Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak mqp

Harrikadak

mqp

Jazzaldia eta Heineken

Uztailaren 22tik 26ra Donostian. Biak. Eskutik agarrata.

Miguel Martini entzun nion pasa den igandean MQPn babesleak behar-beharrezkoak direla horrelako jaialdi bat aurrera eramateko. Javier Vizcaínok hasieran galdetu zion: kirolaren munduan erabat onartuta dagoela enpresen presentzia, baina ez dela gauza bera gertatzen kulturaren eremuan.

Eta horrela da, baina niri gogorra egiten zait jendea Gipuzkoako saskibaloi talde nagusiaren izena goratu beharrean, babeslearena behin eta berriro goraipatzen egotea. Egia da ere Gipuzkoa Basket taldeak ez duela Gasteizko Baskoniaren tradizioa (oker ez banago, Gasteizen jendeak Baskonia animatzen du).

Ez dakigu zer bide jorratuko dituen musika munduan hurrengo urteetan, baina Kepa Junkera bada eredu, ederki goaz (diru publikoa barra-barra, babesle pribatuen diruari uko egin gabe).

Argi dago aurtengo Jazzaldiaren edizioa aurrera eramateko ezinbestekoa izan dela Heineken garagardo markaren diru ekarpena. Ez dakit zenbatekoa den enpresak mahai gainean jartzen duena, baina Udalaren aportazioa dezente jaitsi ei da.

Ez naiz jazzalea. Beraz, nahiago pop eta rock izenak kartelean ikustea. Gainera, Martin defendatzen da esanez berak daramatzan urteetan jazz izenen kopurua ez dela jaitsi eta beste musiketako izenek Jazzaldiaren barruko beste festibal txikiagoa osatzen dutela.

Jazza gehiegi jarraitzen ez badut, bihar ikusiko dudan lehen kontzertua jazz pianista batena izango da. Brad Mehldau, hain zuzen. Gustatzen zait bere musika, baina gertu badut jendea kilometro mordoa egin duena haren atzetik. Ni bizikletan joango naiz ikustera.

Mikel Astarlozari enbido

Frantziako Tourra twitter-en. Lance Armstrong.

Nire ingeles urriarekin gustatzen zait Armstrong-en twitter jarioa segitzea. Aurreko batean norbaitek esaten zidan ez zeukala garbi berak idazten ote duen edo ez, baina nik esango nuke baietz, marketing kontuetan asko baitaki Lancek.

Izugarria da ikustea une honetan 1.384.452 jarraitzaile dituela. Berak, berriz, 100 lagun jarraitzen ditu soilik. Kuriositatez egon naiz begiratzen ea zeintzuk ezagutzen nituen zerrenda pribilegiatu horretatik: Kurt Asle Arvesen, Andy Schleck, Cadel Evans, Manuel Quinziato, Simon Gerrans, Allan Davis, Viatcheslav Ekimov, Christian Vande Velde, Levi Leipheimer, Ivan Basso, George Hincapie, Johan Bruyneel, Axel Merckx...

Beraz, familia eta lagunez gain, txirrindulari profesional edo txirrindularitza munduko jende asko jarraitzen du. Horiek guztiek nagusiki ingelesez idazten dute, baina jarraituenak 53.000 follower ditu (tokitan dago Texaskoaren marka).

Maite Goñirengatik izan dut twitteatzen duten Tourreko 20 txirrindularien zerrendaren berri. Artikuluxka blog espainol batean agertu da, baina txirrindulari español bakarra dago bertan: Carlos Sastre. Avilakoa Tourrarekin batera hasi da twitteatzen eta gaztelaniaz zein ingelesez aritzen da. Kasu honetan, esango nuke ez dela bera orain arteko mezu guztiak twitteatzen dituena. Harrigarria egin zait Alberto Contador ez egotea twitter-en. Are gehiago, hainbeste taldekidek sare sozial hori erabiltzen dutela ikusirik.

Etxera etorrita, Mikel Astarlozari enbidoa bota nahi diot: Berria egunkarira egunero bidaltzen duenaz aparte, twitter kontua zabaltzea eta urtea amaitu aurretik Lance Armstrong-ek jarraitzen dituen 100 laguneko klubean azaltzea.

Amaitzeko aholku bat: entzun Javier Vizcaínok gaur goizean bertan Pedro Horrillori eginiko elkarrizketa. Bikaina.

Eguneratzea. 21:35: Javi Vizcaínok igo du jada elkarrizketa bere blogera. Bertan irakur ditzazkezue JVren inpresioak baita solasaldia bera entzun edota jaitsi, gordetzeko modukoa delako.

Radio Euskadiren World Cafe Donostian

Igande goizean World Cafe berria antolatu zuen Radio Euskadik. Orain, Donostian.

Pasa den urtean Bilbon egon ginen Radio Euskadik antolaturiko World Cafen. Oraingoan, irratiak hogeita bost urte bete dituenaren ospakizunak amaitzen ari direla, Donostiara ekarri zuten mahaien atarramentu hau.

Ez dakit zenbat jende elkartu ginen Kubo handiaren tripen barruan. Eguraldi iragarpenak ez ziren onak eta barrualdean egitea erabaki zuten. 10:30ak aldera iritsi nintzen Auditoriora. Ashet-ekin egin nuen topo atarian eta berarekin sartu nintzen barrura.

Bizkaian txuri-gorria bazen nagusi, hemen txuri-urdina. Euskadi Irratiko Amarauna saioan sartu-irten txikia egin nuen Edurne Ayusoren eskutik. MQP irratsaioko kolaboratzaile eta entzule batzuk agurtu nituen gero: Carlos Vilches, Iratxe Molinuevo, Elena Rosales, Juantxo Agirre, Imanol Querejeta eta Jabier Muguruza lehen taldekoak; Iñaki Murua, Mikel Eztabai, Gernikako Mikel, bigarrenekoak.

Mahaia aukeratu ondoren, konturatu nintzen Bilbon nirekin egondako Mertxe zegoela eserita mahai berean. Berarekin batera Soraluzeko lagun bat, Marifran. Handik gutxira, Zarautzko bi ahizpa gehitu ziren taldera: Arantxa eta Isabel.

Bigarren taldea Gernikako Arimak, Etxalargo Ixabelek, Legazpiko Aitorrek eta Eibarko Marikarmenek osatu zuten. Marikarmen, asko hitz egiteaz aparte, arrapaladan joan zitzaigun bazkaltzera. Komentuetako gauzak.

Hirugarren mahaia osatzeko zailtasun gehiago izan genituen. Urretxuko Karmele eta biok geunden mahai-inguruan jarrita, Eibarko lehengusin koadrila gerturatu zenean: Mariasun, Karmen, Maribel eta Ermuan bizi zen Pilar.

Bilbokoa hobeto antolatu zutelakoan nago. Han, Donostian ez bezala, mahai bakoitzak zenbaki bat zeukan, baita eserleku bakoitzak ere. Horrela, garbi zegoen bakoitzak nora joan behar zuen txanda aldaketan. Atzo, berriz, horrek ez zuen hain ondo funtzionatu.

Ondo pasa nuen. Hori bai. Hona hemen atera nituen argazki gutxi batzuk. Kronika gehiago: Mikel Agirregabiria, Iñaki Murua, Iratxe Molinuevo...

Mikel Iturria 2009/03/30

Euskalerria Irratia 20 urte entxuferik gabe

Jaia antolatuko dute datorren ostiralean Barañaingo Auditorioan.

Pasa den astean Lakasta jaunak bidalitako mezu bat jaso nuen. Bertan zioen datorren ostiralean, azaroaren 7an, iluntzeko 19:00etan, Barañaingo Auditorioan ospatuko duela Euskalerria Irratiak 20. urteurrena. 1988ko egun horretan bertan hasi baitzituen emisioak eta Euskalerria Irratiak 20 urte entxuferik gabe ekitaldia antolatu dute aitzaki horrekin.

Zuzenean emitituko dute auditoriotik eta gonbidatu hauek elkarrizketatuko dituzte: Oinatz Bengoetxea pilotaria, Egoi Martínez txirrindularia, Oier Sanjurjo futbolaria eta Hedoi Etxarte poeta.

Musika zuzenean dastatzeko aukera izango da ere: disko berria publikatu duen Fermin Muguruzak hiru kanta joko omen ditu (pasa den ostiralean zuzenean aritu zen Bilboko Hikateneoan), Hesian, Cheese and Road Ensemble, A-lai-kapela.

Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano bikoteak lehiaketa muntatuko ei du han bertan.

Joan nahi izanez gero, gonbidapenak lehendik lortzeko bi bide daude:

1.- Telefonoa: 948 17 01 51.

2.- E-maila: administrazioa a bildua euskalerriai.com.

Albistea blog berri batean kargatu dut gazteleraz; Gente MQP- MQPzaleak montatu baitu Javier Vizcaínok zuzentzen duen irratsaio horretako entzule batek eta beste batzuei bertan parte hartzeko gonbitea luzatu. Ea ba.

Euskalerria Irratia 20 años sin enchufe

Euskal munduaren prestigioa dago jokoan

Hizkuntza amankomunaren aldeko manifestuaren bultzatzaileek hitz egin dezatela argi: gaztelera inposatu nahi dute.

Gaur goizean aritu da estreinakoz Juanra Viles, garai batean Duncan Dhu taldean bateria jotzaile ibilitako musikaria, MQP saioan. Xose Luis Barreiro eta Itziar Epalza solaskideekin batera aritu da. Besteak beste, Patxi Baztarrika eraman dute Jaurlaritzak hizkuntza politikaren alorrean indarrean jarriko dituen neurrien inguruan berba egiteko. Vilesek aipatu du, bere ustez, terrorismoaren gaiaren tokia hartuko duela hizkuntzarenak Espainian legegintzaldi honetan.

Pentsakor gelditu naiz eta Anjel Lertxundik Stock 13 zikloan kontatu zuen gauza bat etorri zait akordura. Lertxundik zioen 16 urterekin gaztelaniaz idazten zuela, baina 1968aren inguruan hasi zela euskaraz idazten. Zergatik eman ote zuen urrats hori galdetu zion publikoki bere buruari. Ez omen zekien zergatia, baina, seguruenik, 1968aren bueltan eskaintza artistiko onena euskararen bidetik zetorrelako: Ez Dok Amairu kantagileen mugimendua, pintura, antzerkia (Seminarioan taularatu omen zen lehen aldiz Samuel Beckett jaunaren testu bat Espainiako Estatuan; euskaraz, gainera), eta abar.

Finean, Anjelek euskararen munduak prestigioa zuelako aldatu zuen sortze hizkuntza. Eta nire buruari galdetzen diot orain, eta hemen, ea egoera gaur egun berdin-berdina ote den: prestigioa al du euskaraz sortzeak? Hemendik kanpo ez dut uste, baina euskaldunen prestigioa Euskal Herrian? Ez dakit ba… gure burua estimatzen ikasi al dugu?

Solasaldia amaitu ondoren, eta eguneko albisteen errepasoaren ondotik, Javier Vizcaínok elkarrizketa iradokitzailea egin dio Jokin Muñoz idazleari. Lasai baino tinko ari da Castejongoa literaturaren eremuan. Jokinek Donostian apirilaren amaieran esandakoak ekarri nituen hona, baina ez dut aukera hau alferrik pasa nahi esateko Volgako Batelariak blogean dagoela irakurtzeko moduan Antzararen hizpideak (lumaje azpia) testua.

Gero, salto egin dut Euskadi Irratira. Izan ere, gaur aritu dira estreinakoz Amarauna saioan Jozulin, Josu Leokanne eta Patxi Trapero. Arantxa Kaltzada oporretan dagoenez, Arantxa Artzarekin egon dira hizketan. Datorren astean Leire eta biok arituko gara Traperoarekin. Blogarien tertulia izango da, beraz.

Portzierto, prestigioa ematen al du blogaria zarela esateak?

Está en juego el prestigio del euskara

Bilbon World Caféa hartzen

Radio Euskadik 25 urte ospatu ditu kalean. 1000 lagun berbetan. World Café.

Goizeko 7:30ean jo du iratzargailuak etxean, baina kosta egin zait ohea abandonatzea. Bost minutuko atzerapenarekin jaso dugu Sorkun eta biok Elena Rosales Intxaurrondon. 10:00etarako aparkatuta genuen autoa Abandoibarran.

Ordu erdi geratzen zitzaigun jarritako hitzordura ailegatzeko eta hotel batera joan gara kafetxo bat hartzera. Hotelean bertan egin dut topo Julio Anguitarekin. Nonbaiten irakurri nuen atzo Bilbon egona dela aste bukaeran Xabier Arzalluzekin batera ekitaldi batean.

Hotelean bertan zeuden ere kafea hartzen Aprendices sareko kide batzuk: Iñaki Murua, Jaio, Loretahur, Alorza… eta barkatu beste guztiak baina ez naiz izen guztiekin geratu.

Bilboko World Café

 

Ekitaldia ospatu behar zen tokira iritsi garenerako, han ikusi dugu ere Juantxo Agirre Mauleón. Javier Vizcaíno irratsaioa zuzenean egiten ari zen, Javier Domínguez eta Cristina Álvarez kazetariak gehi talde teknikoaren laguntzarekin.

Javier Vizcaíno eta Imanol Querejeta

 

11:00etarako eserita nengoen 8. mahaian eta Elgoibarko lau emakume tokatu zaizkit hasieran. Garai bateko kontuetaz ibili gara hizketan. Uste baino beranduago esan digute aldaketa egiteko, baina beste bi talde ere dinamizatu ditut ondoren. Ez dakit oso ondo zertaz aritu garen. Hainbeste jenderekin hitz egin baitut gaur: Filgi Claverie, Julen Iturbe, Noe Boquitas Pintadas, Imanol Querejeta, Dani Álvarez

Lehenengo mahaia

Antolatzaileek erre duten txahala ez dugu probatu eta MQPko kazetari taldearekin gehi zenbait entzulerekin (eskerrik asko, Iñaki) bueltatxo bat eman dugu han inguruan. RPinzón, Kanif Beruna, Quecaro, Ashet, Mikel Eztabai… Halako batean estudioan zeuden Loreto eta Itsaso ere hurbildu dira.

Gauza asko eta oraindik burua borborka daukat. Ez nuen gehiegi espero, egia esateko, baina gustura irten dut Bilbotik. Jende ezaguna agurtu eta sareko beste batzuei aurpegia jartzeagatik bakarrik merezi zuen osteratxoak.

Oharra: izugarri ondo egina eta oso aberatsa Mikel Agirregabiriaren erreportajea.

En castellano

Mikel Iturria 2008/05/18

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31