Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak isaías_carrasco

Harrikadak

isaías_carrasco

Komunikabideen garrantzia

EAJ Eusko Jaurlaritzatik kanpo geratuz gero, komunikabide publikoen kontrola galduko du. Eta ez du komunikabide sare indartsu alternatiborik.

2003ko otsailaren 20an Entzutegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria itxi eta hainbat kide atxilotu zituela gogoan izango duzue, noski. Martxelo Otamendi askatu zutenean, Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen jendearen berotasuna jasotzen eta eskertzen. Altza Kultur Etxean entzun nuen nik, Txema Auzmendiren omenez  eginiko ekitaldian.

Oker ez banago, Martxelok zioen hemengo burgesiak ez zuela periodikoetan inbertitzen. Hemen Euskaldunon Egunkaria, baita Berria ere, aurrera ateratzeko herritarren partaidetza nahitaezkoa zela.

Mariano Ferrerek ere noizbait esan izan du antzeko zerbait. Berak zioen 2001eko sustoa pasa ondoren (Mayor Oreja-Redondo Terreros), EAJk ikasi zuela eta "beraien" komunikabideak sortzeko bidean jarriko zirela. Halere, handik hilabete batzuetara, Marianok berak zioen ezetz, ez zutela ikasi.

Sozialistak ere ez dira atzean gelditzen, baina PPk agintzen duen komunitateetan nabarmena da zein garrantzia ematen dioten komunikabideei. Lizentziak barra-barra banatzen dituzte lagunen artean.

Itxura guztien arabera, EAJ gobernutik kanpo dago une honetan bertan. Gauzak horrela, PSEren (edo PPren) esku geratuko dira euskal komunikabide publikoak.

Indar abertzale nagusiak altaboz horien kontrola galtzen baldin badu, ederki kostako zaio boterea errekuperatzea. Berandu da orain. Lehenago espabilatu behar zuten.

P.S.: Isaías Carrasco duela urtebete erail zutela enteratu naiz eguerdian. Gugan bego!

Pim-pam-pum

Ander Rodríguez zinegotziari eginiko bi elkarrizketa irakurgai.

Txundituta irakurtzen ditut Arrasateko Ezker Batua-Zutik koalizioaren kontra esaten ari direnak. Ados nago Ander Rodríguez zinegotziarekin: exekutibek agindu nahi dute eta udaletako zinegotziak albo batera utzi, ez-dakit-nongo bulegotan adosten diren akordioak betetzea besterik ez zaie utzi nahi.

Maiatzaren 1ean Berriak publikatu zuen Imanol Murua Uriak eginiko elkarrizketa eta maiatzaren 2an Noticias taldeko periodikoetan agertu da Jone G. Lurgain kazetariak eginikoa. Kontutan hartzeko gauzak esaten ditu zinegotzi gazteak, pim-pam-pum-aren erdian, duintasun osoz.

En castellano

 

 

 

Volgako batelariak eta Fermin Muguruza

Volgakoen manifestua, Fermin Muguruzaren komunikazioa.

Lagun batek idatzi zidan aurreko batean. Azken bolada honetan irakurritako manifesturik onena bidaltzen zidala zioen. Prentsan ere egin nuen topo idatziarekin, baita Volgako Batelariak taldearen blogean ere. Gainera, norbaitek gazteleratu eta Porque lo digo yo blogean jarri du. Zaila egiten zait hemen laburpena egitea, beraz, irakurri manifestua eta zuek atera ondorioak. Nik behintzat horrelako idatziak eskertzen ditut.

Hori ez da izan azken egun hauetako nobedade bakarra. Aspaldiko partez, Fermin Muguruzak bere ibilbidearen berri eman du webgunean jartzen dituen komunikazioetako 42. zenbakian. Palestinarekiko elkartasuna, AHT proiektua gelditzeko kanta eta Euskal Herriko egoera penagarria aldatzeko ekimenak. Gelditour izan da hortik azaldu dena blogosferan eta komunikabidetan, baina nik hitz hauek ere azpimarratu nahi ditut:

Euskal Herrirako bake akordioa gauzatzeko ekimenak. Salbuespen egoera, ilegalizazioak, torturak, atxiloketak, errepresioa eta erabateko errefusa eragiten didan Isaias Carrascoren hilketa bezalako ekintzekin amaitzeko martxan jarri behar diren ekimenen aldeko jarrera”.

Ez da lehenengo aldia (Barajaseko atentatua, adibidez), baina oraingoan ere esanguratsua da.

Bukatzeko egoera penagarri honetan bi albiste antidemokratiko nabarmenen berri izanez oheratu nintzen atzo gauean: bata, Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen gartzelaratzea; bestea, the organization-ek jarritako hiru bonbak.

Erredukzionismoa

Aizue Elhuyarrenean begiratu eta ontzat ematen du hitza.

Komunikabide nagusienak Arrasatera begira dauden honetan, hitzik gabe geratu naiz Luistxoren apuntea irakurtzerakoan. Arrasaten egon omen zen lanean Luistxo ostegunean eta, kamera guztiak pleno-aretoan zeuden bitartean, berak Isaías Carrasco zenaren alabarekin egin zuen bat herri bereko peajean. Bata autoan, bestea ordain-lekuan, kabinan peajea kobratzen.

Komunikabideek Arrasateko eta Hernaniko mozio etikoak aurrera ez ateratzea Ezker Batua-Berdeak taldeari egotzi nahi diote, batek daki zergatik. Javier Ortiz kazetariak idatzitakoarekin ados nago. Interneten haren arrastoa jarraitzen nuen bitartean topo egin dut Fernando Martínez Hinojal arkitektoaren blogarekin. Eta irakurri dut bertan, ez masa-komunikabide horietan, zer esaten duten Ezker Batua-Berdeak taldeko bi zinegotziek (hirugarrena Zutik-ekoa da).

Ikuspegi motzekoa iruditzen zait beste batzuetan hain interesgarria iruditu zaidan A sueldo de Moscú blogean Ricardok dioena: erakundearen konplizeak direla mozio horren alde egiten ez badute. Ai, ai, ai…

Ez da igarlea izan behar garai latzak datozela usaintzeko. Bakoitza bere astoari arreka ari baita soilik, iso esateko garaia urruti samar geratzen baita.

En castellano

Salbatzailerik? Ez, eskerrik asko

Beste krimen bat. Nire izenean ez. Do not save me, thanks!

Hitzak soberan dauden arren, ezin dut isilik egon the organization-ek gaur eguerdian egindako krimenaren aurrean. 42 urteko Isaías Carrasco erail dute Arrasaten. Edozeini bizia kentzea justifikaezina iruditzen zait gaur egungo Euskal Herrian, baina mingarriagoa egiten da hildako pertsona langile xume bat denean. Izan ere, atentatua etxe inguruan izan da eta Carrasco non bizi zen ikustea nahikoa da langile bat akabatu dutela jakiteko.

Norbaitek Do not save me ekimena jarri du martxan sarean. Bat egiten dut ekimenarekin.

"Norbaitek, ETAkideren batek seguruenez, PSE-EEko zinegotzi izandako Isaias Carrasco tiroz hil du gaurkoan, etxetik irteten ari zela, emaztea eta alaba ondoan zituela. Euskal Herria libreago omen da orain".

"Hori bada Euskal Herria salbatzeko, libre eta independente egiteko bidea, mesedez, ez nazala inork salba. Eskerrik asko".

Eta ingelesez ere bai:

"Someone, probably an ETA activist, has shot former PSE-EE councilman Isaias Carrasco dead, when he was leaving home with his wife and his daughter. Euskal Herria (Basque Country) is supposed to be a little more free after that".

"If that is the way to save Euskal Herria, to make it free and independant, just please do not save me, thanks".

En castellano

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Iturri twitter-en

Azken erantzunak
Ura ta beste mikel, 2010/07/27
Katalunia bai iturri, 2010/07/14
Eskerrik asko iturri, 2010/07/14
Zorionak! Joxe Aranzabal, 2010/07/14