Harrikadak
imanol_querejeta
Eta sen ona aurkeztu egin zen
Jorjari dedikaturiko lerroak.
Azkenean, atzo aurkeztu zen Ernest Lluch Kultur Etxean Imanol Querejeta eta Javier Vizcaíno bikoteak idatzitako "De cabeza. Para qué sirve un psiquiatra" liburua. Aurkezle lanetan Jabier Muguruza aritu zen eta hitz hunkigarriak izan zituen irundarrak. Testu hori gaztelerazko blogean jarri dut: Gautama Buda, Mikel Laboa y una buena amiga.
Ehun lagun inguru bildu ginen. Jabierrek bi folio irakurri zituen eta paso eman zion bikoteari. Beti bezala Imanol eta Javier solasaldi interesgarrian aritu ziren, apal eta sakon. Gero, jendearen txanda iritsi zenean, galdera guztiak Imanoli zuzendutakoak izan ziren.
Ez nituen apunteak hartu, baina ideia hauek geratu zaizkit buruan: sistema publikoaren defendatzailea dela banekien ("badira gaixotasun batzuk soilik sistema publikoak trata ditzakenak") eta psikologoa eta psikiatraren arteko desberdintasuna esaldi batean finkatu zuen: psikiatra mediku bat da; psikologoa, ez. Hogeita hamar urte luze ei daramatza psikiatra gisa lanean eta oraindik ez duela erorik ezagutu jaurti zuen lasai-lasai. Gehiago nahi izanez gero, irakurri liburua.
Heriotza ere presente egon zen iluntzean. Jabierrek irakurritako testuan Mikel Laboaren aipamena zegoelako, besteak beste. Jabierrek ezin zuen imaginatu, baina, ikusleen artean Marisol, Mikelen alarguna, eta Agurtzane, alaba, egongo zirenik.
Afaltzen ari ginela, berriz, Joxean Arbelaiz hil zela jakin genuen. Bat-batean. Kultura Patronatuko zuzendari ohia, Jaurlaritzako goi kargu, eskola maisu, Andramari abesbatzaren presidente... Harreman gutxi izan dut nik berarekin, baina beti tipo jantzia eta edukatua iruditu zait. Gugan bego!
"De cabeza" liburuaren aurkezpena asteartean Donostian
Bi egileak: Javier Vizcaíno eta Imanol Querejeta. Aurkezlea: Jabier Muguruza. Tokia: Ernest Lluch Kultur Etxea. 19:00etan.


Imanol Querejeta psiquiatra da Más que palabras irratsaioko kolaboratzailerik zaharrena. Hasiera-hasieratik omen dago bertan, 1998tik edo. Igande eguerdietan jende askok entzuten ditu Imanolek Javier Vizcaínorekin, irratsaioko zuzendariarekin, mantentzen dituen solasaldi interesgarriak.
Pasa den udazkenean biek idatzitako liburua egon zen Durangoko Azokaren berritasunen artean. Orduan izan nuen liburua esku artean eta geroztik ikusi izan dut Donostiako liburudenda ezberdinetako erakusleihoetan. Diseinu aldetik, zer nahi duzue esatea, ez da liburu erakargarria, baina uste dut bi egileek zuzenean mantentzen dituzten solasaldien espiritua ondo baino hobeto ageriko dela bertan.
Eta liburua gustuko ez baduzu ere, asteartekoa izan daiteke aukera aproposa biak ala biak bertatik bertara ikusteko eta entzuteko. Gainera, aurkezle lanetan irratsaioko beste kolaboratzaile beteranoa egongo da, Jabier Muguruza. Muguruzak idatzi du liburuaren aitzin-solasa eta Donostian jokoa banatzen egongo da.
Zerbait gehiago jakin nahi baduzue, entzun Imanolek eta Javierrek Edurne Mendiarekin izandako solasaldia (Durangoko Azokan). Asteartean Ernest Lluch Kultur Etxean egongo naiz liburu aurkezpenean. Bertatik pasaz gero, elkar ikusiko dugu.