Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak mikel_asurmendi

Harrikadak

mikel_asurmendi

Zein da Brian Currin-en rola?

Mikel Asurmendik Paul Riosi eginiko elkarrizketa baten zatia. Aktan jasoa. Sustatu.

Joan den asteko Argia astekarian Mikel Asurmendik egin zion, nolabait, galdera hori Lokarri-ko koordinatzaile den Paul Riosi:

Brian Currin ez da bitartekaria, prozesuan dauden zailtasunak errazten dituen pertsona baizik. Rol hori jokatu du lehenago eta orain ere ezker abertzalearekin arlo hori lantzen ari da. Estrategia bat ari da diseinatzen ezker abertzaleak prozesu demokratikoan baldintza berdinetan leku izan dezan.

Argazkiak.org | Herri Batasu... © cc-by-sa: iturri

Ondorengo galderan, Asurmendik esaten dio Rodolfo Aresen ustez, Brian Currin oker dabilela. Eta Paulek zera gaineratu:

Oker dabilena Ares da, uste ustel batetik ari baita. Aresek uste du Brian Currin bitartekari aritzeko premisarekin etorri dela. Aresek eta beste askok ez dute ulertzen Currin ezker abertzalearekin kolaboratzen ari dela etorkizuneko estrategia definitzeko, gatazka eraldatzea bilatzen duela, irtenbiderako eszenategia eraiki nahi duela. Tira, eta oker badago, zer? Ez al da okerrago oraingo egoeran segitzea?

Amaieran, Paulek dio,

Ez dut ikusten ETA armak behin betiko uzteko moduan, ezta su-eten iraunkor bat emateko ere. Urrats berriak eman daitezke, baina izatekotan ezker abertzalearen aldetik emango dira, ez ETAren aldetik.

Ea ba.

Zein da Brian Currin-en rola? Aktan jasoa. Sustatu. 2010eko apirilak 5.

Jainkoak gorde beza lehendakaria (eta bi)

Ibarretxeren kontsultari buruz Argia aldizkarira bidalitako lerro batzuk.

Duela hamabost egun deitu zidan Argiako Mikel Asurmendi kazetariak. Ibarretxeren kontsultaren inguruan galdezka. Ea nola ikusten nuen gai hau. 800 karaktere eman zizkidan. Gaur eguerdian ikusi dut paperean eta jadanik sarean dago: Bi trenen arteko talka jarri diote izenburutzat. Beste zazpi laguni ere eskatu diote iritzia.

Akats bat deskubritu dut: nik nioen Alberto Moyano batzuetan komentarista politikoa dela eta zuzentzaileak interpretatu du batzuetan nagoela ados Albertorekin. Bi esanahiak ondo daude, baina nik kasu honetan esan nahi nuen Moyano ez dela beti komentarista politiko.

Lerro hauek bidali ondoren, Imanol Murua Uriak pasa den sapatuan Berria egunkarian idatzitako analisi artikulua irakurri nuen. Hura irakurtzea gomendatzen dizuet. Talkaren neurria du izenburu.

Hona hemen nik idatzitako lau paragrafoak:

Inoiz baino urrunago sentitu dut Ibarretxek proposaturiko bi galderak direla-eta sortu den burrunba, gero eta gehiago baitut gustuko offean egotea.
 
1998ko urrian eginiko hauteskundeen ondoren lortu zuen Ibarretxek lehendakari izatea eta urte bereko irailean hildako Poch musikari donostiarrak egin zuen Dios salve al lendakari kantua, Negu Gorriak-ek euskaratu zuena gero, Jainkoak gorde beza lehendakaria.
 
Abesti hori jarri zuen blogean Eduardo Madina diputatu sozialistak bi galderak ezagutzera eman zirenean. Patxi López-ek, berriz, hautagaiaren rolean, balorazioa ipini zuen eta berau ez irakurtzea deliberatu nuen.
 
Azken finean, Alberto Moyano komentarista (batzuetan) politikoarekin nago ados. Hau da, bi trenen arteko talka datorrela, baina sorginarena dela bata, txu-txu trena dela bestea.

Mikel Iturria, blogaria

Ekainaren 20ko eguneratzea: 16:30. "Gibraltar Euskadi da" zioen Poch-ek.

En castellano

Elkarrizketa ez, bakarrizketak nagusi

Xabier Zabaltzaren "Gu, nafarrok" liburuan irakurritako pasarte bat abiapuntu.

Astelehenetik ez dut periodikorik erosi. Total, zertarako? Ostiralekoak pott eginda utzi ninduen. Aste bukaeran egon naiz irakurtzen Xabier Zabaltza historialari eta itzultzaile nafarraren Gu, nafarrok liburua. Handik atera dut testu hau:

"Orohar, eusko-nafar zein erdo-nafarren artean lan intelektuala gutxietsi eta kirola handiesteko joera dago. Ez dakit nafarrak espainolistak, baskistak edo navarristak diren, baina bistan da osasunistak direla. Eusko-nafarrek eta erdo-nafarrek berdin-berdin jauretsi zuten Miguel Indurain eta haren desagertzeak hutsune bat utzi zuen, batzuek eta besteek oraindik bete ezin izan dutena. Nor izanen ote da Indurainen ordezkoa? Geroak erranen. Zaila iruditzen zait, baina, poeta, filosofo, artista edo zientzialari bati duin iriztea ohore hori lortzeko. Eta zer esanik ez, emakume bati ere ez".

"Lan intelektualarekiko utzikeria kultura kontzeptuaren inguruan izan daitekeen adostasunean adierazten da, gazteen artean gehienbat. Erdo-nafar eta eusko-nafar anitzendako ostatua da kulturaren babeslekua. Kontzeptu horren interpretazio zabal samar horrekin loturik agian, elkarrizketarako zailtasuna eta, argudioen bidez konbentzitzen saiatu beharrean, aurkaria iraintzeko joera nabarmena dago. 1977tik aurrera, teorian estatu demokratiko batean bizi bagara ere, Nafarroan (eta ez bakarrik Nafarroan), ezinezkoa izan da eztabaida serio bat edukitzea gizartea ukitzen duen edozein aferaren gainean, direla beste euskal autonomia erkidegoarekiko harremanak, euskara, NATO, abortatzea, Iparraldeko Autobia, Itoizko Urtegia, intsumisioa edo, gaur egun, Lastertasun Handiko Trena eta inmigrazioa. Elkarrizketa bat izan beharrean, bi bakarrizketa izan dira gehienetan, Nafarroako Gorteetan eta hortik kanpo".

Nafarretaz ari da, baina besteoi ere aplikatzen erraza da. Liburuaren tonua gustatu zait, nahiz askotan garratza izan. Aipatutako bi parrafoetan dagoen ideia nagusiarekin ere ados nago: ez dugu bestea entzuteko ohiturarik. Lankide batek esan zidan atzo Holandako bere ezagun bat sarritan geratzen zela lagunekin eztabaidatzeko. Gurasoekin ere egiten omen zuten zita noizean behin. Noiz ikusiko dugu hori hemen?

Liburuxka honen berri eman zigun Joxe Aranzabal farozainak, baita Beni komandanteak ere. Azken honengatik iritsi naiz Bixente Serrano Izkok idatzitako kritikara.

Bukatzeko, goian jarri dut esteka, baina hona hemen berriro Mikel Asurmendi kazetariak eginiko elkarrizketa.

Itxura ona du ere Bezperaren bezperan, Aingeru Epaltzak azken hogeita hamar urteei buruz idatzitako kronika liburua. Hamar urte gehiago jarri dizkiote liburuaren azal-hegalean eta akats bera errepikatu dute Argian Miel Anjel Elustondok eginiko elkarrizketan, baina hori beste kontu bat da.

En castellano

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31