Harrikadak
patxi_lópez
Politikarien zalaparta 2.0
Patxi López-en 100 egunak ospatu asmoz eginiko twitterizketaren zalapartak isildu zirenean, Urkulluren apunte batek arnasa eman dio berriro gaiari.
Patxi López lehendakariaren 100 egunak direla eta ez direla, gaurko Berria egunkarian Urkulluren hitz hauek irakurri ondoren jatorrira jo dugu eta jeltzalearen blogean dagoen Enperadorearen 2.0 trajea izeneko apuntea leitu.
Gaizki idatzitako apuntea iruditu zait eta nire buruari galdegin diot ea zergatik idazten duten hain zabar inguruko hainbat lider politikok. Anasagasti estiloa gailendu al da ba? Burutik pasatzen den lehen gauza idatzi eta apenas irakurri gabe kargatu blogean? Patxi Lopezek, aldiz, ez du zabar idazten, baina bai dela planoa haren idazkera (zalantzak ditut ea berak idazten duen edo beste batzuk ari diren hor).
Harira. Urkullurenean atentzioa deitu dit ondorengo esaldi honek:
"Sobre su entrevista en Twitter, que fue seguida por sólo 47 personas en
este canal de comunicación y escenificada para las cadenas de TV".
47 jarraitzaile horiek (orain 43) 100dias erabiltzailearenak dira. Abuztuaren 14an korrika eta presaka sortutako erabiltzaile horren aktibitatea egun bakarrekoa izan zen, baina horrek ez du esan nahi 47 lagunek jarraitu zutela twitter-en Patxiren elkarrizketa, ez baitzen beharrezkoa erabiltzaile horren jarraitzaile egitea lehendakariaren agerpenaren berri izateko, ezta berari galderak helarazteko. Elkarrizketa ahoz eta zuzenean erantzun zuen Lópezek eta Lehendakaritzaren webgunean jarrita dago. Ezin erreparatu, beraz, datu horri ekimena baloratzeko (erreparatu gehiago #100dias hashtag-ak abuztuaren 14an izan zuen mugimendua).
Urkulluk aipatzen du ondoren José Antonio del Moral (Juan Antonio ez). Apunte gogorra idatzi zuen lehendakariaren propaganda 2.0 kritikatuz (parte hartzearen iruzurra). Eta ados nago zalaparta 2.0 izan zela soilik, besteak beste, twitter-en ez baitu mugimendu gehiegirik patxilopez erabiltzaileak (gehienetan, twitterfeed erabiliz blogean idatzitako apunteen loturak bidaltzen ditu); eta twitter beste modu batez erabili behar da twitterizketa egiteko; eta Real Player erabiltzea ez da hautu ona; eta gauzak gehiago lotu behar dira; eta abar...
Hala ere, gehien tristatu nauena da (Cybereuskadin, Urkulluren blogean edo Patxiloren webgunean) aldekoek eta kontrakoek erantzuterakoan erabiltzen duten tonu zakarrak edo goresleak. Erdi biderik egongo ez balitz bezala.
2.0 politika tokitan dago oraindik. Nik, eta beste askok, ulertzen dudan bezala, behintzat.
Amets prefabrikatuak
Atzo goizean hartu nuen Hertzainaken disko hau. Aurreko batean Jolausek "Aitormena"ri erreparatu zion. Nik kanta guztiekin osatu dut apuntea.
Amets prefabrikatuak
"Prefabrikatutako ametsetan / estadistikaren zeruan / borondatea itoa izan da / kontsumoaren ferian".
Akabo hilabete asko iraun duen hauteskunde kanpaina. Iluntzeko 20:01ean alderdiak gutaz ahaztu egin ziren. Bi ordu pasatxo eman zuten bakoitzaren boto-poltsari begira.
Ispiluaren aurrean
"Kristalaren bestaldera bi begiak iltzaturik / jada ezin dut konprenitu zein gaizki sentitzen naizen / Dena aldatu da erabat".
Noiz izango dira hurrengo hauteskundeak? EAEri dagokionez, ezetz aguantatu lau urte gobernuan udaberri honetan lehendakari izendatua denak.
Autokutsatzen
"Automata bat naiz, zarata belarritan / Ez dakit non nagoen baina berandu da".
Ibarretxeri etxera joateko garaia iritsi zaiola dirudi. Bere onerako izango da.
Era berean, EAJri ere komeni zaio Lakuatik urruntzea bolada batez. Hainbeste urte pasa dituzte gobernuan!
Aitormena
"Ez dira betiko garai onenak / Azken finean, gizaki hutsak gara / barearen ostean dator ekaitza / udaberri berririk ez guretzat".
Papeleta ederra du PatxiLok. Ez litzaidake gustatuko bere tokian egotea. Ez dut ezer espero berarengandik, baina gaur Jukeboxek ederki gogoratzen zuen bezala, horrela hartu zuen Donostiako alkatetza Odón Elorzak 1991n... eta bertan jubilatuko dela dirudi.
Gaizki pentsatzen
"Ez pentsa gaizki. / Gaizki pentsatzen hasi naiz betiko lez pentsatzen / zuek beti zaudela pentsatzen / gu beti garela gauza bera pentsatzen".
Demagun 25 eserleku lortzen dituela PSEk (EArekin du eserleku bat jokoan, baina partidu honek 8 boto ateratzen dizkio bakarrik eta atzerrian daudenen botoak kontatzeke daude oraindik). Ederki sufrituko du Lopezek PPkoen menpe geratzen bada. Zer esanik ez UPyDkoak bidaide badituzte.
Zuzen zuzen heriotzeraino
"Zuzen heriotzeraino / ez dago atzeko biderik / Argiak itzali egin dira / bukaera goxoa banoa".
Javier Madrazori norbaitek erakutsi beharko dio dimisioa hitza hiztegian bilatzen. Eta etxerako bidean jar dezala hain ondo ordaindu dugun Kepa Junkeraren lana. Unai Ziarretak egin duen bezala.
Tupeak gora
"Hauxe da ronkanroll jaia / hoixe eroa jaia / rokanrola dantza jaia / hoixe eroa".
Aralarri dagokionez, pena ez kentzea PPri Gipuzkoako azken eserlekua. Euforikoak daudela dirudi. Hori bai, ondo baino hobeto ikasi beharko lukete goiko bi alderdiek larrutik ordaindu duten lezioa: boterea ukitzeak, are gehiago alderdi handi baten arrimuan jartzeak, ondorio larriak izan ditzakeela.
Suaren gainean dantzan
"Etxetik alde egin eta giltza bota, ez nintzan itzuliko legepera / eskaintzen zidatena ez nuen nahi / lehenengo obeditu ta gero jai".
Ezker abertzale ortodoxoa erditik kentzen saiatzen badira ere, ur azpitik bizi-bizi ateratzen da beti. Baina, kontuz, gazte garaiak pasa dira jada.
564
"Hotz amaigabe bat baino latzago / ta urteak egun baino gehio / 564 ohe huts / samina zabaltzen".
Adi, boto biltzaileak! Abstentzioa ere gora doa.
Bi minutuero
"Hegoko itsasoraino tren bat doala pentsatzen / hasten baldin bazara / bi minutuero / herrimina".
Atzo ez nuen jarraitu hautesgaua telebistaz: irratia, hauteskundeak.teketen.com, twitter eta Sustatuk montatuko liveblogging-a izan nituen lagun.
Oharra: hauxe da Jolausek egin zuena Aitormena kantarekin.
Jainkoak gorde beza lehendakaria (eta bi)
Ibarretxeren kontsultari buruz Argia aldizkarira bidalitako lerro batzuk.
Duela hamabost egun deitu zidan Argiako Mikel Asurmendi kazetariak. Ibarretxeren kontsultaren inguruan galdezka. Ea nola ikusten nuen gai hau. 800 karaktere eman zizkidan. Gaur eguerdian ikusi dut paperean eta jadanik sarean dago: Bi trenen arteko talka jarri diote izenburutzat. Beste zazpi laguni ere eskatu diote iritzia.
Akats bat deskubritu dut: nik nioen Alberto Moyano batzuetan komentarista politikoa dela eta zuzentzaileak interpretatu du batzuetan nagoela ados Albertorekin. Bi esanahiak ondo daude, baina nik kasu honetan esan nahi nuen Moyano ez dela beti komentarista politiko.
Lerro hauek bidali ondoren, Imanol Murua Uriak pasa den sapatuan Berria egunkarian idatzitako analisi artikulua irakurri nuen. Hura irakurtzea gomendatzen dizuet. Talkaren neurria du izenburu.
Hona hemen nik idatzitako lau paragrafoak:
Inoiz baino urrunago sentitu dut Ibarretxek proposaturiko bi galderak direla-eta sortu den burrunba, gero eta gehiago baitut gustuko offean egotea.
1998ko urrian eginiko hauteskundeen ondoren lortu zuen Ibarretxek lehendakari izatea eta urte bereko irailean hildako Poch musikari donostiarrak egin zuen Dios salve al lendakari kantua, Negu Gorriak-ek euskaratu zuena gero, Jainkoak gorde beza lehendakaria.
Abesti hori jarri zuen blogean Eduardo Madina diputatu sozialistak bi galderak ezagutzera eman zirenean. Patxi López-ek, berriz, hautagaiaren rolean, balorazioa ipini zuen eta berau ez irakurtzea deliberatu nuen.
Azken finean, Alberto Moyano komentarista (batzuetan) politikoarekin nago ados. Hau da, bi trenen arteko talka datorrela, baina sorginarena dela bata, txu-txu trena dela bestea.
Mikel Iturria, blogaria
Ekainaren 20ko eguneratzea: 16:30. "Gibraltar Euskadi da" zioen Poch-ek.
Tonua zaindu behar da
Adegin ere e-maila erabiltzen dute langileei esateko idazkari nagusia botako dutela. Politikarien debateak, berriz, 90. hamarkadakoak dira Espainiako Erreinuan. Eta Anasagasti haserre blogari onenaren saria lortu ez duelako.
Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkartean ere moduak aldatu direla dirudi. Jende gaztea dator atzetik elkartea hainbat urtez gobernatu duten Ruiz Urchegui eta konpainiaren kalterako. Noticias de Gipuzkoa periodikoan asteartean azaldutako albisteari erreparatuz gero, Eduardo Zubiaurre presidenteak kendu ditu kargutik Ruiz Urchegui eta Arturo García. Aldez aurretik ezer esan gabe, bitxia suertatu da lehendakariak nola jakinarazi dion erakundeari kargu gabetzea: langile guztiei bidalitako e-mail baten bidez. Eta orain komeriak, orain aztertu behar omen dute ea presidentea gai ote den halako erabakia hartzeko edo eskuduntza hori ez ote dagoen komite exekutiboaren esku.
Berdin-berdin jarraitzen duena Espainiako politika da. Bi indar nagusietako hautagaien arteko sasi-debateak laurogeita hamargarren urteetako kutsua zuen, hasi aurkezlearekin, segitu estetikarekin eta bukatu zurruntasunarekin. Ez zen 2.0 izan eta debatea ikusi genuenon kopurua ere joan den hamarkadakoa dirudi: 13 milioi pertsona.Eta bere horretan jarraitzen duena Anasagasti jauna da. Argia.com webgunean irakurri diogu Jon Torneri Las Ideas guneak Espainiako politikari baten blog onena aukeratzeko lehiaketa antolatu zuela. Hiru blogari iritsi ziren finalera: bi euskaldun (Patxi López eta Anasagasti) eta Extremadurako lehendakaria (ez Ibarra, Guillermo Fernández Vara baizik). Irabazlea azken hau izan da eta Anasagasti kabreatu dela dirudi. EAJkoa izango ez balitz, bera izango litzatekeela garailea zioen pasa den astean blogean. Eta Extremadurako presidenteak erantzun egin dio.
Garai batean jarraitzen nuen politikari jeltzalearen bloga, baina ohitura hori baztertu behar izan nuen ezin nuelako jasan bera denen gainetik ibili beharra. Umilagoa izan beharko luke Anasagastik. Kasu egin beharko lieke apunte honetan Julen Iturbek enpresei egiten die aholkuei.