Harrikadak
negu_gorriak
Hauteskunde sindikalak
Hilabete honetan gure enpresan.
Uste dut 1993. urtearen bueltan sindikatu nintzela. Dena esan behar bada ere, ez oso konbentzitua. Gaur arte, afiliatu soila izan naiz.
Urriaren 25ean hauteskundeak ditugu enpresan eta, sindikatuan jende berria dagoenez, lista berritu baten parte izateko gonbitea jaso nuen. Zalantzak alde batera utzi ondoren, baiezkoa eman nuen.
Gaur, ostirala, izan dugu hautagaitza osatzen dugunon bilera. Ez dakigu zer nolako emaitzak lortuko ditugun, baina jendearen partehartzea nahitaezkoa dela uste dugu aurrera egitearren.
Urteak pasatu ditugu gure atea zaintzen zuen atezaina aldatu gabe eta, ez bere erruz bakarrik, gol piloa jaso du gure taldeak. Enpresak abantaila darama, baina gure esku dago egoera horri buelta ematea.
Esan bezala, hilaren 25ean dira hauteskundeak. Egoerari buelta ematea nahi baduzu, segi botoa ematera. Berdin du nori, baina segi botoa ematera.
Hona hemen The Redskins taldearen Unionize kanta. Negu Gorriak-ek egin zuen euskarazko bertsioa, baina ez dut sarean topatu (oharra: Spotifyn bai, Unionize). Hona hemen Sindikatu abestiaren letra euskaraz eta gaztelaniaz.
Elecciones sindicales, este apunte en castellano.
Jainkoak gorde beza lehendakaria (eta bi)
Ibarretxeren kontsultari buruz Argia aldizkarira bidalitako lerro batzuk.
Duela hamabost egun deitu zidan Argiako Mikel Asurmendi kazetariak. Ibarretxeren kontsultaren inguruan galdezka. Ea nola ikusten nuen gai hau. 800 karaktere eman zizkidan. Gaur eguerdian ikusi dut paperean eta jadanik sarean dago: Bi trenen arteko talka jarri diote izenburutzat. Beste zazpi laguni ere eskatu diote iritzia.
Akats bat deskubritu dut: nik nioen Alberto Moyano batzuetan komentarista politikoa dela eta zuzentzaileak interpretatu du batzuetan nagoela ados Albertorekin. Bi esanahiak ondo daude, baina nik kasu honetan esan nahi nuen Moyano ez dela beti komentarista politiko.
Lerro hauek bidali ondoren, Imanol Murua Uriak pasa den sapatuan Berria egunkarian idatzitako analisi artikulua irakurri nuen. Hura irakurtzea gomendatzen dizuet. Talkaren neurria du izenburu.
Hona hemen nik idatzitako lau paragrafoak:
Inoiz baino urrunago sentitu dut Ibarretxek proposaturiko bi galderak direla-eta sortu den burrunba, gero eta gehiago baitut gustuko offean egotea.
1998ko urrian eginiko hauteskundeen ondoren lortu zuen Ibarretxek lehendakari izatea eta urte bereko irailean hildako Poch musikari donostiarrak egin zuen Dios salve al lendakari kantua, Negu Gorriak-ek euskaratu zuena gero, Jainkoak gorde beza lehendakaria.
Abesti hori jarri zuen blogean Eduardo Madina diputatu sozialistak bi galderak ezagutzera eman zirenean. Patxi López-ek, berriz, hautagaiaren rolean, balorazioa ipini zuen eta berau ez irakurtzea deliberatu nuen.
Azken finean, Alberto Moyano komentarista (batzuetan) politikoarekin nago ados. Hau da, bi trenen arteko talka datorrela, baina sorginarena dela bata, txu-txu trena dela bestea.
Mikel Iturria, blogaria
Ekainaren 20ko eguneratzea: 16:30. "Gibraltar Euskadi da" zioen Poch-ek.