Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak gara

Harrikadak

gara

Orain ere, gezurra ari du

Begoña Urroz ez zuen ETAk erail. DRILen ekintza izan zela dio Iñaki Egañak, beste batzuen artean.

Duela egun batzuk txoko honetan plazaratu nuen Begoña Urroz Ibarrola izan omen zen lehena izeneko apuntea. Bertan El País egunkarian agertutako erreportaje bat hartu nuen hizpide, La primera víctima de ETA. Jesús Duvak sinaturiko informazioaren arabera, neskato hau izan zen ETAren lehen hildakoa.

Hurrengo egunean bertan jaso nuen Serafinen komentarioa, Gezurra galanta. Gaztelaniazkoan ere mezu bat baino gehiago jaso nuen gauza bera esanez.

Otsailaren 12an, berriz, Martin izeneko pertsona batek Gara egunkarian Iñaki Egaña historialariak sinaturiko Cómo se construye una mentira artikuluaren lotura itsatsi zidan. Uste dut bertan Egañak nahikoa argumentu ematen duela El Paísek argitaratutakoa gezurtatzeko.

Beti argi ibili beharra dago horrelako albisteekin. Egun gauzak dauden bezala, are gehiago. Ez dakit nola erori nintzen Duvaren tranpan, are gehiago Florencio Domínguez bezalako iturriak erabili zituela argi eta garbi adierazten zuenean.

Siguen lloviendo mentiras, este apunte en castellano.

Carlinen zurrunbiloan

Krisi hotsak nagusi Donostian ere, baina, oraingoz, kultur jarduerek aurrera darraite.

Asteartean John Carlin idazle eta kazetariaren solasaldi ederra entzuteko aukera izan genuen Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean. John aurkezteaz gain, Jesús Torquemadak  bertan bildutako jendeak egiteko zituen galderei paso eman zien. Elkarrizketa asko eskaini zituen egun horretan Carlinek. Bat aipatzearren, Hego Afrikako hauteskundeen eta Euskal Herriko gatazkaren harira, Iñaki Sotok egin eta Garak argitaratutakoa.

Carlin beste liga batean dago jada, baina, ikusi nuenagatik, tipo jatorra ematen du. Beste liga batean dagoela diot, bezperan Bartzelonako Lionel Messi jokalaria elkarrizketatu baitzuen eta pasa den hilean zenbait egun pasa baitzituen Hego Afrikan bere liburua oinarri hartuta egiten ari diren filmaren errodajean. Protagonistak ez dira nolanahikoak: Morgan Freeman izango da Mandela eta 1995ean Hego Afrikan ospatutako lehiaketa irabazi zuen Spring Boks talde txapelduneko kapitainaren rola jokatuko du Matt Damonek. Hori gutxi balitz, zuzendaria Clint Eastwood da.

Oraingo planak betez gero, pelikula urte bukaeran estreinatuko da Estatu Batuetan eta bizpahiru hilabete beranduago Europan ikusteko aukera egongo da.

Hori, txerri gripeak edo krisiak (biek ala biek, agian) gurekin bukatzen ez badute...

Anariren hitz argiak

Anarik bukatutzat eman du Zebra diskoaren bira luzea, Bilboko Kafe Antzokian grabaturiko mini-diskoa aurkeztuz duela bi aste Donostiako Le Bukowski berrituan. Pablo Cabeza beteranoak Garan eginiko elkarrizketa batetik hartutako adierazpenak.

 

Aspaldian ez nuen Pablo Cabezaren berririk. Atzo arratsaldean, Sareko Argiaren Haria  buletinari esker irakurri nuen Pablok Anari abeslariari eginiko elkarrizketa mamitsu hau. Gazteleraz izaki, lerro batzuk itzultzen hasi, baina uste baino gehiago luzatu naiz, interesgarriak baitira Anariren adierazpenak, oso-osorik irakurtzeko modukoak.

Gaur goizean, berriz, Juan Luis Zabala idazleak bere blogean eskainitako poesia irakurri dut ere.

Azken kontzertua, bolada batez behintzat

Pasa den hilaren 3an, bolada batez azken kontzertua izango dena eman genuen Le Bukowski aretoan, Donostian. Barruan nuen arantzatxoa zen. Emanaldi asko ikusita nituen bertan eta izugarria izan zen. Oso hunkigarria. Gainera, beti sentitu izan dut nire benetako tokia sorkuntzaren munduan dagoela. Kantak dira gauzarik garrantzitsuena, nahiz eta topiko bat izan. Asko gustatzen zait idaztea, abestea, ulertzen ez dudan edo ulertu nahi ez dudan guztia interpretatzea… Aldatzea, berridaztea… Sentsazio guzti horiek inoiz baino biziago daude nire baitan. Hau izan da urterik onena nire abeslari ibilbidean. Ezin izango nuke gehiago eskatu.

Noren esku dago musika, artea

Batzutan inbidia diot literatur munduari. Idazleak, batzuk behintzat, beraiengatik eta beraientzat dagoen sistemarekin kritikoagoak baitira. Uste dut musika jarrera bat dela, nik horrela sentitzen dut. Eta musikaren mundua, orokorrean artearekin gertatzen den bezala, musikaz ideiarik ez duen jendearen esku dago eta inork ez du ezer egiten edo esaten. Eta hau oso txikia da, onerako zein txarrerako, eta kontrola, zoritxarrez, esku gutxitan dago. Dena estuki dago lotuta eta, honela, nahiz eta txistea dirudien, zure obraz hitz egiten hasten bazara, elkarrizketaren amaieran, Eroskiren izena agertzen da: zure obraren formatuak Eroskiko apalekin bateragarri izan behar du. Eta gauza guztiekin berdin. Nik ulertzen dut gauzak egiteko beste modu bat dagoela, agian txikiagoa. Eta txikiaren zorionerako, denborak demostratzen du ez dela gehiago saltzen gehiago pilatzeagatik. Musika gehien maite duen jendea da kontzertuetara hurbiltzen dena. Eta zer nahi duzu esatea? Guretzat hori da balio duen bakarra: jotzea, abestea, jendea negarrez jartzea, salto edo oihu egitea… Eta uste dut nola edo hala lortuko dugula grabatzea eta jendeari guk egiten duguna helaraztea.

Euskadin rock & rollak ez du inoiz dirurik emanen

Euskadin, produkzio gehiena –taldeak, kontzertuak, diskoak…- ez dago bertako diskoetxe handien esku eta ez da agertzen gure irrati-formuletan. Hain aipatua den krisi diskografikoak ez du hainbesteko eraginik izan, beti izan baita gogorra. Arazoa da produkzio eta produkzio-etxe handietaz hitz egiten dela soilik. Nazkatuta nago behin eta berriro errepikatzeaz krisialdia egitura mailakoa dela, 80. hamarkadako boom-etik datozen eta 90. hamarkadan emaitza hobeagoak eman zituen egitura handiei eragin diela. Garai horretan musikarekin dirutza egin zuen jendea dago, eta ondo iruditzen zait, baina hori amaitu egin da jada. Gaur egun inor gutxik du gure estudio handietan grabatzeko aukerarik, ezta gure ekipo handiak alokatzeko edo katxeta handiak kobratzeko aukerarik ere…

Artea letren mundukoa da

Etsigarriena da berdin-berdin egiten direla gauzak gaur egun. Izar mediatiko handiak sortzen dira, multinazionalen klabeak aplikatuz. Hau horrela da mundu mailan, baina guk gurea aztertu beharra daukagu. Kaka hutsa urrean pare jartzen da eta urrea, kakaren pare. Zenbakiek balio dute soilik eta artea letren mundukoa da… Gainera, hitz egitera eseri aurretik, garbi geratzen da kristoren mesedea egiten ari zatzaizula. Gauzak oso gaizki doazela ere, ezin da ahaztu diskoetxeak daudela artistak daudelako eta ez aldrebes. Gauzak ondo zirenean, diskoetxeek artistek baino diru gehiago irabazi dute diskoekin. Guk, Esan Ozenki  diskoetxearekin sinaturiko lehen kontratuetan, hogei urteko karrera zuten musikariek baino kontratu hobeagoak genituen. Niretzat Metak diskoetxearen itxieraren alderik txarrena da gauzak ondo egitearen eta artistarekiko begirunearen erreferentea galdu dugula. Badago oso gaizki pasatzen ari den jendea, baina ez da malko gehien isurtzen dituena. Eta badago jendea urteak daramatzana aretoetan, diskoetxe txikietan, aldizkarietan, irratietan… Chapeau beraiengatik!

Bidea nola egin

Badakit modu batez grabatuz gero, kontsakrazioa lortuko nuela. Teleberrian aterako nintzateke eta telebistako iragarkietan. Euskal musikaren zutabe bat nintzateke azkenean, nahiz eta soilik hamar kontzertu eskaini urtean zehar eta inor ez joan horietara. Ni beti egon naiz horren aurka. Musikari esker zerbait lortu badut, hori izan da pertsona apartak ezagutzea, gauzak nola egin behar diren erakutsi nautenak. Fermin Muguruza, adibidez, aurreko belaunaldikoa da, baina berau da gu guztion artean subertsiboena; bere musika gustuko izan edo ez izan, ezin uka arriskatzen duen pertsona dela. Garrantzitsuena da esaten duena, baina, batez ere, egiten duena. Hori da niretzat balio duen bakarra. Ferminek uko egin die benetako eskaintzei, bizimodua konpontzen dizuten eskaintzei, multinazionalek egindakoak, eta hori jakin beharko litzateke. Eta gainera diskoa Talka Records diskoetxean argitaratu du, autoprodukzioa; bitartean, ustez alternatiboagoa den nire belaunaldiko jendea sistemak irentsi egin du. Musikari gehiago daude, Ruper Ordorika adibidez, edo nire lekuko handiena, Mikel Abrego… Pozten naiz zuen gehigarrian Joseba Irazoki abeslariaren diskoa Sprinsgteen-en aldamenean ikusterakoan. Hori da gehien bat behar duguna, sistemak ez kontrolatzea guztia. Komunikabideak libreak diren bitartean, denek izango dugu tokitxoren bat.

En castellano

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31