Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak gaztemaniak!

Harrikadak

gaztemaniak!

Gaztemaniak! erditik kentzeko demagogia erabiltzen ari dira

600 lagunetik gora sinatu dugu jada manifestua. Itxura guztien arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurtzaroa eta Gazteria gaietarako zuzendariak uste du leloak garela.

Irudia Loreak Mendian.

Gaur goizean Más que palabras irratsaioan Javier Vizcaínok eta Edurne Mendiak Foru Aldundiko Haurtzaroa eta Gazteria gaietarako zuzendaria den Jose Ignacio Insausti jauna elkarrizketatu dute Gaztemaniak! auziari buruz. Oraindik haserre nago gizon honek esandakoarekin.

Zergatik utzi nahi du Foru Aldundiak bertan behera hamasei urtez Gipuzkoako hainbat udalerritan serioski eta modu arrakastatsuan gauzatu den programa? Insausti jaunak, itxura guztien arabera erabakia bere gain hartu duen pertsonak, ez du kulturaz hitz egin erabaki hori arrazoitzeko. Gizon honek bota duen argudio bakarra izan da Gipuzkoan babesgabe dauden haurrei arreta egitea bere departamentuari dagokiola eta iaz asko igo zela ume gizajo hauen kopurua. Krisiak eragindako diru murrizpenak gehi haur hauen kasuen gorakadak, eraman du Diputazioa aipatu erabakia hartzera.

Gauzak horrela planteatu dituela jabeturik, kazetari biek galdegin diote Insaustiri ea zenbat diruz ari zen berbetan. 20.000 euroko kostua omen du programak Diputazioarentzat.

Gaztemaniak.net webgunean ikusgai dagoen informazioaren arabera, 2009an hamabost kontzertu (gehi Sorkun-ena 2010eko hasieran) egin ziren Gipuzkoako hainbat herritan: Arrasate, Donostia, Zarautz, Oñati eta Hondarribia.

Demagogia egin duela uste dut. Hau da, Gipuzkoako haur babesgabeak zaintzeko modu bakarra da Gaztemaniak! programako kontzertuak pikutara bidaltzea? Zer kristo gertatuko litzateke orduan gizon honen esku balego Haitiko hondamendiak sorturiko kalteen ondorioei aurre egitea?

Nire ustez gertatzen dena da programa hau ez zaiola batere gustatzen Insausti jaunari eta krisia aitzaki ezin hobea iruditu zaiola berau erditik kentzeko. Baina Gaztemaniak! programa ez da Gipuzkoako Foru Aldundiarena: Gaztemaniak! salba dezagun manifestu hau sinatu duten seiehundik gorako kabroiona baizik. Ez ahaztu!

Eguneratzea. 20:00. Jose Ignacio Insausti Más que palabras irratsaioan. Audioa entzuteko prest.

Están echando mano de la demagogia para cargarse Gaztemaniak!, este apunte en castellano.

Mikel Iturria 2010/01/16

Gaztemaniak! salba dezagun

Mail bidez jaso nuen atzo gauean manifestu hau. Ados nago. Kopiatu eta zabaldu.

Gora Gaztemaniak!

Hilzorian dago Gaztemaniak! musika-programa. 1994. urtean sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimen hau, “musika joera berriak ezagutzera emateko, bertako musika taldeak sustatzeko eta kalitatezko musika gazteei hurbiltzeko asmoz”. Hamasei urteren ondoren, hasiera-hasieratik helburuak ondo baino hobeto bete dituen programa honen bidez Gipuzkoa mailan antolatutako kontzertuak bertan behera utzi nahi ditu Aldundiak. Une honetan, bertako udalekin batera, emanaldiak Donostian, Oñatin, Zarautzen, Arrasaten eta Hondarribian egiten dira.

Lerro hauen bidez eskatu nahi diegu Aldundiari eta udalei kontzertu programa hau ez desagerrarazteko, dituzten betebehar publikoak konplitzeko eta, beraien hitzak erabiliz, “Espainiako zein nazioarte mailako talde profesionalen proposamen berritzaileak” mantentzeko. Euskal taldeak ahaztu gabe, hauek beti izan baitute promozio handia eta toki nabarmena Aldundiko programa honetan.

Gaztemaniak! programaren desagerpenak ordezkaezina litzatekeen tokia utziko luke Gipuzkoako musika eszenan eta kultura gipuzkoarraren flotazio-marrari jaurtiriko misil zuzena litzateke. Gaztemaniak! programak beste musika batzuk daudela erakusten digu, baita beraiekin harremanetan jartzeko beste modu bat dagoela ere. Ezin da kalkulatu gazte belaunaldi baten (50.000 ikusletik gora 15 urteetan zehar) sormenean ekimen honek utzitako arrastoa.

Ekimen honen desagerpenak apenas izango duen ondoriorik Foru Aldundiaren diru-kutxetan. Erakunde honek, gainera, ez du eragozpenik ikusten zalantzazko etorkizuna duten Donostia 2016 bezalako proiektuak diruz laguntzeko eta ez dirudi kontziente denik Gaztemaniak! dela Kultur Hiriburuaren ideiaren hazia. Desagerpen honen gaurko ogia kultur dinamismorik gabeko etorkizuneko gosetea bihurtuko da, ñabardura eta kolore ezberdinen falta areagotuko baitu, ebento handien grispean itotako etorkizuna, betiko musika eta bere kabuz ekonomikoki mantentzeko gauza den kulturaren mesederako.

Berriro ere gure belaunaldiari sistemak irabazi dionaren beste adibide mingarria eta lokala izan zitekeen Gaztemaniak!-en desagerpena, baina behean sinatzen dugunok ez gaude amore emateko prest. Aldundiaren proposamen hau defendatu nahi dugu eta arduradun politikoei eskatu nahi diegu, beharrezkoa balitz, proiektua birplanteatzeko, irtenbideak bilatzeko eta ez dezatela biderik sinpleenera jo: guraizeak sartu pisuzko argudiorik bota gabe. Kasu horretan, Aldundiak derrigorrezko funtzioak utziko lituzke bazterrean: aisialdiaren mainstream industriaren babesik ez duen kultura babestea eta hedatzea.

P.S.: Nahi izanez gero, atxikimendua eman diezaiokezu. Horretarako zure izen-abizenak, hiria eta lanbidea bidali mail honetara (goragaztemaniak [a bildua] gmail.com). Elkarte, areto, musika talde edo beste edozein erakunderen kasuetan, berriz, adierazi izena eta herria. Esan beharrik ez dago, talde eta norbanako gisa izena emateko aukera duzuela ere.
Mikel Iturria 2010/01/13

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31