Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak jabier_muguruza

Harrikadak

jabier_muguruza

Laurogei amona eta gero hau

Jabier Muguruza. Esan Ozenki: 1991-2011. Twist, Harkaiz Cano. Fermin Muguruza eta Eider Rodriguez. Anitzele: Xabier Euzkitze eta Bernardo Atxaga.

Apunte bat baino gehiago idatzi nahi izan dut aste honetan zehar, baina ezinezkoa izan da hainbat arrazoi direla medio. Beraz, denak takada batean doaz.

Astearte arratsaldean Jabier Muguruzak laupabost kantu jo zituen Donostiako FNACen. Bikote bat diskoa aurkezteko balio izan zuen ekitaldiak. Berarekin batera Mikel Azpiroz (Elkano Browning Cream) pianista eraman zuen irundarrak. Ez dakit zenbatgarren lana den Jabierrek bere bakarkako ibilbidean publikatzen duena, baina badu meritua. Ea 2013an ere beste batekin datorren.

Andres Camio, Imanol Ubeda, Nerea Fillat eta Fermin Muguruza

Asteazken goizean Esan Ozenki: 1991-2011 lan bilduma aurkeztu zuten Elkarrek Donostiako Fermin Calbeton kalean duen aretoan. Bertan ziren Andres Camio Jitu, Nerea Fillat, Imanol Ubeda eta Fermin Muguruza. 90. hamarkadan Negu Gorriaken Gure Jarrera argitaratu zuenetik dozenaka erreferentzia plazaratu zituen Esan Ozenkik. Katalogoa gaurkotu, digitalizatu eta sareratu dute. Ubedak Hamarkada miragarria testuan esan bezala, 90. hamarkada gogoratu behar da euskal rockaren hamarkada gisa. Baina Muguruzak esan bezala: "Nostalgiak museo baten antza du: bisitatu beharra dago eta bertatik atera. Ez da komeni bertan bizitzea".

Ostegun goizean, Harkaitz Canorekin Twist egin genuen Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoan. Aspaldiko prentsaurrekorik jendetsuena: kazetariak, lagunak eta senideak bildu baikinen Canoren liburu berriaren aurkezpena aitzaki hartuta. Garai batean bezala, gertaera kutsua zuen ekitaldiak. Eta ez da gutxiago ere: 430 orrialde ditu liburuak. Nik jada 300 irentsi ditut eta liburuak harrapatuta nauka. Ederra, gordina, Canok idatzitako orrialde onenak direla esatera ausartuko naiz -bene-benetan, Harkaitz ;-). Apuntearen titulua berari lapurtu diot. Liburuan esaten baitu gure zibilizazioaren eta Neolitikoaren artean 80 amona daudela.

Arratsaldean, berriz, Fermin Muguruza solasean aritu zen Eider Rodriguezekin batera Ernest Lluch Kultur Etxean. Lehenago alde egin behar izan nuen, baina bi ordu luze egon omen ziren berbetan. Galdera zorrotzak egin zituen Eiderrek eta modu berean erantzun Ferminek, aurpegian bezala, mingainean ere aho bilorik ez duela argi utziz. Forman ikusi nituen biak.

Muguruzak, besteak beste, esan zuen eskerrak gaur egungo ETBn Xabier Euzkitze dagoela. Honek gonbidatzen baitu bere saioetara. Ez omen da gauza bera gertatzen ETB2ko saioetan. Eta haserre agertu zen Alberto Suriok Al Jazeera telebistarentzat eginiko herri arabiarretako dokumentalen gaiarekin toreatu duelako.

Kontua da egun horrean bertan, Anitzelen, Euzkitzek Bernardo Atxaga zuela gonbidatu gisa. Ezin izan nuen egun horretan bertan ikusi, baina eitb.com-eko Nahieran zerbitzuari esker, larunbat gauean irentsi nuen, jarraian, 1 h 40 minutuko saioa. Aldarte onean ikusi nuen Asteasukoa, fin. Adibidez, oso egokiak iruditu zitzaizkidan Fernando Aramburuk esandakoari buruz Bernardok botatako hitz hauek:

"Gauza hauek erdi bromakoak dira. Benetan (...) Labur esateko: seinale oso ona da. Oso ona da. Nik ikusten dut gu lehengo haiek bagina: Aresti hura, Lauaxeta hura, Antonio Zavala hura... Hor txoko batean... Orduan, ardurarik ez. Ezta ikusi ere. Ikusi ere ez. Ikusezin zen euskal literatura. Zenbat aldiz gogoratzen naiz, behin laudatu nuela Gerra aurreko Lizardi eta aurrean zegoena barrez hasi zen. Espainiako katedratiko bat zen. Orain, kezkatuta daude (...) Izan ere bi izaera mota daude: irla bakarti batera joaten zara halako pertsona batekin eta A izaerakoa bada harekin egiten duzu txabola, joaten zara hondartzara, etab.; beste jende mota batekin irla desertura joan eta zu segituan gorilengana pasatzen zara, askoz ere konpainia hobeagoa izango direlakoan".

Lerro hauek Sinnéad O´Connor-en I Do Not Want What I Haven't Got diskoko kantak entzuten idatzita daude.

Hona hemen Atxagari eginiko elkarrizketa oso-osorik.

Oporren bueltan...

Bi bideo: Rafa Berrio Cadizen zuzenean; Jabier Muguruzaren disko berriaren lehen kantaren aurrerapena. Oporrosteko ajeak gainetik kentzeko garaia.

 

Cadizen jo zuen Rafak abuztuaren 21ean. Bertan grabatutako bideoa ikusi dugu haren blogena: Hotel Utopía. Benalup. 21/08/2011.

 

Jabierrek, berriz, lan berria aurkeztuko du urrian: Bikote bat. Gitarra alde batera utzita pianoa eta akordeoia izan ditu lagun, baita Mikel Azpiroz ere. Bideoa Angel Katarainena da.

Mikel Iturria 2011/09/11

Javier Ortizen omenezko ekitaldia apirilaren 30ean Donostian

Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Foru Aldundiak sustaturik, omenaldia egingo diote duela urtebete zendutako Javier Ortiz kazetari donostiarrari.

Hemen paratzen ditudan lerro hauek irakurtzeko ohitura duzuenok, jakingo duzue Javier Ortiz kazetaria behin baino gehiagotan aipatu izan dudala txoko honetan. Are gehiago, gaztelaniazko Pedradas blogak haren etxe digitalean du ostatu.

Pasa den Alternatiba taldeak Javier Ortiz omentzeko eskabidea aurkeztu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietako erregistroan. Herri hau den bezalakoa da eta hilabete batzuk pasa dira data finkatu arte. Apirilaren 30ean izango da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, iluntzeko 19:00etan.

Ekitaldiari hasiera emango diote erakundeetako ordezkariek. Ondoren, mahai-ingurua antolatu da. Izenburua: El compromiso de Javier Ortiz (Javier Ortizen konpromisoa). Moderatzaile lanetan Mariano Ferrer kazetari ezaguna arituko da eta parte hartzaileak ondorengo hauek izango dira: Arantxa Gurmendi (kazetari eta ekintzailea), Garbiñe Biurrun (epailea), Rafael Chirbes (idazlea), Ignacio Escolar (blogari eta kazetaria) eta Mikel Iturria (bai, ni neu, javierortiz.net webgunearen koordinatzaile gisa). Gainera, Jabier Muguruzak pare bat kanta egingo ditu zuzenean, Angel Unzuren laguntzaz. Joateko asmoa izanez gero, bertan elkar ikusiko dugu.

Denbora arin pasa da eta, esan bezala, urtebete joan zaigu 2009ko apirilaren 28tik.

Egunero akordatzen naiz berarekin.

Komunikazioa (falta)

Ostiral iluntzean Antzoki Zaharrean egon ginen Hika Antzerki taldearen azken antzezlana ikusten. Aita-semeek egindako bidaian. "Aitarekin bidaian". Jose Ramon Soroiz, Joseba Apaolaza, Jabier Muguruza. Agurtzane Intxaurraga. Arantxa Iturbe.

Jabier Muguruzari irakurri, eta entzun izan diogu berriki, jendeak esaten diola alzheimerra, zahartzaroa eta beste zenbait komeri ageri direla aipatu antzezlanean, baina berarentzat (in)komunikazioa dela antzezlanaren gai nagusia.

Ama hil aurretik, semeak zin egiten dio aita zainduko duela. Unea iristen denean, berriz, ez da hain erraza. Semeak, kontablea, nahiko lana du etxetik kanpo eta ezin du bere munduan bizi den aita behar den bezala zaindu.

Halako batean teloia altxatu (edota altxatuta zegoen ni bertaratu nintzenerako) eta hiru aktoreak ageri dira eszenatokia atontzen. Musika entzuten da. Jabierren azken diskoko kantek girotzen dute itxarote minutu horiek.

Bospasei eszena-geltoki planteatzen dizkigute egileek. Gertukoa egiten zaigu gaia. Eta gogorra, bai, hori ere bai. Baina jendeari gomendatu nahi diot antzezlana hau ikustera joateko. Zergatik?

  • Iji-aja antzerki errazetik ihes egiten duen antzezlana delako.
  • Diru gutxirekin egindako antzezlana izanik ere, asko baitu eskaintzeko.
  • Beti da gustagarria Soroiz edota Apaolaza bezalako aktoreak agertoki baten gainean ikustea.
  • Jabier estreinatu egiten al da antzerkian? Baiezkoan nago, baina ezin dut ziurtatu.

Hona hemen zenbait lotura interesgarri:

Agus Perezek Berria egunkarian eginiko erreseina.

Jabier Muguruzaren zutabea.

Amaitzeko, Gipuzkoa Kultura telebista saioa.

Jabierren hamargarrena

Ostiralean, Jabier Muguruzak Lugaritzen eskaini zuen Taxirik ez lana aurkezteko kontzertuan egon nintzen.

Hamabost urte baino gehiago pasa dira Jabier Muguruzak kantautore ibilbidea hasi zuela eta Madrilgo Resistencia etxearen eskutik publikatu du bere hamargarren lana Taxirik ez izenekoa. Ostiralean Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal Aretoan ikusteko parada izan genuen.

Beltzez jantzitako lau gizon agertu ziren eszenatoki gainean: Igor Telletxea, bateria; Txema Garcés, baxua; Angel Unzu, gitarra eta koruak. Kantatzeaz gain, Jabierrek ere alboan zuen eskusoinua astindu zuen abestiren batean edo bestean.

Betiko Jabier ikusi genuen taula gainean, baina badira zenbait aldaketatxo eta ñabardura azpimarragarriak: estudioko azken bi diskoen ondoren, bateria eta baxua ditu laguntzaile eszenatokian; Mireia Otzerinjauregik diskoan sartzen dituen ahotsak Unzuk egiten ditu zuzenean; keinu asko egiten ditu Jabierrek kantak laguntzeko, mugitzen duela gorputza, interpretazioaren bidetik jotzen duela (zerikusia izango du Aitarekin bidaian antzezlanean musikari eta aktore gisa aritzeak? Ez dut uste).

Aspaldiko lagun koadrila izan du letragile lanetan Anjel Katarainen agindupean grabaturiko obra hau osatzeko. Aste honetan bertan emandako prentsaurrekoan esan zuen abestiez osaturiko lehen diskoa zela Taxirik ez. Hau da, ez zirela musikatutako poemak, laguntzaileei abestiak eskatu dizkiela, kasu honetan.

Lehen aldiz ageri da talde honetan Iban Zaldua (uste nuen lehendik letraren bat egina ziola, baina ez da horrela) eta gainerakoak agertuak dira Jabierren aurreko diskoetan: Irazu anaiak (Iñaki eta Bernardo Atxaga), Harkaitz Cano, José Luis Padrón eta Gerardo Markuleta. Erdaraz eginiko abestia katalunieraz dago kasu honetan, Mikel Azpiroz pianistarekin batera moldatutako Maria-Mercè Marçal poetaren Tan petita letra, Catorze poemes, catorze cançons omenezko diskoan agertu zena.

Bernardo Atxagak idatzitako Clementine kanta da gehien gustatzen zaidana, Muguruzatarren amona Joxeparen hitz goxo batzuk dituena. "¡Hay que discurrir, hay que discurrir!" esaten omen zion umetan maistrak. "Bai, intzan hik", amonak arrapostu.

Niri bezala Jabier gustatzen bazaizu, lan hau ere gustatuko zaizu. Ea 2010erako zuzenekoen zerrenda gizentzen ikusten dugun.

El décimo de Jabier, este apunte en castellano.

Durangoko Azokari begirako musika uztaren zenbait ale

Aste honetan bertan aurkeztu dute Durango Azokaren 44. edizioaren kartela. Musika industria (edo artesanoak?) hasi dira udazkeneko uzta erakusten.

Lehenengoa, irailaren 14an hain zuzen ere, Berri Txarrak taldea izan zen. Payola diskoarekin beste koska bat gorago egiteko prest daudela dirudi: Roadrunner diskoetxearekin kaleratutako lana, Steve Albiniren produkzioa, Espainiako zerrendetan (AFYVE) 7. diskorik salduena pasa den astean, kritika on batzuk jaso dituzte jada...

Irailaren 30ean, berriz, Bide Ertzean taldeak aurkeztu zuen urte hasieran Tolosan grabatutako emanaldi elegante eta hunkigarri hura. Leidor Sessions CD-DVD formatuan atera du Gaztelupeko Hotsak zigiluak. Kontzertu batzuk ematekoak dira azaroan eta apuntatu dut agendan azaroaren 6an Andoaingo Basteron emango dutena.

Jabier Muguruzak hamargarren diskoa publikatu berri du. Elkar utzi du berriro eta Madrilgo Resistencia diskoetxearekin ikusi du argia Taxirik ez lanak. Urriaren 30ean Donostiako Lugaritzen ikusteko asmoa daukat. Azken bi diskoetan hirukote formatuan aritu da zuzenean, baina bateria eta baxua berreskuratu ditu irundarrak eta ikusiko dugu ea zer formatuarekin aritzen den taula gainean.

Anarik, aurrekoan bezala, Bidehuts mekanismoarekin Irla izan lana publikatuko du. Eta azaroaren 5ean egongo da Donostiako Gazteszenan (Egia Kultur Etxean). Maite Goñik bota zuen pasa den astean asko gustatu zitzaiola Anarik primizian erakutsitako lana. Eta guk sinisten diogu. Amen.

Ruper Ordorikak ere kontatu zuen bere gunean ekainean Brooklyn-en egon zela grabatzen disko berria, azaroan kalera irtengo dena. Donostiako Antzoki Zaharrean arituko da abenduaren 17an, 90eko ostegunetako emanaldi haiek gogoan, asko maite dudan gunea. Oñatiarrak Elkar diskoetxearen aterpea izango du.

Bost euskal abeslari edo talde, bost bide. Krisiak krisi.

Parte de la cosecha musical para Durango, este apunte en castellano.

Euskal kantagintzaren egoera penagarria

Pasa den astean, maiatzaren 27an, Jabier Muguruzak hitz egin zuen musika sorkuntzari buruz.

Kristo guztia Bartzelona-Manchester norgehiagoka ikusten zuen bitartean, Jabier Muguruza Donostian egon zen musika sorkuntzari buruz hizketan Literaktum jaialdian. Dirudienez, gaia ez zaio jende askori interesatzen, baina amaiera aldean egondako debatea ekarri nahi dut gogora: euskal kantagintzaren egoera.

Jabierrek berak esan zuen kezkatuta zegoela eta Joseba Tapiaren hitzak aipatu zituen: kantagintza hilzorian dago gure herrian.

Industria bera ere txikituta dago. Jabier diskoa grabatzera sartuko da datorren hilean eta ezin izango omen du bertako etxe batekin atera (Elkar diskoetxearekin argitaratu zuen aurrekoa). Kanpora joan behar ei du hurrengo lanarekin ere. Han gutxienez, baldintza duinak lortu baititu.

Jendartean geunden batzuk esan genion ea bitartekaririk gabe ez ote zen errazago izango. Nik esan nion badagoela musikari euskaldunen bat oso gustura mugitzen dena diskoak auto-produzituta munduan barrena (eta ez nintzen bere anaiaz ari).

Baina berak ez du gaia horrela ikusten. Uste du errespetua galdu zaiola abeslariari. Begirune handiagoa somatzen du Katalunian, adibidez. Baina segidan aitortu zigun Kiko Veneno, Martirio, Pablo Guerrero eta enparauak apenas dabiltzala zuzenean azken bolada honetan.

Bukatzeko, duela gutxi Xabier Leteri eginiko elkarrizketan, honek esandako hitzak ere errepikatu zituen: Ez Dok Amairu mugimenduaren garaian erabilita sentitu zirela. Aitzakia hutsa ginen.

Eta sen ona aurkeztu egin zen

Jorjari dedikaturiko lerroak.

Azkenean, atzo aurkeztu zen Ernest Lluch Kultur Etxean Imanol Querejeta eta Javier Vizcaíno bikoteak idatzitako "De cabeza. Para qué sirve un psiquiatra" liburua. Aurkezle lanetan Jabier Muguruza aritu zen eta hitz hunkigarriak izan zituen irundarrak. Testu hori gaztelerazko blogean jarri dut: Gautama Buda, Mikel Laboa y una buena amiga.

Ehun lagun inguru bildu ginen. Jabierrek bi folio irakurri zituen eta paso eman zion bikoteari. Beti bezala Imanol eta Javier solasaldi interesgarrian aritu ziren, apal eta sakon. Gero, jendearen txanda iritsi zenean, galdera guztiak Imanoli zuzendutakoak izan ziren.

Ez nituen apunteak hartu, baina ideia hauek geratu zaizkit buruan: sistema publikoaren defendatzailea dela banekien ("badira gaixotasun batzuk soilik sistema publikoak trata ditzakenak") eta psikologoa eta psikiatraren arteko desberdintasuna esaldi batean finkatu zuen: psikiatra mediku bat da; psikologoa, ez. Hogeita hamar urte luze ei daramatza psikiatra gisa lanean eta oraindik ez duela erorik ezagutu jaurti zuen lasai-lasai. Gehiago nahi izanez gero, irakurri liburua.

Heriotza ere presente egon zen iluntzean. Jabierrek irakurritako testuan Mikel Laboaren aipamena zegoelako, besteak beste. Jabierrek ezin zuen imaginatu, baina, ikusleen artean Marisol, Mikelen alarguna, eta Agurtzane, alaba, egongo zirenik.

Afaltzen ari ginela, berriz, Joxean Arbelaiz hil zela jakin genuen. Bat-batean. Kultura Patronatuko zuzendari ohia, Jaurlaritzako goi kargu, eskola maisu, Andramari abesbatzaren presidente... Harreman gutxi izan dut nik berarekin, baina beti tipo jantzia eta edukatua iruditu zait. Gugan bego!

"De cabeza" liburuaren aurkezpena asteartean Donostian

Bi egileak: Javier Vizcaíno eta Imanol Querejeta. Aurkezlea: Jabier Muguruza. Tokia: Ernest Lluch Kultur Etxea. 19:00etan.

Imanol Querejeta psiquiatra da Más que palabras irratsaioko kolaboratzailerik zaharrena. Hasiera-hasieratik omen dago bertan, 1998tik edo. Igande eguerdietan jende askok entzuten ditu Imanolek Javier Vizcaínorekin, irratsaioko zuzendariarekin, mantentzen dituen solasaldi interesgarriak.

Pasa den udazkenean biek idatzitako liburua egon zen Durangoko Azokaren berritasunen artean. Orduan izan nuen  liburua esku artean eta geroztik ikusi izan dut Donostiako liburudenda ezberdinetako erakusleihoetan. Diseinu aldetik, zer nahi duzue esatea, ez da liburu erakargarria, baina uste dut bi egileek zuzenean mantentzen dituzten solasaldien espiritua ondo baino hobeto ageriko dela bertan.

Eta liburua gustuko ez baduzu ere, asteartekoa izan daiteke aukera aproposa biak ala biak bertatik bertara ikusteko eta entzuteko. Gainera, aurkezle lanetan irratsaioko beste kolaboratzaile beteranoa egongo da, Jabier Muguruza. Muguruzak idatzi du liburuaren aitzin-solasa eta Donostian jokoa banatzen egongo da.

Zerbait gehiago jakin nahi baduzue, entzun Imanolek eta Javierrek Edurne Mendiarekin izandako solasaldia (Durangoko Azokan). Asteartean Ernest Lluch Kultur Etxean egongo naiz  liburu aurkezpenean. Bertatik pasaz gero, elkar ikusiko dugu.

Galtzeimer (XXI) Etxean berriro

Atta berriro etxean da. Amarekin. Abuztuan atera zen bertatik.

Bueno, azkenean, atta etxera eraman genuen. Gabon eguneko afaria bertan egin ondoren, hantxe geratu zen lotan. Beste astebete pasa zuen zentroan, baina abenduaren 31tik etxean dago berriro. Oraingoz, dena ondo doa, baina gaixotasun hauekin ezin da jakin biharko eguna nolakoa izango den. Carpe diem, beraz.

Atzo irakurritako bi paragrafoekin utziko zaituztet. Hitzok Luz Casal kantariarenak dira:

"Beno, nik egoera familiar bitxi samarra bizi izan dut, etxean gaztetxoa nintzenetik hiru guraso nituelako eta ez bi. Eta hori, gaurtik begiratuta, egoera desberdina, interesgarria kontsidera daiteke, baina ez zen horrela: bi aita eta ama bat ziren. Eta nola eraman aurrera harreman hori hirurak maite dituzunean? Dena dela, modu batean edo bestean urte batzuk agoantatu zituzten elkarrekin, nire aita banandu zen arte".

(...)

"Begira, nik aita 95ean galdu nuen (isilune luzea). Aita gaixo zela jakin nuenean, beste munduari bi desio eskatu nizkion: ez zedila bakarrik hil, amarengandik dibortziatuta baitzegoen jada, eta heriotzaren unean ni bertan egotea. Ez zen bakarrik hil, denok baikeunden haren ondoan (nire ama barne) eta ni ere bai. Orduan, guraso zaharrak dituen jendeari behin eta berriro esaten diodan kontua zera da: "ez galdu denbora, ez geratu iraganeko gaizkiarekin, unean unekoa bizi, orain arazoa baita edozein egunetan gal ditzakezuela". Aitari "maite zaitut" esan ez badiozu, adibidez, bera ez dagoenean min asko izango duzu. Nik pena handia hartu nuen aitari gehiagotan maite nuela ez esateagatik. Baina gauza bat esango dizut: aita ez egotea ez da ezer bere beste presentziarekin konparatuz gero. Aita hil zenetik egunero dago presente nire bizitzan. Gainera, gero eta eskasagoa den talde bateko kide nauzu: fededuna naiz".

Jabier Muguruzak Luz Casali eginiko pulamentuzko elkarrizketa: “Me he propuesto ser alivio ante el dolor y la pena”.

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31