Harrikadak
maite_goñi
#gaurkohitza kronika da
Berandu bada ere, hona hemen kronika moduko bat. Azaroak 2. DOKA.
iz. 1. Gertakari-sail bat ordena kronologikoan eskaintzen duen kontaketa; bereziki, ekintza historikoei buruzkoa. 2. Gaurkotasuna duen gai bati buruzko prentsa-artikulua. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa
Gaurko Hitza zer den norbaitek galdetuz gero, bat-batean edonork esango luke gure munduan dauden elizetako baten ekimena litzatekeela Jaungoikoaren izena lau haizetara zabaltzeko. Baina zorionez ez da hori kontua.
Zoritxarrez, duela gutxi espainolez dagoen antzeko ekimen baten berri izan nuen. Zoritxarrez diot atzetik zituelako Real Academia de la Lengua eta Planeta argitaletxea. Arazoaren munia: RAEren edukiak erabiltzea.
Beste hizkuntzetan dauden adibideen jakitun, Maite Goñik (#euskara + #hezkuntza + #teknologiaberriak) erabaki zuen berak ere antzekoa abiatzea duela hiru urte. Eta egunero hitz bat jartzen du webgunean, adiera ezberdinak aipatzen dituelarik.
Bigarren urtebetetzea ospatzeko, 2010eko azaroan, publikoki eskatu zuen hitz bat hautatzeko, horri buruzko bideoa grabatzeko eta emaitza Gaurko Hitzaren youtube kanalera atxikitzeko (80tik gora bideo daude bertan).
Hirugarren urtemuga gertu zela-eta, aldiz, lagunek animatuta, erabaki zuen oraingoan kultur ekitaldia antolatzea, topaketa izango zela onena. Taldeanitza (eta forofoa) osatu ondoren, lehenengo gauzak lotzen hasi ziren (ginen, ni ere tartean bainago): tokia (DOKA Kafe Antzokia, Donostia) eta eguna (2011ko azaroaren 2a). Hortik aurrera, gainerakoa etorri zen.
Hitza ardatz hartuta, eremu ezberdinetako artista, sortzaile eta profesionalak gonbidatu genituen. Bakoitzak 5 bat minutu zituen, nahi zuena (gutxi gorabehera) egiteko.
Ongietorria Jon Martin eta Alaia Martin bertsolariek eman zuten. Gero, Koldo Martinez aurkezleak gonbidatu bakoitzak aukeratutako hitzaren definizioa irakurri eta paso eman zien, banaka.
Igor Calzadak Irteera aukeratu zuen. Aitaren omenez idatzitako lerroak irakurri ondoren, Exit jo zuen, gitarra lagun.
Iban del Campok Azaro hautatu zuen eta Kimuak programako hainbat film laburren collage-a moldatu zuen.
Xabier Euzkitzeren berba Ohildu izan zen. Matalazi buruzko lezioa eman zuen (orain betetzen dira hura akabatu zutela 350 urte). Gainera, Xabierrek aipatu zuen Benito Lertxundik ezagun eginiko kantan hiltzeko erabiltzen dela ohiltzeko beharrean.
Imanol Muruak Eztanda izeneko zutabea idatzi zuen. Ezin zuenez bertan egon, bideo bat grabatu zuen. Irakurtzen ageri da bertan.
Patxi Huarte Zaldieroak biñeta egin zuen hitz horri buruz. The Organization serieko azkena marraztu zuen. Edo hori esan zuen behintzat.
Harkaitz Cano eta Versus. Talentua eta vis komikoa biak batera eszenatoki gainean: hizkuntza gehienetan aurka esan nahi du, baina italiera omen da hasierako -rantz esanahia gorde duen bakarrenetakoa.
Anarik itxi zuen gaua. Opaldu hitza eskaini da eta Harriak kantaren bertsio akustiko hunkigarria eskaini zigun.
Bis moduan, Haritz Rodriguezek (Transistoria) eginiko bideoa bota genuen: Bizitza (vida).
Eskerrak amaiETA garaiak diren, zeren jendeak ederki mugitu zituen hortzak Kixkurgune dendaren produktak dastatzeko orduan.
Eta hauxe da dena. Gaurkoz, behintzat.
#gaurkohitza La palabra del día es crónica, este apunte en castellano.
Arzalluzek zergatik esan zion baietz Ortizi
Euskaljakintzako bi ikaslek Xabier Arzalluzi eginiko elkarrizketa batetik ateratako pasartea.
Euskaljakintza blogean ikasturtean zehar Batxilergoko ikasleek eginiko elkarrizketak igotzen ari da Maite Goñi irakaslea. Azkenak aipatzearren: Naroa Agirre atleta, Andoni Iraola futbol jokalaria, Xabier Arzalluz politikaria eta Pedro Miguel Etxenike fisikaria. Xabier Arzalluzi eginikoa egon naiz irakurtzen igande goiz honetan: Xabier Arzalluz (I) eta Xabier Arzalluz (II).
Jon Cid eta Garazi Usabiagak gai ezberdinak jorratzen dituzte politikari jeltzalearekin: Francoren garaiak, trantsizioa eta horren ondorioak, Ibarretxe eta haren plana, balizko Euskal Estatua, egoera ekonomikoa... etab.
Javier Ortizekin urte hauetan izan dudan harremana dela medio, atentzioa deitu dit zergatik esan zion baietz Ortizi honek Xabier Arzalluz. Así fue liburua egitea proposatu zionean.
"Lehenik eta behin, esango nuke nik ez nuela libururik egin nahi, inoiz ez zaizkit gustatu memoriak eta halako gauzak. Alde batetik, nik memoriarik ez dudalako; eta, bestetik, uste dudalako memoriak egiten dituzten gehienak harropuzkeria hutsez egiten dituztela. Ortizi baietz esan banion, Isabel Durán eta José Díaz Hernándezek nire baimenik gabe egin zuten liburuarengatik izan zen. Mayor Orejaren enkarguz egin zuten, eta gezurrak besterik ez ziren, goitik behera. Nik ezagutzen nuen jende guztiarekin hitz egin zuten, haiek pentsatuz nire lagunak zirela eta nire alde idazten ari zirela. Baina bi horiek esandako gauza guztiei buelta ematen zien, azpijokoan aritu ziren. Nik ez nituen, azkenean, epaitegira eraman -editoreari esan nion zerbait-, baina lasai asko eraman nitzakeen, irabazteko moduan nengoen. Horiei erantzun ahal izateko esan nion baietz Ortizi, ez nuen nahi jendea beste haiek idatzitakoarekin geratzea. Ez dakit zenbat orduz egon ginen; hala ere, esan beharra dago gidoia berak egin zuela, nik bere galderei erantzun besterik ez nuen egin".
Javier Ortizek berak Así va a ser apuntean azaldu zituen liburuaren gorabeherak 2005eko urrian. Bertan idazle donostiarrak idatzitakoaren arabera, 100 bat ordu pasa omen zituzten elkarrekin.
Bitxia bada ere, ez zuten kontraturik sinatu. Eta hitzez lotutako akordio hura Arzalluzek ez zuen gero puskatu, nahiz eta eskaintza erakargarriak (diru aldetik, behintzat) izan.
Por qué Arzalluz accedió al libro de Ortiz, este apunte en castellano.
EGA azterketak eta Hezkuntza Sailaren bertsioa
Amarauna irratsaioan hitz egin du goizean Iban Asenjok, Hezkuntzako goi karguak.
Gaur goizean Amarauna irratsaioan blogarien tartea zuzenean entzun dut. Zuek entzun ez baduzue, Joxe Rojasek teknopata.net webgunean jarri du jada.
Solasaldiaren hasieran, Maite Goñik pasa den astean esandakoak laburbildu dituzte (bere ahotsean). Gero, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, Iban Asenjok, hartu du hitza. Ibanen argudioak zerrendatu behar nituen, baina lan hori ederto egin du Ainhoa Ezeizak EGA azterketak sareratzea, elkarlana eta Iban Asenjoren adierazpena izeneko apuntean. Irakurri, beraz, Ainhoaren testua. Ni berarekin ados nago, gainera.
Ostegunean, Paco Etxeberria forentseak hitzaldia eman zuen Altzako Casares-Tomasene Kultur Etxean. Gaia: "Exhumando fosas, recuperando dignidades". Bertan, Aranzadiko kide ezagun honek Gerra Zibileko hilobiak aztertzen eginiko lana izan zuen hizpide.
Aranzadi lan hauetan hasi zenean, 2000 urtearen bueltan-edo, eskuineko alderdiek beste alde batera begiratzen zuten eta kritika mingarrienak ezkerreko alderdiek egiten zituzten. Zergatik? Pacoren ustez, errudun konplexuagatik. Franco hil zela urte asko pasa baziren ere, partidu horiek apenas egin zuten zerbait eremu horretan.
Eusko Jaurlaritzari, Hezkuntza Sailari, Iban Asenjori berdina gertatzen zaiola esatera ausartuko naiz. Beraiek egin behar zuten lana irakasle bakar batek egin du, ordea. Eta hori ez zaie gustatu (pirateria aipatu du Asenjok bere interbentzioan). Pirata? Zer txorakeria esaten ari zara, gizona?
Bitxia bada ere, Iban Asenjo Jakintza Ikastola sortu den herri berekoa da. Behintzat, Ordiziako zinegotzia da.
EGA: bitartekoak eta helburua
Maite Goñiri eskainitako apuntea.
Ostiral goizean jenio biziz jarri nintzen IKTeroen blogean irakurri nuenean Maite Goñik 2007-2008 EGA azterketak saretik kendu behar zituela. Ezin nuen sinetsi eta, zorionez, ez naiz bakarra, euskal blogosferan gaia ederki mugitu baita.
Ondo baino hobeto esplikatzen du Gorka Juliok aka Teketenek Maite Goñik muxutruk egindako lan ikaragarria (nEGArgura). Pasa den igandean, otsailaren 8an ,Amarauna irratsaioan kointziditu nuen blogarien txokoan berarekin eta mikrofono aurrean esan zigun igande horretan bertan sareratuko zituela azterketak. Bost egun egin dute Interneten. Txantxetan esan nuen monumentua egin behar geniola Maiteri, baina ez da hori jaso duen ordaina.
Maite elegantea da eta ez du esan nondik deitu dioten, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik jasoko zuen deia. Egindako lana eskertu bazioten ere, liburu argitaratu berriak bere ibilbidea egin arte ezin omen da sarean jarri.
Saritu beharrean Maitek eginiko lana, (aginte) makila hartu eta harekin jo egin diote, zapla, bizkarrean. Zein da Eusko Jaurlaritzaren helburua? Liburuak saltzea edo euskara (a)sustatzea? Mediokre batzuk gara. Eta uztera noa apunte hau, gainerakoan biraoka hasiko naiz-eta.
