Harrikadak
irun
Jon Iraundegiren begi puntuaren xedea
Argazkilari irundarraren "Euskal Rockaren ikus puntu bat" liburua argitaratu du Banizu Nizuke Elkarteak.
Klik eta klik eginez egoten dira hainbat lagun Euskal Herriko musika aretoetan. Dozenaka argazki ateratzen dituzte eta pieza solteak bakarrik ikusten ditugu gero. Begi puntuaren xedea beti baitago prest, baina ez da hain erraza harrapakina erortzea.
Horietako bat da Jon Iraundegi. Ostegun honetan, aspaldiko partez, egin nuen topo berarekin Berri Txarrak taldeak Hondarribiko Psilocybe aretoan eman zuen kontzertuan.
Banekien gau hartan bertan, edo hurrengo egunean, kontzertu horri buruzko argazkiak jarriko zituela ikusgai Jon Iraundegik. Hona hemen Gorka Urbizu abeslaria, belauniko, gitarra jotzen.
Klik egileen klubeko Foteropanico-rengatik jakin nuen duela gutxi argazki liburua argitaratua zuela 2011 bukaeran Iraundegik. Banizu Nizuke Elkartearen eskutik publikatu du Euskal rockaren ikus puntu bat. Kontzertuetako ehiztarien bilduma bat osatu nahi dutela aipatzen zuten Berrian Lander Muñagorrik sinatutako artikuluan. 12 euro balio ditu liburuak eta nik Irungo Elkar dendan erosi dut, baina badakit Donostian Beltza Records-en edota Banizu Nizuke-ren webgunean eskuragai dagoela.
Idazmakinaren tipografia dute lagun 80. eta 90. hamarkadetako irudiak osatzen dituzten atariko testuek. Argitaletxekoek beraiek eginiko sarreraz gain, Fermin Muguruzak laudoriozko hitzak eskaintzen dizkio Joni.
Pop-arekin hasten bada ere, gero punka da nagusi: Itoiz, Ruper Ordorika, Ángeles del Infierno, Zarama, Barricada, Kortatu, Delirium Tremens, Baldin Bada....
Xabier Montoia ere agertzen da, M-ak taldeko abeslari zeneko garaian ateratako erretratuak. Ostiralean Lugaritz Kultur Etxean egon zen Montoiaren mundu miresgarria laneko kantak aurkezten Maite Arroitajauregi (Mursego) eta Ibon Rodriguez musikarien laguntzaz. Publikoaren arreta lortu zuen behintzat Montoiak eta aski gustura ikusi genuen emanaldia. Dena oso sotila da, biluzia. Montoiak ez du ondo kantatzen, ez du ondo dantzatzen, baina haren kantuak ttak jotzen dizu.
"Galbide ederra" kanta grabatu nuen telefono berriarekin. Ea zer iruditzen zaizuen.
El punto de mira de Jon Iraundegi, este apunte en castellano.
Irungo Alatrista, tinko
Alatriste deituraren jatorria da Irungo baserri hau.
2006ko irailaren hasieran idatzi nuen blog honetan Alatrista baserriari buruz. Orduan, Arturo Pérez-Revertek bere liburuetan sortutako Alatriste kapitainari buruzko filma egin berria zuen Agustín Díaz Yanes zinema-zuzendariak, Viggo Mortensen protagonista zela.
Alberto Moyanok José Carlos Iribarren aholkulariari eginiko elkarrizketa medio, jakin nuen Alatrista baserria zela Alatriste abizenaren jatorria, Pérez-Reverteren mexikar editorearena hain zuzen ere. Ohikoa omen da abizen hori Amerikan eta, hemen ez, baina gaztelaniazko blogean oraindik ere baditut sarrerak Alatriste deitura duen jendearenak.
Duela gutxi hasi dituzte inguru horretan etxebizitzak egiteko lanak (Santano eta Arriolak jarri zuten lehen harria hilabete pasa). Eta inguru horri buruzko webgunea dago sarean, Oinaurre, Irungo etxebizitza-albisteak ematen dituena.
Larunbatean bertatik pasa nintzela aprobetxatuz, autoa aparkatu eta argazki batzuk atera nizkion inguruari. Bideo eskas bat ere grabatu nuen telefonoarekin. Hiri-baratze piloa egon da bertan urteetan eta makinek hankaz gora jarri dute guztia.
Bitxia bada ere zutik geratu den etxe bakarra Alatrista da. Horregatik ekarri dut hona.
Resiste Alatrista, la casa solar de Alatrista. Este apunte en castellano
Irungo alardearen gorabehera batzuk
Agiri esanguratsu bat.
Dakizuenez, 90. hamarkadan lehertu zen Irungo alardearen auzia (baita Hondarribiakoa ere). Geroztik, Irunen bi alarde egiten dira ekainaren 30ean, laburbilduz.
Behin baino gehiagotan adierazi dut nire ikuspuntua: atera dadila alardean nahi duena, gizon zein emakume, arau minimo batzuk betez gero.
Orain, lagun batek bidali dit alarde tradizionaleko zalditeria eskoltan gertaturiko gorabehera bat. José Javier Bercianos-ek jeneralaren eskoltako tenientea den Javier Berroari bidalitako agiria itsatsi dut ondoren. Bertan, azken urtean izandako gorabeherak direla eta, Bercianosek baja eskatzen du aipatu taldean.
Ez dut komentariorik egingo. Nahikoa da agiria bera irakurtzea jakiteko nolakoa den alardea gidatzen duen jendea.
Con el alarde a vueltas, este apunte en castellano.
Baja Escolta Caballeria BercianosErrudun bila
Tenerife. Leitza. Irun. Gernika.
Larunbatean komunikabide batzuk azkar ibili ziren Tenerifeko 25 urteko mutil bati leporatzen bere bikotekidearen alabaren hilketa. Azkarrena eta traketsena, ABC. Larunbateko azalean prozesatu eta di-da epaitu baitzuen mutila. Baina handik ordu batzuetara, epaileak askatu egin zuen, itxura guztien arabera mutil honek ez baitzuen ezer egin. Beste batzuk dira hanka sartu zutenak.
Igande goizean, berriz, Leitzan izandako "atentatuarekin" esnatu ginen. Orduak pasa ahala, berriz, gauzak nahasten joan ziren eta atentatua Bartolín style ekintza bihurtu zen. Gogoratuko duzue, nola duela hamaika bat urte Bartolín zinegotzia Irunen agertu zen.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek deituta, herrialdeko zenbait kirol taldek bat egin dute emakumeen aurkako biolentzia salatzeko kanpainarekin. Larunbatean, Real Unionek parkarta bat atera zuen Nasticen kontrako partidan. Eta Nagore Laffage gaixoaren ama (gaixoa) ikusi nuen palkoan agintariekin.
Larunbatean bertan, Gal Estadioan, Real Unión taldeko aulkian zegoen 2008an bost hilabete kartzelan pasa zituen jokalari bat, beste hainbeste emakumeren kontrako sexu erasoak egiteagatik akusatuta. Bere zorionerako, Ertzaintzak Gernikan beste pertsona bat atxilotu zuen eta pertsona horri egotzi zizkioten aipatu krimenak. Geroztik, nik dakidala behintzat, komunikabideek ez dute ezer esan.
Horrela egin beharko lukete beti. Epai irmoa izan arte inor ez baita erruduna.
Zergatik jokalari horren egoera salbuespena da gaur egun? Arau izan behar zuen.
Buscando culpables, este apunte en castellano.
80 urte bete ditu nire eskolak
Elatzeta Eskola. Katekoa. Ventaskoa. Landetxakoa. Zer nahi duzue? Euskaldunak gara eta ez gara gai izen bakarrarekin konformatzeko.
Ventasko edo Kateko Eskola publikoan hasi nintzen ni 1973. urtearen bueltan. Bost urte nituen orduan eta, eskolatzen diren gaur egungo haur askok bezala, ez nintzen gaztelaniaz hitz egiteko gai. Baina, gaur egungo haur askori gertatu ez bezala, orduko eskola hura gaztelania hutsean zen.
Oraindik gogoan dut Carmen maistra frankistak zer bronkak botatzen zizkidan kartilla irakurri beharrean marrazkietan ateratzen ziren objektuen euskarazko berbak botatzeagatik. Lehenengo mailan Enrique León izan genuen maisu eta aski gustura ibiltzen ginen harekin (oker ez banago, gazte zela hil egin zen gizajoa).
Azken kurtsoetan Luis Aranburu dut gogoan (Don Luisetik Luisera trantsizioa egitera tokatu zitzaion berari, aurreko zuzendaria don Luis baitzen). Eta Visi ("No diré matrakas nunca jamás. Se dice matemáticas" ehun aldiz kopiarazi zidana). Eta apaiza (don Inaziok behin klasea eten zion Aranbururi Pipe Areta Opuseko apaiza eta Espainiako atleta olinpikoa guri aurkezteko). Eta Rafael García. Eta Luis Mantilla. Eta Mario, eta Fernando...
Ikaskide batzuk ere baditut gogoan, baina aspaldian ez ditut ikusi. Auzotik gutxi ibiltzearen ajeak.
Josetxo Arrietak, gaur egungo zuzendariak, 1929. urtean sorturiko eskolaren historia errepasatzeko liburua koordinatu du (Eskola publikoak memoria badu. Elatzeta). Oker ez banago, maiatzean kaleratu zen. Kurtsoa amaitu arte ospakizun ezberdinak egin dira (bazkariak barne). Horren berri duzue Elatzeta Eskolaren webgunean sartuz gero (80 urteei buruzko wikia).
Liburu elebidunaren barna ikasleak, irakasleak, gurasoak eta abar pasatzen dira. Bitxikeria gisa, egungo Errioxako presidenteak, Pedro Sanz-ek, urtebete egin zuen eskolan irakasle. Bereziki gustatu zait Sabino Gómezek sinaturiko testua (Carta de un vecino, eskolaren aldamenean bizi baita bera).
En fin, zahartzen ari garela.
Porcelanas Bidasoaren itxiera
Berrogei urte pasatxo eman zituen aitak Porcelanasen beharrean.
Ostiral goizean jakin nuen Porcelanas Bidasoa enpresak hirurogeita hamabost urteko ibilbideari agur esan diola. Lanera joan aurretik ari nintzen Elatzeta eskola publikoaren laurogeigarren urteurrena dela-eta, Josetxo Arrietak idatzitako liburua irakurtzen. Zuzendari ohi batek aipatzen zuen Porcelanaseko oparitxo bat eman zietela agurrean eta, une horretan bertan, aipatu zuen irrati esatariak enpresaren itxiera.
Jaiotetxetik kilometro batera egoteaz gain, gure sendiko kide askok egin dute bertan lan: aitak berrogei urte pasatxo eman zituen 1990. urtearen bueltan erretiroa hartu arte, aitaren anai bat, amaren beste bat, bi aldeetako lehengusu asko, etab. Gazteenek Carcelanas deitzen zioten.
Albistearen berri izan nuenean Interneten bilatu eta enpresaren webgunea topatu nuen. Manuel Fraga izeneko gizon bat eta EAJko Baltasar Marín dira azken jerifalteak. Webgunean dago Araso proiektua izeneko pdf dokumentua (kontuz, 5 mega pisatzen ditu). Orain partzela ederra gelditzen da Irungo atarian eta hor dago koxka: 400 etxebizitza egiteko asmoa baitzegoen, Arasoko proiektuari loturikoa. Del Moralek esplikatzen du auzia duela urtebete idatzitako artikuluan eta Andres Nagel eskultoreak euskal Filesa aipatzen du bertan. Carlos Etxeberrik Otro nuevo plato roto sinatu du gaur Noticiasen.
Kateko Elatzeta eskolak 80 urte bete ditu aurten (hurrengo batean idatziko dut horretaz) eta bizi-bizi dagoela dirudi. Berarekin batera jaiotako Irungo enpresa asko pikutara joan dira jada. Azkena, Porcelanas Bidasoa.
Heroi berria
Aste bukaeran Irunen gertatukoaren harira.
Dear JOR:
Pasa den asteburuan, goizaldean, kabroi batek bikotekide ohia erail zuen Irunen. Malamaneran. Betiko moduan. Auto istripua eragin zuen aurretik, kotxetik aterarazi eta labana sartu ondoren haren biziarekin bukatzeko. Ez da gertatzen den lehen aldia eta, tamalez, ez da azkena izango.
Kontatzen dutenez, pertsona batek aurre egin zion hiltzaileari. Zenbait komunikabide eta agintarik heroi tratamendua eman nahi diote gizon honi. Are gehiago, "heroi bat dugu lantegian" lelodun kartela jarri omen dute fabrikan. Jesús Neira berria ere irakurri nuen igandean.
Gogoan izango duzue Bartzelonan, duela hilabete batzuk beste tipo tontolapiko batek metro-bagoi batean neska gazte bat jipoitzen harrapatu zutela bertako kamerek. Mutil bat ageri da eszenari begira, geldi. Koldartzat hartu zuten askok.
Baina unea iritsitakoan, auskalo zein dagoen plazara ateratzeko pronto: barruko koldar handia edo barruko heroi ttikia? Batek daki!
Zuk idatzita utzi zenuen "Todos no somos Marta" artikulu zentzuzko eta egokia. Komunikabideetan oihartzunik ez duen zenbat injustizia dagoen munduan eta a zer nolako beharra duen gizarte eri honek heroiak sortzeko.
Zaindu!
Hogeita hamar urte
Felix hil zela hogeita hamar urte bete ziren pasa den urtarrilaren 31n.
Aitarekin egon nintzen paseatzen joan den igandean Hondarribiko kai berritik barna. Ordubeteko bueltaxka eman genuen bazkalaurretik. Etxean ama genuen zain. Amak beti ematen dit ingurukoen berri. Adinkideak gaixotu eta hil egiten zaizkion adinean dago andrea.
Kontatu zidan auzoko ezagun bat gaixo zegoela Ospitalean. Dolores. Haren senarrarekin gogoratu nintzen. Noiz hil egin zen senarra?
Bikotearen alabetako bat nire gelakidea zen eskolan. Doloresen anaiaren seme zaharrena ere gurekin aritzen zen. Ez dakit nola enteratu nintzen aita eta osaba, hurrenez hurren, hil egin zela, baina apuratu nintzela dut gogoan.
Interneten begiratu nuen igande arratsaldean. 1979ko urtarrilaren 31n hil zela jakin nuen orduan. Baina hori ez zen jakin nuen gauza bakarra. Harekin zegoen lankidea, "lan istripuz" hil zen ni jaio baino egun batzuk lehenago, 1968ko ekainean. Gero, berak izan zuen lan istripua, motorrarekin, 1974ko uztailean. Ez zen errekuperatu eta inkapazidadea eman zioten. Geroztik, gure auzoan andrearen familiak zuen tabernan egoten zen Felix.
Bertan zela hil egin zuten 1979ko urtarrilaren 31n. Felix guardia zibila zen. "Lan istripuz" jarri dut, baina Txabi Etxeberrietak tirokatutako Jose Pardines zen haren lankidea. Istripua ere uniformearekin izan zuen. Akabatu zutenean, berriz, txibatoa izateagatik izan zela irakurri dut.
Ez dira hogeita hamar urte alferrik pasa. El factor humano, John Carlin kazetariak Hegoafrikan laurogeita hamargarren hamarkadan gertatutako aldaketaz idatzitako liburua ari naiz irakurtzen. Badakizue, Nelson Mandela eta enparauak.
Haruntza joan zen duela urte batzuk orain kartzelan dagoen ezker abertzaleko kidea. Gustura etorri zen. Ea noizbait han ikasitakoak hemen aplikatzerik duten.
Gure onerako izango delakoan. Amen.
Ez dira hogeita hamar urte alferrik pasa
Albiste bat periodiko espainol batean 1978an. Eta beste egunkari espainol batean 2006an.
Bidasoako Ospitalean dago aita, belaunean egin dioten ebakuntzatik errekuperatzen. Aldameneko ohean Ciudad Realen duela 63 urte jaiotako Fernando dago (aitak 76 urte bete zituen apirilean). Gizon moztaka, borobila, sendoa, igeltsero lanak uzteko gogo biziz dago Fernando. 9 urterekin hasi omen zen pintxe lanetan, Irungo Legasa kontratistarenean. Berrogeitaka urte eman ditu, beraz, beharrean eta normala jubilatzeko gogoa izatea.
Aipatu Legasa hori Irunen erail zuten, iraultza zerga ez pagatzeagatik. Ez zuela pagatuko esatera joan omen zen Iparraldera. Nik gogoratzen nuen erailketa, baina gaur ari ginen elkarri galdezka ea noiz izan zen gertakari hau.
Etxean jada, Legasa izena googleatu dut eta El País egunkariaren 1978ko azaroaren 3ko alean topatu dut albistea. Legasa anai bi ari ziren Irungo Iparralde hiribidean beraien obra batzuk gainbegiratzen, bi gazte hurbildu zirenean. Anaietako bat, Jose, ez zuela pagatuko esatera Iparraldera joan eta diru eskatzaileak salatu zituena, akabatu egin zuten. Besteari, Migueli, tiro egin zioten belaunean.
Harritu nauena da El País periodikoaren tonua: “resultó muerto”, “acción armada”, “se negaba a tributar el impuesto que ETA le requería”… Oker ez banago, El País periodiko bakarra da urte haietako materiala Interneten eskuragarri duena, baina.
Orain, berriz, irakurri albistea 2006ko otsailaren 20ko El Mundon. Unai Parot omen zen tiro egin zutenetako bat eta kazetariak berari buruz esaten dituenak irakurri.
Hemen ere hogeita hamar urte ez dira alferrik pasa.
