Harrikadak
liburuak
Manel Estiarteren arrebarena
Liburua idatzi du waterpolo jokalari ohiak. Arrebak bere buruaz beste egin zuen duela 23 urte.
Manel Estiarte waterpolo jokalaria mundu mailako onena izan zen urteetan eta sei aldiz parte hartu zuen Joko Olinpikoetan (1980tik 2000ra), tartean 1992ko Bartzelonakoetan, non talde espainolak ez baitzuen urrezko medaila lortu, zilarrezkoa baizik.
Bere kirol ibilbidea komunikabideen bidez jarraitu izan dut, baina ez dut pertsona gehiegi ezagutzen. Atzo gauean Jose Ramon De la Morena irrati-esatariak elkarrizketatu zuen Manel. Gaur egun Bartzelona futbol taldeko kanpo harremanetarako buru da, pasa den udan kargua hartu ondoren.
Atzoko agerpena atera berri duen Todos mis hermanos liburuarengatik izan zen. Liburu honetan gordinki kontatzen omen du Estiartek barruan zituen hainbat gauza. Horietan guztietan gordinena, dudarik gabe, Rosa arrebak bere buruaz beste egin zuen egunekoa. Duela 23-24 urte gertatu omen zen eta Manelek leihotik salto nola egiten zuen ikusi omen zuen. Gurasoekin eztabaidan ari zela, anaia zaharrena sartu tartean eta dena izorratu. El Periódico de Cataluñan daude zenbait pasarte labur.
Bruneteko kazetaria ez da nire gustukoa, baina horrelakoetan ez da gaizki egoten. Hona hemen atzo gauekoa entzungai.
Manel Estiarte: "Yo vi suicidarse a mi hermana"
Josetxo Mayor
Ander Izagirre kazetari eta idazle donostiarraren Cuidadores de Mundos liburuan agertzen da Josetxo, besteak beste.
Ander Izagirrerekin topo egiten dudanean, beti du zerbait kontatzeko. Duela egun batzuk, adibidez, esan zidan beste bi lagunekin batera proiektu berria zuela esku artean: autobus zaharra erosi dute eta orain txukuntzen ari dira. Klikatzen baduzue atzeko lotura horretan, argazki hau ikusiko duzue: hiru lagun autobus barruan lanean. Hortik aurrera, autobusarekin zer kristo egin nahi duten, nora eramango gaituzten, eta abar, kontatuko digute.
Gaur, berak ezagutzeko aukera eman didan pertsona bati egin nahi diot omenalditxoa. Donostian jada bitan aurkeztu duen Cuidadores de mundos liburuko pertsona maitatuena da niretzat, nahiz eta oraindik ez irakurri pasadizo guztiak. Baina Josetxo Mayorren berri izan nuenetik, gizon honek hunkitu egin ninduen. Inortxok eskatu gabe, hogei urte pasatxo daramatza Josetxok Ulia mendia egunero garbitzen eta txukuntzen. Bulego orduak, goizeko 7:00etatik 10:00etara. Hilean behin ez da joaten: pentsioa kobratzea tokatzen zaion egunean.
Esaldi bakarra itsatsiko dut: "Aquí hay mucha fatiga y muchos sofocones. Pero juramentos, ni uno. Un voluntario no tiene derecho a decir juramentos. Si no quiere trabajar, que lo deje".
Gainera, fenomeno pasatuko duzue Anderrek ematen dituen hitzaldietara hurbiltzen bazarete. Euskaraz eta gazteleraz ari da gora eta behera. Gaur, adibidez, Korrika Kulturalaren barruan Lizarran dago Izagirre.
Bi gauza amaitzeko: bat, Josetxo Mayorren historia irakurri Anderren blog zaharrean; bi, Cuidadores de mundos liburuari buruzko informazioa.
P.S. Bitxia da, baina buzo garaiak datoz berriro? Bolada baterako? Betirako?
Eta sen ona aurkeztu egin zen
Jorjari dedikaturiko lerroak.
Azkenean, atzo aurkeztu zen Ernest Lluch Kultur Etxean Imanol Querejeta eta Javier Vizcaíno bikoteak idatzitako "De cabeza. Para qué sirve un psiquiatra" liburua. Aurkezle lanetan Jabier Muguruza aritu zen eta hitz hunkigarriak izan zituen irundarrak. Testu hori gaztelerazko blogean jarri dut: Gautama Buda, Mikel Laboa y una buena amiga.
Ehun lagun inguru bildu ginen. Jabierrek bi folio irakurri zituen eta paso eman zion bikoteari. Beti bezala Imanol eta Javier solasaldi interesgarrian aritu ziren, apal eta sakon. Gero, jendearen txanda iritsi zenean, galdera guztiak Imanoli zuzendutakoak izan ziren.
Ez nituen apunteak hartu, baina ideia hauek geratu zaizkit buruan: sistema publikoaren defendatzailea dela banekien ("badira gaixotasun batzuk soilik sistema publikoak trata ditzakenak") eta psikologoa eta psikiatraren arteko desberdintasuna esaldi batean finkatu zuen: psikiatra mediku bat da; psikologoa, ez. Hogeita hamar urte luze ei daramatza psikiatra gisa lanean eta oraindik ez duela erorik ezagutu jaurti zuen lasai-lasai. Gehiago nahi izanez gero, irakurri liburua.
Heriotza ere presente egon zen iluntzean. Jabierrek irakurritako testuan Mikel Laboaren aipamena zegoelako, besteak beste. Jabierrek ezin zuen imaginatu, baina, ikusleen artean Marisol, Mikelen alarguna, eta Agurtzane, alaba, egongo zirenik.
Afaltzen ari ginela, berriz, Joxean Arbelaiz hil zela jakin genuen. Bat-batean. Kultura Patronatuko zuzendari ohia, Jaurlaritzako goi kargu, eskola maisu, Andramari abesbatzaren presidente... Harreman gutxi izan dut nik berarekin, baina beti tipo jantzia eta edukatua iruditu zait. Gugan bego!
"De cabeza" liburuaren aurkezpena asteartean Donostian
Bi egileak: Javier Vizcaíno eta Imanol Querejeta. Aurkezlea: Jabier Muguruza. Tokia: Ernest Lluch Kultur Etxea. 19:00etan.


Imanol Querejeta psiquiatra da Más que palabras irratsaioko kolaboratzailerik zaharrena. Hasiera-hasieratik omen dago bertan, 1998tik edo. Igande eguerdietan jende askok entzuten ditu Imanolek Javier Vizcaínorekin, irratsaioko zuzendariarekin, mantentzen dituen solasaldi interesgarriak.
Pasa den udazkenean biek idatzitako liburua egon zen Durangoko Azokaren berritasunen artean. Orduan izan nuen liburua esku artean eta geroztik ikusi izan dut Donostiako liburudenda ezberdinetako erakusleihoetan. Diseinu aldetik, zer nahi duzue esatea, ez da liburu erakargarria, baina uste dut bi egileek zuzenean mantentzen dituzten solasaldien espiritua ondo baino hobeto ageriko dela bertan.
Eta liburua gustuko ez baduzu ere, asteartekoa izan daiteke aukera aproposa biak ala biak bertatik bertara ikusteko eta entzuteko. Gainera, aurkezle lanetan irratsaioko beste kolaboratzaile beteranoa egongo da, Jabier Muguruza. Muguruzak idatzi du liburuaren aitzin-solasa eta Donostian jokoa banatzen egongo da.
Zerbait gehiago jakin nahi baduzue, entzun Imanolek eta Javierrek Edurne Mendiarekin izandako solasaldia (Durangoko Azokan). Asteartean Ernest Lluch Kultur Etxean egongo naiz liburu aurkezpenean. Bertatik pasaz gero, elkar ikusiko dugu.
