Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak gutagutarrak

Harrikadak

gutagutarrak

Astea arin

Abiadura handiko astea joan zait enteratu gabe.

Elnako memoria

 
Asteartean etorri ziren Maria, Miquel eta Vicky. Mataró Euskal Herria connection. Miquel Torner Gerra Zibilaren ondorengo memoria demokratikoa eta galtzailea oinez errekuperatzen duen Marxaires taldeko kide da. Oso pertsona jatorra, hankak lurrean dituen horietakoa. Maria nire laguna da eta Vicky Miquel-ena.

Aitzakia Ernest Lluch Kultur Etxeko asteazkeneko ekitaldia izan zen. Assumpta Montellà eta Toni Strubell ere egon ziren bertan. Assumpta beti bezain ondo hitzaren jabe denean, emozioa hitzez transmititzeko gai baita. Strubell ere hunkituta, batez ere Javier Vizcaínok solaskideei hitza eman aurretik jarritako lau minutu eskaseko korteagatik.

Denek merezi dute nire aitortza, baina Javi folloi ederraren erdian etorri zen Donostiara. Lorik egin gabe eta aurretik kristoren plan tzarra duela kontutan hartuz, esker bereziak igorri nahi dizkiot hemendik. Eta zaintzeko ere esan nahi diot, bizitza bizitza baita, ederrena, galtzen duenak, galtzen du dena (Atxagaren berbak moldatuz).

Kronika ezberdinak egin dituzte bertaratutako lagunek: Javier Vizcaíno aurkezleak bata, Love of 74 entzuleak bestea, laster esango du zerbait Assumpta Montellàk… Eta Begoña Del Teso kazetariak Miqueli eginiko elkarrizketa gaur publikatu da DVn.

Hauetako lagun katalan batzuekin Gu ta gutarrak taldearen kontzertua ikusi genuen ostegunean Loiolako Kultur Etxean. Donostia periferia tour. Aretoa lepo eta bizkaitarrak in crescendo, tempoak ondo maneiatuz. Joseba Tapia izan zen gutar gonbidatua.

Gainsbourg gainbegiratuz

Ostiral arratsaldean, Eibartik pasa ondoren, Elgetara igo ginen. Espaloia Kafe Antzokian genuen zitak merezi baitzuen. Diskoa publikatu ondoren estreinakoz igo zen taula gainera Gainsbourg gainbegiratuz lana zuzenean defenditzera Jocanok bildutako tropa. Diskoa emanaldiaren aurretik erosi egin nuen eta zinez da ederra. Emanaldia, berriz, ez zen gutxienekora iritsi. Inguruan nuen jendea, nirekin eta niregatik igo zena kasu batzuetan, ni baino harrituago zegoen ikusi zuenarekin. Ezin baita 13 euro pagatu dituenari entsaio batera gonbidatu.

Zaila egin zen aurretik sarrerak saltzea, hori kontatzen du Iban Arantzabal antolatzaileak bere blogean. Eta zuzenekoa oso berde dago oraindik. Hurrengo hitzordua Victoria Eugenian dutela aintzat hartuz, ni kezkatuta egongo nintzateke taula gainera igo behar izanez gero. Bi gauza dituzte alde: denbora eta proiektua perla bat dela.

En castellano

 

Ruperrek furgoi beltza hartu du berriro

Ruper errepidean da. Eta Estopakoak (itxuraz) haserre norbaitek azken diskoa filtratu duelako. 250.000 deskarga egin omen dira.

Bloglines-i esker jakin dut Danbaka.com webgunean Ruper Ordorika errepidean dela berriro. Lagun batek kontatu zidan aurreko batean Oñatin aritzekoa zela pasa den ostiralean Gutagutarrak taldearen emanaldian eta hala izan zela frogatzerik izan dut (Elizondon, hurrengo egunean, Pantxo Pottoka mitikoa egon omen zen Lur diskotekan). Ea Igorrek edo Unaik laster igotzen duten bideorik beren txokora.

Gure antiojodun maitenetako bat martxoaren 21ean, ostiral santuan, Miarritzeko Gare du Midi aretoan egongo da (aurretik emanaldi gehiago izango ditu, baina hau da gertuen daukadana). Pajaruak dio "datorren apirilaren erdialdera aterako duela CD berria. Kafe Antzokian jasotako zuzeneko grabazioa izango da eta seguru asko DVD batekin".

Duela ia hamar urte Bilbon ikusitako Desorden Público Venezuelako taldearekin gogoratu naiz. Caracaseko ska taldearen webgunean ikusi nuen duela gutxi "discotienda" hitza. Diskodenda ezagunagoa da hemen Euskal Herrian (nahiz eta Google-k hamar emaitza bakarrik jarri bistan), baina gazteleraz ez nuen inoiz entzun discotienda. Latinoamerikan erabiliko dute, zeren eta 125.000 emaitza inguru lortu ditu bilatzaileak.

Txantxikuarrak publikatu ditu bere lanak biniloan, CDan, DVDa erabili du ere. Zer izango da hurrengoa? Ez dakit, baina aste bukaeran ikusi dut nonbaiten Estopa taldeko bi anaiak haserre zeudela norbaitek filtratu duelako bere azken lana, Allenrok izenekoa (Kornella buelta emanda). 250.000 deskarga izan omen ditu ez dakit zer webgunean. Are gehiago, horren aurretik, beste norbaitek filtratu omen zuen diskoaren azala.

Kasualitate gehiegi direla kontutan izanik, La Tafanera zerbitzuan (Kataluniako zabaldu.com) ikusi dut hasi direla jada zalantzan jartzen akatsarena; batek baino gehiagok dio ez ote garen marketing operazio baten aurrean egongo. Sinesgarria da, bai.

Eguneratzea: 21:15ean. Gutagutarrak taldearen webgunean jarri dute ikusgai bi minutu t´erdiko bideoa.


En castellano

Euskarazko kultur kontsumoa (II)

Asteazken arratsaldean Martin Ugalde Parkean nik neuk esandakoa. Kronikarik ezin egin mahaian nagoela.

Berriak publikatu zuen kronika atzo. Garak ere publikatu du gaur. Euskadi Irratiak grabatu zuen osorik.  Blogaririk ez zen agertu eta inork ez du ezer esan. Nik nire txapa botako dut.

Martxelo Otamendik hartu zuen hitza asteazkenean egun hartan bertan trenean gertaturikoa kontatuz. Hamar lagun trenean eta horietatik hiru euskarazko libururen bat irakurtzen. Gero, mahaikideak aurkeztu zituen.

Eneko Olasagastik hartu zuen hitza ondoren eta Sarean-eko 2006ko datuak aztertu zituen (antzerkia). Zinemari buruzko datuak ere aipatu zituen.

Kike Amonarrizek dekalogoa irakurri zuen. Hura entzun ondoren, mahaitik altxatzeko gogoa izan nuen. Zer gehiago gehitu nezakeen nik?

Olatz Osak, berriz, liburugintzaren azterketa egin zuen eta Iñaki Gómezek kultur produkzioari buruzko gogoeta instituzionala. Bi hauen artean hitz egin nuen nik. Publikoak ere egin zituen galderak. Besteak beste, Xabier Huizik, Fito Rodriguezek, Josu Iztuetak…

Sarrera

Kultur etxe batean ari naiz lanean. Merkatua, kontsumoa, produkzioa eta gauza hauek arrotz samarrak egiten zaizkit. Dena dela, erabaki nuen internet zaletasuna eta ikuskizun ttikiekiko zaletasuna, batez ere musikarekiko, uztartzea. Honela, del.icio.us kontuan kultura etiketarekin nituen loturak begiratzen egon nintzen asteartean. Eta horietako batzuk bota nituen nire zenbait ideia berresteko (hemen daude bilduta lotura hauek eta beste batzuek).

Gipuzkoa auditorioz josi behar al da?

Oinarrizko kultur azpiegiturak Guggenheim edo Victoria Eugenia baino garrantzitsuagoak dira. Ez bakarrik egunerokoan. Jendea trebatzeko, irakurzaletasuna sustatzeko, publikoak sortzeko.

Artikulu hau irakurri ondoren, ea nora goazen pentsatu nuen. Kazetariak dio 1980. urtearen hamarkadan kirol azpiegiturak egin ziren bezala, orain auditorioen garaia dela. Hainbeste auditorio behar al ditu Gipuzkoak?

Andoainen bertan nengoela, galdetu nuen ea Andoaingo herriak 500 lagunentzako auditorioa behar ote zuen Donostiatik 10 kilometrora? Ez al da jendea kultur munduan murgiltzeko askoz ere eraginkorragoa 250 lagunentzako gune erabilera anitzekoa eta gainerako espazioan tailerrak, etab. egitea?

Kultur mankomunitateak

Oier Araolaza haurrarekin joan zen Elgoibarrera haur antzerkia ikustera. Penatuta bueltatu zen etxera jende gutxi zegoelako antzokian. Besteak beste zera idatzi zuen blogean:

"Orain 15 urte Elgoibarrera dantza ikastera hurbildu ginenean Jose Inazio Sarasuak garbi esan zigun, udalak mankomunitateetan elkartu badira zaborrak biltzeko, ez daukala zentzurik behar gorriagoa duen kultura alorrean bakoitza bere kasa ibiltzeak".

Elgetako Espaloia eta elkarlana

Kafe antzoki honetan ikusle gisa oso ondo tratatua sentitzen naiz. Eta artistak ere berdin ateratzen direla esango nuke, gustura.

Iban Arantzabalek badu ardura Espaloian. Duela gutxi bere blogean kultur guneei buruzko hausnarketa egin zuen.

"Herriz herri sortzen dituzte udalek kultur etxeak (…) Espazio hilak ez badira ere, espazio gaixoak sortzen dituzte jaiotzetik beretik, jendearen haruntz-honuntza larregirik ez dutenak. Konparatzen ditut herriz herri dauden belarrezko futbol zelaiekin. Futbol zelaiak hamabostean behin erabiltzen dira eta kultur etxeak ere… Gainontzeko egunetan eraikin hutsak dira, metro karratu hotzak".

Lau eredu oker aipatzen ditu artikuluan:

Bat: Okerra da Udala bakarrik eta inor baino gehiago bailitzan jardutea kultura egin guran.

Bi: Okerra da kultura talde eta elkarteak mundutik aparteko sateliteak letxe ibiltzea, bakarrik.

Hiru: Okerra da proiektuak etorkizuna izan dezan dabilen harriari ibili dadin laguntzarik ez ematea.

Lau: Okerra da Udala eta herria ados jartzen ez diren ekimenez betetzea herriko kultura agenda.

Guggenheim defektua edo bagoaz, jaun-andere hauek espekulatu beharko dute -eta

Sergio Cruzado managerrak prentsaurreko batean esan zuen: "Erotzen ari garela uste dut. Hainbeste megazifra, makrojaialdi edo ebento, hiriaren marketina, udako gertaera garrantzitsuena… Makroekin ebentoetarako publikoa sortzen da, ez musikazalea den publikoa. Epe laburrera jokatzen ari gara".

Bruce Springsteen, Ken Follet, etab. Kultur gastu baino turismo eta irudi gastu beharko lukete izan.

Guggenheim defektua. Kultura baino hori ez al turismoa, ekonomia, hirigintza sustatzeko zerbait? Kultura aitzakia da.

Gero, Madrilgo Lavapiés auzoan dagoen Ladinamo bezalako guneek ateak itxi behar dituzte: bagoaz, jaun-andere hauek espekulatu beharko dute-eta.

Funtzionario-funtzionarioak eta artista-funtzionarioak

Gogoan dut Pako Aristiren pasadizo bat. Nonbaitera joan emanaldi bat eskaintzera eta funtzionarioak zera galdetu ziola ikusi bezain pronto: noiz amaituko duzue? Eta hori askotan gertatzen da. Grina ez dut esango, baina bai zure lana ondo egitea.

Artistei ere interesatzen al zaie beste artistek egiten dutena? Joaten al dira lankideen emanaldietara, kontzertuetara, erakusketetara? Edo bere baitan daude bilduak, zilborrari begira?

Anekdota bat. Kontzertu bat antolatu genuen. Teloneroa, auzokoa zen. Kontzertua eman, trasteak batu… eta etxera… bigarren taldearen saiora geratu gabe.

Zubiak

Juancar Landa musikariak grabatu ditu euskaraz Serge Gainsbourgen kanta batzuk. Euskaraz zein gazteleraz abesten duten kantariak egongo dira diskoan. Kasu egingo al dio euskal publikoak normalean gazteleraz abesten duten Diego Vasallo, Mikel Aguirre, Rafa Berrio… etabarrei euskaraz aritzerakoan? Edo hauen betiko publikoa joango da kontzertura?

Internet iritsi dela

Gu ta gutarrak taldearen adibidea jarri nuen. Internet ondo baino hobeto aprobetxatzen ari den taldea.

Politika instituzionalak direla eta, elkarrizketa mamitsuak eman zituen Santi Erasok 2006aren bukaeran Arteleku utzi behar zuela aprobetxatuz:

"Politika instituzionalak atzetik doaz eta kultur ikuspegitik eredu analogikora atxikita daude. Erabateko aldaketa hartu beharko litzateke kontutan kultur politikak egungo gizartearen dibertsitatera eta teknologia berrietara egoki daitezen".

"Herritarrak jada ez dira pasiboak… Nola komunikatzen dira gaur egun herritarrak? SMSak, blogak, komunikazio transbersalaren bidez. Ez da soilik ahozko komunikazioa, edukien produkzioa ere badakar (testuak, bideoak, audioak). Guk gobernatu ditugun erakundeak oso bertikalak izan dira, paternalistak neurri batean. Kultur ekitaldiak proposatu eta jendea bertaratzen zen. Kultur politikak horizontalagoak izan beharko lirateke. Honela, jendea bakarrik erakundetara joan beharrean, hauek ere jendea bizi eta komunikatzen den etxetara, auzotara, benetako gunetara eta saretara joan beharko lukete. Egiteke dagoen kultura da".

En castellano

Mikel Iturria 2008/01/25

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31