Harrikadak
katalunia
Jaume da nire izena, ez Jaime
Urriaren 16an Masnouko jatetxe batean gertatutakoa, zer esana ematen ari da Katalunian.
Kataluniako lagun batek kontatu zidan telefonoz bere ezagun bati gertatutakoa eta, nik ez nuenez horretaz ezer irakurria, lotura bat bidali zidan Ràdio Catalunyaren webgunera. Gero, Jaume Valls-i buruz directe.cat webgunean dagoen informazioa aurkitu eta irakurri egin nuen ere.
Dirudienez, urriaren 16an Jaume Valls tabernaria lanera sartu zenean, aspaldiko bezero bat hasi zitzaion "Jaime" deika tonu txarrean. Tabernariak dioenez, hasiera batean ez omen zion kasu askorik egin, tipoa edanda baitzegoen. Baina ingurutik pasatzen zen bakoitzean, besteak jarraitzen omen zuen iseka egiten.
Halako batean, Jaume hurbildu zitzaion besteari esatera bere izena Jaume dela, ez Jaime. Bezeroak, jabearen laguna itxura guztien arabera, erantzun ei zion berak nahi zuen bezala deitzen ziola. Hortik aurrera gauzak konplikatu egin ziren eta bertsioak ez datoz bat.
Bezeroak alde egin zuen eta esan omen zion jabeari tabernariak barkamena eskatu ezean, bera ez zela bueltatuko establezimendura.
Jabeak zer egin zuen? Tabernariari adierazi zion barkamena eskatu behar ziola bezeroari. Jaumek ezetz, berak ez ziola barkamena eskatuko. Bezeroak burla egin ziola eta ez alderantziz. Enpresak espedientea zabaldu eta astebetez bidali zuen etxera, zigortuta, lanik eta soldatarik gabe. Orduan, albisteak hedabideetara egin zuen salto eta hautsak harrotu ditu.
Lagunak zioen, eta arrazoia du, Josep-Lluís Carod-Rovirak Tengo una pregunta para usted telebista saioan izandako une harekin duela lotura. "Yo me llamo como me llamo aquí y en la China" esan zionean Carod-ek Burgosko gazte ezjakin bati.
"Me llamó Jaime en vez de Jaume" lotura ere utziko dizuet. Bideoan ageri da Jaume Valls bera. Ea onik ateratzen den Jaume ataka honetatik. Animo.
Me llamo Jaume, no Jaime, este apunte en castellano
Astea arin
Abiadura handiko astea joan zait enteratu gabe.
Asteartean
etorri ziren Maria, Miquel eta Vicky. Mataró Euskal Herria connection. Miquel Torner Gerra Zibilaren
ondorengo memoria demokratikoa eta galtzailea oinez errekuperatzen duen Marxaires taldeko kide da. Oso pertsona
jatorra, hankak lurrean dituen horietakoa. Maria nire laguna da eta Vicky
Miquel-ena.
Aitzakia Ernest Lluch Kultur Etxeko asteazkeneko ekitaldia izan zen. Assumpta Montellà eta Toni Strubell ere egon ziren bertan. Assumpta beti bezain ondo hitzaren jabe denean, emozioa hitzez transmititzeko gai baita. Strubell ere hunkituta, batez ere Javier Vizcaínok solaskideei hitza eman aurretik jarritako lau minutu eskaseko korteagatik.
Denek merezi
dute nire aitortza, baina Javi
folloi ederraren erdian etorri zen Donostiara. Lorik egin gabe eta aurretik
kristoren plan tzarra duela kontutan hartuz, esker bereziak igorri nahi dizkiot hemendik. Eta zaintzeko ere esan
nahi diot, bizitza bizitza baita, ederrena, galtzen duenak, galtzen du dena (Atxagaren berbak moldatuz).
Kronika ezberdinak egin dituzte bertaratutako lagunek: Javier Vizcaíno aurkezleak bata, Love of 74 entzuleak bestea, laster esango du zerbait Assumpta Montellàk… Eta Begoña Del Teso kazetariak Miqueli eginiko elkarrizketa gaur publikatu da DVn.
Hauetako lagun katalan batzuekin Gu ta gutarrak taldearen kontzertua ikusi genuen ostegunean Loiolako Kultur Etxean. Donostia periferia tour. Aretoa lepo eta bizkaitarrak in crescendo, tempoak ondo maneiatuz. Joseba Tapia izan zen gutar gonbidatua.
Gainsbourg gainbegiratuz
Ostiral arratsaldean, Eibartik pasa ondoren, Elgetara igo ginen. Espaloia Kafe Antzokian genuen zitak merezi baitzuen. Diskoa publikatu ondoren estreinakoz igo zen taula gainera Gainsbourg gainbegiratuz lana zuzenean defenditzera Jocanok bildutako tropa. Diskoa emanaldiaren aurretik erosi egin nuen eta zinez da ederra. Emanaldia, berriz, ez zen gutxienekora iritsi. Inguruan nuen jendea, nirekin eta niregatik igo zena kasu batzuetan, ni baino harrituago zegoen ikusi zuenarekin. Ezin baita 13 euro pagatu dituenari entsaio batera gonbidatu.
Zaila egin zen aurretik sarrerak saltzea, hori kontatzen du Iban Arantzabal antolatzaileak bere blogean. Eta zuzenekoa oso berde dago oraindik. Hurrengo hitzordua Victoria Eugenian dutela aintzat hartuz, ni kezkatuta egongo nintzateke taula gainera igo behar izanez gero. Bi gauza dituzte alde: denbora eta proiektua perla bat dela.
Bueltaka
Ostirala-larunbata-igande-astelehena. Donostia-Gasteiz-Bilbo-Donostia.
Aste bukaera etxetik kanpo pasa dugu. Larunbat goizean autoa hartu eta Gasteizera joan ginen. Karrera elkarrekin egin batzuk elkartu ginen egun-pasan. Ume ardurarik ez genuenok, gainera, Baskonia-Bartzelona saskibaloi norgehiagoka ikusi genuen. Bizpahiru aldiz baino ez naiz joan saskibaloi partidaren bat ikustera, estreinakoz Gasteizen, baina oraindik ez dut lortu inoiz etxeko taldeak irabaztea.
Gauean Bilbora hurbildu ginen lotara. World Café delako ebentoa iragarri zuen Radio Euskadik 25. urteurrena ospatzeko. Ostiralean eguraldi txarra iragarrita zegoela-eta, antolatzaileek ospakizuna atzeratzea erabaki dute maiatzaren 18ra.
Plan-aldaketa ondo atera zitzaigun: etxetik kanpo egin genuen lo, paseotxoa eman genuen igande goizean Bilbon zehar, lagun batzuekin bazkaldu eta arratsaldean, jada euritan, etxerako bidea hartu.
Goizean argazki-makinaren bateriak aguantatu zuen bitartean argazki batzuk atera nituen.
Bilboko Guggenheim zuri-gorria alde batera.
Eta Bilbo berdea beste aldera. Erretratu gutxi batzuk igo ditut flickr kontura.
Bilbon geundela beste lagun batek deitu zidan esateko castellers-ak zeudela Antigua auzoan, Donostian. Entzuna neukan etortzekoak zirela, baina uste nuen Hondarribian zirela aritzekoak soilik. Luistxo famosuaren flickr kontuan ikusi ditut castellers hauen argazki batzuk. Bertara segi giza-dorreak nola eraikitzen dituzten ikusi nahi baduzue.
En castellanoLoretopetik (XXII) 600 haur salbatu zituen emakumearen istorioa
Berriro ere Elnako amaetxea eta Elizabeth Eindenbenz-i buruz.
Irutxuloko Hitzan 2008ko apirilaren 11n argitaratutakoa.
Behin baino gehiagotan idatzi dut Elnako amaetxearen inguruan, baina berripaper hau erabili nahi dut kontakizuna zuei aditzera emateko.
Elizabeth Eidenbenz izeneko 25 urteko maistra suitzarraren balentria oharkabean pasa da hainbat urtetan, seguraski emakumea zelako Elizabeth eta beste andre batzuei laguntzen zielako. Hori dio behintzat Assumpta Montellà idazleak, mundu akademikoak ttikitzat zuela istorio hau. Eta hori 597 haurren jaiotze-baldintzak hobetzen 1939-1944 urteetan buru-belarri jardunda.
Montellàk kontatu zuen aurrekoan, Katalunian kanpaina egin zutela 95 urte betetzear dagoen andre honi Sant Jordi Gurutzea emateko; hots, herrialde horretan eremu zibilean jaso daitekeen kondekorazio gorena. Burokraziaren sarean trabaturik, ez atzera ez aurrera geratzeko arriskua egon zen, baina bultzatzaileek azkenean lortu zuten beraien asmoak betetzea.
Gurutzea eman ziotela-eta, norbait jarri zen harremanetan Eidenbenz anderearekin. Handik egun gutxira, igande batean, joango zela Saura Generalitateko kontseilaria aipatu dominarekin Vienara. Elizabeth-ek, berriz, ezetz, ezinezkoa zitzaiola, ilobekin sagarrak biltzeko hitzordua baitzuen. Tartean Montellà sartuta, lortu zuten astelehenean, goizeko 7:00etan, Elizabeth-ek Saura etxean hartzea. Gestapoko ofizialei aurre egiten bazien, bost axola gure amonari gaur egungo politikari baten agendak.
Julen Gabiriak dio ez ahazteko idazten duela berak. Trantsizioa eredugarria izan zela dio Espainiako bertsio ofizialak. Eredugarria izan zen batzuentzat, lortu baitzuten beraiek egindako krimenak ahaztea. Ernest Lluch Kultur Etxean maiatzaren 3ra arte dagoen erakusketan, badago honen harira aproposa den argazki bat. 1939ko otsailean, Bartzelona erori ostean ihes egin zuten 475.000 lagunek eta auto mordo bat ageri da muga inguruko zelai batean, abandonaturik. Horrelakoekin, eta beste hainbat gauzarekin, garaileen arrimura hurbildutakoek dirua erruz egin zuten.
2007ko uztailean egon nintzen Elnan. Elizabeth-ek eginiko lanaren berri ematen zuen erakusketa ikusi nuen bertan. Gaur egun, goian aipatu bezala, erakusketa hori Donostian duzue, Anoeta Estadio azpiko Ernest Lluch Kultur Etxean eta, ahal baduzue, joan zaitezte ikustera.
Egun aproposa izan daiteke apirilaren 16a. Bertan egongo baita 19:30ean Assumpta Montellà liburuaren egilea. Berarekin batera Kataluniako bi izen aipagarri memoria historikoa errekuperatzeko orduan: Miquel Torner (Marxaires) eta Toni Strubell (Comissió de la Dignitat). Gomendagarria entzutea hiruren arteko solasaldia. Javier Vizcaíno, Radio Euskadiko Más que palabras irratsaioko aurkezlea, arituko da gidatzaile lanetan.
Elnako amaetxeari buruzko erakusketa Donostian
Gaur, apirilak 3, inauguratuko da Elnako amaetxeari buruzko erakusketa Ernest Lluch Kultur Etxean. Ekitaldi gomendagarriak daude apirilean zehar.
Duela urtebete, 2007ko martxoaren bukaeran, ezagutu nuen Assumpta Montellà. Orduan ezagutzen ez nuen Txaro Barinaga etorri zitzaidan bere lagunak La maternidad de Elna liburua Kultur Etxean aurkeztu nahi zuela esanaz. Eta hitzordua itxi genuen. Kronika moduko bat idatzi nuen Elnako Amaetxeari buruzko liburuaren aurkezpenari buruz.
Orduan ez nekien liburu-aurkezpen hark halako ibilbidea izango zuenik. Uda aurretik gauzak mugitzen hasi nintzen Generalitatearekin, enteratu bainintzen Katalunian prest zeukatela erakusketa ibiltari bat. Materiala euskaratzeko asmotan zebilen Memorial Democratic izeneko erakundea eta lotu genuen Giza Eskubideen VI. Zinemaldiaren barruan aipatu erakusketa Donostiara ekartzea.
Uztailean egon nintzen Elna herrian. Jada ez naiz gogoratzen ea kontatu ote nuen edo ez, baina zirraragarria izan zen Elisabeth Eidenbenz ekimenez, batez ere, ia 600 haur jaio ziren amaetxe hartan hankak jartzea. Bertan zuten paraturik Donostiara ekarriko den erakusketaren antzekoa.
Hementxe duzue erakusketaren berri emateko prestaturiko postala. Hauexek dira ekitaldiak. Gaur ezin baduzue etorri, apuntatu beste bi hitzorduak
Erakusketaren datak: Apirilak 3 – maiatzak 3
Lekua: Ernest
Lluch Kultur Etxea. Anoeta pasealekua, 7 (Anoeta estadioko 8. atearen
aldamenean)
Ordutegiak: 16:00 – 20:30 Astelehenetik
ostiralera /
17:00 – 21:00 larunbatetan
Inaugurazioa: Apirilak 3, osteguna, 19:30ean.
Ekitaldi osagarriak:
Apirilak 9. 19:30ean. Ernest Lluch K. E. areto nagusia.
“El legado de la maternidad de Elna”. Assumpta Montellà-k eta Toni Espinosak idatzi eta zuzendutako dokumentalaren proiekzioa eta egileekin solasaldia ostean.
Apirilak 16. 19:30ean. Ernest Lluch K.E. areto nagusia.
Mahai-ingurua, ondorengo solaskideekin: Assumpta Montellà (historialaria); Miquel Torner (Marxaires Mataró-Canigó); Toni Strubell (Comissió de la Dignitat). Moderatzailea: Javier Vizcaíno (kazetaria).
Apirilak 17. 19:30ean.
Espai Catalunya Topalekuan (Federico García Lorca, 10, behea).
“El setè camió: el tresor perdut de la república” liburuaren aurkezpen-afaria. Assumpta Montellà egilea bertan egongo da.
Apirilak 17 eta 18. Erakusketa ezagutzeko bisita gidatuak ikastetxeei zuzenduta. Aurretiko txandarekin soilik (943 481919 telefonoan).
Josep Plaren libreta grisa sarean
Josep Pla idazlearen libreta grisa blog bihurtuko du bere fundazioak laurogeita hamar urte beranduago.
Pare bat aldiz egon naiz Josep Pla idazlearen jaioterrian, oporretan. Jaiotetxea (uste dut fundazioak egoitza duen tokian bertan jaio zela Pla) behin bakarrik bisitatu dut. Saiatu naiz haren liburu batzuk irakurtzen, baina soilik El Quadern gris (El Cuaderno gris hobe, gazteleraz leitu bainuen) bukatu dut. Ahaztu egiten zaizkit irakurri ahala liburuak, baina gozatu ederra hartu nuela bai dudala gogoan.
Aurreko batean Fundació Josep Pla izenekotik e-maila jaso nuen adierazteko libreta datozen bi urteetan igoko zuela sarera fundazioak berak. Ez dago garbi noiz dagoen idatzita: batzuen arabera, liburuak aipatzen dituen urteetan, 1918tik 1919ra; beste batzuen arabera, geroago daude idatzita (1960. hamarkada arte ez baitziren agertu eta harrigarria baita idazle gazte batek horrelako heldutasuna izatea). Dena dela, lehenengo apuntea 1918ko martxoaren 8koa da eta, laurogeita hamar urte beranduago, sarean dago jada (baita 9, 11 eta 14koak ere). Horrela hasten da:
"Com que hi ha tanta grip, han hagut de clausurar la Universitat. D’ençà d’aquest fet, el meu germà i jo vivim a casa, a Palafrugell, amb la família. Som dos estudiants desvagats. El meu germà, que és un gran afeccionat a jugar a futbol –malgrat haver-s’hi ja trencat un braç i una cama–, el veig purament a les hores de repàs. Ell fa la seva vida. Jo vaig tirant. No enyoro pas Barcelona i menys la Universitat. La vida de poble, amb els amics que hi tinc, m’agrada".
Orduan gripe espainiarra zen arazo, gaur hegazti gripea izan daiteke.
Gehiago El quadern gris blogean.
Broma gutxi... Katalunian ere
Lendakaris Muertos taldearen bideo bat egin dute Gironako Unibertsitateko bi ikaslek. Zalaparta sortu da bertako egunkari batek terrorismo apologia egotzi dielako. Broma gutxi… Katalunian ere.
Atzo goizean irakurri nuen albistea La Tafaneran (Kataluniako Zabaldu). Egunean zehar ordenagailutik aparte egon nintzen eta gauean heldu nion gaiari berriro.
Vicent-ek azaltzen du dena urtarrilaren 17an hasi zela. M izeneko ikasleak aipatu zuen bere blogean, Jo també!, unibertsitateko kide batekin eginiko lan bat. Lendakaris Muertos taldeak konposatutako ETA, deja alguna discoteca kantuaren bideo-klipa egitea erabaki zuten Unibertsitatean (ikasgaia, bideo-edizioa eta -produkzioa). Protagonista Gironako zenbait diskoteketan bonbak jartzen agertzen omen da.
Arazoak hilaren 22an hasi ziren. Diari de Gironak gaia aipatu zuenean.
Segi irakurtzen Vicent-en blogean. Nahi izanez gero, hemen dago ere M-ren bloga (hemendik besarkada bat bidali nahi diot).
Iturri twitter-en