Harrikadak
radio_euskadi
Eitb
Goi kargu berrien izendapena. Jatorri eta korronte ezberdinak.
Gaurko Noticias de Gipuzkoa periodikoaren paperezkoan irakurri dut bi orrialdeko erreportajea EITB taldean ematen ari den aldaketei buruzkoa. Atentzioa deitu didana izan da goi kargu berrien errepasoa egiterakoan, hiru jatorri aipatzen direla (el triunvirato de la nueva EITB).
Alde batetik, Alberto Surioren konfiantzazko jendea egongo litzateke: Patxi Arratibel (Estrategia eta kanpo harremanetarako zuzendaria), Miguel Ángel Idigoras (ETBko zuzendaria) eta Joseba Arruti (Radio Euskadiko zuzendaria).
Bigarren taldea popularren aldeko jendea osatuko lukete: Roberto López de Calle (Radio Euskadiko Albistegietako burua), Roberto Montalvillo (ETBko Albistegietako burua) eta Lucas Irigoyen (Radio Vitoriako zuzendaria, aurrekoan hemen azaldu zena bere blogen arrastoak ezabatzeagatik). Hirugarren mailako postuetan leudeke.
PSEren kuotan, berriz, Javier Torrontegi legoke, EITBko irrati guztien ardura duena. Rubalcaba Barne Ministroaren konfiantzazko gizona izango litzateke, baina beste iturriren arabera Aresen kordakoa ere bada.
Noticiaseko kazetariak ez du aipatzen beste izen batzuk non kokatzen diren: Rosa Díez Urrestarazu, Euskadi Irratiko zuzendaria; Aurkene Iturrioz, irrati bereko albistegietako burua; José Ángel Quintanilla, gerentea; Pello Sarasola telebistako programazio burua; Edurne Ormazabal, EITB.net-eko arduraduna...
Mila lagun ari omen dira EITBn. Horrelako kuota eta indar orekek gobernagarri egingo al dute txoritxoa? Laster jakingo dugu. Ikusiko dugu ere, karguak gora behera, nork agintzen duen etxe horretan, etxe horietan.
Anekdota bat, amaitzeko: udan, Javier Vizcaínok erabaki du Cocidito Madrileño tartea alde batera uztea; normalean, denboraldiko onenak errepikatzen baitzituen. Antenan esan duenagatik, entzule askok deitu du galdetuz ea zer gertatu den saioarekin. Are gehiago, posta-zerrenda batean Madrilen dagoen lagun batek bota du: Patxi Lópezek eraman al du aurretik koziditoa? Ez, ez dirudi bera izan denik, baina egin beharreko aldaketak tentuz egin beharko dituzte Suriok eta enparauek.
Radio Euskadiren World Cafe Donostian
Igande goizean World Cafe berria antolatu zuen Radio Euskadik. Orain, Donostian.
Pasa den urtean Bilbon egon ginen Radio Euskadik antolaturiko World Cafen. Oraingoan, irratiak hogeita bost urte bete dituenaren ospakizunak amaitzen ari direla, Donostiara ekarri zuten mahaien atarramentu hau.
Ez dakit zenbat jende elkartu ginen Kubo handiaren tripen barruan. Eguraldi iragarpenak ez ziren onak eta barrualdean egitea erabaki zuten. 10:30ak aldera iritsi nintzen Auditoriora. Ashet-ekin egin nuen topo atarian eta berarekin sartu nintzen barrura.
Bizkaian txuri-gorria bazen nagusi, hemen txuri-urdina. Euskadi Irratiko Amarauna saioan sartu-irten txikia egin nuen Edurne Ayusoren eskutik. MQP irratsaioko kolaboratzaile eta entzule batzuk agurtu nituen gero: Carlos Vilches, Iratxe Molinuevo, Elena Rosales, Juantxo Agirre, Imanol Querejeta eta Jabier Muguruza lehen taldekoak; Iñaki Murua, Mikel Eztabai, Gernikako Mikel, bigarrenekoak.
Mahaia aukeratu ondoren, konturatu nintzen Bilbon nirekin egondako Mertxe zegoela eserita mahai berean. Berarekin batera Soraluzeko lagun bat, Marifran. Handik gutxira, Zarautzko bi ahizpa gehitu ziren taldera: Arantxa eta Isabel.
Bigarren taldea Gernikako Arimak, Etxalargo Ixabelek, Legazpiko Aitorrek eta Eibarko Marikarmenek osatu zuten. Marikarmen, asko hitz egiteaz aparte, arrapaladan joan zitzaigun bazkaltzera. Komentuetako gauzak.
Hirugarren mahaia osatzeko zailtasun gehiago izan genituen. Urretxuko Karmele eta biok geunden mahai-inguruan jarrita, Eibarko lehengusin koadrila gerturatu zenean: Mariasun, Karmen, Maribel eta Ermuan bizi zen Pilar.
Bilbokoa hobeto antolatu zutelakoan nago. Han, Donostian ez bezala, mahai bakoitzak zenbaki bat zeukan, baita eserleku bakoitzak ere. Horrela, garbi zegoen bakoitzak nora joan behar zuen txanda aldaketan. Atzo, berriz, horrek ez zuen hain ondo funtzionatu.
Ondo pasa nuen. Hori bai. Hona hemen atera nituen argazki gutxi batzuk. Kronika gehiago: Mikel Agirregabiria, Iñaki Murua, Iratxe Molinuevo...
"De cabeza" liburuaren aurkezpena asteartean Donostian
Bi egileak: Javier Vizcaíno eta Imanol Querejeta. Aurkezlea: Jabier Muguruza. Tokia: Ernest Lluch Kultur Etxea. 19:00etan.


Imanol Querejeta psiquiatra da Más que palabras irratsaioko kolaboratzailerik zaharrena. Hasiera-hasieratik omen dago bertan, 1998tik edo. Igande eguerdietan jende askok entzuten ditu Imanolek Javier Vizcaínorekin, irratsaioko zuzendariarekin, mantentzen dituen solasaldi interesgarriak.
Pasa den udazkenean biek idatzitako liburua egon zen Durangoko Azokaren berritasunen artean. Orduan izan nuen liburua esku artean eta geroztik ikusi izan dut Donostiako liburudenda ezberdinetako erakusleihoetan. Diseinu aldetik, zer nahi duzue esatea, ez da liburu erakargarria, baina uste dut bi egileek zuzenean mantentzen dituzten solasaldien espiritua ondo baino hobeto ageriko dela bertan.
Eta liburua gustuko ez baduzu ere, asteartekoa izan daiteke aukera aproposa biak ala biak bertatik bertara ikusteko eta entzuteko. Gainera, aurkezle lanetan irratsaioko beste kolaboratzaile beteranoa egongo da, Jabier Muguruza. Muguruzak idatzi du liburuaren aitzin-solasa eta Donostian jokoa banatzen egongo da.
Zerbait gehiago jakin nahi baduzue, entzun Imanolek eta Javierrek Edurne Mendiarekin izandako solasaldia (Durangoko Azokan). Asteartean Ernest Lluch Kultur Etxean egongo naiz liburu aurkezpenean. Bertatik pasaz gero, elkar ikusiko dugu.
Putakumea irain gisa ez, eskerrik asko
Ahaleginak egingo ditut putakumea irain gisa ez erabiltzeko.
Azken hilabetetan noizbehinka bueltaka daramadan ideia berpiztu zitzaidan aurrekoan Sustrai Colinak Pako Aristiri eginiko elkarrizketatxoa irakurri nuenean. Sustraik galdetu eta Pakok erantzun:
"Sustrai: Zergatik bizi zara kritikatzen duzun herri prototipoan?"
"Pako: Herriko putakume handienak mezetara joaten ikusteak pentsamendua garatzen asko laguntzen didalako".
Hasiera batean, pentsatu nuen Pakok irain gisa erabiltzen zuela hitza, beste askok erabiltzen dugun bezala. Orain, berriro irakurrita, zalantza daukat.
Putakume edo putaseme irain gisa bilatu dut Googlen eta Marijo Deograciasek futbol partida batean idatzitakoa topatu dut berriro: Putaseme mordoa San Mamesen.
Gero, hijo de puta bilatu dut eta hor azaldu zait Jaime Richarten hijo de puta testua. Eta Carlos Martínezen Elogio del hijo de puta eta Carlo Frabettiren Todos somos putas.
Gauzak horrela La Hora Chanante telebista saioko Hijo de puta hay que decirlo más etorri zait gogora.
Hijo de la crápula deitu zion José Antonio Barrosok, Puerto Realeko alkateak, Espainiako Erregeari. Udal hauteskundeen kanpainaren atarian deitu izanak, susmagarri bihurtzen du dena. Arraroa badirudi ere, alkate izaten jarraitzeko izan zen?
RAEk hiru esanahi ematen dizkio crápula hitzari:
1.- Embriaguez o borrachera.
2.- Disipación, libertinaje.
3.- Hombre de vida licenciosa.
Eta hara nola, ospitaletako gau luze horietako batean, Radio Euskadiko La Noche Despierta irratsaioan Géminis lokaleko jabearekin entzundako tertuliaz gogoratu naizen. Bikote trukerako tokia baino elkarrizketatuak giro liberaleko lokal gisa definitu zuen.
Bakoitzak egin dezala nahi duena, baina, puta gora, puta behera, hobe irain gisa ez erabiltzea.
Euskal munduaren prestigioa dago jokoan
Hizkuntza amankomunaren aldeko manifestuaren bultzatzaileek hitz egin dezatela argi: gaztelera inposatu nahi dute.
Gaur goizean aritu da estreinakoz Juanra Viles, garai batean Duncan Dhu taldean bateria jotzaile ibilitako musikaria, MQP saioan. Xose Luis Barreiro eta Itziar Epalza solaskideekin batera aritu da. Besteak beste, Patxi Baztarrika eraman dute Jaurlaritzak hizkuntza politikaren alorrean indarrean jarriko dituen neurrien inguruan berba egiteko. Vilesek aipatu du, bere ustez, terrorismoaren gaiaren tokia hartuko duela hizkuntzarenak Espainian legegintzaldi honetan.
Pentsakor gelditu naiz eta Anjel Lertxundik Stock 13 zikloan kontatu zuen gauza bat etorri zait akordura. Lertxundik zioen 16 urterekin gaztelaniaz idazten zuela, baina 1968aren inguruan hasi zela euskaraz idazten. Zergatik eman ote zuen urrats hori galdetu zion publikoki bere buruari. Ez omen zekien zergatia, baina, seguruenik, 1968aren bueltan eskaintza artistiko onena euskararen bidetik zetorrelako: Ez Dok Amairu kantagileen mugimendua, pintura, antzerkia (Seminarioan taularatu omen zen lehen aldiz Samuel Beckett jaunaren testu bat Espainiako Estatuan; euskaraz, gainera), eta abar.
Finean, Anjelek euskararen munduak prestigioa zuelako aldatu zuen sortze hizkuntza. Eta nire buruari galdetzen diot orain, eta hemen, ea egoera gaur egun berdin-berdina ote den: prestigioa al du euskaraz sortzeak? Hemendik kanpo ez dut uste, baina euskaldunen prestigioa Euskal Herrian? Ez dakit ba… gure burua estimatzen ikasi al dugu?
Solasaldia amaitu ondoren, eta eguneko albisteen errepasoaren ondotik, Javier Vizcaínok elkarrizketa iradokitzailea egin dio Jokin Muñoz idazleari. Lasai baino tinko ari da Castejongoa literaturaren eremuan. Jokinek Donostian apirilaren amaieran esandakoak ekarri nituen hona, baina ez dut aukera hau alferrik pasa nahi esateko Volgako Batelariak blogean dagoela irakurtzeko moduan Antzararen hizpideak (lumaje azpia) testua.
Gero, salto egin dut Euskadi Irratira. Izan ere, gaur aritu dira estreinakoz Amarauna saioan Jozulin, Josu Leokanne eta Patxi Trapero. Arantxa Kaltzada oporretan dagoenez, Arantxa Artzarekin egon dira hizketan. Datorren astean Leire eta biok arituko gara Traperoarekin. Blogarien tertulia izango da, beraz.
Portzierto, prestigioa ematen al du blogaria zarela esateak?
Bilbon World Caféa hartzen
Radio Euskadik 25 urte ospatu ditu kalean. 1000 lagun berbetan. World Café.
Goizeko 7:30ean jo du iratzargailuak etxean, baina kosta egin zait ohea abandonatzea. Bost minutuko atzerapenarekin jaso dugu Sorkun eta biok Elena Rosales Intxaurrondon. 10:00etarako aparkatuta genuen autoa Abandoibarran.
Ordu erdi geratzen zitzaigun jarritako hitzordura ailegatzeko eta hotel batera joan gara kafetxo bat hartzera. Hotelean bertan egin dut topo Julio Anguitarekin. Nonbaiten irakurri nuen atzo Bilbon egona dela aste bukaeran Xabier Arzalluzekin batera ekitaldi batean.
Hotelean bertan zeuden ere kafea hartzen Aprendices sareko kide batzuk: Iñaki Murua, Jaio, Loretahur, Alorza… eta barkatu beste guztiak baina ez naiz izen guztiekin geratu.
Ekitaldia ospatu behar zen tokira iritsi garenerako, han ikusi dugu ere Juantxo Agirre Mauleón. Javier Vizcaíno irratsaioa zuzenean egiten ari zen, Javier Domínguez eta Cristina Álvarez kazetariak gehi talde teknikoaren laguntzarekin.
11:00etarako eserita nengoen 8. mahaian eta Elgoibarko lau emakume tokatu zaizkit hasieran. Garai bateko kontuetaz ibili gara hizketan. Uste baino beranduago esan digute aldaketa egiteko, baina beste bi talde ere dinamizatu ditut ondoren. Ez dakit oso ondo zertaz aritu garen. Hainbeste jenderekin hitz egin baitut gaur: Filgi Claverie, Julen Iturbe, Noe Boquitas Pintadas, Imanol Querejeta, Dani Álvarez…
Antolatzaileek erre duten txahala ez dugu probatu eta MQPko kazetari taldearekin gehi zenbait entzulerekin (eskerrik asko, Iñaki) bueltatxo bat eman dugu han inguruan. RPinzón, Kanif Beruna, Quecaro, Ashet, Mikel Eztabai… Halako batean estudioan zeuden Loreto eta Itsaso ere hurbildu dira.
Gauza asko eta oraindik burua borborka daukat. Ez nuen gehiegi espero, egia esateko, baina gustura irten dut Bilbotik. Jende ezaguna agurtu eta sareko beste batzuei aurpegia jartzeagatik bakarrik merezi zuen osteratxoak.
Oharra: izugarri ondo egina eta oso aberatsa Mikel Agirregabiriaren erreportajea.
Bueltaka
Ostirala-larunbata-igande-astelehena. Donostia-Gasteiz-Bilbo-Donostia.
Aste bukaera etxetik kanpo pasa dugu. Larunbat goizean autoa hartu eta Gasteizera joan ginen. Karrera elkarrekin egin batzuk elkartu ginen egun-pasan. Ume ardurarik ez genuenok, gainera, Baskonia-Bartzelona saskibaloi norgehiagoka ikusi genuen. Bizpahiru aldiz baino ez naiz joan saskibaloi partidaren bat ikustera, estreinakoz Gasteizen, baina oraindik ez dut lortu inoiz etxeko taldeak irabaztea.
Gauean Bilbora hurbildu ginen lotara. World Café delako ebentoa iragarri zuen Radio Euskadik 25. urteurrena ospatzeko. Ostiralean eguraldi txarra iragarrita zegoela-eta, antolatzaileek ospakizuna atzeratzea erabaki dute maiatzaren 18ra.
Plan-aldaketa ondo atera zitzaigun: etxetik kanpo egin genuen lo, paseotxoa eman genuen igande goizean Bilbon zehar, lagun batzuekin bazkaldu eta arratsaldean, jada euritan, etxerako bidea hartu.
Goizean argazki-makinaren bateriak aguantatu zuen bitartean argazki batzuk atera nituen.
Bilboko Guggenheim zuri-gorria alde batera.
Eta Bilbo berdea beste aldera. Erretratu gutxi batzuk igo ditut flickr kontura.
Bilbon geundela beste lagun batek deitu zidan esateko castellers-ak zeudela Antigua auzoan, Donostian. Entzuna neukan etortzekoak zirela, baina uste nuen Hondarribian zirela aritzekoak soilik. Luistxo famosuaren flickr kontuan ikusi ditut castellers hauen argazki batzuk. Bertara segi giza-dorreak nola eraikitzen dituzten ikusi nahi baduzue.
En castellanoRafa Berrio: Obra da garrantzitsuena
Musikari donostiarrari buruzko zenbait albiste bildu ditut: bideo bat, aurkezpen bat, elkarrizketa bat.
Aurreko batean kontatu nuen Hitzorduak izeneko apuntean, Mikel Erentxun musikariarekin batera atera zela Victoria Eugenia antzokiko eszenategira Rafa Berrio. Gaur, Rafaren laguna den Cruz Larrañeta argazkilariaren blogean ibili naiz saltseatzen eta hara non ikusi dudan egun hartako minutu eta erdiko bideo bat. Bertan Rafak kantatzen du Erentxunekin batera.
Abesti hori Rafak egindakoa da. Kanta gehiago ere egin izan ditu beste zenbait artistarentzat. Azkena, Presuntos Implicados taldean ibilitako Sole Giménez bakarlariaren bigarren diskoan agertzen da eta Siempre volverás du izenburu. Duela gutxi hirian egon zen valentziarra lan hori aurkezten; Cruzen blogean irakur dezakezue kronika moduko bat.
Bukatzeko, pasa den igandean Javier Vizcaíno irrati-gizonak Rafa elkarrizketatu zuen bere programan. Berrioren izenaren gainean klikatuz gero hemezortzi minutuko solasaldi lasaia (tartean Loreto Larunbek eginiko perfil ederra) entzuteko aukera izango duzue. Bertan esaten du apunte honen izenburuan agertzen dena: obra da garrantzitsuena. Horregatik saiatuko da disko bat grabatzen 2008an. Ea egia den.
Iturri twitter-en