Harrikadak
irutxuloko_hitza
Kazetari izatea aukeratu zuen mutila
Euskaldunon Egunkariaren aurkako operazioaren ondorio.
Duela egun batzuk irakurri nuen Irutxuloko Hitzan Mikel Goñik Lander Arbelaitzi eginiko elkarrizketa. Rikardo Arregi Saria eman diote Lander Arbelaitz gazteari, Kazetari Berria modalitatean.
Irakurritako erantzun bat azpimarratu nahiko nuke. Goñik galdetzen dio ea noiztik datorkion ofizioarekiko grina eta ondorengoa erantzuten du Landerrek:
"Unibertsitate ikasketak aukeratu behar nituen urtearen hasieran hiru aukeren artean nengoen arkitektura, informatika eta kazetaritza. Eta urte horretako otsailean Egunkaria itxi zuten, justu urte horretan. Horrek motibatu ninduen eta esan nuen: Ez gaituzue isilduko. Hori dela eta esan nuen: Ba, kazetaritza ikasiko dut".
Beraz, euskaldunak egiteko makina, Espainiako Entzutegi Nazionala.
Eta buelta ematen badiogu: españolak egiteko makina, the organization.
Loretopetik (XXV) Rumano go home
Turistak vs. etorkinak. Aberatsak vs. pobreak.
Irutxuloko Hitzan 2008ko uztailaren 10en argitaratutakoa.
Uda donostiarrak zabaldu ditu ateak eta garaiarekin batera azaldu dira turistak. Larunbat gauean neska mexikar ponpoxa batzuekin egin nuen topo, autobusaren zain ("vamos a agarrar el camión" zioten beraiek). Igandean, berriz, zezenplazaren inguruan ikusi nuen artikulu honi izenburua ematen dion pintada.
Javier Ortiz kazetariak pasa den astean idatziriko artikulu batek deitu zidan atentzioa. Donostiarraren artikulu gehienek merezi dute nire arreta, baina, kasu honetan, bereziki deigarria egin zitzaidan Público periodikoan argitaratutako Beste etorkinak zutabea. Javierrek kontatzen zuen nola Valentziako Erkidegoak erabaki duen ez ematea doako osasun asistentzia jubilatu britainiarrei. Milioi bat europar omen dago Espainiako kostaldean azken urteak bertan pasatu nahian. Diru gutxi ekartzeaz gain, behar dituzten zerbitzuak oso garesti ordaintzen ditu Administrazioak.
Gutxi hitz egiten da, baina, etorkin hauetaz. Besteak dira problema. Eta badakit ez dela erraza hona datozen pobreen integrazioa.
Beste lagun batek kontatu zidan azken Aste Santuan bere herrian gertaturiko pasadizoa. Asmaa Matarón bizi den neska amazigh-a edo bereberea da, ezkonduta dago eta, oker ez banago, bi seme-alaba ditu. Ama ere berarekin bizi da. Honek jatorrizko hizkuntzak baino ez ditu hitz egiten, baina Asmaak kataluniera eta gaztelania menperatzen ditu.
Aste Santuan, esan bezala, bera eta familia hartu dituen lurraldearen ohituren berri gehiago jakite arren, prozesio bat ikustera joan omen ziren. Garaiz iritsi eta toki ona hartu, gainera. Halako batean, beranduago iritsitako baten bat hasi ei zen esaten, interesatuak entzuteko moduan, ea han ere agoantatu behar al zituen kanpotarrak. Asmaa ez da isilik geratzen den horietakoa eta ea zein zen arazoa galdegin zion, katalanez. Bestea, gizonezkoa eta gazteleraduna, harrituta geratu omen zen, baina hura ez zela bere tokia esan omen zion, bere herrialdera bueltatzeko.
Asmaa bezalako jende asko ez da egongo, baina interesgarria iruditu zait kontrastea. Integratzeko inolako asmorik ez duen jende aberatsa eta diru-xahutzailea, alde batetik; lan egiteko adinean dagoen jendea, gizarteratzeko gogotsu, nahiz eta munduko traba guztiak jarri, bestetik.
Ondo da 65 lanorduren kontra borrokatzea, baina, hor dago ere lotsaren zuzentaraua, indarrean sartzeko bidean. Are gehiago, uste dut lehenengoa amu bat dela. Bigarrena, berriz, indarrean sartu aurretik ari dira betetzen jada. Adibidez, duela aste batzuk, Bartzelonan, polizia goizeko 6:00etan ari zen Metroan paper eske. Lanera zihoazen paperik gabeko etorkinak harrapatu nahi zituzten. 60 bat lagun atxilotu omen zituzten, baten bat behintzat kanporatze aginduarekin.
Portzierto, pintadako errumaniarra ez da Gica Craioveanu izango, ezta?
Loretopetik (XXII) 600 haur salbatu zituen emakumearen istorioa
Berriro ere Elnako amaetxea eta Elizabeth Eindenbenz-i buruz.
Irutxuloko Hitzan 2008ko apirilaren 11n argitaratutakoa.
Behin baino gehiagotan idatzi dut Elnako amaetxearen inguruan, baina berripaper hau erabili nahi dut kontakizuna zuei aditzera emateko.
Elizabeth Eidenbenz izeneko 25 urteko maistra suitzarraren balentria oharkabean pasa da hainbat urtetan, seguraski emakumea zelako Elizabeth eta beste andre batzuei laguntzen zielako. Hori dio behintzat Assumpta Montellà idazleak, mundu akademikoak ttikitzat zuela istorio hau. Eta hori 597 haurren jaiotze-baldintzak hobetzen 1939-1944 urteetan buru-belarri jardunda.
Montellàk kontatu zuen aurrekoan, Katalunian kanpaina egin zutela 95 urte betetzear dagoen andre honi Sant Jordi Gurutzea emateko; hots, herrialde horretan eremu zibilean jaso daitekeen kondekorazio gorena. Burokraziaren sarean trabaturik, ez atzera ez aurrera geratzeko arriskua egon zen, baina bultzatzaileek azkenean lortu zuten beraien asmoak betetzea.
Gurutzea eman ziotela-eta, norbait jarri zen harremanetan Eidenbenz anderearekin. Handik egun gutxira, igande batean, joango zela Saura Generalitateko kontseilaria aipatu dominarekin Vienara. Elizabeth-ek, berriz, ezetz, ezinezkoa zitzaiola, ilobekin sagarrak biltzeko hitzordua baitzuen. Tartean Montellà sartuta, lortu zuten astelehenean, goizeko 7:00etan, Elizabeth-ek Saura etxean hartzea. Gestapoko ofizialei aurre egiten bazien, bost axola gure amonari gaur egungo politikari baten agendak.
Julen Gabiriak dio ez ahazteko idazten duela berak. Trantsizioa eredugarria izan zela dio Espainiako bertsio ofizialak. Eredugarria izan zen batzuentzat, lortu baitzuten beraiek egindako krimenak ahaztea. Ernest Lluch Kultur Etxean maiatzaren 3ra arte dagoen erakusketan, badago honen harira aproposa den argazki bat. 1939ko otsailean, Bartzelona erori ostean ihes egin zuten 475.000 lagunek eta auto mordo bat ageri da muga inguruko zelai batean, abandonaturik. Horrelakoekin, eta beste hainbat gauzarekin, garaileen arrimura hurbildutakoek dirua erruz egin zuten.
2007ko uztailean egon nintzen Elnan. Elizabeth-ek eginiko lanaren berri ematen zuen erakusketa ikusi nuen bertan. Gaur egun, goian aipatu bezala, erakusketa hori Donostian duzue, Anoeta Estadio azpiko Ernest Lluch Kultur Etxean eta, ahal baduzue, joan zaitezte ikustera.
Egun aproposa izan daiteke apirilaren 16a. Bertan egongo baita 19:30ean Assumpta Montellà liburuaren egilea. Berarekin batera Kataluniako bi izen aipagarri memoria historikoa errekuperatzeko orduan: Miquel Torner (Marxaires) eta Toni Strubell (Comissió de la Dignitat). Gomendagarria entzutea hiruren arteko solasaldia. Javier Vizcaíno, Radio Euskadiko Más que palabras irratsaioko aurkezlea, arituko da gidatzaile lanetan.
Loretopetik (XXI) Zaila da herritar arduratsua izatea
Bidebieta auzoari buruzko bideo bat dago Youtuben. Bertan bizilagun talde batek auzoak dituen gabeziak jarri nahi ditu begi bistan. Hausnarketa bat herritar arduratsu izatearen kostuaz.
Irutxuloko Hitzan 2008ko martxoaren 5ean argitaratutakoa.
110.000 lagunek ikusi dute youtuben Bidebieta auzoko arazo batzuk salatzeko herritar talde batek eginiko bideoa. Eta harritzen naiz, zeren eta kopuru horiek lortzea ez baita erraza. Adibidez, Donostiako Giorgio Bassmatti musikariak ia bost mila milioi euro desagerrarazteaz akusatuta dagoen Jérôme Kerviel frantsesari buruzko kantu bat egin zuen etxean eta aipatu zerbitzuan zintzilikatu denen bistan. Handik gutxira Le Figaro periodiko frantsesak aipatu zuen gure musikari-gerrilari maiteenaren kantua. Ondotik ABC News, Público periodikoa, Entzun musika webgunea, DV egunkariaren kontrazala, El confidencial.com… Aparte sarean bertan izan dituen aipamenak ahaztu gabe, bideoak 5000 bat ikusle izan ditu (hau da, Faemino y Cansado bikoteak Victoria Eugenia antzokian sei egunetan izan duen publiko kopurua gutxi gora behera).
Horregatik zur eta lur geratu naiz Bidebietako bideoa 110.000 lagunek ikusi dutela konprobatzerakoan. Ez dakit nola lortu duten emaitza hori, baina meriturik aitortu behar zaie erdietsitako agerikotasunagatik. Lana berez ez da batere ikusgarria, oso sinplea baizik. Gazteleraz eginiko grabazio laburra Donostia mapan kokatuz hasten da. Ondoren, hiriaren irudi salgarrienak (eta erosienak) aipatzen ditu. Baina Sanchís y Jocanok Donostiako kronika kantuan zioten bezala, hiriaren kronika ez dela udatiarrei ematen zaizkien mapa madarikatu horietan agertzen den bezain polita, Bidebietako errealitatea agertzen saiatzen dira ondoren.
Gauza hauek buruan jiraka nituela, beste behin pentsatu dut zenbat kostatzen den herritar arduratsua, pertsona informatua izatea. Teknologia berriak gailentzen ari diren gizarte honetan informazioak gainezka egiteari infoxikazioa deitzen diote. Ez da oso zehatza berba, informazio gutxi izaten baitugu eta propaganda edo publizitatea sobera, baina ulertu duzue zer adierazi nahi duen kontzeptuak.
Behnaz Rezaei margolari irandarraren koadroekin gogoratu naiz goiko lerro hauek idatzi ondoren. Neska hau Bartzelonan bizi den pintora eta diseinatzailea da (martxoaren 18ra arte daude erakusgai bere margolanak Ernest Lluch Kultur Etxean). Zer dakit nik Irango herrialdeari buruz? Ezer gutxi. Clemente izendatu behar zutela bertako futbol hautatzaile, Ahmadineyad beldurgarria dutela presidente (irudi hobea du Bush deabruaren etsaia delako, baina ez litzaidake gustatuko bera buruzagi duen herrialdean bizitzea), Pertsiako Sha, Jomeini, Jamenei, Frantzian bizi den Persepolis komikiaren egilea, Marjane Satrapi...
Okerrena da gertuko Bidebieta urrutiko Iran bezainbeste ezagutzen dudala.