Harrikadak
iñaki_badiola
Lotsa Anoetan
Realaren Ohizko Batzarra egin zen atzo Anoetan. Agur Badiola.
Atzo ez nintzen Anoetara hurbildu (ez futbol zelaira, ezta ondorengo Ohizko Batzarrera). Partida telebistan jarraitu nuen (Galdakaon) eta poztu nintzen Salamankaren aurkako garaipenarekin, nahiz eta (edo batez ere?) azken unean gertatu.
Batzarrean geratu zenaz, ezer gutxi dut esateko. Lotsagarria iruditu zitzaidan Badiolaren aldeko sutsuenek izandako jarrera. Bere garaian esan nuen tipo hau ez zitzaidala batere gustatzen. Poztu naiz akzionistek Administrazio Kontseilutik bota izanagatik. Etorri direnei buruz, bestalde, ezer gutxi dakit. Ez ditut ezagutzen.
Reala gaixo dago eta giroa nahasita. Gauza onik ez.
Amaitu da realzaleen sufrikarioa denboraldi honetan
Bai, amaitu da. Tristea izan da, baina futbola soilik da. Ikusteko dago orain zer gertatzen den gure Realean. Usain txarra harrapatzen diot.
Anoetako harmailetan egon naiz gaur arratsaldean. Joan aurretik pentsatzen nuen talde txuri-urdinak irabaziz gero, Lehen Mailara egingo zuela jauzi. Baina usteak erdi ustel. Gure aurretik zeuden beste bi taldeek etxean jokatzen zuten ere eta irabazi egin dituzte norgehiagokak.
Barruko senari kasu eginez gero, jokalariek maila eman ez dutela da ateratzen den lehenengo erreakzioa. Dena den, badute meritua ikusirik erakunde hau nola dagoen. Hiru presidente eta beste hainbeste entrenatzaile ezagutu ditu plantilla honek denboraldi honetan eta gai izan da azken unera arte igotzeko lehian segitzeko. Badago esaterik, noski baietz, hanka sartze itzela egin zutela Gasteizen aurreko jardunaldian (behintzat Alavés taldeari Bigarren Mailan jarraitzeko balio izan dio).
Okerrena da gure erakunde honek ez duela hondoa jo. Badiola presidentearekin jai dugu (eta honek ez du zerikusia Lehen Mailara igotzearekin edo ez igotzearekin). Gustatuko litzaidake oker egotea, baina ez dut uste horrela izango denik.
Lerro hauek idatzi aurretik, etxean jada Anoetatik bueltan, Antoñana Moraza bozeramaleak egindako agerraldia entzun dut. Harrigarriena izan da Teledonosti telebista lokalean eta Punto Radio irratian duela hiruzpalau aste arte komentarista lanetan egondako abokatu donostiarrak nola defendatu duen publikoki Badiola eta nola egin duen Diario Vascoren aurka (gogoratu behar da aipatu bi medio horiek DVren talde berean daudela). Aipatu bi emisoretan bere jefe izandako Tito Irazustak sartu behar izan du tartean Antoñanak DVko kazetari batekin izandako sesioan.
Jendea bero dagoela dirudi agintea dagoen tokietan. Odón Elorza alkateak berak ere aurreko astean gutuna bidali zuen DVra zalegoari eskerrak emateko, baina Gasteizko partidan zenbait jokalarik izandako jarrera kritikatu zuen bertan.
Datorren asteartean, 17an, Batzarra deitu du Administrazio Kontseiluak. Ea zer gertatzen den, baina itxura txarra du Reala maiteak.
Aupa Real!
Badiola Suntsiketak
Hogei egun nahikoak dira jakiteko Badiola zer egiteko gai izan daitekeen. Zoritxarrez.
Azaroaren 5ean idatzitakoa berrirakurri egin dut. Oso denbora gutxi pasa bada ere, gauza asko aldatu dira. Adibidez, Diario Vascok orduan eskainitako tartea, laguntza, kendu egin dio. Gogorrena Badiolari eskainitako editoriala izan zen.
Hala eta guztiz ere, urtarrilaren 3ko juntara joandako akziodunen % 70etik gorako onespena jaso zuen donostiarrak. Ni ez nengoen Donostian egun hartan eta lagun bati pasa nizkion nire bost akzioak. Nahi zuena egiteko esan nion, zalantza asko nituela gehituz.
Hogei egun nahikoak izan dira bakar-bakarrik dagoen gizon hau zer egiteko gai den ikusteko. Pako Aiestaran fitxatu zuen kirol aholkulari gisa eta hori zen hautagaitza hau errespetuz begiratzeko arrazoietako bat. Baina Pakok kitto esan du gaur goizean. “Nik jartzen dut dirua” esan omen dio behin eta berriro azken egunetan Badiolak. Oliva entrenatzailea, Aiestaranek aukeratutakoa, izendatu nahi ez zuela-eta, agur esan du beasaindarrak. Ondo egin du, barregarri utziko baitzuen bestela presidenteak.
Egina omen zuen Zigic handiaren fitxajea. Aulkirako B plana prest omen zeukan Colemanek alde eginez gero: Jabo Irureta. Fran Merida gaztea eta Pep Martí beteranoa ekarri ditu eta hori ez da gutxi, baina ez da nahikoa. Gezurti profesionala baita gure Iñaki.
Realari buruz eskainitako beste harrikada batean nioen Osasunari erreparatu behar geniola, Iruñean ondo egiten dituzten gauzen berri izateko. Orain, berriz, Gasteizera begiratu beharko dugu, Pitermanek Alavésen zer egin zuen ikusteko. Presta gaitezen.
Marka da gero Astiazaran, Fuentes, De la Peña... onak egingo dituen presidentea izatea.