Harrikadak
oporrak
Egun batzuk Madrilen
Aspaldiko partez.
Asfaltoa behar nuen. Hiri handi batean murgildu eta, Madrilera joateko aukera sortu zenez, bertan pasa dugu urteko lehen astea. Gustura, gainera.
Igande goiza Rastrora joateko aprobetxatu genuen, baina jendetza zegoen eta inguruan ibili ginen (La Latina, Lavapies). Arratsaldean Beaumarchais ikusteko asmoa genuen, Teatro Españolen, baina ezinezkoa izan zen eta Teatro Maravillas-era hurbildu ginen Tócala otra vez, Sam ikustera (antzezlan komertziala, baina ondo egindakoa). Aretoa lepo beteta.
Astelehen goiza La Casa Encendida eta Museo Reina Sofía ikusteko aprobetxatu genuen (izugarria da Guernica bertatik bertara berriro ikustea). Gero, The King´s speech ikusi genuen JBAn. Badirudi zer esana emango duela Oscarren karreran. Lan bikaina egin dute Colin Firth eta Geoffrey Rush aktoreek. Euskal Etxean ikusi genuen Realaren partida kaskarra Zaragozaren aurka (lehen zatia soilik).
Astearte arratsaldean lagunekin geratu ginen Leo Bassik Tabacalera eraikinean jarritako El belén de Lavapiés ikusteko. Tabakoetxe erraldoia zentro auto-gestionatua da eta makina bat gauza daude bertan. Adibidez, Santi Ochoaren erakusketa. Hara Luis Tránsitok atera eta bere blogean jarritako irudi bat. Bigarrena nirea da.
Asteazken arratsaldean Mao´s last dancer ikustera joan ginen, baina pelikula eskasa suertatu zitzaigun. Ze txarrak diren txinatarrak eta ze onak garen estatubatuarrak da ildo nagusia.
Ostegunean Matadero gunera joan ginen. Eraikinari dagokionez, horrelako zerbait egin zitekeen Donostiako Tabakalerarekin, oraingo esentzia manten dezan. Amen.
Ostiral iluntzean titulu iradokitzailea zuen antzezlana tokatu zitzaigun Cuarta Pared aretoan: La ventana de Chigrinsky. Estreinaldi zen, gainera, eta aretoa lepo (Egiako Gazteszenaren tankera du). Obra ez da borobila, baina ahal baduzue, zoazte ikustera: bost pertsonaia bakardadetik ihes, tartean Bartzelona futbol taldean denboraldi bakarra egin zuen Dmytro Chygrynskiy (bakoitzak nahi duen eran idazten al du gizon honen izena?).
Kaleetan barna ibili gara, kañak eta tapak hartu ditugu, uste baino bandera español gutxiago ikusi dugu, etab., etab.
Larunbatean, etxera buelta. Eta gaur, astelehena, lanera. Ea ba.
Asfalto madrileño, este apunte en castellano.
Hala, Mariano
Ez, ez da Raxoi.
Igandean, Espainiako Itzuliko etapa komentatzen zuen bitartean, Perico Delgadori ikusle batek galdetu zion nola motibatzen zen txirrindulari gisa. Delgadok erantzun zuen barrutik ateratzen zituela indarrak, gutxi gorabehera. Dena den, bere garaian ba omen zegoen txirrindulari bat, Mariano Sánchez, ozenki animatzen zuena bere burua: "Hala, Mariano" eta horrelakoak botatzen omen zituen pelotoian zihoala.
Barregarria da anekdota eta, batez ere, 80. hamarraldian txirrindularitza karrera egin zuen ziklista honen adibideak balio dit gaurko egunez ohetik altxatu, gosaldu, prestatu eta lanera joateko.
Udako oporren ostean, gaur, ozenki, "Hala, Iturri" esan beharko diot nire buruari.
Udako oporrak
Bai, azkenean iritsi dira.
Datozen hiru asteetan blog hau ere blogariaren modura egongo da: oporretan. Ez naiz saretik erabat kanpo ibiliko, twitter-en (@iturri) batez ere arituko bainaiz, baina gustatuko litzaidake urtean zehar baino dezente gutxiago aritzea.
Bueltan elkar ikusiko dugulakoan...
Amaitu da Erromako oporraldia
Astebete pasatxo etxetik kanpo eta bihar lanera.
Azkenetako mezuren batean aipatzen nuen oporrak hartu eta Erromara gindoazela apirilaren hasieran. Hilaren 2an hartu genuen abioia Hondarribian Madrilera joateko. Handik Fiumicinora. Booking.com zerbitzua erabiliz, ostatu hartu genuen Hotel Brasile izenekoan. Ez dago txarto. Terminiko tren geltokitik eta Piazza Reppublicatik hamar minutura dago, gosaltzeko ugari eta ohe ederra genuen. Garesti samar, hori bai, baina Aste Santuaren atarian Erroman ostatu hartzea ez da merkea.
Aipatu dut ederra zela ohea. Probatu genuen, bai. Apirilaren 6ko gauean lurrikara egon zen L´Aquila herrian. Goizaldean esnatu egin gintuen ohearen mugimenduak, norbait gu kulunkatzen ahalegindu izan balitz bezala, eta armairuko pertxen hotsak (kasu honetan, haizeak mugitu izan balitu bezala).
Seko lo geratu ginen berriro eta hurrengo egunean etxeko deiek eta SMSen bidez jakin genuen zer gertatu zen. Vaticanoan nengoen lehen SMSa jaso nuenean eta lehenengo deia Piazza Spagnatik erantzun genuen. Harritu naiz nolatan gaur egunean ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraitzeko abildade landua dugun. Segi diru makinari eraginez.
Gidari lokalak izan ditugu (hemengo lagun bat eta Italiako hiriburuan bizi den bere andregaia) eta horrek aukera asko ematen ditu hiria hobeto ezagutzeko. Asko gustatu zait Erroma: tamaina aproposekoa oinez ibiltzeko alde batetik bestera.
Ostiralean etxera etorri aurretik, azken bi egunak Viterbon pasa ditugu, B&B Dei Papin, bed & breakfast polit askoan. Herria Erdi Aroan Aita Santuen oporgune izandakoa da eta ardo onak edan ditugu hango pare bat tokitan. Jan ere ederki jan dugu.
Argazkiak flickr-eko nire kontura igotzeko komeriak ditut, baina batzuk igo ditut behintzat. Apaiz sotanadun gutxi ikusi ditugu, baina harrobi hori ez da agortzen. Berdin korte kontserbadorea duten Espainiako neska-mutil gazteen harrobia ere. Etxetik uniformearekin ateratzen direla dirudi.
Ah! Apirilaren 4an CGIL sindikatu italiarrak manifestazio nazionala antolatu zuen Erroman krisiaren kontra. Eta guri hotelean ahaztu argazki kamera. Jendetsua, koloretsua, zaratatsua izan zen martxa.
Aurkitu dut bideo bat Interneten apirilaren 4ko manifestazioaren ideia bat egiteko:
Hamar egun Mallorcan
Oporretatik bueltan.
Lerro hauek oporretara joan aurretik idatziak daude, maiatzaren 1ean. Dena ondo joanez gero, gaur egingo dugu buelta Mallorcatik (Punta Amer Hotela). Bihar arropak garbitu eta beste gauza batzuk txukundu eta astelehenean beharrera.
Astelehenetik
aurrera Literaktum
08 jaialdiari erreparatu beharko diogu, maiatzaren 8an hasitako Poltsiko Antzerkiari, Gazteszena
10 urte, prentsa-oharrak, hileko folletoak, etab… Azken bi hilabeteetako lanean nire errutina bihurtu denari, finean. Espero dut bateria ondo kargatuta ekartzea. Bestela, nitaz erruki, lankideok.
Ah! Eta 18an Bilbon World café.


