Harrikadak
javier_ortiz
«José K, torturado» antzezlana Donostian izango da martxoaren 14an
Javier Ortizek torturaren aurka idatzitako testua dFERIA jaialdian izango da Donostian.
Urriaren hasieran estreinatu zen José K, torturado Gironan. Geroztik, Segovian egon da eta urtarrilaren 14tik otsailaren 5era Madrilgo Teatro Españolen dago. Egun batzuk barru, Avilés-en taularatuko da.
dFERIA izeneko arte eszenikoen azokaren baitan ekarriko dute obra Donostiara eta José K, torturado Antzoki Zaharrean ikusteko parada izango dugu martxoaren 14an arratsaldeko 18:00etan.
Profesionalentzako azoka da dFERIA, baina publikoak ere ikus ditzake bertan programatutako antzezlan eta dantza emanaldiak. Sarreraren salneurria saioaren eguna hurbildu ahala garestitzen joango denez, komeni da bertara joateko interesa duzuenok sarrera otsailaren 12rako erostea.
Hona hemen prezioak eta denbora-mugak:
Otsailaren 12ra bitartean: 5 €
Otsailaren 13tik 26ra: 10 €
Otsailaren 27tik aurrera: 15 €
Sarrerak Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eskuratu daitezke, baita internet bidez kutxasarrerak.net gunean.
Hiru gauza gehiago:
1.- Mi reino por un caballo programan agertu zen urtarrilaren 30ean Ortizen lana. Saioa TVEko La 2 katean botatzen dute. Loturan klik eginez gero ikus eta entzungo dituzue Pedro Casablanc aktorea eta Carles Alfaro zuzendaria. Bideoaren hasieran dago eta, gutxi gora behera, bost bat minutu irauten ditu. Aski gustura kapsulatuko genuke hemen bideoa, baina Espainiako erakunde publikoak ez du horretarako aukerarik ematen.
2.- Juan G. Andrés kazetariak aktorearekin eta zuzendariarekin hitz egin zuen eta Noticias de Gipuzkoan Teatro contra la tortura izeneko erreportajea argitaratu zuen. Eskerrik asko, Juan.
3.- Javier Gallegok Radio 3 emisoran aurkeztutako Carne Cruda saiotik pasa ziren joan den astean hainbat lagun torturari buruz hitz egitera, antzezlan hau aitzaki hartuta. Hemen behean txertatutako audioan entzun dezakezue.
Egun batzuk Madrilen
Blogari ere erakutsi behar zaio 2012a iritsi dela.
Urte hasiera Madrilen eman dugu, baina gustura joango nintzateke berriro. Hilaren 18an, adibidez.
José K, torturado
Urtarrilaren 14tik otsailaren 5era arte Santa Ana plazan dagoen Teatro Español izenekoaren areto txikian egongo da José K, torturado, Javier Ortizek idatzitako antzezlan bakarra. Hona hemen atzo bertan Rocío Pastorrek idatzitako erreseina. 18an, gainera, mahai-ingurua, emanaldia eta topaketa bat daude.
En la luna: Alberto Sanzol
Urtarrilaren 8ra arte, Teatro de la Abadían Alberto Sanzol nafarraren En la luna obra egon da. Ez nuen egilea ezagutzen, baina esan didate bere izena bolo-bolo dabilela azken bolada honetan. Asko gustatu zait makina bat rol jokatzen zituzten 6 aktoreren laguntzarekin 1975-1992 urteetako Espainiaren ikuspegia. Francoren heriotzatik Bartzelonako Joko Olinpikoetara.
Café Comercial
Eguerdi batean aperitiboa Bilbao Glorietan dagoen Café Comercial kafetxean hartu genuen. Periodikoa edo libururen bat irakurtzeko aukera izango duzu, lasai, baldin eta ez bazaizu tokatzen aldamenean 50 urteko bikote bat ligatzen. Nola adierazi zein patetikoak garen batzuetan? Baina, kontuz, inor ez da libratzen!
Mesón Restaurante Portomarín
Lavapiesera ere hurbildu ginen, nahiz eta Centro Dramático Nacionalen dagoen Agosto antzezlana ikusteko sarrera guztiak agortuta egon. Otsailera bitarte egongo da, baina ez dago batere sarrerarik. Harritzekoa!
Lavapies plazan, Valencia kalearen hasieran, badago gallego bat, prezio egokia duena, gainera. Mesón Restaurante Portomarín. El gallego de Lavapies gisa ezagutua da ere. Negu partean, salda gallegoa hartu eta, ondoren, nahi duzuena.
La Casa Encendida
Valencia kaletik behera, jaitsi eta, amaieran eskubira joz, La Casa Encendida dago. La Caballería Roja: 1917-1945 bitarteko arte sobietarra ikusteko parada izango duzue.
La Venencia
Hasieran aipatu dut Teatro Española. Haren atzealdean, Echegaray kalean, La Venencia dago. 83 urteko taberna. Finoak daude soilik, lau pintxo. Hau da, garai bateko taberna zahar bat, zolda eta guzti.
Eta...
Errege egunean saiatu ginen Reina Sofía museora joaten, baina egun horretan Madrilgo museo guztiak itxita zeuden.
Círculo de Bellas Artes: zazpigarren plantako terraza, besteak beste. Eta Bourdieu-ren argazkiak eta Felliniren filmak...
Eta La Ratonera klasikoa, Faemino y Cansado, Real Madrid-Málaga Bernabeun... eta mila gauza gehiago.
Adibidez, lagunak.
Bizitza eredugarri horiek
Chillidaren B aldea.
Aurreko batean gertatu zitzaidan (ustez) inoiz gertatu gabekoa: norbaitek Eduardo Chillidak 1949. urtean Parisen izandako istilu baten berri ematen zuen testua aipatu eta ez nuen gogoratzen hura komentario gisa jarri zuela Pedradas gaztelaniazko blogean Ignasi Alvarezek.
Ez dut hemen aipatuko nork jarri ninduen pista horren atzetik (ez baitakit agertzeko gogorik duen edo ez), baina pertsona horrek uste zuen Javier Ortizek idatzitako artikulua zela.
2006ko otsailean hasi zen istorioa. Berria egunkariak Irune Berrok Nestor Basterretxeari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen eta eskultoreak, besteak beste, hau zioen:
“Egunen batean Beste Txillida idatziko du norbaitek. Besteen gainetik gailentzeko, edozer gauza egiteko gai zen. Ahalegin biziak egin zituen gu erditik kentzeko. Faxista hutsa zen. Bere aita Molaren gizonetako bat izan zen Gipuzkoan. Jendeak ez zuen benetako Txillida ezagutu, ez daki nolakoa izan zen, edo bai, baina ez dugu memoria historikorik. Pena da, zeren memoriarik gabe ez gara ezer. Memoriarik gabe lehengo faxistak oraingo demokratak dira”.
Komentario bat edo beste egon zen blogean, baina ez gehiegi.
Halere, Ignasi Alvarezek katalunieratik gaztelarara ekarri zuen La meva capsa de Pandora liburuko zati bat, Xavier Valls pintorearen memoria-liburua, hain zuzen ere (oharra: Évry-ko alkatearen aita, Manuel Valls, Frantziako politikari sozialista):
“El 26 de junio de 1949 se celebraba en la Cité Universitaire el tradicional 'Garden Party' de fin de curso. Como cada año, los pabellones de los distintos Estados izaban bandera propia. Recuerdo aquel domingo por la mañana, unos cuantos compañeros tumbados en el césped del parque viendo ondear, por primera vez desde hacía años, la "enseña nacional" en el pabellón español. Oriol Palà se puso furioso con razón, pero nosotros le aconsejamos que no hablase tan alto porque, a unos metros de distancia, estaban Eduardo Chillida y Pablo Palazuelo, que comían aparte y habían dicho, poco antes, que Franco no había liquidado del todo a esos "rojos separatistas". Por la tarde empezaron las fiestas en los pabellones y, en el de España, el director Maravall mandó servir horchata, hecha con un saco de chuflas traído expresamente de Valencia. De pronto se oyó un fuerte escándalo, seguido de gritos provenientes de la habitación en el primer piso de un estudiante llamado Peres y que no había cerrado con llave. Jaume Sunyer, Lamote, Perico y yo mismo subimos corriendo las escaleras y nos encontramos por los suelos a Jordi Anguera, a quien Palazuelo daba patadas, mientras sangraba porque un diente le había perforado el labio inferior. Suerte que los doctores Lamote y Perico, altos y fuertes, impidieron que Chillida diese el empujón final a Oriol Palà para defenestrarlo cuando ya tenia un pie en el alféizar para alcanzar la bandera española y sacarla de su palo. Una vez en el suelo, Chillida continuaba dando patadas a Oriol por todo el cuerpo; ya venían más compañeros cuando los dos siniestros 'cruzados de Cristo Rey' se esfumaron dentro del piso de los Maravall que les dieron cobijo. (...) Nada supimos durante mucho tiempo de los dos agresores, pero, cada vez que uno de ellos exponía en la Galería Maeght, yo iba poco después y, al firmar en el libro, como es costumbre en París, bajo mi nombre escribía: 'Aún me acuerdo del Garden Party de 1949'. No servía de nada, pero me satisfacía no haber perdido, como tantos otros, la memoria. Aquí no discutiré la fama artística de Chillida, pero sí el cambio forzado de camisa por el hecho de que, en esa galería, exponía gente más bien de izquierdas, como Braque, Calder, Miró i otros artistas prestigiosos. Lo que me subleva es que, en la Plaça del Rei de Barcelona, haya una escultura -no de las más afortunadas de Chillida, por cierto- encargo de la alcaldía socialista. ¡Cuánta agua ha pasado, lamentablemente, bajo los puentes!"
[ Años después, en 1976, Valls coincide en una fiesta en Madrid con Chillida, y mantienen un breve diálogo en presencia de otras personas ]
"Expliqué con pelos y señales la brutal agresión y Eduardo Chillida me escuchaba de pie. En medio del silencio que se hizo, el escultor me contestó que lo había sentido mucho, pero que había actuado bajo el influjo del ambiente familiar porque su padre era militar. Dando un puñetazo en la mesa, le dije que, a nuestros veintiséis años de entonces, era demasiado cínico dar la culpa al 'papá' y que, si todos los hijos de militares hubiesen sido como él, habrían quedado bien pocos españoles."
Hemen idatzitakoak komentario gutxi merezi du, baina bai ekartzen didala gogora Javier Ortizek berak 2006ko maiatzean idatzitako Vidas ejemplares (Bizitza eredugarriak) artikulua.
Esas vidas ejemplares, este apunte en castellano.
Ruper Ordorika Madrilen azaroaren 7an
Bi data: 2000ko azaroaren 2a eta 2011ko azaroaren 7a.
2000ko azaroaren 2an egin genuen topo lehen aldiz Javier Ortiz eta haren artikuluak sarean jarraitzen genituen hainbat lagunok: Pako, Juanjo, Belentxo, Manuel...
Santa Ana plazako taberna batean geratu ginen. Afaldu ondoren, Ruper Ordorikak Café Central aretoan eman zuen kontzertura hurbildu ginen eta orduan ezagutu nuen ere Ruper.
Urte honen hasieran, Madrilen egon nintzen eta ikusi nuen Alfonso Armada poeta eta kazetariak hilean behin Cuarta Pared aretoan antolaturiko Strip-tease sentimental ekimenean parte hartuko zuela Ordorikak. Ahaztuta neukan, baina larunbatean, bat-batean, gogoratu nintzen Alfonso Armadaren tuit bat sarean ikusi nuenean. Sarean bilatu eta topatu nuen eguna: Ruperrek azaroaren 7an joko du.
Igande eguerdian, berriz, joateko erabakia hartu nuen: azaroaren 7an, arratsaldez, joango naiz Madrilera eta hurrengo goizean bueltatuko naiz.
Espero dut 2000eko egun hartan topatu ginen batzuk berriro elkar ikustea.
Post Scriptum moduan bi ohar gehiago.
1.- 2000ko urriko azken astean ETAk bonba bat jarri zuen Madrilen. Autobus urbanoa pasatzen ari zela lehertu zen bonba eta lau hildako utzi zituen.
2.- Duela hamaika urteko kontzertu hartan, Ruperrek Leopoldo María Panero poetaren Peter Punk poema jo zuen. Zorte pizar batekin, ea Ruperrek zuzenean berreskuratzen duen emanaldi honetarako.
Ruper Ordorika estará el 7 de noviembre en Madrid, este apunte en castellano.
José K: Gironako estreinaldia
Ostiral goizean kontatu nuen asteburuan Gironara joatekoa nintzela (ginela) Javier Ortizen antzezlan bakarraren estreinaldira. Handik bueltan gara jada.
Lehengoan esan bezala, 1996ko hitzaldi bat da antzezlanaren abiapuntua. Garai hartan, hautsak harrotu zituen. Uste dut 2011n ere zeresana emango duela antzezlanak.
Horregatik, lehenik eta behin, abentura honetan sartu diren profesionalak ausartak direla iruditzen zait: Sandra Toral, Carles Alfaro, Pedro Casablanc...
Gaueko 21:00etan zen hastekoa emanaldia Gironako La Planeta aretoan, baina erlojuak 21:35ak paseak markatzen zituen zarata batek argi bati paso eman zionean eta gure begi aurrean eszenatokia agertu zenerako. Lokalera sartu ginenean, ikusi genuen kristalezko kaxa handi bat eta han barruan zegoen José K (Pedro Casablanc) aulkitxo batean eserita, biluzik, hanketan eta eskuetan bilurrak ipinita. Pantalla batek aktorearen aurpegiaren lehen planoa erakusten zigun eta hori izan zen ondorengo ordu eta laurdenean ikusi genuena: begiek pantailari so zeuden nagusiki, baina kaxa barruan gertatzen zenari ere erreparatzen zioten.

Javierrek ez zuen José K nazionalizatu, baina ziur naiz antzezlana ikusiko duten askok saiatuko direla hura kokatzen. Pasa den mendeko 60ko hamarkadako beteranoa, 30 urte daramatza Josék bonbak jartzen eta jendea akabatzen. Poliziak antzeman du eta bera da jendez betetako plaza batean jarritako lehergailuaren berri duen bakarra. Ahal den moduan lortu behar al da gizon horrek esatea non dagoen lehergailua? 1996ko hitzaldi hartan ezezkoa defendatu zuen Javierrek, "tortura bueltarik gabeko bidai morala baita. Ezin da muga hori salbuespen moduan gainditu".
Pedro Casablanc aktoreak oso lan ona egin du. Are gehiago, kontutan hartzen bada goian aipatutako baldintzetan ordu eta laurden ematen duela kaxa barruan. Carles Alfaro zuzendariak oinarrizkoan asmatu du. Uste dut, dena den, testua luzeegia dela eta guraizeak sartu beharko liratekeela, antzezlanak minutu gutxiago izan zitzan.
Torturarenaz gain, eszenatokian tresnen eta helburuen eztabaida ere dago. Protagonistak uste baitu Estatua dela hiltzaile nagusiena eta bera (José) atzetik dola lehiaketa horretan.
Beste kontu bat: orain arte suntsitzen aritu direnak, gai al dira eraikuntzan parte hartzeko? Edo alde batera egin behar dute beste batzuen mesederako? Horrelako kontu asko dago eta buruan bueltaka izango dituzu hurrengo egunetan ere.
El
Punt-Avui periodikoak Joaquim Armengol-en kritika argitaratu zuen igandean (Expiació) eta TV3 telebistak ere pieza bat eskaini zion. Laura Iglesiasen blogean hauxe topatu dugu: José K, torturado o la impunitat del Estad de Dret.
Urriaren 22an La Cárcel de Segovia izeneko kulturgunean ikusteko aukera egongo da eta espero dut Euskal Herrian ikusteko parada egotea. Donostian, adibidez, egilearen jaioterrian.
Crónica de José K y del policía pegón, algo parecido a este apunte en castellano.
Eguneratzea. Urriak 10. 23:00. Hona hemen Gironako Temporada Alta jaialdikoek ekoitzitako bideoa. Bertan diote ETAkoa dela José K. Ba ez, Ortizek argi esan zuen ezetz: José K no es de ETA.
Bideoan Carles Alfaro zuzendaria eta Pedro Casablanc aktorea ageri dira.
Javier Ortizek torturari buruz idatzitako bakarrizketa estrainekoz taula gainean
Carles Alfarok zuzendu du Pedro Casablanc aktoreak antzeztuko duen "José K, torturado" bakarrizketa. Estreinaldia gaur, urriak 7, Gironan.
Goizeko 8:00ak aldera autoa hartu eta Gironara abiatuko gara Donostiako lagun batzuk. Kataluniako hirian estreinatuko baita, Gironako Udazkeneko Antzerki Jaialdiaren barruan, Javier Ortiz kazetari eta idazle donostiarraren antzezlan bakarra, José K, torturado.
Izenburuari erreparatuta, garbi dago zein den gaia. Javierrek 1996an torturaren aurkako jardunaldi batzuetan irakurritako testua du abiapuntu. Antzerki munduko norbaitek, testu hura egokitzeko eskatu eta hori egin zuen donostiarrak.
2005eko apirilean irakurri zuen Ramón Langa aktoreak Madrilen jendaurrean (dena esateko: SGAEren egoitzan).
2010ean, Atrapasueños argitaletxeak liburuxka bat argitaratu zuen, Isaac Rosa idazlearen prologo eta guzti.
Gaur, urriak 7, Carles Alfarok zuzenduko du terroristaren rola jokatuko duen Pedro Casablanc aktorea.
Ea zer dugun kontatzeko bueltan.
Joan Melék bankari etikoa dirudi
Sarean zehar ikusitako pare bat bideo aipagai.
Javier Ortizen Economía con trampa apuntean Miren izeneko pertsona batek bi bideo utzi ditu. Lehenengoak Europar Batasuneko politiken trikimailuak kontatzen ditu hiru minututan.
Goikoa interesgarria da, baina igande goiz honetan ordenagailura itsatsita utzi nauena beste bat da: Dinero y conciencia. Bertan, 2010eko maiatzean Joan Melé izeneko bankari batek emandako hitzaldi luze bat da. Gizon hau ez da bankari arrunta: Triodos Bankuko zuzendariordea da, Banku Etikoa kategorian sartzen dena.
Arazoa da baina, luzea dela goiko bideo hau: ordu t´erdikoa. Denbora hori ez baduzue, ikusi beste hau. Asamblea de Majaras blogean topatu dut. ATTAC TVk eginiko hamaika minutu pasatxoko elkarrizketa bat da.
Buruari eragiteko igandeko goiz zein arratsalderako ariketa aproposak.
Banca Ética - Entrevista a Joan Melé from ATTAC.TV on Vimeo.
Joan Melé parece un banquero ético, este apunte en castellano.
Arzalluzek zergatik esan zion baietz Ortizi
Euskaljakintzako bi ikaslek Xabier Arzalluzi eginiko elkarrizketa batetik ateratako pasartea.
Euskaljakintza blogean ikasturtean zehar Batxilergoko ikasleek eginiko elkarrizketak igotzen ari da Maite Goñi irakaslea. Azkenak aipatzearren: Naroa Agirre atleta, Andoni Iraola futbol jokalaria, Xabier Arzalluz politikaria eta Pedro Miguel Etxenike fisikaria. Xabier Arzalluzi eginikoa egon naiz irakurtzen igande goiz honetan: Xabier Arzalluz (I) eta Xabier Arzalluz (II).
Jon Cid eta Garazi Usabiagak gai ezberdinak jorratzen dituzte politikari jeltzalearekin: Francoren garaiak, trantsizioa eta horren ondorioak, Ibarretxe eta haren plana, balizko Euskal Estatua, egoera ekonomikoa... etab.
Javier Ortizekin urte hauetan izan dudan harremana dela medio, atentzioa deitu dit zergatik esan zion baietz Ortizi honek Xabier Arzalluz. Así fue liburua egitea proposatu zionean.
"Lehenik eta behin, esango nuke nik ez nuela libururik egin nahi, inoiz ez zaizkit gustatu memoriak eta halako gauzak. Alde batetik, nik memoriarik ez dudalako; eta, bestetik, uste dudalako memoriak egiten dituzten gehienak harropuzkeria hutsez egiten dituztela. Ortizi baietz esan banion, Isabel Durán eta José Díaz Hernándezek nire baimenik gabe egin zuten liburuarengatik izan zen. Mayor Orejaren enkarguz egin zuten, eta gezurrak besterik ez ziren, goitik behera. Nik ezagutzen nuen jende guztiarekin hitz egin zuten, haiek pentsatuz nire lagunak zirela eta nire alde idazten ari zirela. Baina bi horiek esandako gauza guztiei buelta ematen zien, azpijokoan aritu ziren. Nik ez nituen, azkenean, epaitegira eraman -editoreari esan nion zerbait-, baina lasai asko eraman nitzakeen, irabazteko moduan nengoen. Horiei erantzun ahal izateko esan nion baietz Ortizi, ez nuen nahi jendea beste haiek idatzitakoarekin geratzea. Ez dakit zenbat orduz egon ginen; hala ere, esan beharra dago gidoia berak egin zuela, nik bere galderei erantzun besterik ez nuen egin".
Javier Ortizek berak Así va a ser apuntean azaldu zituen liburuaren gorabeherak 2005eko urrian. Bertan idazle donostiarrak idatzitakoaren arabera, 100 bat ordu pasa omen zituzten elkarrekin.
Bitxia bada ere, ez zuten kontraturik sinatu. Eta hitzez lotutako akordio hura Arzalluzek ez zuen gero puskatu, nahiz eta eskaintza erakargarriak (diru aldetik, behintzat) izan.
Por qué Arzalluz accedió al libro de Ortiz, este apunte en castellano.
Bai, Javier Vizcaínok Radio Euskadi utziko du
Arraroa egingo zait, baina horrela da.
Askotan idatzi dut hemen Javier Vizcaíno lagunari buruz, baina gaur, kazetariak Radio Euskadi utziko duela dakidanean (zorionak Urtzi Urkizuri albistea emategatik), ez dakit nondik hasi.
Ordenagailuan gordeta dudan korreoari bota diot bistadizo bat. Eta haren izen-abizenak Javier Ortizek bidalitako e-mail batean ageri dira lehen aldiz. 2003ko ekainekoa da mezua eta bertan Ortizek zioen Madrilgo Liburu Ferian aritu beharra zuela Vizcaínorekin.
Ortizek berak kontatu zidan behin (edo irakurri egin nion?) badaudela finkatutako kazetariak gehiago lan egin eta gutxiago kobratu behar dutela jasotako eskaintzari muzin egin beharrean baiezkoa ematen diotenak. Uste dut hori gertatu zaiola Vizcaínori, nahiz eta horrelakoak ez diren soilik kazetaritzaren arloan ematen. Baiezkoaren arrazoia izaten da, noski, proiektu interesgarriren bat izatea esku artean.
Espero dezagun laster egitea publiko nora doan, baina nik eskatu nahi diot bere blog zaharra errekuperatzea (javiervizcaino.net). Zoazen tokira jarraituko zaitugu, konpai, baina errekuperatu zure bitakora. Besarkada handi bat eta animo asko.
P. S.: a zer nolako galera Radio Euskadirentzat.
Ahora que Javier Vizcaíno deja Radio Euskadi, apunte hau euskaraz.
Oharra: Igandeko Deiak konfirmatu du jada Noticias Taldera joango dela Vizcaíno.
Asteburu mugitu baten kronika
Ostiralean, Javier Ortizi Gipuzkoako erakundeek bultzatutako omenaldia. Larunbatean, lagunek eta familiak Larrunen eginikoa.
Arratsaldeko 17:30ean azaldu nintzen Koldo Mitxelena Kulturunean. Hantxe zegoen Angel Unzu gitarra probatzen. Laster agertu zen Ane Ortiz, baita Jabier Muguruza bera ere. Arazo tekniko batzuk izan zituzten gitarrarekin, baina, azkenean, txukun geratzea lortu zuten.
18:30ean zita Caravanserai kafetegian genuen. Hantxe zeuden Maria, Manolo, Pako, Felip, Sorkun, Ander, Alargaor, Andi, Chirbes, Charo, Arantxa, Mariano, Escolar... Pixkanaka denak bildu ginen, baita Sevillatik larri samar etorri zen Garbiñe Biurrun bera ere.
KMtik atera ginenean jende asko ari zen ilaran, zai, eta 19:00etarako bost minutu falta zirela zabaldu zituzten ateak. Lepo bete zen aretoa. 120 lagun eserita eta beste 50 lagun zutik. Kanpoan telebista zegoen konektatua, kultur gunearen atarian, baina ez dut uste jende asko gelditu zenik han. Internet bidez 59 lagunek jarraitu omen zuten ekitaldia.
Ane Ortiz hasi zen denei eskerrak emanez. Ondoren, Maria Jesus Aranburuk, Kultura eta Euskara foru diputatuak, eta Rafaela Romerok, Batzar Nagusietako presidenteak, hartu zuten hitza. Haien diskurtsoetan nabarmen geratu zen ez zutela Ortiz ezagutu.
Mariano Ferrerek bikain gidatu zuen ekitaldia. Arantxa Gurmendik 70. hamarkadaren hasieran Bordelen bizitutako kontuak ekarri zituen gogora. Hunkitu egin zen Rafa Chirbes idazlea, baina aurrera egin zuen. Laguna zuen Garbiñek Ortiz ere eta nabarmen geratu zen. Ignacio Escolarrek ere ederki goraipatu zuen Públicora eramandako kazetaria. Nik, berriz, Ortiz nola ezagutu nuen, baita Pateraren garaiak, azaldu nituen. Jabier Muguruzak eta Angel Unzuk pare bat kanta egin zituzten: mahai-inguruaren hasieran, Bizitza, bizitza da; amaieran, berriz, Maite zaitut, ez. Mahai-inguruaren erdialdean Jesús Cutillas-ek bidalitako muntaia ere entzun genuen, Ortizen ahotsa barne.
Bitxia izan zen jendeari paso eman ziotenean, inork ez zuela ezer gehitu. Ortiz gustura geratuko zen bere Jamaikan, ez baitzuen gustuko jendea gehiegi luzatzea.
Inguruko tabernetan ibili ginen eta garaiz etxeratu. Hurrengo egunean goizeko 10:30ean geratuak baikinen Larrun mendiaren behealdean, bertako tren geltokian. Tren ttikiak 50 lagun eraman gintuen tontorrera goizeko 11:00etan. Lainotuta zegoen eguna eta, gora igo ahala, are gehiago. Freskoa ere egiten zuen goi aldean.
Denbora gutxi izan genuen ekitaldia egiteko, baina txistua lagun, irrintziek, kantek, ardoak eta gildek lortu zuten eguna altxatzea. Beheko bidea alaiagoa izan zen. Autoak hartu eta Sara aldeko Urtxola Bentara joan ginen bazkaltzera. Egunpasak Donostian izan zuen amaiera.
Ez ditut izen-abizenak hemen jarriko. Asko eta asko ahaztuko baitzaizkit: eskerrik asko bertatik zein kanpotik hurbildu den jendeari.
Hurrengo geltokia: Mariano Ferrer bizirik dagoela omendu behar dugu. Ni prest nago. Nor gehiago animatzen da?
Oharra: argazki guztiak bigarren egunekoak dira; lehen egunekorik ez baitaukat.
