Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak musika

Harrikadak

musika

Jon Iraundegiren begi puntuaren xedea

Argazkilari irundarraren "Euskal Rockaren ikus puntu bat" liburua argitaratu du Banizu Nizuke Elkarteak.

Klik eta klik eginez egoten dira hainbat lagun Euskal Herriko musika aretoetan. Dozenaka argazki ateratzen dituzte eta pieza solteak bakarrik ikusten ditugu gero. Begi puntuaren xedea beti baitago prest, baina ez da hain erraza harrapakina erortzea.

Horietako bat da Jon Iraundegi. Ostegun honetan, aspaldiko partez, egin nuen topo berarekin Berri Txarrak taldeak Hondarribiko Psilocybe aretoan eman zuen kontzertuan.

berri txarrak

 

Banekien gau hartan bertan, edo hurrengo egunean, kontzertu horri buruzko argazkiak jarriko zituela ikusgai Jon Iraundegik. Hona hemen Gorka Urbizu abeslaria, belauniko, gitarra jotzen.

Klik egileen klubeko Foteropanico-rengatik jakin nuen duela gutxi argazki liburua argitaratua zuela 2011 bukaeran Iraundegik. Banizu Nizuke Elkartearen eskutik publikatu du Euskal rockaren ikus puntu bat. Kontzertuetako ehiztarien bilduma bat osatu nahi dutela aipatzen zuten Berrian Lander Muñagorrik sinatutako artikuluan. 12 euro balio ditu liburuak eta nik Irungo Elkar dendan erosi dut, baina badakit Donostian Beltza Records-en edota Banizu Nizuke-ren webgunean eskuragai dagoela.

Idazmakinaren tipografia dute lagun 80. eta 90. hamarkadetako irudiak osatzen dituzten atariko testuek. Argitaletxekoek beraiek eginiko sarreraz gain, Fermin Muguruzak laudoriozko hitzak eskaintzen dizkio Joni.

Pop-arekin hasten bada ere, gero punka da nagusi: Itoiz, Ruper Ordorika, Ángeles del Infierno, Zarama, Barricada, Kortatu, Delirium Tremens, Baldin Bada....

Xabier Montoia ere agertzen da, M-ak taldeko abeslari zeneko garaian ateratako erretratuak. Ostiralean Lugaritz Kultur Etxean egon zen Montoiaren mundu miresgarria laneko kantak aurkezten Maite Arroitajauregi (Mursego) eta Ibon Rodriguez musikarien laguntzaz. Publikoaren arreta lortu zuen behintzat Montoiak eta aski gustura ikusi genuen emanaldia. Dena oso sotila da, biluzia. Montoiak ez du ondo kantatzen, ez du ondo dantzatzen, baina haren kantuak ttak jotzen dizu.

"Galbide ederra" kanta grabatu nuen telefono berriarekin. Ea zer iruditzen zaizuen.

El punto de mira de Jon Iraundegi, este apunte en castellano.

Gora mugalariak!

Ruperren Mugalaris. Muga (digitalaz) bestaldeko Anderren laguna. Mugako gau-lana: kontrabandoa.

Ruper Ordorikarena izan da urteko azken kontzertua. Duela hilabete batzuk berritutako Mugalaris taldearekin igo zen abenduaren 29an oñatiarra Victoria Eugeniako taula gainera. Antzokia lepo eta Ruperrek Hodeien azpian diskoa jo zuen, rupertorioko kantu klasikoak makulu gisa erabiliz. Ia bi orduko emanaldia, batzuentzat hotza, baina nik uste dut hori Victoria Eugeniako solemnitateari eta euskal publikoaren jarrerari egotzi behar zaiola.

Ruper, banda barne, ederto egon zen eta bere musikak nigan duen ebokaziorako joera dela medio, ostiral goizean Ander Izagirreren muga digitalaz bestaldeko lagunarekin gogoratu nintzen.

Anderrek kontatzen zuen aurreko batean mail bat idatzi ziola behin muga digitalaz bestaldeko lagun bati eta hura inprimatu eta korreo tradizionalaz, postaz, helarazi ziola. Amu moduan ere Mi amigo del otro lado apuntea idatzi zuen, baina hobe duzue istorioa haren blogean irakurtzea.

90. hamarkadaren erdialdean-edo, ordenagailua nuen etxean, baina ez Internet konexiorik. Lagun batzuk denboraldiak pasatzea joan ziren atzerrira: Estatu Batuetara, Ingalaterrara, Alemaniara... Garai hartan bidaltzen nituen gutunak Word Perfect erabiliz idazten nituen etxeko ordenagailuan, inprimatu eta postaz bidaltzen nien. Ez da gauza bera, baina tira.

Mugarekin jarraitzeko Rosa Arburua beratarraren Gau lana liburua argitaratu du Alberdaniak udazken honetan. Kontrabandoa eta estraperloa Bidasoaldean ditu hizpide Arburuak. Badaude istorio on batzuk, baina oso gordinki azalduta dago dena.

Istorio on horien artean dago 1960. hamarkadan etorkin portugesak nola eraman zituzten Portugaletik Frantziara. Sarea nola zegoen antolatua kontatzen digu Arburuak eta nola kobratzen zuten egindako lana. Etorkinaren argazki bat bitan zatitzen zen. Zati bat herrian gelditzen zen eta bestea etorkinak berak eramaten zuen soinean. Helmugara iristerakoan, erretratuaren bigarren zatia lana amaitzen zuenari ematen zion emigratzaileak eta poliki-poliki, migrazio-katea erabiliz, jaisten zen haren jatorrira. Herrian bertan lehen zatia zuenak, bigarrena jasotzerakoan, pagatu egiten zuen bidaia.

Ruper izan da abiapuntu eta berarekin bukatuko dut. Euskal herritar asko joan ziren atzerrira pasa den mendearen hasieran. Horietako batzuk Hego Amerikara. Hona hemen Ordorika Zaindu maite duzun hori kantatzen 2009an Buenos Airesen.

Ah! Leire Txargaini dedikatu nahi diot kanta, bideoa eta, batez ere, aurkezpena.

Mugalaris somos y en el camino nos encontraremos, este apunte en castellano.

Durangoko Azoka: errelebua

46. Durangoko Azoka Jon Irazabalek zuzendutako azkena izan da. 47.a Aiert Goenagaren gidaritzapean egingo da.

Igande goizean Euskadi Irratiko Amarauna saioan egon zen Aiert Goenaga Maite Goñi eta Joxe Rojas blogariekin batera. Une horretan ez nekien bera izango zela Gerediaga Elkarteak Durangoko Azoka zuzentzeko aukeratutako pertsona Jon Irazabalen ordez.

30 urteko ondarrutarra omen da Aiert Goenaga. Ez dut bera ezagutzen eta ezin gauza gehiegi esan, beraz, hari buruz. Gauza bakarra bai, ordea: irratian entzun nuen diskurtsoa gustatu zitzaidala. Azokak XXI. mendeko erronkei egin behar die aurre, aurreko belaunaldiek egindakoa kontutan hartuz (eta aitortuz, Jon Irazabalek egindako lanarekin egin bezala).

Gerediagak 46. edizioaren balantze baikorra egin du. Nire inpresioa ere ona izan da. Niri dagokidanez eta inguruan ikusi dudanez: aldarte oneko azoka izan da.

Lehenengo aldia da edizio berean bi aldiz joan naizela Durangoko Azokara. XXI. mende hasieran urte batzuk pasa nituen hara hurbildu gabe, baina azken bospasei urteetan joateko beharra sentitu dut. Uste baitut euskal kulturaren topaleku bikain eta ezinbesteko dela Durango.

Astelehen goizean egon nintzen eta orduan aprobetxatu nuen hainbat erosketa egiteko: Harkaitz Canoren Twist (oparitzeko, jada irakurria baitut) eta Koldo Izagirreren Egarri egunak portualdean; Jean Echenozen Lasterka; Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean?; Kukutza Gaztetxea: ellos por dinero, nosotras por placer eta Entzun aldizkariaren ale berria. Azken TMEOa ere hartu nuen eta harpidetu datozen sei zenbakietarako. Atzo, gainera, Zaldieroaren De Rerum Natura 4 eta Pernan Goñiren Alokairuan erosi nituen.

Musikari dagokionez: Rafa Ruedaren Enaren geometria; Juan Luis Zabalak aurreko batean aipatutako Patta eta sendaezinak taldearen diskoa; Napoka Iriaren Lehertarazi edifizioak; Lisabören Animalia lotsatuen putzua; Martin Larralde izeneko lan kolektiboa; Markos Untzetaren Mississippi eta Xabier Montoiaren Mundu miresgarria.

Durangora joan aurretik erosi nuen Rosa Arburuaren Gau lana izeneko liburua, estraperloa eta kontrabandoa Bidasoa eremuan gai dituena.

Eta eskerrak liburu hori erosi nuena. Oraintxe konturatu bainaiz horko autore gehienak gizonezkoak direna. Glubs!

Laurogei amona eta gero hau

Jabier Muguruza. Esan Ozenki: 1991-2011. Twist, Harkaiz Cano. Fermin Muguruza eta Eider Rodriguez. Anitzele: Xabier Euzkitze eta Bernardo Atxaga.

Apunte bat baino gehiago idatzi nahi izan dut aste honetan zehar, baina ezinezkoa izan da hainbat arrazoi direla medio. Beraz, denak takada batean doaz.

Astearte arratsaldean Jabier Muguruzak laupabost kantu jo zituen Donostiako FNACen. Bikote bat diskoa aurkezteko balio izan zuen ekitaldiak. Berarekin batera Mikel Azpiroz (Elkano Browning Cream) pianista eraman zuen irundarrak. Ez dakit zenbatgarren lana den Jabierrek bere bakarkako ibilbidean publikatzen duena, baina badu meritua. Ea 2013an ere beste batekin datorren.

Andres Camio, Imanol Ubeda, Nerea Fillat eta Fermin Muguruza

Asteazken goizean Esan Ozenki: 1991-2011 lan bilduma aurkeztu zuten Elkarrek Donostiako Fermin Calbeton kalean duen aretoan. Bertan ziren Andres Camio Jitu, Nerea Fillat, Imanol Ubeda eta Fermin Muguruza. 90. hamarkadan Negu Gorriaken Gure Jarrera argitaratu zuenetik dozenaka erreferentzia plazaratu zituen Esan Ozenkik. Katalogoa gaurkotu, digitalizatu eta sareratu dute. Ubedak Hamarkada miragarria testuan esan bezala, 90. hamarkada gogoratu behar da euskal rockaren hamarkada gisa. Baina Muguruzak esan bezala: "Nostalgiak museo baten antza du: bisitatu beharra dago eta bertatik atera. Ez da komeni bertan bizitzea".

Ostegun goizean, Harkaitz Canorekin Twist egin genuen Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoan. Aspaldiko prentsaurrekorik jendetsuena: kazetariak, lagunak eta senideak bildu baikinen Canoren liburu berriaren aurkezpena aitzaki hartuta. Garai batean bezala, gertaera kutsua zuen ekitaldiak. Eta ez da gutxiago ere: 430 orrialde ditu liburuak. Nik jada 300 irentsi ditut eta liburuak harrapatuta nauka. Ederra, gordina, Canok idatzitako orrialde onenak direla esatera ausartuko naiz -bene-benetan, Harkaitz ;-). Apuntearen titulua berari lapurtu diot. Liburuan esaten baitu gure zibilizazioaren eta Neolitikoaren artean 80 amona daudela.

Arratsaldean, berriz, Fermin Muguruza solasean aritu zen Eider Rodriguezekin batera Ernest Lluch Kultur Etxean. Lehenago alde egin behar izan nuen, baina bi ordu luze egon omen ziren berbetan. Galdera zorrotzak egin zituen Eiderrek eta modu berean erantzun Ferminek, aurpegian bezala, mingainean ere aho bilorik ez duela argi utziz. Forman ikusi nituen biak.

Muguruzak, besteak beste, esan zuen eskerrak gaur egungo ETBn Xabier Euzkitze dagoela. Honek gonbidatzen baitu bere saioetara. Ez omen da gauza bera gertatzen ETB2ko saioetan. Eta haserre agertu zen Alberto Suriok Al Jazeera telebistarentzat eginiko herri arabiarretako dokumentalen gaiarekin toreatu duelako.

Kontua da egun horrean bertan, Anitzelen, Euzkitzek Bernardo Atxaga zuela gonbidatu gisa. Ezin izan nuen egun horretan bertan ikusi, baina eitb.com-eko Nahieran zerbitzuari esker, larunbat gauean irentsi nuen, jarraian, 1 h 40 minutuko saioa. Aldarte onean ikusi nuen Asteasukoa, fin. Adibidez, oso egokiak iruditu zitzaizkidan Fernando Aramburuk esandakoari buruz Bernardok botatako hitz hauek:

"Gauza hauek erdi bromakoak dira. Benetan (...) Labur esateko: seinale oso ona da. Oso ona da. Nik ikusten dut gu lehengo haiek bagina: Aresti hura, Lauaxeta hura, Antonio Zavala hura... Hor txoko batean... Orduan, ardurarik ez. Ezta ikusi ere. Ikusi ere ez. Ikusezin zen euskal literatura. Zenbat aldiz gogoratzen naiz, behin laudatu nuela Gerra aurreko Lizardi eta aurrean zegoena barrez hasi zen. Espainiako katedratiko bat zen. Orain, kezkatuta daude (...) Izan ere bi izaera mota daude: irla bakarti batera joaten zara halako pertsona batekin eta A izaerakoa bada harekin egiten duzu txabola, joaten zara hondartzara, etab.; beste jende mota batekin irla desertura joan eta zu segituan gorilengana pasatzen zara, askoz ere konpainia hobeagoa izango direlakoan".

Lerro hauek Sinnéad O´Connor-en I Do Not Want What I Haven't Got diskoko kantak entzuten idatzita daude.

Hona hemen Atxagari eginiko elkarrizketa oso-osorik.

Eskubaloiko atezainaren sindromea: Ruper eta Alfonso

Madril. Azaroak 7. 21:00etan. Cuarta Pared. Strip-tease sentimentala

Joan soseguz izan zen Ruper Ordorikak atzo Madrilen jo zuen laugarren kanta. Eta soseguz joan zen Tio Josetxo igande goizean. Hobe horrela, zegoen bezala ez baitzuen lasaitasun askorik. Astelehen goizean, kanposantuan geundela, anaiak kontatu zidan nola eraman zuen etxe inguruko errekak, euritearen ondorioz, auzotar bat igande arratsaldean. Baratzean zegoen, hanka behar ez zen tokian jarri, ibaira erori eta akabo. Ugaldek egin zuen gainerakoa. Joan soseguz.

Nadie puede impedir que soñemos como cerdos

Alfonso Armadak hamaikagarren saioa zuen atzokoa Madrilgo Cuarta Pared aretoan. 1990ean Sobiet Batasunean urtebetez egindako bidaiaren ostean idatzitako TSYC: Diario de sombras liburuaren oharrak irakurri zituen. Atzo, azarokoak, hain zuzen.

Tú haces que el infierno sea un sitio delicioso

Gaua Ruperrek zabaldu zuen, baina oñatiarrak lehen kantua jo ondoren, gurdia hartuta sartu zen publiko artetik Alfonso aretoan, marinel kapela buruan. Sarreran jasotako aulkitik jendea altxaraztea zuen asmo. Kontzientziaren lana egiten arituko balitz bezala.

La OTAN y el Pacto de Varsovia firman un pacto en París

Liburuko zatiak irakurri eta txanda ematen zion txantxikuari. Honek pieza amaitzen zuenean, gurditxoa hartu, buruko linternatxoa piztu eta alde batetik bestera mugitzen zen berriro galegoa jende artean.

La Comunidad Económica Europea busca una definición común del espacio social de la gallina

Bikain egon zen Ruper gitarrarekin. Lehen kanta ez nuen apuntatu, baina ondoren joan ziren:

Zuhaitz eroria

Ene begiek (gitarra astintzen hasi bezain pronto bi tipo geunden aretoan burua mugitzen: Xabier Gantzarain eta ni neu)

,

Lehen aipatutako Joan soseguz eta Mila gau eta bat gehiago

Martin Larralde (Joseba Sarrionandia egilea aipatu zuen aurkezpenean)

Hondartza galduan

Eta, amaitzeko, Leopoldo María Paneroren Peter Punk (kantariak esan zuen Madrilgo emanaldiak ixteko erabiltzen duen abestia dela).

El índice de morosidad se duplicó en julio y agosto

Ruperrek aukeraketa inprobisatua izan zela esan zidan amaieran eta hala izango zen, baina Armadak sortutako giroan ezin hobeto egokitu ziren abestiak. Asko gozatu nuen.

Eskubaloiko atezainaren sindromea: Anarik kontatu zuen Gaurko Hitzaren jaian horrela sentitu zela jaialdia ixtea tokatu zitzaiolako. Ruperrek erabiltzen duen espresioa omen beldur eszenikoa deskribatzeko: atezaina aulkian dago eta bere taldearen kontra epaileek penaltia adierazterakoan, hura kantxaratzen dute askotan entrenatzaileek.

Ehun lagun inguru bilduko ginen atzo Cuarta Pared aretoan eta ez dakit eskubaloiko atezainaren sindromea pairatu ote zuten bi artistek. Hona hemen emanaldiaren bideoa.

El síndrome del portero de balonmano: Ruper Ordorika y Alfonso Armada, este apunte en castellano.

Ruper Ordorika Madrilen azaroaren 7an

Bi data: 2000ko azaroaren 2a eta 2011ko azaroaren 7a.

2000ko azaroaren 2an egin genuen topo lehen aldiz Javier Ortiz eta haren artikuluak sarean jarraitzen genituen hainbat lagunok: Pako, Juanjo, Belentxo, Manuel...

Santa Ana plazako taberna batean geratu ginen. Afaldu ondoren, Ruper Ordorikak Café Central aretoan eman zuen kontzertura hurbildu ginen eta orduan ezagutu nuen ere Ruper.

Urte honen hasieran, Madrilen egon nintzen eta ikusi nuen Alfonso Armada poeta eta kazetariak hilean behin Cuarta Pared aretoan antolaturiko Strip-tease sentimental ekimenean parte hartuko zuela Ordorikak. Ahaztuta neukan, baina larunbatean, bat-batean, gogoratu nintzen Alfonso Armadaren tuit bat sarean ikusi nuenean. Sarean bilatu eta topatu nuen eguna: Ruperrek azaroaren 7an joko du.

Igande eguerdian, berriz, joateko erabakia hartu nuen: azaroaren 7an, arratsaldez, joango naiz Madrilera eta hurrengo goizean bueltatuko naiz.

Espero dut 2000eko egun hartan topatu ginen batzuk berriro elkar ikustea.

Post Scriptum moduan bi ohar gehiago.

1.- 2000ko urriko azken astean ETAk bonba bat jarri zuen Madrilen. Autobus urbanoa pasatzen ari zela lehertu zen bonba eta lau hildako utzi zituen.

2.- Duela hamaika urteko kontzertu hartan, Ruperrek Leopoldo María Panero poetaren Peter Punk poema jo zuen. Zorte pizar batekin, ea Ruperrek zuzenean berreskuratzen duen emanaldi honetarako.

Ruper Ordorika estará el 7 de noviembre en Madrid, este apunte en castellano.

 

Oporren bueltan...

Bi bideo: Rafa Berrio Cadizen zuzenean; Jabier Muguruzaren disko berriaren lehen kantaren aurrerapena. Oporrosteko ajeak gainetik kentzeko garaia.

 

Cadizen jo zuen Rafak abuztuaren 21ean. Bertan grabatutako bideoa ikusi dugu haren blogena: Hotel Utopía. Benalup. 21/08/2011.

 

Jabierrek, berriz, lan berria aurkeztuko du urrian: Bikote bat. Gitarra alde batera utzita pianoa eta akordeoia izan ditu lagun, baita Mikel Azpiroz ere. Bideoa Angel Katarainena da.

Mikel Iturria 2011/09/11

Usopop Festibala #2

Abuztuaren 27an Lizarrietan (Sara) ospatuko den jaialdiaren aurkezpen bideo politta. Kartela ere ona.

 

Abuztuak 27. Sara (Lizarrieta).

Kartela:

François & The Atlas Mountains + Mursego + MobyDick + Mars Red Sky + The Suicide of Western Culture...

Informazio gehiago: Usopop webgunean.

Mikel Iturria 2011/08/09

Apuntatu izen hau: P.L.V. HAVOC

Diskoa kaleratuko du udazkenean. "Penny Lancaster".

P.L.V. HAVOC. Oker ez banago, gaur zuen lehen entsaioa banda berriarekin. Abuztuaren 13an Sonoraman arituko da.

Mikel Iturria 2011/08/01

Euskal musikaren gainbeherari buelta eman behar zaio

Aldaketak egon dira Aste Nagusiko kontzertuetan Donostian. Bildu gora, bildu behera. Euskal kultura. Kultura herrikoia.

Atzo ohiko komunikabideak gainbegiratu nituen jakiteko zer zioten atzo arratsaldean Donostiako Udalak jakinarazitako Saguesko kontzertuen bi aldaketak zirela eta ez zirela. Izenburu asko Bildu zuten subjektu. Guztien artean gehien harritu ninduen titularra hauxe izan zen: Bildu “euskadiza” los gustos musicales. Arraroa egiten zait Euskadi eta Bildu lotzea.

Aurreko Kultura zinegotziak, Denis Itxasok, jarduneko azken egunean aurkeztu zuen Sagueseko 8 gauetako kartela. Delegatu berriak, Nerea Txapartegik, Espainiako bi talde kendu eta bi euskal talde sartu ditu, “euskal kulturaren presentzia indartzearren”. Nik pena hartu dut La Mala Rodríguez Donostian ikusteko aukerarik egongo ez delako. Emakume bat gutxiago kartelean. Ona da Berri Txarrak eta Su Ta Gar Donostian egotea, nahiz eta ez dakit nola dauden egun eibartarrak.

Euskal taldeak eta kultura herrikoiaren apustua egitea ez dakit Saguesen egin behar ote den. Loveof74k dioen bezala zenbat talde gehiago dago horrelako plazak betetzeko? Are gehiago, ez da etsigarria izango gune horretan jende gutxi ikustea? Begiratu, adibidez, pasa den asteburuan Zarama taldeak BBK Live jaialdian emandako kontzertua. Seguru oso ondo pasa zutela, baina amorragarria behar du izan hain jende gutxiren aurrean jotzea.

Zergatik du hain prestigio gutxi euskal musikak une honetan? Gorka Bereziartuak pasa den otsailean idatzitako apunte batekin gogoratu naiz: Iaz disko asko... eta erdaraz (zenbait burutazio ingelesez kantatzeko hautuaz). Oso interesgarria da apuntea eta mamitsuak ere komentarioak. Datu bat hartu dut bertatik:

300 diskotik gora kaleratu ziren 2010ean, 16 diskoetxeren bitartez, baina, batez ere, autoekoizpena ardatz hartuta. Pozteko datuak, baina… ez. Inaxio Esnaola kazetariak editorialean dioen legez, iazko urteak erdaraz kantatu baitzuen gehienbat”.

Duela ia bi urte Delorean taldeko Ekhi Lopetegik Noticias de Gipuzkoa egunkarirako Juan González Andrések eginiko elkarrizketan hitz gogorrak zituen Euskal Herriaz:

“Es una sociedad muy encorsetada, aunque hay fugas y gente que está haciendo cosas interesantes. Mi opinión personal, que no tiene por qué ser la de todo el grupo, es que los cánones culturales de Euskadi están estrechamente vinculados a los cánones políticos, y eso hace que el universo se nos cierre. Me irrita el localismo, la cultura en Euskadi se ha ritualizado al máximo y la gente parece atrapada. Hay que abrir líneas, establecer relaciones con el exterior... Es un mundo tan cerrado en sí mismo que habría que vaciarlo, la gente debería desertar”.

80. hamarkadako Euskal Rock Erradikalaren eztandatik (batez ere gaztelaniaz eman zena), ia 30 urte ez dira alferrik pasa. Askoz ere talde gehiago dago gaur egun, kontzertu asko daude agendetan, taldeen kalitateak gora egin du, baina... euskal musika gainbeheran dago.

Gauza asko ditugu aldatzeko. Kontua da ea gai ote izango garen eszena berri bat muntatzeko. Aurreko batean baietz nioen: ez zela soilik mugimendu musikala izango. Ea ba.

Oharra: Sustatun irakurri dut ikurrinak 117 urte bete dituela gaur. 2004ko uztailaren 14an publikatu nuen bizirik dagoen lehenengo harrikada: Mariano Ferrer-en agurra. Ha da, blogak ikurrinak baino 110 urte gutxiago ditu.

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31