Harrikadak
ondarroa
Mundu honetan ere bada jende ona
Atzo bertan. Hemen bertan.
Gaueko 20:30ak paseak ziren. Larunbata da. Ondarrutik Donostiara gatoz autoz, Realak Valentziaren kontrako partida Anoetan ikusteko nahikoa denboraz.
Meagaseko tunelaren parean, Zarauzko ordainlekutik laupabost kilometrora, soinu arraro bat sumatzen dut. Tuneletik irten eta orduan konturatzen naiz, itxura guztien arabera, zarata hori gurpil baten zulatuak eragiten duela. Autoa bide ertzean utzi ondoren, atzealdeko ezkerreko erruedak haizerik ez duela konturatzen naiz.
Triangeluak eta argi intermitenteak jarrita, matxuratutako autoaren berri eman nahi diet gainerako gidariei. Telefonoa hartu eta aseguruari hots egiten diot. Ondoren, auto barruan sartzen naiz. Gruistak deitzen dit telefonoz esateko bera jarriko dela autopistakoarekin harremanetan, autoa behar den bezala seinaleztatzeko. Anaiak, telefonoz, dio hobe dela autotik kanpo egotea.
Kristoren hotza dago, baina arrazoia dutela iruditzen zaigu eta kotxeko berotasuna uzten dugu. 15-20 bat minutu egiten ditugu kanpoan zain, autopistako asistentzia etorri arte.
Ondoren, aseguruak bidalitako garabia dator. Di-da jasotzen du kotxea, bertatik ahalik eta azkarren atera behar delako. Gainera, nahi izanez gero, berehala zulatua konponduko didan Azpeitiko garaje batera eramateko eskaintzen du bere burua. Zalantzazko segundo batzuen ondoren, irtenbide egokiena hori dela konturatzen gara eta horrela jokatzen dugu.
Ez nago ziur zein ordutan iritsi ginen Azpeitiko tailerrera, baina di-da konpondu ziguten gurpila (20 euro kobratu zizkiguten) eta gaueko 23:00ak baino lehen etxean geunden, gasolina depositua ondo beteta gaur goizean Bilbora joateko. Izan ere, gaur goizean lagun batzuk Orientalore Etxea ikusten izan baikara.
Eta hau guztia kontatzen dut, zeren betiko jende maltzurraz gain, munduan bada aski jende ona ere. Kasu honetan, gainera, profesionala ere badena.
Bejondeizuela!
Donostian, 2010eko abenduaren 19an.
También hay buena gente en este mundo, este apunte en castellano
Beste gu
Alakrana ontzian bahituta daudenak, etxera. Ados. Baina komeni da ere ur haietan gertatzen ari dena beste begi batzuekin begiratzea.
Esan bezala, Alakrana ontzikoak aske ikusi nahi ditut berandu baino lehen. Horregatik, besarkada bat bidali nahi diet hemendik beren senide, lagun eta bizilagunei.
Baina, gauza batzuk esan nahi ditut arazo honen aurrean.
Aste honetan Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak Teodoro Akarregi ondarrutarra elkarrizketatu du: Marea luzea piraten esku. Alakrana ontziaren aurretik Alakran baforan ibilitakoa da Teodoro eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu hango kontuak.
Gehienok bezala, lehenengo eta behin arrantzaleak ekarri behar direla pentsatzen du Akarregik. "Ordaindu eta ekarri egin behar dira". Gero, "txalupak portuan eduki behar badira arazoak konpondu arte, eduki egin beharko dira". Ez ditu armak gustuko eta konpondu baino egoera zailduko dutela uste du. "Nik ez dut ikusten irtenbide modura. Horrela ere berdin-berdin doa galtzeko. Alakrana bahitu zutenak hamaika ziren, baina hurrengo erasotu zutenak bi txalupa izan ziren. Bakoitzean hamar joanda, 20 dira. Ontzi batean lau militar sartuta ere, eurak gehiago". Barrura begira ere ez omen da ona: "Gabon Eguna, Gabon Zahar Eguna... horiek txarrak izaten dira itsasoan. Sarritan egoten dira auskak, eta barruan armak eroanda, batek jakin zer pasa daitekeen (...) Armarik ez da behar itsasoan, beste edozein beharretan erabiltzen ez diren moduan, itsasoan ere ez".
Bizitza latza, bai, "gure arrantzaleena". Kakotx artean jartzen dut, ez bata ez bestea ez zaizkidalako gustatzen. Gure? Nongoak gara gu? Arrantzaleak? Greenpeace erakundeak aurpegia atera zien bere garaian Hondarribian kañabera erabiliz atuna-eta arrantzatzen zutenei, baina Indiako Ozeanoan dabiltzan ontzi hauek aurretik jartzen zaien gauza oro harrapatu eta sareratzen dute.
Ez pentsa inguruan ez dudala inor arrantzatik bizi denik eta, beraz, urrutiko kontuak aipatzen ari naizela. Adibidez, senide bat daukat ia hogeitabost urte daramatzana Venezuela eta Panamako uretan arrantzan. Laurogeigarren hamarkadan bertara joan zenean, dolarretan kobratzen zuen eta asko irabazten zuen pezetarekiko aldea nabarmena zelako. Orain, berriz, askoz ere denbora gehiago pasatzen du itsasoan eta gutxiago irabazten du dolarrak euroarekiko asko galdu duelako.
Bukatu aurretik, beste kontu bat ere aipatu nahi dut. Picapiedraren blogean ikusi dut Diagonal periodikoaren webgunean duela egun batzuk jarritako bideo bat. Kazetari batek eginiko erreportaje laburra da, lau minutu pasatxokoa. Merezi du ikustea. “Gure ikuspegiaren” beste aldea.
Zorionez, badirudi, Alakranako tripulazioa askatzeko akordioa gertu dagoela.
Hasta Calcuta, este apunte en castellano.
Kanti peaten
Duela sei bat aste ateratako argazki batzuk igo ditut flickr-era. Gipuzkoar koadrila baten despedida Ondarroako kaleetan barna.
Gaur arratsaldean argazki makinan nituen irudiak deskargatzen ibili naiz. Ekainaren azken larunbatean Zapato Azule ospatzen da Ondarroan. Egun horretan bertan gipuzkoar koadrila batek despedida egin zien hiru laguni. Hamarren bat argazki atera nituen, baina ez ditut denak igo flickr-era, koadrila kideak nabarmen ez uztearren.
Egunen batean ni horrela ikusiz gero kalean zehar, eman toke bat. Niri edo inguruko norbaiti. Arren.
Kanti peaten esaten zaio honi Ondarrun.




