Harrikadak
kursaal
Radio Euskadiren World Cafe Donostian
Igande goizean World Cafe berria antolatu zuen Radio Euskadik. Orain, Donostian.
Pasa den urtean Bilbon egon ginen Radio Euskadik antolaturiko World Cafen. Oraingoan, irratiak hogeita bost urte bete dituenaren ospakizunak amaitzen ari direla, Donostiara ekarri zuten mahaien atarramentu hau.
Ez dakit zenbat jende elkartu ginen Kubo handiaren tripen barruan. Eguraldi iragarpenak ez ziren onak eta barrualdean egitea erabaki zuten. 10:30ak aldera iritsi nintzen Auditoriora. Ashet-ekin egin nuen topo atarian eta berarekin sartu nintzen barrura.
Bizkaian txuri-gorria bazen nagusi, hemen txuri-urdina. Euskadi Irratiko Amarauna saioan sartu-irten txikia egin nuen Edurne Ayusoren eskutik. MQP irratsaioko kolaboratzaile eta entzule batzuk agurtu nituen gero: Carlos Vilches, Iratxe Molinuevo, Elena Rosales, Juantxo Agirre, Imanol Querejeta eta Jabier Muguruza lehen taldekoak; Iñaki Murua, Mikel Eztabai, Gernikako Mikel, bigarrenekoak.
Mahaia aukeratu ondoren, konturatu nintzen Bilbon nirekin egondako Mertxe zegoela eserita mahai berean. Berarekin batera Soraluzeko lagun bat, Marifran. Handik gutxira, Zarautzko bi ahizpa gehitu ziren taldera: Arantxa eta Isabel.
Bigarren taldea Gernikako Arimak, Etxalargo Ixabelek, Legazpiko Aitorrek eta Eibarko Marikarmenek osatu zuten. Marikarmen, asko hitz egiteaz aparte, arrapaladan joan zitzaigun bazkaltzera. Komentuetako gauzak.
Hirugarren mahaia osatzeko zailtasun gehiago izan genituen. Urretxuko Karmele eta biok geunden mahai-inguruan jarrita, Eibarko lehengusin koadrila gerturatu zenean: Mariasun, Karmen, Maribel eta Ermuan bizi zen Pilar.
Bilbokoa hobeto antolatu zutelakoan nago. Han, Donostian ez bezala, mahai bakoitzak zenbaki bat zeukan, baita eserleku bakoitzak ere. Horrela, garbi zegoen bakoitzak nora joan behar zuen txanda aldaketan. Atzo, berriz, horrek ez zuen hain ondo funtzionatu.
Ondo pasa nuen. Hori bai. Hona hemen atera nituen argazki gutxi batzuk. Kronika gehiago: Mikel Agirregabiria, Iñaki Murua, Iratxe Molinuevo...
Ehuneko berrogeita hamar garestitu zen zerbeza
Waits, Springsteen, Bassmatti, Berrio, Fast Fatum. Noiz egin zuen gora zerbezak?
Sapatuan Tom Waits ikusten egon nintzen Donostiako Kursaal Jauregian. Joserrak eman zidan aukera (eskerrik asko). Dirutza pagatu nuen, baina oso gustura egon nintzen Waits zaharra entzuten.
Handik atera, bueltatxo bat Alde Zaharrean eman eta anabasatik gertu zegoen Bassmatti & Friends partyan egon nintzen. Giorgio ez nuen ikusi, baina gozatu ederra hartu genuen Rafa Berriok gitarra hartu zuenean.
Asteartean, berriz, Bruce Springsteen jaunaren showa ikustera joan nintzen Anoeta Estadiora. Badakizue 40.000 ikusle bildu zituela eta jende gehiena oso gustura atera zela, Mr. Jukebox ere bai (jarraitzeko moduan erantzunetan dagoen eztabaida: ebentoak vs. tabernen zirkuitua). Agian larunbatean bizitutakoaren ondoren, ez nuen joateko gogo handirik, baina sarrera Gabonetan erosi nuenez, futbol zelaira joatea beste erremediorik ez zegoen.
Boss-arekin ez nuen gozatu. Bai, badakit: ni eta beste bat ezagutzen dut hori esan duena. Dena emanda aldegin zuela irakurri eta entzuten dut hortik zehar. Izerdi patsetan amaitu zuelako kontzertua? Horixe behar genuen! Eta egia da askok bera bezainbeste kobratu ondoren erdia ez dutela ematen, baina, niretzat hori ez da nahikoa.
Haserretu egin nintzen kontzertuaren hasieran egondako tokian musika ez baitzen behar den bezala entzuten (eta ez nengoen toki txarrean, soinu mahaiaren albo batean). Gero, mugitu egin nintzen eta hobetu zen soinua, nahiz eta ez izan espero nuen bezain espektakularra.
Eta inguruko tabernek kaña 3 eurotan (% 50eko igoera) eta katxiak 6 eurotan jartzea? Barruan, okerrago, katxiak 9 eurotan pagatu behar. Lapurreta. Hau zer ostia da? Hemen denak balio du?
Gure betiko martxan jarraitu beharko dugu. Etxeko zirkuitua. Adibidez, ostegun gauean, AEBetatik etorri berria zen Igor Calzada entzun nuen Le Bukowski aretoan, FasTFatum. Harkaitz Canok ere irakurri zituen poema batzuk. Eta googleheim hitza inbentatu genuen, Joserra Senperenak Alondra Bentley deskubritu zigun. Eta abar, eta abar.
Urte askotarako, Berria
Atzo ospatu zuen Berriak bosgarren urteurrena. Urte askotarako!
Ekitaldia 19:30ak pasata hasi zen Donostiako Kursaal Jauregiko Auditorioan. 1700 lagunekin bete egin zen lokala, Berriako langile, irakurle, gizarte eragile, politikari, eta abarrekin.
Berandu konturatu nintzen ekitaldira joateko Berria egunkarira deitu behar zela telefonoz eta Beni komandanteari eskerrak lortu nituen azken orduan pare bat gonbidapen. Atarian Eibarko enbaxadore den Serafin Basauri eta bere koinata Mariajerekin egin genuen topo, baita Raúl Pérez, Irutxuloko Hitza periodikoaren zuzendariorde nekaezinarekin ere.
Eneko Olasagasti jaialdiko zuzendariaren kontrol mahaiaren ezkerretara eseri ginen. Geunden tokitik ikusi genuen tokia erreserbatuta zuten guztiek nola okupatu zituzten beren eserlekuak. Eta halako batean argiak itzali eta hasi egin zen ekitaldia.
Eszenatokian atzo lauko banda osatzen zuten Logela multimediako lagunak (bateria, gitarra, kontrabaxua eta teklatuak edo perkusioa) egon ziren jaialdiari erritmoa jartzen. Atzealdean zintzilikatutako periodiko ale zaharrak zeuden. Zenbait dantzarik soinean zituzten kamiseta bakoitzaren letrak erabiliz hitzak osatu zituzten, finean hori baita periodiko batek egiten duena, letrak batuz esanahiz beteriko berbak sortzea. Lurra, ura, berria, herria, euskal, herria…
Leire Bilbao poeta ondarrutarrak hartu zuen hitza ondoren. Ezkerreko pasilloan argiztatu zuten berak okupatzen zuen tokia eta ele batzuk irakurri zituen. Ezkerretik eta eskuinetik atera ziren ikuskizunak iraun zuen bitartean Gari Berasaluze, Castillo Suarez (Xabier Mendigurenek idatzitakoa irakurtzeko), Kevin Heredia kolektibo literarioaren izenean aritu zen ordezkari dotorea, Anjel Lertxundi (kontatu behar dut Stock 13n pasa den ostegunean eginiko musika entzunaldi komentatua), Edi Naudo aktorea (Victor Alexandre idazleak katalanez idatzitako testua leitzeko).
Leire Bilbaoren ondoren eszenatokian agertu zen Anari. Gitarra lagun abestu zuen bakar-bakarrik, atzealdean zegoen pantailak haren aurpegiko lehen planoak botatzen zituen bitartean. Castilloren ondoren atera ziren lehenengo aldiz bost bertsolari: Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Xabier Silveira, Oihane Perea, Xabier Paya. Ametsek presente zegoen Patxi Baztarrika izendatu ez bazuen ere, hari bota zion bertso bat.
Kevin Heredia kolektiboaren ondoren, Jira-Biran urte eta piko elkarren ondoan bidea egin zuten Harkaitz Cano eta Maialen Lujanbio bikoteak irri egiteko moduko elkarrizketa taularatu zuen, eskutan zuten periodiko alea amaieran trukatuz.
Kirmen Uribe poetak serio jarri gintuen 2003ko otsailaren 20a Mikel Urdangarin lagunarekin nola bizi izan zuen gogoraraziz. Dantzariak eta Logela multimediako musikarien txanda iritsi zen berriro ere.
Euskaldunon Egunkaria kasuko auzipetu gehienek, Xabier Alegria kartzeleratutakoaren argazkia eta guzti, Egunkaria libre pankarta igo zuten eszenatokira, publikoaren txalo zaparrada jasoz. Beste modu batean egin zitekeen, baina estetika jakin bateko argazkia lortu zuten. Aurretik, Egunkaria itxi zuten eguneko irudiez osaturiko bideoa proiektatu zuten; Valentzian bezperan hain modu nabarmenean Aznarrek agurtu zuen Acebes ere azaldu zen, euskaldunon eskubideak babesteko eginiko operazioa izan zela lotsarik gabe esateko.
Auzipetuen izenean Joan Mari Torrealdaik hitz egin zuen. Gogorarazi zigun laster abiatu daitekeela epaiketa, udazkenean agian, bost urteko kalbarioa gutxi izan ez balitz, kartzela urte asko eta milioi euro mordoa dituztela jokoan, baita Egunkariaren izen ona ere. Euskarazko lehen egunkaria martxan jartzea garesti ordaindu dutela jada.
Berriro agertu ziren bost bertsolariak eszenatoki gainean eta, Joan Mariren ondoren umorea egitea latza zen. Saiatu ziren bederen.
Mihiluze Berria aurkeztu zuten Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano aurkezleek. Biek eginiko galderak eserlekuan genituen txartel koloredun batzuk erabiliz erantzun behar genituen. Horrela Andoaingo irakurle batek eraman zuen Anton Mendizabal eskultoreak eginiko egurrezko lanaren erreprodukzioa.
Bukaera aldera, Berria egunkariaren arduradun nagusiak azaldu ziren. Josean Lizarribar, Administrazio Kontseiluaren burua, eta Martxelo Otamendi, zuzendari-saltzaile-umorista plantak egiten. Lizarribarrek aurrera begira dituzten erronkak aipatu zituen eta Martxelok Eneko Olasagastirekin hiru minutu baino gehiago lortzeko Martxelok berak ordaindutako sei bazkariak erabili zituen guztioi eskerrak emateko.
Denok uste genuen hura zela amaiera, baina ez. Ruper Ordorika gitarrarekin eta Arkaitz Miner biolinarekin atera ziren oñatiarraren Zaindu maite duzun hori eskaintzeko. Zaindu maite/gorroto duzun hori.
Abestiaren ondoren, ikuskizunean parte hartu zuten guztiak igo ziren agertokira, baita Berriako langileak ere.
Kanpora atera ginen eta euri zaparrada politta botatzen zuen bitartean, Kursaalaren aterpean egon ginen. Euria ari du, gezurra ari du. Gogoratzen?