Harrikadak
iñaki_dieguez
Kronika zuri-beltza
702.000 euro Kepa Junkerarentzat. Musikariek ez dute zarata asko atera.
Argia aldizkariaren azken zenbakian Aitor Zabaleta kazetariak Kronika zuriak izeneko zutabea sinatzen du eta zera dio: "Pedro Miguel Etxenike zientzialariak dio kazetariok ongiaren mezulari izan behar dugula, sentimendu positiboen hedatzaile".
Ni ez naiz kazetaria, baina bide horretatik saiatuko naiz. Halere horretan saiatu aurretik Eusko Jaurlaritzari sartu nahi diot behatza begian. Beraz, kronika zuri-beltza beharko du izan honek. Eta ez bakarrik tonuagatik, irundar jendea ere aipatuko dudalako (eta zuri-beltzak dira Real Unión futbol taldearen koloreak).
702.000 euro
Eusko Jaurlaritzako bi sailek Kepa Junkera musikariari emandako dirutza hori izan da albiste azken aste honetan. Honi buruz esan nahi nituen gauza gehienak nire laguna Marietak idatzi ditu. Marieta katalana da, baina ederki ezagutzen du gure herri hau.
Horretaz gain, ezer gutxi dut esateko. Jaurlaritzako Kultura zein Etxebizitza sailek erabakia nola justifikatzen duten jakin arte, bai harritu nauela musikari jendea isilik somatzea. Eta ez dut ulertzen zergatia.
Jon Abrilek Sustatun aipatu bezala, Jabier Muguruzak utzi egin du Kulturaren Aholku Batzordea. Abrilek dio erabaki hori dagoela atzean eta hori da ere nire susmoa, baina ezin dut baieztatu.
Fermin Muguruzari galdetu zioten Patxik eta Jabik irratia.com-en eta ohikoa duen bezala ez zen isildu.
Hortik aparte, norbaitek esan du zerbait?
Musikari Seulen
Beste musikari irundarra aipatuko dut gaurkoan. Iñaki Diéguezek Cirque du Soleil konpainiarekin aritzeko frogak pasa zituela kontatu nuen duela urtebete. Orain, hutsune bat izan da munduan barrena dabilen konpainiaren taldeetako batean eta deitu egin diote. Ez da kontratu luzea, hilabete batzuetakoa baizik. Badira jada zenbait egun hasi zela lanean. Une honetan Seulen dago. Mailak idazten ditu, baina ondo legoke blog bat zabaltzea. Lagunek Myspace.com gunean duen txokoan mezu laburrak uzten dizkiote behintzat.
Iñakiri beste hilabetez luzatu nahi diote kontratua, baina berak zerbait luzeagoa nahi du. Ea zortea duen bederen.
Dena ez da malko
Txotx denboraldia hasi da gaur Hernanin. Hori eta Pirritx eta Porrotxi buruzko kontu bat.
Igande goiza Hernanin pasa dugu, txotx denboraldia Gipuzkoan lagun bati zabaltzea tokatu zaiola aprobetxatuz. Gutxitan joaten naizen herrira joan naiz eta beste behin Udaletxeko plaza zein polita den ikusteko balio izan dit, besteak beste.
Ez dakit zergatik egiten zaidan arraroa, azken finean euskaldunen kirol nazionala baita, baina atentzioa deitzen du Astigarragan eta Hernanin bi txotx zabaltze egotea. Irakurri nuenez, aurten hernaniarrek aurrea hartu diete lehenengo aldiz bizilagunei. Astigarragako sagardogileek uste dut bihar dutela festa (eta bihar ez bada, datorren astean).
Hernanin aurten EAE (hau da, ANV) dago gobernuan. Eta alkatea Marian Betialarrangoitia irrati-esatari ohia da. Ez da harritzekoa heldu den astean deklaratzera joan behar izatea epaitegietara. Hori zabaltzen ari baitira, behintzat, hau bezalako komunikabideek. Zergatik? Larunbat arratsaldean Iruñeko Anaitasuna pabiloian esandakoengatik.
Gure herriaren eskizofrenia puntuaren beste adibide bat: gogoan izango duzue garai batean Espainiako hedabide pozoi zabaltzaile finenek nolako kanpaina abiatu zuten Pirritx eta Porrotx pailazoen aurka. Memorian gordeta dut artikulu hau, adibidez. Kanpaina horrek ekarri zuen taldeak arazoak izatea Euskal Herriko zenbait udalerritan (erakundeek kontratatzeko orduan).
Abenduaren erdialdean Gehitu taldeak hamargarren urteurrena bete zuela ospatzeko, erakusketa bat antolatu zen Tabacaleran. Inaugurazio ekitaldian Gipuzkoako erakunde ezberdinetako sozialista goi kargudunak zeuden. Une batean, aurkezleek bi pailazoen lana eskertu zuten. Artxibatu egin nuen datua. Handik egun batzuetara, erakusketaren plazan aritu ziren (hona hemen bideoa).
Gainera, nonbaiten entzun edo irakurri dut Gehitu taldearen kalderero konpartsako errege-erreginak Pirritx eta Porrotx izango direla. Saiatu naiz sarean horren berri ematen duen loturaren bat aurkitzen, baina ezinezkoa izan da.
Horrela bada, ondo da historiaren orrialde beltza pasatzea eta eskertu beharko zaio lan hori ere Gehitu elkarteari.
Bukatzeko, bi ohar labur:
Baga: Julia Cristina artistaren erakusketaren inaugurazioan izan ginen ostegunean.
Biga: Ostiralean, berriz, Iñaki Diéguez trio eta lagun gonbidatuek gainezka zegoen Kontserbatorioaren areto nagusian aurkeztu zuten azken diskoa Irunen.