzierto, apirilaren 24an Donostian egongo da Jokin hitzaldi bat ematen: Antzararen hizpideak (lumajearen azpian).

Zorionak saridunei.

Kanposantuan

Ostegunean hil zen nire amautxia. Aspaldian ikusi gabe nengoen, baina atzo eman genion lur Irunen. Horrek aparteko apunte bat merezi du.

En castellano

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31