Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak giorgio_bassmatti

Harrikadak

giorgio_bassmatti

Apunte politikoa

Donostiarra gehitu beharko genioke.

Pasa den igandean porra hau bota nuen twitter-en: "Donostia. Hauteskunde porra. PSE, 9; PP, 7; EAJ, 5; Sortu-EA-Alternatiba, 5; Aralar, 1".

Txorakeri bat da, bai. Zoritxarrez asko gelditzen baita maiatzaren 22ko helmugarako. Eta oraindik ez dakigu zer kristo gertatuko den Donostiako bainuetxean.

Gogoratuko ditut zeintzuk izan ziren 2007ko hauteskundeen emaitzak: PSEk 11 zinegotzi lortu zituen; 6, PPk; 5, EAJk; 3, Ezker Batuak (Alternatibakoak dira orain) eta Aralarrek; 2, EAk (bat da EAkoa orain eta bestea Hamaikabatekoa). ANVko zerrenda epaileek baliogabetu zuten orduan.

Lagun batek idatziz helarazi zidan bere porra: 8, PSEk; 7, Sortu-EA-Alternatibak; 6, PPk; 5, EAJk; 1, Hamaikabat-ek. Ez da ezker abertzalekoa, baina gorantz ikusten ditu. Nik baino gehiago.

Partidu Sozialista metxa gutxirekin ikusten dut, alkateak denbora gehiegi darama gauza onerako. Eta igual uste baino handiagoa da pintxazoa. Jendea Odonekin haserre ikusten baitut inguruan.

PPkoak, berriz, oso donostiar ikusten ditut eta hori garrantzitsua da hiri honetan. Kontuz, beraz.

EAJkoak nahikoa lan dituzte etxe barruan. Garai batean, entzun nion bertako bati indarren %90a etxean xahutzen zituztela, elkarri mokoka. Zelaira, gero, nekatuta ateratzen ziren. Ez dakit, baina uste dut berdin-berdin jarraitzen dutela.

Espabilatzen ez bada, Aralar Ezker Batua izateko bidean da. Hau da, mandatuetarako EAJren laguna. Eta horrek, normalean, ez du oso ondo amaitzen. Eta, kontuz, Hamaikabatekin, ze igual Iñaki Galdosek jan diezaioke terrenoa eta nire porran duen zinegotzi bakarra txantxikuarraren esku geratu.

Sortu-EA-Alternatiba hirukoa inkognita hutsa da oraindik. Ez dirudi Sortuk aurkezteko aukera izango duenik, baina batek daki. Dena den, boto horiek ez dira zakarrontzira joango oraingoan eta Sorturen boto horiek EA / Alternatibaren esku gera daitezke.

Telefonoz hitz egin dut gaur arratsaldean lagun batekin eta esan dit Jukebox-en gaurko apuntea irakurtzeko. Goiko lerro hauek idatzi ondoren hasi irakurri ditu. Ohikoa duen ironia erabiliz, Moyanok dio PP-EAJ-Hamaikabat formulak ken diezaiokeela alkatetza Odoni. Albertok dionez, Teledonostin formula horren alde agertu omen zen Gómez Ugalde (PP), Eneko Goia (EAJ) aurrean zuela. Basagoiti ere Odon botatzearen alde azaldu zen igandean.

Egia esateko, ez dit loa galarazten kontu honek. Gutarrek inoiz ez baitute irabazten.

Ni Bassmattiren kanta berri bat entzuten geratuko naiz. Etxean, seguraski.

Apunte político donostiarra, este post en castellano.

Kamiseta bat

Duela 18 bat urte erositako kamiseta bat.

Love not money

Atzo arratsaldean Loreak Mendian arropa markak Donostiako Hernani kalean duen dendan egon nintzen Giorgio Bassmattiren kontzertua ikusten. Behin baino gehiagotan aipatu ditut hemen lagunaren kontzertuak eta gaur ez dut horri buruz ezer esango. Zeharka helduko diot gaiari.

Bassmattik kontatu zuen atzo 160 kamiseta baino gehiago izango dituela etxean gordeta. Ez duela kamisetarik botatzen, alegia. Hori frogatzeko-edo ostatu eman zion markaren elastiko zahar batekin atera zen emanaldiaren hasieran.

Nik, aldiz, bai botatzen ditudala kamisetak. Hala ere, badut marka honetako kamiseta bat duela 18 bat urte erositakoa edo. Eta noizean behin janzten dut oraindik.

Larunbat arratsalde batean erosi nuen Irungo Bertso-Hop dendan. Garai hartan askotan joaten nintzen arratsalde pasa dendara. Fermin eta Jone zeuden bertan eta Xabi Zirikiain eta Jon Izetarekin (agian Javi Pez ere bai?) zeuden geratuak. Besteak beste, kamiseta batzuk eraman zituzten salgai jartzeko. Eta niri asko gustatu zitzaidan gorri hau.

Loreak mendia orokorra

Giorgio Bassmatiren kontzertua Tolosako Auggie-n

Denda honen 1000. eguna ospatzeko.

Auggie Tolosako Korreo kalean dagoen arropa denda bat da. Ostegunean 1000 egun bete zituzten eta ostiralean, 1001. egunean, Giorgio Bassmatti gonbidatu zuten kontzertu bat eskaintzeko. Bertakoez gain, musikariaren lagun batzuk ere hurbildu ginen.

Goio Telletxeari (zorionak berari ere, ostiralean haren urtebetetzea izan baitzen ere) egokitu zitzaion hamar kanta aukeratzea. Kanta gehiago izan ziren azkenean. Eta kontzertua barruan hasi eta kanpoan bukatu zen kasu honetan (Donostian, Guardetxean, alderantziz izan zen). Honek guztiak adierazten du tipo mugitua dela gure musikoa.

Argazki batzuk atera nituen, baita bideo bat ere. Ez dute kalitate askorik, mugikorrarekin atera bainituen. Dendakoek ere igo dute txuri-beltzean ateratako beste kanta baten bideoa.

Flickr-en pro kontua erosi berritan, Bassmattirena da lehen albuma. Bertan ageri da ere duela hiru urte eskainitako beste kontzertu batean ateratako erretratuan, Tolosako kamiseta bera soinean duela, Mataróko fan club-eko presidentarekin.

Aipatzekoa ere kontzertuak izan zuen Telmo teloneroa eta gero, kanpoan, gehitu zien beste neska batzuk ere (oharra: Lara, trabesera; Nerea, pianoa etxean utzi zuena).

P. S.: Kontzertura joan aurretik, Hor hago Kevin? liburu aurkezpenean ere egon nintzen, Donostian. Pena ez geratzea ondorengo jaian, hark ere itxura ona baitzuen.

Concierto de Giorgio Bassmatti en Auggie, este apunte en castellano.

Mikel Iturria 2010/06/20

Orain bai!

Orain telebista saioa, ETBko harribitxietako bat.

Duela gutxi deskubritu nuen Orain. Norbaitek bidali zidan Dizebi graffitigile edo graffiti idazleari buruzko kapitulua eta hunkitu egin ninduen. 2004ko irailean Donostian egindako Representa 04 jaialdiaren barruan ezagutu nuen Dizebi, Ernest Lluch Kultur Etxean Iñaki Bocos eta orain gogoratzen ez dudan Gironako tipo baten ekimenez eginikoa. Edizio bakarra izan zuen, tamalez, jaialdiak. Gauza jakina baita alkateak ez dituela gogoko graffitiak.


orain: 30_Dizebi from debolex films on Vimeo.

Bideo gehiagoren peskizan ibili nintzen eta Yosigo argazkilariari buruzkoa aurkitu nuen. Ander Arroitajauregi, Maite Mursego-ren anaia luthierra. Pernan Goñi marrazkilaria. Anari eta Ruper Ordorika musikariak. Parafernalia aktibista. Thee Brandy Hips rockeroak. Delifunart bon vivant liberalak. Eta Elena Odriozola, nire beste debilidadetako bat.

orain: 48 elena odriozola from debolex films on Vimeo.

Sare sozialetan atzo zabaldu zen programak arazoak dituela parrillan jarraitzeko. Denboraldiaren amaieran daude eta ikusteko dago ea ETBk zer egingo duen datorren denboraldiari begira. Dirudienez, gauzak oso geldirik daude etxe horretan (eta ez bakarrik saio honi dagokionez).

Gaur, besteak beste, Love of 74 lagunak idatzi du Orain-i buruz. Bihar, berriz, Giorgio Bassmatti izango da protagonista Orainen. 22:00ak aldera botako omen dute ETB3n.

¿Qué pasa por la calle? galderari erantzuteko balio du programa honek. Gustu handiz eginikoa izateaz aparte, kulturaren ikuspegitik, une honetan Euskal Herriko bazterretan gertatzen ari dena ezagutzera emateko erreminta bikaina da.

Federica Pullari ere medikuak minbizia duela esan dio

Federica Pulla blogari espainiar bat da. Madrilgoa. Duela gutxi, Joxe Aranzabalek 2002ko irailean Sustatun egin bezala, minbizia duela iragarri zuen bere blogean.

Y pasó lo que no tenía que pasar. Hace unas semanas me hice una gastroscopia. Me dijeron que tenía dos pólipos. Pasaron los días y mi doctora no me llamaba (suele hacerlo en cuanto tiene los resultados, ya que conoce mi estado de nerviosismo constante)”.

“Llega el día de la consulta. Ella, yo y una residente alrededor de una mesa. No se anda con rodeos. Tengo dos tumores y no son buenos. La palabra C_A_N_C_E_R retumba por toda la sala y me llena la cabeza”. Gehiago Cáncer apuntean.

Giorgio Bassmatti musikari donostiarraren blogean izan nuen horren berri. Eta animo mezu bat utzi nion Federicari, baita nik gaztelaniara itzulitako Joxeren lehen aitorpena ere.

Federicaren blogean sartuz gero, Joxe Aranzabalek berak utzitako erantzunaz gain, Giorgio Bassmattik propio egindako abestiaren bideoa ikusiko duzue.

Ea dena ondo doan. Animo, motel.

Bukatu da, bukatu da

Bukatu da. Akabo. "Funtzioa" telebista saioaren amaiera kanta gogoan esango diot agur udako oporraldiari.

Ostegunean etxeratu ginen Ibizatik eta jada hankak lurrean ditudala esan dezaket. E-mail mordoxka, apunte eta artikulu asko reader-ean, twitter, facebook... Batzuk irakurri ditut eta beste batzuk, komuna digitalaren barna joan dira. Hona hemen zenbait apunte aipagarri:

1.- Loquillo abeslaria Frankestein da urria-azaroan Donostian ospatuko den Fantasiazko eta Beldurrezko Astea iragartzeko eginiko kartelean.

2.- Facebook erabiliz, kanpaina hasi du ganberro koadrila batek Rebeca Linares porno-star donostiarra Urrezko Danborra izan dadin 2010ean. Oker ez banago, Larratxon jaiotakoa da, baina aspaldian egin zuen hemendik hanka. Ea PP eta PNVren babesa jasotzen duten.

3.- Fermin Muguruza Palestinan egon zen Check Point Rock filma aurkezten. Gaztelumendirenean ikusi dut ETBk eginiko bideoa.

4.- Real Madridek ez omen du nahi saskibaloian aritu Gipuzkoa Basket taldearekin (orain Lagun Arok babesten duena) partida horretako dirua Zurriola Ikastolarentzat delako (aurtengo Kilometroak festaren antolatzaile). Ez omen dute nahi asmo politikoekin erabiliak izatea. Asmo politiko horietarako izango da.

5.- Ander Izagirre kazetaria Bolivian da eta zenbait kronika idatzi eta jarri ditu jada bere blogean. Jarraitu beharrekoak. ziur.

6.- Ostiral gauean Grosen ospatu zen iraileko Pintxos & Blogs bileran egon ginen. Inoizkorik jendetsua izan zen, gainera. Horrek alde onak ditu, baina baita txarrak ere (ezin denekin egon).

7.- Giorgio Bassmattik, azkenean, baietz, diskoa egingo duela. Ez al zegoen ba gainbeheran diskogintza? Ima Ubedak dioen bezala, noiz ez da izan krisian musika industria? Honek berpiztuko du aipatu industria?

8.- Zer gertatzen da kazetari saltsero bat lehoi baten kaiolan sartzen denean? Galdetu Charles Stamer Smith jaunari.

9.- Amaitzeko, proposamen bat: datorren ostiralean, irailaren 11n, Thomas Canet argazkilariak inauguratuko du Ernest Lluch Kultur Etxean "Retratos / Erretratuak" erakusketa. Ekitaldia 19:30ean izango da. Bertara joateko asmoa daukat. Mostran Espainiako eta inguruko artista ezberdinen erretratuak. Klikatu bere izenaren gainean eta nabigatu haren webgunean barna.

 Se acabó

Kafea, galletak eta Bassmatti

Edo Bassmatti, galletak eta kafea? Gernikako Gaztetxea.

Duela zenbait aste Giorgio Bassmatti songwriter giputzak abisua pasa zigun: Gernikako Gaztetxean jotzeko gonbidapena jaso zuen. Noiz? San Balentin Egunean. Agendari bistadizo bat bota eta pista libre. Hitzordua apuntatu genuen.

Kafea eta galletak egitasmoaren berri Love of 74 berak eman zigulakoan nago. Sapatukoa ekimenaren hirugarren saioa zen. Herriko plazan bazkaldu ondoren, kafea hartu eta gaztetxera hurbildu ginen.

kafea eta galletak (7)

Bi guraso ditu ideia honek: Leire (erdian) eta Ibon (eskuinean). Formula bitxia bezain erraza da: disko bat entzuten du bildutako jendeak eta, gero, musikariak kanta batzuk egiten ditu zuzenean.

Giorgiok My Bloody Valentine taldearen 1991ko Loveless diskoa aukeratu zuen. Inoiz entzun gabe nituen abestiak eta disko gogorra iruditu zitzaidan. Entzunaldiaren aurretik P. Roberto J. aka El ruido de la calle blogariak ekitaldirako idatzitako testua banatu zuten. Robertok dio Kevin Shields krisi existentzialean dagoela 1991n disko hori argitaratu zuenetik, "bere bizitzako lanik gorena egin eta amildegira begiratzen duenaren krisian". Gu ere amildegira hurbiltzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.

Gaur egungo bizimoduan, disco-foruma formula bitxia da. Diskoa jartzen dizute eta ez dago handik altxatzerik.  Hau da, baduzu hanka egiterik, noski, baina mezara joaten zarenean, ez da tenplua utzi behar amaiera iritsi arte. Jendea duzu alboan, baina pertsona bere bakardadean egotera derrigortua dago. Onerako. Kafea eta galletak dituzu musikaren lagun.

Gero, atsedenaldi labur baten ondoren, Giorgiok gitarra berria hartu zuen eta ekitaldirako propio egindako bost kanta gehi lau bertsio jo zituen. Urduri egon zela esan zigun. Bide zailetan barna ibiltzearen ajeak dira horiek.  Etxeko bakardadetik jendaurrean aritzera, bada salto bat.

Dena den, gustura entzun (ge)nituen kantak.kafea eta galletak (9)

Oharra: argazkiak Giorgioren galeriakoak dira.

Eguneratzea. 23:00. Giorgiok erantzunetan utzitako bideoa itsatsiko dut hemen azpian.

Loretopetik (XXI) Zaila da herritar arduratsua izatea

Bidebieta auzoari buruzko bideo bat dago Youtuben. Bertan bizilagun talde batek auzoak dituen gabeziak jarri nahi ditu begi bistan. Hausnarketa bat herritar arduratsu izatearen kostuaz.

 Irutxuloko Hitzan 2008ko martxoaren 5ean argitaratutakoa.

110.000 lagunek ikusi dute youtuben Bidebieta auzoko arazo batzuk salatzeko herritar talde batek eginiko bideoa. Eta harritzen naiz, zeren eta kopuru horiek lortzea ez baita erraza. Adibidez, Donostiako Giorgio Bassmatti musikariak ia bost mila milioi euro desagerrarazteaz akusatuta dagoen Jérôme Kerviel frantsesari buruzko kantu bat egin zuen etxean eta aipatu zerbitzuan zintzilikatu denen bistan. Handik gutxira Le Figaro periodiko frantsesak aipatu zuen gure musikari-gerrilari maiteenaren kantua. Ondotik ABC News, Público periodikoa, Entzun musika webgunea, DV egunkariaren kontrazala, El confidencial.com… Aparte sarean bertan izan dituen aipamenak ahaztu gabe, bideoak 5000 bat ikusle izan ditu (hau da, Faemino y Cansado bikoteak Victoria Eugenia antzokian sei egunetan izan duen publiko kopurua gutxi gora behera).

Horregatik zur eta lur geratu naiz Bidebietako bideoa 110.000 lagunek ikusi dutela konprobatzerakoan. Ez dakit nola lortu duten emaitza hori, baina meriturik aitortu behar zaie erdietsitako agerikotasunagatik. Lana berez ez da batere ikusgarria, oso sinplea baizik. Gazteleraz eginiko grabazio laburra Donostia mapan kokatuz hasten da. Ondoren, hiriaren irudi salgarrienak (eta erosienak) aipatzen ditu. Baina Sanchís y Jocanok Donostiako kronika kantuan zioten bezala, hiriaren kronika ez dela udatiarrei ematen zaizkien mapa madarikatu horietan agertzen den bezain polita, Bidebietako errealitatea agertzen saiatzen dira ondoren.

Gauza hauek buruan jiraka nituela, beste behin pentsatu dut zenbat kostatzen den herritar arduratsua, pertsona informatua izatea. Teknologia berriak gailentzen ari diren gizarte honetan informazioak gainezka egiteari infoxikazioa deitzen diote. Ez da oso zehatza berba, informazio gutxi izaten baitugu eta propaganda edo publizitatea sobera, baina ulertu duzue zer adierazi nahi duen kontzeptuak.

Behnaz Rezaei margolari irandarraren koadroekin gogoratu naiz goiko lerro hauek idatzi ondoren. Neska hau Bartzelonan bizi den pintora eta diseinatzailea da (martxoaren 18ra arte daude erakusgai bere margolanak Ernest Lluch Kultur Etxean). Zer dakit nik Irango herrialdeari buruz? Ezer gutxi. Clemente izendatu behar zutela bertako futbol hautatzaile, Ahmadineyad beldurgarria dutela presidente (irudi hobea du Bush deabruaren etsaia delako, baina ez litzaidake gustatuko bera buruzagi duen herrialdean bizitzea), Pertsiako Sha, Jomeini, Jamenei, Frantzian bizi den Persepolis komikiaren egilea, Marjane Satrapi...

Okerrena da gertuko Bidebieta urrutiko Iran bezainbeste ezagutzen dudala.

En castellano

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31