Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak futbola

Harrikadak

futbola

Barça eta Madriden liga

Larunbatean Realak Bartzelona hartu zuen Anoetan. Azken bolada honetan nabaritzen ari naiz gero eta sinpatia gutxiago dituela talde kataluniarrak gurean ere.

Larunbat arratsaldean gogotsu joan nintzen Anoetara 2011-12 denboraldiko Realaren etxeko lehen partida ikustera. Bartzelona zen kontrarioa. Baina lehen zatia ikusi ondoren (partida beharrean kataluniarren rondo bat zirudien zelaikoak) asper-asper eginda nengoen eta haserre ikuskizun harekin. Izan ere, nik ere pentsatu nuen lehen zatiko hamaikagarren minuturako dena esanda zegoela. Zorionez, bigarren zatian, lo atera ziren blaugranak eta ederki lortu zuten txuri-urdinek berdinketa (minutu batean).

Garai batean Barça gustuko nuen, baina azken urte hauetan zenbat eta gehiago ikusi zuzenean, orduan eta gutxiago gustatzen zait taldea. Telebista aurrean ere aspergarria egiten zait talde bat baloia hartu eta alde batetik bestera mugitzen ikustea, arerioak zer egin ez dakiela dagoen bitartean.

Real Madrid ere ez dut gogoko eta bi erakunde oilar horiek besteen gainetik pasatzeko duten joera hori gorroto dut: gainerakoekiko duten aldea (telebista-eskubideen banaketa adibide bat baino ez da), inguruan mugitzen den edozer harrapatzeko ahalegina (Madrilek Realeko bi gazte iritsi berri fitxatu nahi omen zituen abuztuaren bukaeran)...

Eta gero Liga bera dago: jardunaldiak amaitezinak bihurtzen dituzten ordutegiak, irratiei eskubideak kobratzeko asmoa... Zer esan daiteke Astiazaran presidente duen erakunde bati buruz? No comment, Toshack-ek esango lukeen bezala.

Batzuetan pentsatzen dut onuragarriagoa dela bi horiek beren liga propioa sortzea (europarra nahi badute) eta gainerakoen arteko lehiaketa jokatzea. Gauzak dauden bezala, txapelketa berdintze aldera, ondo legoke bigarren taldeekin jokatzea.

La liga del Barça y del Madrid, este apunte en castellano.

Mikel Iturria 2011/09/12

Margatània: L´equip petit

Kataluniako futbol taldea da Margatània. Benjamin-aurreko kategorian, 271 gol jaso ditu txapelketa osoan zehar. Azken partidan sartu zuten lehiaketako gol bakarra.

@telmoiz eta @txomindd bidez izan dut honen berri.

Mikel Iturria 2011/08/02

Zikiro: 23 urtetan zigorrik jaso ez duen entrenatzailea

Noticias de Gipuzkoako Juanma Molineroren zutabean izan dut Joxe Luis Altzugarairen berri.

Joxe Luis Alzugarai by Aitor Arozena

"Gaztetan Beti Gazte eta Real Union taldeetan futbolean aritu zen Jose Luis Altzugarai, ‘Zikiro’ lagunentzat. Baina gero palista profesionala izan zen hamabi urtez Bilbon, «palarik garairik onenean». Bilboko garai hartatik, Marino Lejarreta txirrindulari handia pisukide izan zuela gogoan du eta «betirako laguna» duela berekin. Behin pala utzita, ustekabean, Beti Gazteko nesken futbol taldea entrenatzen hasi zen, duela 23 bat urte eta geroztik han-hemen entrenatzaile aritu da, txartelik ikusi gabe".

«Txartelik inoiz ez ikusteko sekretua arbitroaren lana errespetatzea da», Aitor Arotzenak eginiko elkarrizketa. Ttipi Ttapa aldizkarian agertu da. Argazkia ere Aitorrena da.

Via Juanma Molinero.

Mikel Iturria 2011/07/28

Bi urte bete dira, Javier

Javier Ortiz 2009ko apirilaren 28an hil zen. Gugan bego!

Dear JOR

Oraintxe irakurri dut zuri bidalitako azken gutuna. 2010eko azaroaren 20koa da. Egun hartan ere Oiartzunen ibili nintzen goizean, aitarekin. Gaur bezala. Gurasoekin kasu honetan.

Bi urte joan zaizkigu bai, Jamaikarako heriotz bidea hartu zenuenetik. Tamalez. Eta begiratzen diozu gaurkotasunezko gaiei eta badirudi dena berdin-berdin dagoela.

Den-dena? Tira, den-dena, ez. Adibidez, ETAren bide odoltsua amaitzear dagoela dirudi, nahiz eta batzuek, betiko Espainiaren seme-alaba, ez egon oso gustura. Lerro hauek idazten ditudan bitartean, Auzitegi Gorenaren 61. aretoko epaileen esku dago maiatzaren 22an Hegoaldean izango diren hauteskunde autonomiko eta lokalak demokratikoak izatea edo ez izatea.

1990. hamarkadako zure hainbat artikulu irakurrita, Felipe Gonzálezen bukaera garai haiekin konpara daiteke Espainiako gaur egungo egoera. Ditxosozko GALik gabe, hori bai. Baina burbuilaren garaiko ustelkeria puri-purian dago, 45 milioi biztanletik 5 milioi langabeziaren putzu beltzean bizirauten duten bitartean. 90. hamarkadako Alemania batuko datuak kopuru horretara iritsi zirenean, egoera oso larria ei zen; eta haiek 80 milioi biztanleko herria ziren.

Krisi latza bizi dugun bitartean, futbola da gaur ere herriaren opioetako nagusietako bat, baina orain ez da giro Barça eta Madrid erraldoiago bihurtu dituztenetik. Eskerrak atzo zure (gure) Realak mendean hartu zuela Barça ustez garaiezina. Eta horrela bi helburu lortu zituzten gipuzkoarrek: datorren urtean Lehen Mailan egoteko aukera eskuarekin ukitzea eta txapelketa berean 32 partida galdu gabe egotearen marka oraindik ere 80. hamarkadan liga irabazi gabe geratu zen talde txuri-urdinak mantentzea.

Seguraski ez zinatekeen hurbilduko Anoetara eta Alacanteko etxetik egongo zinen atzoko partida ikusten. Gustura. Ikusi behar ninduzun atzo Estadioan. Errealzale asko bildu ginen, baina baita Barçaren zale asko ere. Inoiz baino txistu gehiago jaso zituen talde kataluniarrak. Hausnarketa bat merezi du gaiak, baina beraiei dagokie hori, Barçaren direktiba eta zaleei.

Tira udaberria bada, behintzat. Neguaren amaieran abiatutako aldaketa giroa bizi da Ipar Afrikan eta gurean, azken bolada honetan, Haserretu zaitezte Stéphane Hessel-en liburuak astindu ditu bazterrak. Zu bezalako erretxindu baten Diario de un resentido social hura ezin ahaztu titulua leituta.

Ea gai garen lapur koadrila honi aurre egiteko. Kontatuko dizut.

Besarkada bat gero eta jende ezagun gehiago biltzen duen Jamaika horretara.

Iturri

Mikel Iturria 2011/05/01

Xabi Alonso, Donostiarako bidean?

Realean bukatuko al du karrera?

Atzo, Donostiako Udaletxeko pleno aretoan Xabi Alonsok Urrezko Danborra jaso zuela aprobetxatuz, lehengoan irakurritako elkarrizketa bat ekarri nahi dut txoko honetara.

Gauza jakina da jokalaria punta-puntakoa dela futbolaren mundu zoro (eta txoro honetan), baina urteak ez direla alferrik pasatzen eta Real Madrid uzteko unea iritsiko zaiola ere ez da ahaztu behar.

Hilabete honetako 943Magazine aldizkariko azalean ageri da Realeko Carlos Martínez jokalaria. 39. orrialdean Lodosakoari eginiko elkarrizketa dago eta atentzioa deitu dit nola erantzun zion ea egunen batean garaikurren bat jasoko ote zuen Realarekin eginiko galderari:

"Quizás en unos años el equipo crezca lo suficiente y existe la posibilidad de que retorne a casa nuestro realista más universal, Xabi Alonso, y a esta hornada no se le recordará solo por el ascenso... Ojalá, ¿por qué no? Para todos nosotros, Xabi Alonso es un espejo en el que mirarse. Somos un equipo joven que está aprendiendo pero también compitiendo bien. Primero vamos a pelear por consolidarnos, mantenernos y crecer..."

Ez ditut taldeko jokalarien adierazpenak hainbeste jarraitzen, baina hau da lehen aldia Realeko jokalari baten horrelako adierazpena irakurtzen dudana. Realzale askori gustatuko litzaiguke hori horrela izatea, baina badakigu ere zaila izango dela.

Bitartean, Lehen Mailan mantentzea da gure helburu bakarra.

Xabi Alonso, ¿camino de Donostia?, este apunte en castellano

Non daude españolak izateari utzi ziotenak?

Espainiaren presentziaz Euskal Herrian.

Pasa den larunbatean Donostiara iritsi nintzen Paraguay-Espainia partida amaitu berritan. Antiguatik sartu, Kontxako pasealekua zeharkatu eta San Martin kalera iritsi bezain pronto Espainiako selekzioaren zale mordoxka zeuden Molly Malone tabernaren kanpoaldean, batzuk errepidean, talde gorriaren banderak eta abar astintzen eta garaipena ospatzen.

Asteazkenean ere makina bat jendek gozatu zuen Donostian espainiarrek alemanei sartutako golarekin eta finalerako sailkapenarekin. Gaurko egunez pantaila handiak eta txikiak egongo dira Euskal Herriko hainbat tokitan.

Espainiaren presentzia nabarmena da gure inguruan eta hori ikusi nahi ez duenak ez dakit non bizi den.

Aste honetan bertan, Gipuzkoako prentsa idatzian ikusitako beste bi adibide:

Albako dukesak aspaldiko ohitura du uztailean Donostian duen jauregian egun batzuk pasatzearena. Aurten, baina, uste dut ohikoa baino gehiago azaldu dela Gipuzkoako prentsan (DVk kontrazala eskaini zion).

Ostiralean Nadal egon zen Galarretan eta Getarian. Mundu mailako izarra da bai, eta Noticias de Gipuzkoak eta DVk azala eskaini zioten.

Ona da española izan nahi duenak nahi hori libre-libre agertzea Euskal Herrian, hobe kanporatzea barrualdean lehertzea baino.

Gauzak horrela, horra hor nire galdera: non daude Los españoles que dejaron de serlo?

Rachid Taha & Gaetan Roussel, Bonjour. Klip ofiziala.

 

Primeran

Reala igo da Lehen Mailara. Nire herriko taldea, berriz, 2. B mailatik oso gertu dago.

Jolasten

Goizeko 11:00etan geratuta geunden atzo... baina ni berandu iritsi nintzen. Alde Zaharrean bueltaren bat eman eta trago batzuk hartu ondoren, Amarako jatetxe batean bazkaldu genuen.

Bazkaldu ondoren, Anoeta Estadiora hurbildu ginen. Eta hor bizi (ge)nuen lehen emozioa, taldearen autobusa gerturatu zenean. Munduko vuvuzela guztiak baino zarata handiagoa atera baikenuen zaleek.

Kosta zitzaidan 7. atera iristea hainbeste jende artean, baina garaiz nengoen nire eserlekuan. Partida hasi zen, azkenean. Eta ekipoa lotuta ikusi nuen lehen zatian. Eskerrak bigarrenean hobeto jarri zirela gauzak eta penalty bidez aurreratu ginela. Buenok bigarren gola sartu zenean, orduan dena salduta zegoen.

2010eko ekainak 13a Realaren historiako beste data bat. Egungo neska-mutiko errealzaleek taldeari lotuko zaizkio, gu 1981ean eta 1982an itsatsi ginen bezala.

Donostian hori gertatzen zenean, Kordoban Real Unionek kategoria galtzeko urrats handia eman zuen. Pena!

Mikel Iturria 2010/06/14

Lotsa Anoetan

Realaren Ohizko Batzarra egin zen atzo Anoetan. Agur Badiola.

Atzo ez nintzen Anoetara hurbildu (ez futbol zelaira, ezta ondorengo Ohizko Batzarrera). Partida telebistan jarraitu nuen (Galdakaon) eta poztu nintzen Salamankaren aurkako garaipenarekin, nahiz eta (edo batez ere?) azken unean gertatu.

Batzarrean geratu zenaz, ezer gutxi dut esateko. Lotsagarria iruditu zitzaidan Badiolaren aldeko sutsuenek izandako jarrera. Bere garaian esan nuen tipo hau ez zitzaidala batere gustatzen. Poztu naiz akzionistek Administrazio Kontseilutik bota izanagatik. Etorri direnei buruz, bestalde, ezer gutxi dakit. Ez ditut ezagutzen.

Reala gaixo dago eta giroa nahasita. Gauza onik ez.

Mikel Iturria 2008/12/21

Reala maldan behera

Reala – Eibar futbol partida ikusten egon nintzen atzo, beste 19.000 lagunek bezala. Eta etxera penaturik joan nintzen. A ze gurutzebidea tokatu zaigun txuriurdinei!

Sarreran Anoeta aldizkaria jaso nuen. Unai Emery bolada ezin hobean dagoen Valentziako entrenatzaileari eginiko elkarrizketa, alde batetik, eta bera bezain ondo ari den Liverpooleko Xabi Alonso jokalariari egindakoa,  bestetik. Horrelako jendea behar dugu hemen. Iritsiko ote da eguna biek ala biek Realera bueltako direna? Batek daki.

Utz ditzagun ametsak alde batera, gaur egun Reala noraezean baitago, azken urteetan bezala, eta ez da erraza jakitea nola aterako den klub txuri-urdina ataka gaizto honetatik.

Atzo Edurnerekin eta Aitorrekin egon nintzen zelaian. 1993-1994 denboraldian bost lagun hasi ginen joaten zelaira eta egun hirurak geratu gara soilik. Ez gara beti joaten, baina bai ikusten ditugula partida mordoa elkarrekin. Inguruan zegoen Edu ere gurekin egoten da askotan. Atzo ez.

Eibarren kontrako derbia pentsaezina zen duela urte batzuk. To, orain ezin irabazi Anoetan! Dena dela, gutxienekoa emaitza izan zen atzo, Realaren kirol gainbehera laburbilduta ikusteko aukera izan baikenuen laurogeita hamar minututan: funtsezko jokalari baten lesio larria (animo, Iñigo), ordezko kanpoko jokalari erdipurdikoen lan kaskarra, zalegoaren antsietatea eta erokeria (Lillok hartutako kolpea, botilarena), jokalariei ezer esan gabe aldageletarako bidea hartu zuen epailea. Horri gehitu erakundearen porrota (konkurtso-legea eta jujearen interbentzioa).

32 urte omen ditu botila zelaira bota zuen zaleak. Atletismo pistak tartean izanik, punteria behar da norbaiti buruan jotzeko. Bera da erruduna eta berak pagatu behar du. Baina bera bezalako zenbat jende dago portaera eskasa duena estadio batean? Makina bat.

Triste nago atzokoarengatik. Pasako da.

La Real cuesta abajo y sin frenos

Berrogei urte

Akabo! Ezin esan jada hogeitaka urte ditudala. Zer egingo diogu bada! Beti esan izan dudan moduan, alternatibak are gutxiago asetzen nau: hau da, urteak ez betetzea.

Bueltak ematen egon naiz gaur arratsaldean. Zer nuen buruan hamar urte bete nituenean? 1978ko uztaila. Frantziako Tourra  hasita zegoen jada eta Bernard Hinault izan zen irabazle betiko bigarrenaren aurretik, Joop Zoetemelk. Argentinako futbol mundiala bukatuta, Kempes eta enparauek osaturiko futbolari koadrilak irabazi zuen txapelketa Videla diktadorearen aurrean. Lekunberri baserrian egongo nintzen, udako bakazioak pasatzeko asmoz.

Eta hogei urte egin nituen egunean? 1988ko uztailaren 2an Juan Pablo II.ak eskumikatu zuen Lefebvre artzapezpikua. Zuzenbidea estudiatzen ari nintzen jada, bigarren urtea amaitu nuen eta Irungo Montero hiltegian hirugarren udaldia lanean betetzeko prest nengokeen, jakin gabe hura izango zela azkena eta, gainera, bruzelosia harrapatuko nuela finikito gisa.

Eta hogeita hamar urte bete nituenean? Euskara Patronatuan ari nintzen lanean eta Sorkunekin bizi nintzen jada, Donostian. Uda hartan egun politikaz bezain gogaituta nengoela dut gogoan. Oporretan egon ginen Katalunia aldean. Oraindik Internet zer zen ez nekien, baina eibartarrak posta zerrenda martxan zen jada.

Internet izan da azken hamarkadako deskubrimendua: Irungo zerrenda, eibartarrak zerrenda, patera zerrenda  eta Javier Ortiz handiaren inguruan eginiko lagun guztiak, Javier Vizcaíno eta MQP inguruko blogosfera, Love of 74 eta beste hainbat lagun…

Non egongo naiz/gara eta nola 2018ko uztailaren 2an? Ideiarik ere ez, baina ahal badut blogeatzen egongo naiz, azken lau urte hauetan bezalaxe.

Cuarenta años

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31