Harrikadak
kultura
Lizardiren baratzean beti dago zerbait
Alea jacta est. Raxoi izango dugu datozen lau urteetan Espainiako gobernuburu. Zer egin? Lizardiren baratza landu.
Hernán Casciari argentinarrak editore bihurtu eta Orsai proiektua abiatu zuen duela hilabete batzuk. Katalunian bizi da Casciari eta aldizkaria martxan jartzeko, gainera, Argentina aldeko hainbat lagun eta senide ekarri zituen Europako bazter honetara.
Orain, berriz, horietako gehienek kontrako bidaia egin dute eta erredakzioa Hego Amerikan kokatu. Aurreko batean kontatzen zuen gero eta gehiago kostatzen zaiola Argentinatik Europara etortzea. Borborka dagoela sormena Argentinan eta Europan, aldiz, gorbatadunek hartuko dituztela erabakiak datozen urteetan. Eta etorkizuna izugarria izango dela: ez ekonomiaren aldetik soilik; garai aspergarriak izango ditugula garaile.
Ez dakigu Casciariren tesiak beteko ote diren. Nik ikusten dut jende kreatiboa inguruan, baina kreatibitatea lanetik kanpo, sistema produktibotik at erakutsi eta landu behar dute. Gaur bertan, Dei Gaztelumendik Sustatun zioen talentua badagoela bere eremuan (animazioa), baina ez dela sustatzen.
Horretaz ari nintzen pentsatzen gaur gauean, afaldu ondoren. Ez nuen Raxoik esandakoak sarean sortu dituen erreakzioak entzuteko eta irakurtzeko batere gogorik. Izango da horretarako denbora.
Horren ordez, Euskadi Irratian Jose Luis Padron poetak aurkezten duen Lizardiren baratza saioaren webgunera jo dut. Pare bat saio entzuten aritu naiz. Eta, espero bezala, asko gustatu zait emaitza. Gomendagarria oso.
Kultura, besterik gabe
Kultura ez ote da aitzaki hutsa?
Ostiral iluntzean B aldeko kantuak diskoa aurkeztera hurbildu zen Donostiara Txuma Murugarren. Duela aste batzuk irakurri nion Argia aldizkarian Musikari askok sentitzen dugu sakonean jendeak huts egin digula izenburupeko elkarrizketa.
Iker Barandiaranek galdera: “Jendeak ez gaitu maite, minduta gaude eta min egiten dugu kantatzean”. Hala sentitzen zarete urteetan borrokan ibilitako musikari asko? Omenaldi txikia da?”
Eta Txuma Murugarrenek erantzuna: “Bai, gure buruari barre pixka bat egiten diot eta egia da, estali nahi dugun arren, jendeak huts egin digula sentitzen dugu sakonean, gehiago merezi dugulakoan gaudela”.
Ostiral goizean bertan Euskadi Irratian elkarrizketatu zuen Manu Etxezortuk. Ostirala zelako, udaberrian gaudelako, batek daki, entresaka egin zuen kazetariak titular hau jarri zion: Etorriko dira garai hobeak.
Loveof74 lagunaren blogean irakurri genuen ondoren Rafael Berriori EFE EME aldizkariak berriki argitaratutako elkarrizketa: Rafael Berrio, ingenio libre. Gomendagarria da oso-osorik irakurtzea, baina nik esaldi hau ekarriko dut gaur hona:
"Bueno, no soy nada democrático en estos asuntos. No veo mal que exista un arte dirigido a una minoría exclusiva, a una élite cultural que tome la delantera con respecto al “mainstream”. A mí, por ejemplo, me molestaría bastante que a todo el mundo le gustase el “White light-white heat” de la Velvet Underground y que lo pusieran de sintonía de un anuncio".
Ez naiz sentitzen elitearen parte, baina uste dut gurean jende asko gezurretan ari dela esaten duenean kultura, musika, pintura, literatrua, eta abar maite dituela. Ez, normalean gehiago gustatzen zaigu trago batzuk hartzea, mokau bat jatea edo txortan egitea.
Kultura apaingarri gisa erabiltzen da. Aitzaki hutsa da beste gauza batzuk egiteko. Besterik gabe.
La cultura, sin aditivos, este apunte en castellano
Bukowski edo zuzeneko musikaren auzia
Donostiako Le Bukowski klubak bertan behera utzi ditu zuzeneko kontzertuak.
"Zuzeneko musika eskaintzen duten aretoei buruz hitz egin beharra tokatzen zaigu berriro ere (...) Gaueko lokalen aurka Madrilgo Udalaren ofentsiba berriak sinpleak diren pertsona askoren oniritzia duela dirudi, mundua zuri-beltzean ikusten dutenena: "paperak ondo ez badituzte, itxi ditzatela".
"Ez da hain erraza. Gau jardueretarako baimena eskuratzeak erresistentzia lasterketen antza du: sistema egituratua dago klubak beti kili-kolo egon daitezen, (egunkarietako) gertaera-orrialdeak betetzen dituzten edozein istiluren menpe. Hainbat erregimen totalitariok erabiltzen duen metodo bera (aplikatzen da): menpekoen trapitxeoak toleratzen dituzte, errepresio indarrak ematen dien botere diskrezionalaren jakitun".
Goiko bi paragrafo horiek Diego A. Manrique kazetariarenak dira, 2008ko abenduaren 15ean El País egunkarian argitaratutako La ciudad bajo asedio artikulukoak. Behin baino gehiagotan itsatsi ditut blog honetan.
Donostia, 2010eko uda. San Miguel Donostikluba Zirkuituan parte hartzeko deia jaso zuen Le Bukowski klubak. Zirkuitu horren bidez zuzeneko musika sustatu nahi da hiriko hainbat aretotan.
2011ko otsailean, aldiz, udaltzainak ditu atzetik lokal berak. Dirudienez, lizentzia jakin bat (kafe-antzokikoa, lortzea oso konplikatua dena) beharrezkoa da zuzeneko musika programatzeko. Eta lokalak ez du lizentzia hori. Bizilagun batek salatu du Egiako aretoa eta horregatik ditu atzetik udaltzainak.
Nire teoria da hainbat tokitan Udala ez dela existitzen. Dena lotzen duen figura bat dago, alkatea, baina gero zinegotzi bakoitzak eta departamentu bakoitzak bere bidea jorratzen dute.
Goiko lehen bi paragrafoetan garbi geratu den bezala, zuzeneko musikaren auzia ez da Donostian gertatzen soilik: Bilbon, Madrilen, Bartzelonan... Nimuk ere ederki kontatu zuen zein den arazoaren muina. Aretoek galtzak bete lan dituzte araudiak konplitzeko. Agintariek hainbat jarduera aurrera eramateko beste aldera begiratzen dute... arazoa muturraren aurrean lehertzen den arte.
Bukowskiko Josuk dio DJ batek musika nahi duen bolumenean jar dezakeela haren lokalean, baina ezin omen da gitarrista akustikorik programatu. Horrela bada, ez du ez buru ez hanka.
Muinera joan beharra dago eta hirian dauden Bukowski bezalako lokalek segurtasun juridikoa izan behar dute zuzeneko emanaldiak aurrera eramateko. Gainerakoan, dena baina bainuetxeago izango da gure hiri hau. Eta nik ez dut bainuetxe batean bizi nahi, ez orain, ez hogeita hamar urte barru.
Bukowski o el problema de la música en vivo, este apunte en castellano
#tabakaos Donostian
Donostiako Tabakalerari buruzko hausnarketa laburra.
2001ean sinatu zuten hitzarmena Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Tabakalera nazioarteko kulturgune garaikide izan zedin. Bai, ondo irakurri duzue: 2001. urtean izan zen.
Bartomeu Marí-ren garaietara jo gabe, 2006aren hasieran, Josean Muñoz, Iñaki Galarraga eta Santi Eraso jarri zituzten proiektuaren gidari. Erasok berehala utzi zuen postua. Galarraga arkitektoak pasa zituen urte batzuk, baina sintonia arazoak tarteko, utzi egin zuen ere. Muñozek, berriz, politikariekin nazkatuta alde egin zuen 2010eko maiatzean.
2010eko urte bukaeran, lehen paragrafoan aipatutako erakundeek hitzarmen berri bat sinatu zuten, hasiera bateko aurrekontua-eta gutxituz. Tabakaleraren birdimentsionamendua deitu zioten agerraldiari eta agiriari.
2011ko maiatzean udal eta foru hauteskundeak ditugu. Duela aste batzuk sinatutako hitzarmena badirudi haizeak eraman duela jada, gure politikariak hasi baitira berriro publikoki elkarri mokoka.
Askotan ematen du tentel hutsak izango bagina bezala hartzen gaituztela. Xabier Leterena esateko ordua da: “Aguanta zaitzatela zeuen ama santisimak!”
Donostiarrok, gipuzkoarrok, euskaldunok: zerbait antolatu beharra dago Tabakalera zigarretaren kea bezala desegin ez dadin.
Nola antolatuko dugu #tabakaos?
#tabakaos en Donostia, este apunte en castellano.
Durangoko Azoka (ez) antolatzeaz
Benetan pentsatu al zuen Gerediaga elkarteak Azoka ez egitea?
"Saiatu gara azoka moldatzen, bazkideen arteko auzolana indartzen eta gastuak txikitzen. Egitarauan ekitaldi gutxiago daude aurten. Dilema izan genuen, azoka ez egitea ere pentsatu genuen. Baina mantendu egin behar zela iruditu zitzaigun, urte batez ez egiteak arrisku bat duelako: berreskuratzeko arazoak izatea gero".
Jon Irazabali Irune Berrok eginiko elkarrizketaren zati bat dira goiko hitzak. Abenduaren 3an agertu zen Berria egunkarian. Gainera, goian beltzez jarritako esaldia eraman zuen kazetariak izenburura: Aztertu genuen azoka ez egitea ere.
Irazabal Durangoko Azokako zuzendaria da. Berak elkarrizketan zioenez, Bizkaiko Diputazioak emandako dirulaguntza asko jaitsi da eta horregatik jaitsi omen da azokaren aurrekontua %30ean. Gustatuko litzaidake jakitea nola berdintzen dituzten diru kontuak antolatzaileek, feria honek izugarrizko inpaktua baitauka Durangon.
Azken egun hauetan elkarrizketaren izenburua burutik kendu ezinik nabil: "Aztertu genuen azoka ez egitea ere". Ez du pentsatuko ba Gerediaga Elkarteak Durangoko Azoka beraiena bakarrik dela, ezta? Hori pentsatuz gero, oker baitabiltza.
Durangoko Azoka bertara joaten garenona baita eta erosle-bisitariok, egileek, argitaletxeek, etab., izango dugulako zer esana.
Balantzea egiterakoan, aldiz, bizia eta ona izan dela diote izenburuan.
Chillida Leku Museoaren gorabeherak
Publiko egin zuen atzo eskultorearen familiak urtarrilaren 1ean itxiko dituela ateak museoak.
Esan bezala, atzo iragarri zuen familiak Enplegu Erregulazio Espedientea aurkeztuko dutela eta 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera ateak itxiko dituela Museoak. 2000ko irailean inauguratutakoa, hamar urte hauetan 800.000 bisitaritik gora izan ditu Zabalaga finkako eraikinak.
Ez da albiste ona Chillida Lekuren itxiera. Euskal artista puntako baten lana ezagutzera emateko toki zoragarria delako, besteak beste. Horrelakoak bota nitzake duintasun osoz. Eta beste aldera begiratu.
Goizean ederra muntatu zen ChillidaLeku-ko twitter kontuak eskatuta. Izan ere, erraza da norbaiten aldeko edo kontrako tuit bat botatzea. Nik ere egin nuen eta langileei bidali nien besarkada eta animo mezua.
Baina nire buruari galdetzen badiot zenbat aldiz joan naizen Museora, zein da erantzuna? Behin bakarrik joan naizela.
Mezu askok pena eta haserrea adierazten dute, baina egon da ere marketing usaina ikusi duenik. Hau da, ez ote den mugimendu taktikoa erakundeekin negoziatzeko. Ez dakit horrela den edo ez, baina nik ere berdin pentsatzen dut. Aita behin eta berriro aipatzen duen familiak baitaki 2016ko kultur hiriburu izan nahi duen hiri batek (nahiz eta museoa Hernaniko lurretan egon) ezin duela horrelako proiektua antzarrak perratzera bidali.
Esan bezala, mugimendua sortzea lortu dute, behintzat. Utopia amaitu dela dio El Paísek. Eta Juan Cruz-ek ere horri eskaini dio apuntea. Andrés Nagelen ustez museoa ezinbestekoa da. Eta gaurko prentsan gauza gehiago irakurriko ditugu, ziurrenik.
Oraingoz, baina, galderak ditut buruan bueltaka: Luis Chillida da museo horren kudeatzailea? Izenez hala da, baina izatez ere bai? Kudeaketa ona egin al du? Erakundeak dira museoaren etorkizuna salba dezaketen bakarrak? Familiaz gain, bestelako diru-iturri pribaturik ez dago horrelako ekimenik laguntzeko? Eta abar.
Galdera gehiegi eta erantzun gutxi, baina uste dut museo honek aurrera egingo duela.
Las vicisitudes de Chillida Leku, este apunte en castellano.
Donostia 2016ari begira Donostia 2010etik
Argia aldizkariaren 2242. zenbakian publikaturiko artikulua.
Esan bezala, Donostia 2016ari buruzko artikulua eskatu zidaten Argia aldizkarian irailaren hasieran prestatu duten zenbakian publikatzeko. Uztailaren amaieran entregatu nuen jada sarean dagoen Donostia 2016ari begira Donostia 2010etik artikulua. Iruñeari buruz Patxi Larrionek idatzi du: Iruñea: Hautagaitza berde hitsa. Gorka Bereziartuak, berriz, sarrera egin digu bioi: Zer dute eskaintzeko Donostiak eta Iruñeak? Hona hemen nire hitzak.
2006ko maiatzean Donostiaren kultur proiektu handiak zeintzuk ziren ezagutzera emateko jardunaldiak antolatu zituen Udalak San Telmo Museoan. Bertan aurkeztu ziren Victoria Eugenia Antzokia, San Telmo Museoa eta Tabakalera. Victoria Eugenia 2007ko martxoan inauguratu zen. San Telmo datorren urtean inauguratuko da, udal hauteskundeak baino arinago. Tabakalera, berriz, ez dakigu noiz inauguratuko den.
2008an erabaki zuen Donostiak 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza aurkeztuko zuela. Harkaitz Canok zera esan zuen aurkezpen ekitaldian, besteak beste: “Asko hitz egiten da aurrerabideaz, baina gutxi albora egiteak dituen abantailez. Eta kulturaren funtzioa, beharbada, alboan dago eta ez aurrean: ez litzateke txarra noizean behin, xakeko zaldia bezala, aldi berean aurrera eta albo batera mugitzeko gaitasuna izatea”.
Begira dezagun, beraz, alboetara. Donostiako ordezkariak Madrilgo Kultura Ministeriora 2016ko hautagaitza aurkeztera joan ziren egunean, 2010eko uztailaren 9an, Udalak DOKAko (Donostiako Kafe Antzokia) soinu-ekipoa zigilatu zuela jakin genuen. Dirudienez, ekainaren 23an, gaueko 23:00ak pasata, behar zuena baino ozenago zegoen aretoko musika.
Diego Manriquek El País egunkarian idatzitako La ciudad bajo asedio (Setiatutako hiria) zutabeaz akordatu nintzen berehala. Madrilgo Udalak zuzeneko musika programatzen zuten aretoei zer nolako laguntzak ematen zizkien aipatzen zuen Manriquek. Garai hartan bertan arazoak izan zituen Bilboko Kafe Antzokiak. Argigarriak kazetariaren hitzak: “Askok uste dugu rocka, jazza eta antzeko musikek tamaina txikiko edo ertaineko aretoak behar dituztela, lasaitasun giroan talde edo bakarlariekin gozatzeko tokiak, kopa eskuan dugularik, inolako eserlekuri lotu gabe. Ekimen pribatuko lokalak, udalaren ulermena merezi dutenak, baita gehiago ere (salbuespen fiskalak?). Edozein hiriko kultur ehunaren zati dira eta zaindu beharko lirateke, ez jazarri. Eta jazarpena egon, badago: adibidez, Madrilgo udaltzainen astakeria hori, DJen poltsak arakatzen disko piraten bila!”.
1980ko hamarkadan herritarrek ez zuten nahikoa azpiegitura gustuko arte-adierazpena ezagutzera emateko, baina gogoa eta beharra baliabideen gainetik jartzen direnean, nahikoak dira zuk nahi duzuna egitera hurbiltzeko. Duela hogei urte musikak pisu ederra zuen gure aisialdian (orain aisialdian, lanean, kafetegietan, dendetan, full time), baina Kaki Arkarazok duela gutxi eginiko elkarrizketa batean esan bezala, lau kanta ziren behin eta berriz errepikatzen genituenak.
Donostia Kulturak 2009an ia 26 milioi euroko aurrekontua izan zuen. 180.000 biztanle dituen hiri batentzat ez da kopuru eskasa. Aparte utzi behar dira Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Kursaal-eko hainbat kultur ekitaldi, eta abar.
2010-2011 epean Aieten eta Intxaurrondon beste bi kultur etxe zabalduko dira. Aietekoa espezializatua egongo da giza eskubideen alorrean eta bertan izango du egoitza gai horiei buruzko institutu batek. Intxaurrondokoa, berriz, Gasteizko zentro zibikoen bidetik doa. Kiroldegia integratua izango du. Ahaztu gabe San Telmo Museoak ere ateak berriro irekiko dituela 2011n.
2009-2020 eperako proiektua aurkeztu omen du 2016ko hautagaitza donostiarrak. 89 milioi euroko aurrekontua, prentsan irakurri dugunez. Horietarik, 40 milioi 2016ko urtean bertan gastatzekoak. Diru asko da, bai, baina erreparatuz gero beste zenbait konturi, ez da hainbesterako. 4.920 milioi euro aurreikusi dituzte AHT, metroa eta autobus geltokia garatzeko. Donostiako bigarren errepide gerrikoak, berriz, 300 milioitik gorako kostua izan du.
Donostiako kultur adierazpen erraldoienak (Aste Nagusia, Zinemaldia, Jazzaldia) turismoa erakartzeko sortu zituzten XX. mendearen bigarren zatian. Bilboko Guggenheim Museoa Euskal Herriko erakundetako ekonomia sailek bultzatutako proiektua izan zen. Okerrena da Kultura sailetako dirua jaten duela.
Irailaren amaieran U2 taldeak kontzertua eskainiko du Donostiako Anoeta Estadioan. Erakundeek, Foru Aldundiak eta Udalak, seguru emango diotela laguntzaren bat kontzertu sustatzaileari. Kultura aurrekontuak hustu beharrean, hobe da hori sartzea turismoa erakartzeko partidetan.
2006ko jardunaldietan, Josep Ramonedak esan zuen publikotasunaren kudeaketaz ari garelarik legitimitate demokratikoa dela hierarkiaren lehen mailan jarri behar dena. Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroko (CCCB) zuzendariak hori nola ulertzen zuen interesatzen zait. Berak ondo baino hobeto zekien kargutik kentzeko eskubide osoa zutela politikariek, baina bera karguan zegoen bitartean haiek ezin zutela muturra sartu bere eremuan. Abantaila bat zuela aitortu zuen Ramonedak, Diputazioa baita patronorik handiena eta berau eguneko tentsio politikotik at omen dago Bartzelonan.
Horixe da azken urte hauetan gehien aldatu dena eta, Joxan Muñozek Tabakalera utzi zuenean, egoera ondo baino hobeto laburbildu zuen bi esalditan Xabier Erkiziak: “Harrigarria da politikariak kultura kudeatzaile lanetan ikustea. Horrela funtzionatzen dugu hemen”.
Disney, Guggenheim eta beste hainbat korporazio nagusi diren iji-aja urteak bizitzea tokatu zaigu. Munduko biztanle guztientzako nahikoa baliabide ez eta fribolitatea da nagusi eremu serioetan ere. Okerragoa da garai postmoderno hauetan dugun memoria eza. Normala da hein batean, gure begi aurrean zenbat informazio pasatzen den kontuan hartuz gero. Batzuetan badirudi krisia etorri dela poetaren udaberria bezala, inork jakin eta konturatu gabe. Eta hori ez da oso normala. Agintariek ondo baino hobeto jakin beharko lukete krisia izan dela gure egoera naturala.
Buka dezagun Harkaitz Canok 2008ko maiatzean esandako beste hitz batzuekin: “Zer da baina, askotan ahoa betetzen digun delako kultura hori? Kaosa argiago ikusteko gaitasuna? Plazera besterik ez, plazererako bidea erraztu eta plazera ematen duena? Gure destinoaren kodea deskodetzeko era bat? Sineskeria estetikoak? Agian arrazoi zuen Roberto Bolañok, eta kultura flotadore bat besterik ez da. Ez da hain gutxi ere”.
Esnatu zenean, Tabakalera oraindik hantxe zegoen
2001. 2006. 2010. 2013. 2016...
Duela lau urte, 2006ko maiatzean, Donostiako Plan Estrategikoaren Bulegoak hiriak hurrengo urteetan landu beharreko kultur proiektuei buruzko jardunaldiak antolatu zituen. Bertan, Victoria Eugenia Antzokiaz hitz egin zen, 2007ko martxoan ateak berriro zabaldu zituena. Bertan, San Telmo Museoaz aritu ziren, 2011ren hasieran berriro martxan egongo dena. Bertan, Tabakaleraz hitz egin zen...
Egun haietan ohar mordoa hartu eta zortzi apunte osatu nituen (hamasei, euskarazkoak zein gaztelaniazkoak kontutan hartuz), bertan esandakoak gorde nahi nituelako. Oinarrizko apuntea Donostiako kultur proiektuak izenekoa da, gainerakoak bertatik ikus ditzakezue.
Aste honetan Tabakalerari buruzko gertaera desatsegin batzuek gertatu dira, Joxean Muñozen dimisioa ekarri dutenak. Joxeanen mailako pertsona batek proiektua utzi behar izateak mindu egin nau eta proiektuarentzat tamalgarria da.
Datozen urteetan, gure hiri honek arazo larriak izango ditu une honetan bertan dituen kultur azpiegiturei eusteko, proiektu gehienak behiaren errapea puztuta zegoenean pentsatuak izan direlako. Orain, berriz, errapeak esne gutxi dauka eta denok dardarka.
Ez dut ulertzen nola 2001ean abiatutako Tabakalera bezalako proiektuak, gaur egun duen itxura kaskarra izatea. Ea nork altxatzen duen zerraldoa orain.
Hona hemen 2006ko maiatzean Tabakalerari buruz entzundakoa.
Cuando despertó, Tabakalera todavía estaba allí, este apunte en castellano.
Orain bai!
Orain telebista saioa, ETBko harribitxietako bat.

Duela gutxi deskubritu nuen Orain. Norbaitek bidali zidan Dizebi graffitigile edo graffiti idazleari buruzko kapitulua eta hunkitu egin ninduen. 2004ko irailean Donostian egindako Representa 04 jaialdiaren barruan ezagutu nuen Dizebi, Ernest Lluch Kultur Etxean Iñaki Bocos eta orain gogoratzen ez dudan Gironako tipo baten ekimenez eginikoa. Edizio bakarra izan zuen, tamalez, jaialdiak. Gauza jakina baita alkateak ez dituela gogoko graffitiak.
orain: 30_Dizebi from debolex films on Vimeo.
Bideo gehiagoren peskizan ibili nintzen eta Yosigo argazkilariari buruzkoa aurkitu nuen. Ander Arroitajauregi, Maite Mursego-ren anaia luthierra. Pernan Goñi marrazkilaria. Anari eta Ruper Ordorika musikariak. Parafernalia aktibista. Thee Brandy Hips rockeroak. Delifunart bon vivant liberalak. Eta Elena Odriozola, nire beste debilidadetako bat.
orain: 48 elena odriozola from debolex films on Vimeo.
Sare sozialetan atzo zabaldu zen programak arazoak dituela parrillan jarraitzeko. Denboraldiaren amaieran daude eta ikusteko dago ea ETBk zer egingo duen datorren denboraldiari begira. Dirudienez, gauzak oso geldirik daude etxe horretan (eta ez bakarrik saio honi dagokionez).
Gaur, besteak beste, Love of 74 lagunak idatzi du Orain-i buruz. Bihar, berriz, Giorgio Bassmatti izango da protagonista Orainen. 22:00ak aldera botako omen dute ETB3n.
¿Qué pasa por la calle? galderari erantzuteko balio du programa honek. Gustu handiz eginikoa izateaz aparte, kulturaren ikuspegitik, une honetan Euskal Herriko bazterretan gertatzen ari dena ezagutzera emateko erreminta bikaina da.
Bertsolari dokumentalaren pilotua txiripaz dago sarean
Asier Altuna elkarrizketatu zuten aste honetan Euskadi Irratiko Aperitifan.
Larunbatean, bazkalostean, Mailu Odriozolak Asier Altunari aste honetan bertan egin zion elkarrizketaren zatiak errepikatu zituzten Euskadi Irratian. Beste gauza batzuk ari nintzen egiten, baina harritu ninduen Asierrek esatea Bertsolari dokumentalaren pilotua kasualitate hutsez jarri zutela sarean. Izan ere, bertan ageri den John Miles Folley adituari erakutsi nahi ziotela eta, horregatik, dagoela Vimeon.
Asierrek gehitu zuen finantzabidea lortzeko egiten direla gaur egun horrelako pilotuak. Ea zortea duten behintzat. Emaitza politta izan baitaiteke.
BERTSOLARI PILOTO SPANISH SUB. from txintxua on Vimeo.