Harrikadak
joxe_aranzabal
Federica Pullari ere medikuak minbizia duela esan dio
Federica Pulla blogari espainiar bat da. Madrilgoa. Duela gutxi, Joxe Aranzabalek 2002ko irailean Sustatun egin bezala, minbizia duela iragarri zuen bere blogean.
“Y pasó lo que no tenía que pasar. Hace unas semanas me hice una gastroscopia. Me dijeron que tenía dos pólipos. Pasaron los días y mi doctora no me llamaba (suele hacerlo en cuanto tiene los resultados, ya que conoce mi estado de nerviosismo constante)”.
“Llega el día de la consulta. Ella, yo y una residente alrededor de una mesa. No se anda con rodeos. Tengo dos tumores y no son buenos. La palabra C_A_N_C_E_R retumba por toda la sala y me llena la cabeza”. Gehiago Cáncer apuntean.
Giorgio Bassmatti musikari donostiarraren blogean izan nuen horren berri. Eta animo mezu bat utzi nion Federicari, baita nik gaztelaniara itzulitako Joxeren lehen aitorpena ere.
Federicaren blogean sartuz gero, Joxe Aranzabalek berak utzitako erantzunaz gain, Giorgio Bassmattik propio egindako abestiaren bideoa ikusiko duzue.
Ea dena ondo doan. Animo, motel.
Oinazea kontatu behar da
Anjel Lertxundi eta Joxe Arantzabal solasean. Txanda ematen Jaime Otamendi.
Asteazken arratsaldean Diputazioko Tronu Aretoan egon nintzen Anjel Lertxundi eta Joxe Aranzabal bikotearen Oinazea kontatu, oinazez kontatu solasaldian.
Moderatzaile lanetan aritu zen Jaime Otamendik zabaldu zuen ekitaldia oinazearen inguruan berriki gertatutako pare bat pasadizo azalduz. Izan ere, oinazea beti dago gure bizitzan agertzeko prest.
Anjel Lertxundik hitzaldi akademikoa eta jakintsua egin zuen: oinazea literaturan. Hogeitik gora erreferentzia aipatu zituelakoan nago: Bocaccio, Albert Camus, Philip Roth, Sándor Marai... Beti bezala aritu zela esatea, gutxi da, baina ezin dut hobeto adierazi.
Joxe Aranzabal, berriz, argazki sorta batekin etorri zen minbiziaren kontrako bere esperientzia kontatzera. Sustatun haren gaixotasunaren jarraipena egin genuenok bagenuen prozesuaren berri. Seguraski kontatuko zuen bere garaian, baina ez nintzen gogoratu bibotea kendu eta buruko ilea motz-motz utzi zituela minbiziari abisatzeko gerra irabazteko prest zegoela. Izan ere, lehenengo egunetan gaitza bentzutu zuen norbaitek hori esan zion: gerra bat da. Emozionatu egin zen pare bat bider. Bietan alabaren aipamena egiterakoan izan zen. Aurrera jarraitzeko kemena izan zuen (nola ez bada).
Ondo gidatu zuen solasaldia Jaimek, bizi-bizi, eta jendearen artean eserita zeudenek pulamentuzko galderak egin zituzten ere.
Ekitaldia euskaraz garatu zen, bat-bateko itzulpenarekin. Natural-natural egin zuen pertsona batek galdera gaztelaniaz eta bi mahaikideek erantzun. Horrela izan beharko luke beti, baina garesti da bat-bateko sistema hori toki guztietan martxan izatea.
Felix Ibargutxik egin zuen kronika Diario Vascon. Eta, kasualitatez, Karlos Linazasorok egun berean aurkeztu zuen gurasoen heriotza gainditzeko idatzitako liburua. Etxe hutsean du izenburu. Anjelek aipatu zuen, eta orain gogoratzen ez dudan, beste euskal egile baten liburuari gehitzeko modukoa izango delakoan nago.
Gorka Estradak Noticias de Gipuzkoarentzat eginiko argazkiarekin utziko zaituztet. Aranzabal eta Lertxundi ageri dira ezker-eskubi.

Tomtom GPSa euskaraz
Atzo irratian egon nintzen honetaz hizketan.
Apirilaren 18an egindako grabazioaren ondoren, eibar.org webgunean daude prest edonork jaisteko moduan TomTom GPSa euskaratzeko fitxategiak. Bertako instrukzioak jarraituz gero, di-da izango duzue euskaratua zuen GPSa.
Nik oraindik ezin izan dut probatu, baina probatu duten zenbait lagunek diote ondo dagoela. Uste dut multinazionalari eskatu beharko dizkiogula sei aparatu grabazioan parte hartu dugun guztiok, TomTom bana izan dezagun (eskatzen ez bada, ez dugu ezer lortuko). Iazko urtebetetze-oparia izan nuen nik GPSa, baina beste marka batekoa da.
Atzo egon nintzen honetaz berbetan, Joxe Aranzabal lagunak deituta, Arantxa Kalzadak Euskadi Irratian duen Amarauna saioaren 8. probintzia tartean. Eskerrik asko bioi gutaz oroitzeagatik.
Hona hemen, Joxeren kortesiaz, aipatu tartea entzungai:
boomp3.com
Elkarrizketa ez, bakarrizketak nagusi
Xabier Zabaltzaren "Gu, nafarrok" liburuan irakurritako pasarte bat abiapuntu.
Astelehenetik ez dut periodikorik erosi. Total, zertarako? Ostiralekoak pott eginda utzi ninduen. Aste bukaeran egon naiz irakurtzen Xabier Zabaltza historialari eta itzultzaile nafarraren Gu, nafarrok liburua. Handik atera dut testu hau:
"Orohar, eusko-nafar zein erdo-nafarren artean lan intelektuala gutxietsi eta kirola handiesteko joera dago. Ez dakit nafarrak espainolistak, baskistak edo navarristak diren, baina bistan da osasunistak direla. Eusko-nafarrek eta erdo-nafarrek berdin-berdin jauretsi zuten Miguel Indurain eta haren desagertzeak hutsune bat utzi zuen, batzuek eta besteek oraindik bete ezin izan dutena. Nor izanen ote da Indurainen ordezkoa? Geroak erranen. Zaila iruditzen zait, baina, poeta, filosofo, artista edo zientzialari bati duin iriztea ohore hori lortzeko. Eta zer esanik ez, emakume bati ere ez".
"Lan intelektualarekiko utzikeria kultura kontzeptuaren inguruan izan daitekeen adostasunean adierazten da, gazteen artean gehienbat. Erdo-nafar eta eusko-nafar anitzendako ostatua da kulturaren babeslekua. Kontzeptu horren interpretazio zabal samar horrekin loturik agian, elkarrizketarako zailtasuna eta, argudioen bidez konbentzitzen saiatu beharrean, aurkaria iraintzeko joera nabarmena dago. 1977tik aurrera, teorian estatu demokratiko batean bizi bagara ere, Nafarroan (eta ez bakarrik Nafarroan), ezinezkoa izan da eztabaida serio bat edukitzea gizartea ukitzen duen edozein aferaren gainean, direla beste euskal autonomia erkidegoarekiko harremanak, euskara, NATO, abortatzea, Iparraldeko Autobia, Itoizko Urtegia, intsumisioa edo, gaur egun, Lastertasun Handiko Trena eta inmigrazioa. Elkarrizketa bat izan beharrean, bi bakarrizketa izan dira gehienetan, Nafarroako Gorteetan eta hortik kanpo".
Nafarretaz ari da, baina besteoi ere aplikatzen erraza da. Liburuaren tonua gustatu zait, nahiz askotan garratza izan. Aipatutako bi parrafoetan dagoen ideia nagusiarekin ere ados nago: ez dugu bestea entzuteko ohiturarik. Lankide batek esan zidan atzo Holandako bere ezagun bat sarritan geratzen zela lagunekin eztabaidatzeko. Gurasoekin ere egiten omen zuten zita noizean behin. Noiz ikusiko dugu hori hemen?
Liburuxka honen berri eman zigun Joxe Aranzabal farozainak, baita Beni komandanteak ere. Azken honengatik iritsi naiz Bixente Serrano Izkok idatzitako kritikara.
Bukatzeko, goian jarri dut esteka, baina hona hemen berriro Mikel Asurmendi kazetariak eginiko elkarrizketa.
Itxura ona du ere Bezperaren bezperan, Aingeru Epaltzak azken hogeita hamar urteei buruz idatzitako kronika liburua. Hamar urte gehiago jarri dizkiote liburuaren azal-hegalean eta akats bera errepikatu dute Argian Miel Anjel Elustondok eginiko elkarrizketan, baina hori beste kontu bat da.