Harrikadak
odón_elorza
Loretopetik (XXVII) Kontuak argi eta garbi, faborez
Politika 2.0 edo 0.2, berdin du: informazioa bai, propagandarik ez.
Irutxuloko Hitzan 2008ko azaroaren 19an argitaratutakoa, Loretopetik atalean.
Gasteizko Parlamentuan iraileko bigarren aste bukaeran Politika 2.0 jardunaldietan herritar blogariak eta politikari blogariak bildu ziren, batez ere. Ni ez nintzen bertan egon, baina nahi duenak topatuko du sarean Politika 2.0 honen arrastoa.
Badakizue azken bolada honetan dena dela 2.0 (bi puntu zero). Politikarekin ari dira orain, Obamak markatutako bideari jarraikiz. Uxue Apaolazak zioen, penatuta, amaitu dela fikzioa eta berriro errealitatea gailenduko dela AEBetako hauteskundeen ondoren.
Euskal politikariak lehendik ibiltzen ziren Interneten, eta ikusiko dugu zer egiteko gai diren. Euskal Herria osoan ez, baina Euskadin (EAEn) ere hauteskundeak izango baititugu martxoan. Jada une barregarria bizitzeko parada eskaini digu, Donostian bertan, Basagoitiren pop politikak: inoiz egon gabea naiz jendea horrela mugitzen den pop kontzertu batean.
Estatu Batuetan sei hilabete pasa zituen lagun batek bueltan esandakoa dut buruan itsatsita azken aste hauetan. Lagunak kontatu zidan Utah-ko gobernadorea (Utah-koa zela uste dut) Txinara joan zela udaberrian. Bertako prentsak argitaratu omen zuen bisita horretan gobernadoreak gastatu zuena, xehetasun osoz. Era berean, gobernadoreak besapean ekarri zituen kontratuak ere zerrendatu ei zituen. Gauzak horrela, erraza zen batuketak eta kenketak egitea. Kasu honetan, bisita defizitarioa izan zen eta horrela agertu zen iritzi publikoaren aurrean.
Balorazio kuantitatiboa ez da egin beharreko ebaluaketa bakarra, baina eskertzekoak lirateke antzeko adibideak hemen. Horregatik, gustura irakurri nuen urrian hemengo periodiko batean hamalau lagunez osaturiko Gasteizko udal delegazioa joatekoa zela Japoniara kultur eraikinak ikustera. Ez dut bisitaren kostua zehatz-mehatz gogoratzen, baina 50.000 eurotik gorakoa zen.
Eusko Jaurlaritzako goi karguak ere ibiltzen dira jotafuego munduan zehar. Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketan, Joku Paralinpikoetan hamabost egun baino gehiago pasako zituztela Beijingen aipatu zuen Jaurlaritzako ordezkaritzaren buruak irailaren hasieran. Ondo da Joku horietan egotea, baita Joku Olinpikoetan ere, baina hainbeste denbora pasa behar da atzerrian?
Krisia ate joka dagoen garai honetan, Donostiako zenbait politikarik, alkatea buru, soldata % 3 murriztuko dutela iragarri berri dute. Lau haizetara zabaldu da jada albistea, baina sindikatuak agertu dira esanaz gauzak ez direla hain sinpleak. ERNEk, adibidez, salatu du alkateak erabiliko duen auto berri garestia garaje batean dagoela hautsa pilatzen, aurkezteko une egokiaren zain.
Bi puntu zero edo zero puntu bi, lagunok, berdin du: izan gaitezen zorrotzak.
Donostia 2016 pentsatzeko garaia
Astelehen eta asteartean 2016ko Kulturaren Europar Hiriburu izateko Donostiak aurkeztu duen hautagaitzari buruzko jardunaldiak egongo dira Victoria Eugenia Antzokian. Aurtengo aurrekontuaren 26 milioi ez gastatzeko erabakiaren berri eman zuen alkateak atzo. Krisia?
Gehienok jakingo duzuen bezala Donostiak 2016ko Kulturaren Europar Hiriburu izateko hautagaitza aurkeztu zuen pasa den udaberrian eginiko ekitaldi batean.
Astelehenean eta asteartean, irailaren 29an eta 30ean, 2016rako Donostiaren Hautagaitzari buruzko Lehen Jardunaldiak egingo dira Victoria Eugenia Antzokian. Antolakuntzak dioenez, "lau txosten eta hamabi komunikazio aurkeztuko dira, hautagaitzaren kultura-proiektuak izan ditzakeen edukiez ideia-jasa egin ahal izateko". Txostengileak Santiago Eraso, Josep Ramoneda, Daniel Innerarity eta Kepa Korta izango dira. Komunikazioak, berriz, ondorengo hauek egingo dituzte: Luisa Etxenike, Lourdes Fernández, Joxean Muñoz, Lourdes Oñederra, José Luis de la Cuesta, etab. Informazio gehiago Donostia 2016 hautagaitzaren webgunean.
Victoria Eugenia Antzokira hurbiltzerik ez dutenek, Casares Irratiaren bidez jarrai ditzakete topaketak. Irratia 107.4 FM frekuentzian entzun daiteke Donostialdean, baita Internet bidez ere.
2006ko maiatzean, Donostiako Kultur Proiektuei buruzko Topaketak egin ziren San Telmo Museoan. Topaketei buruzko loturaren gainean klik eginez gero, egun haietako nire apunteak dituzue. Astelehenean eta asteartean, berriz, ez dut joateko asmorik. Beste eginbeharrak izango ditudalako (aitaren zentro aldaketa, besteak beste). Ea norbaitek apunteak hartu eta denon eskuragai jartzen dituen sarean.
Santanderreko lagun batek esan zidan aurreko batean, Kantabriako hiriburuak ere aurkeztuko duela hautagaitza. Lagunak zioen Botín familiaren babesa izango duela. Eta Polancotarrak ere hortxe ibiliko dira.
Okerrena krisi ekonomiko latzak harrapatuko dituela urte hauek bete-betean. Atzoko Irutxuloko Hitzan irakurri nuen aurtengo aurrekontuan gastatzeko zeuden 26 milioi euro ez gastatzea erabaki duela alkateak, Odón Elorzak.
Zinemaldiarekin batera, glamourrak agur esango duela dirudi gaur bertan. Eta txin-txin hotsa ere dezente jaitsiko da. Jaun-andereak, gerrikoak ondo lotu.
Donostia 2016, hautagaitzaren aurkezpena
Olinpiadak? Ez. Europako Kulturaren Hiriburu izateko kanpainaren aurkezpena egin zen ostiral iluntzean Victoria Eugenian.
Gipuzkoako bi periodikoetan dituzue kronikak; bata, Mitxel Ezquiaga jaunarena; bestea, Itxaso Millan anderearena.
Bertan irakurriko duzue Chillidatarrek eginiko logoa duela Donostia 2016 edo San Sebastián 2016 hautagaitzak, Odón Elorzak hitz egin zuela euskaraz eta gazteleraz, Donostiako Orfeioa aritu zela kantuan, Luisa Etxenikek irakurri zuela testu bat gazteleraz, Harkaitz Canok beste bat euskaraz, Markel Olano elebitan aritu zela, Morgan Creativos ekoiztetxeak egin duela bideoa. Eta abar.
Nik, berriz, Harkaitz Canok irakurritako testuarekin utziko zaituztet. Asko gustatu zitzaidalako. Bereak dira egile eskubideak, beraz.
Buruko antzokia
Gustatzen zait antzokiaren ideia. Litekeena da aldian-aldian ikusten dugun antzezlana gustuko ez izatea, aktoreak nahikoa onak ez direla edo antzezlana eskasa dela iriztea. Orduan distraitu egiten gara, ondoan daukagunarekin xuxurlaka hizketan hasten gara, lokartutako zango txinurrituei zaplaka. Antzokiko gure besaulkian eserita gaudela, gertatu ohi da inguruan norbait ziplo lo geratu izana ere, zurrungaka, edota sillako besoan duen ukondoak gu gogaitzea. Munduaren lagina da antzokia. Teatroek badute burezurren antza: bi hemisferio dituzte, publikoari dagokiona bata, eszenatokia bestea. Batak bestea elikatu ezean, ordea, ez dago antzokirik batere, ez dago bururik batere. Bi hemisferio horien tamaina ere aldatu egin da denborarekin: eszenatokia eta butaken patioa ez dira gaur hain garbi bereizten, bietan handiena eta aktiboena zein den ez dakigu ziur. Denok aktore bihurtu ote gara, honenbestez?
Antzoki iluna da gure burua ere, kobazulo bat. Ez gara bakarra hor barruan, jende asko baizik. Batzuek sentitzen duten bitartean, besteek pentsatu egiten dute, eta alderantziz. Hor dago oroitzapenen korua. Denok dugu buruan apuntadore bana, testua ahazten zaigunerako, denok dugu zentsorea, saboteatzailea, edota tramoista taldea, teloien edota beloen sokak menperatzen dituena, geure burua noiz agertu eta noiz ezkutatu erabakitzen duena; batzuetan ezustean teloia altxatu eta jendearen aurrean ustekabean biluzik agertzea ere suertatzen zaigun arren... Asko gara buru bakarraren barruan eta ona da elkarren berri izatea. Osterantzean, teatro hutsa garezur mortu bilakatzen da: "Izan edo ez izan?"; "Ez izan".
Asko hitz egiten da aurrerabideaz, baina gutxi albora egiteak dituen abantailez. Eta kulturaren funtzioa, beharbada, alboan dago eta ez aurrean: ez litzateke txarra noizean behin, xakeko zaldia bezala, aldi berean aurrera eta albo batera mugitzeko gaitasuna izatea. Eta batzuetan, aurrera baino gehiago albo batera, izkinara, ertzera (baina ez zokora). Axedrezeko zaldiaren gaitasuna eman behar liguke kulturak.
Zer da baina, askotan ahoa betetzen digun delako kultura hori? Kaosa argiago ikusteko gaitasuna? Plazera besterik ez, plazererako bidea erraztu eta plazera ematen duena? Gure destinoaren kodea deskodetzeko era bat? Sineskeria estetikoak? Agian arrazoi zuen Roberto Bolañok, eta kultura flotadore bat besterik ez da. Ez da hain gutxi ere.
30.000 edo 50.000 gen inguru ditu gure ADNak. Gen bakoitza informazio unitate bat dela kontutan hartuta, ez gintuzke harritu behar kopuru hori -gutxi asko- gure hizkuntzako hitzen kopuruarekin bat etortzeak. Gure buruan ditugun hitzen kopuruarekin bat etortzeak. Kanpoa barruan dago eta barrua kanpoan. Kultura gu gara, batzuetan enteratzen ez garen arren: ogia erosi eta diskoak trukatzea, pianoa jo eta lagunaren garagardoa ordaintzeagatik lehiatzea, telefonorik ez zen garaiko literaturaz mintzatzea telefonoz, filmetako protagonisten ahotik ikasitako esaldiak txantxetan edo serio elkarri esatea; eta, batez ere, gabardina gure aulkian ahaztuta utzi dugun aitzakiarekin antzokitik azkar-azkar atera ondoren antzokira itzultzea atzera, jendearekin igurtziz eta estropezu eginez, estropezu eginez eta igurtziz, horrela besteek zer dioten entzuteko, korrontearen kontra doan izokina bezala mugituz butaketako jendearen artean, edo are hobeto, aurrerantz eta alborantz mugituz, xakeko zaldia bezala, norbere buruan, denon antzokian, gure hirian.