Harrikadak
euskalerria_irratia
Mikel Laboak ere alde egin du
Mikel Laboa. 1934-2008. Goian bego.
Gaur goizean autoa hartu eta etxerako bueltan gentozen hiru egun Arnedilloko bainuetxean pasa ondoren. Iruñea paretik pasa gara eguerdiko 13:00ak aldera eta albistegiaren bila aritu naiz irrati aparatuan. Euskalerria Irratian Mikel Laboaren musika entzuten ari nintzen, baina hori ohikoa iruditu zait. 13:00ak eman eta albistegiaren tenorean Laboaren musikak jarraitzen zuela konturatu naizenean, pentsatu dut Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den astean iragarritako urrezko domina entregatu diola gaur. Zoritxarrez, oker nenbilen: agur esan baitigu gaur Laboak.
Ez naiz oso Laboazalea izan, baina "Gauerako aterbea", adibidez, Negu Gorriak-en bertsioagatik ezagutu nuen. 1990. urtearen bueltan bertsioz osaturiko diskoa egin zioten euskal rock musika taldeek Xabier Montoiak pentsaturiko proiektuan: M-ak, Delirium Tremens, Bap!!... Gustatuko litzaidake binilo hura norbaitek CDan berrargitaratzea.
Arratsaldean, Euskadi Irratian entzun ditut Harkaitz Canoren hitzak. Goizen Elkar argitaletetxean publikaturiko azken liburuaren aurkezpenean botatakoak. Jende gaztearekin konektatzeko Laboaren erraztasuna goraipatu du Harkaitzek. Gaineratu du ere Laboarentzat Harkaitz New York-en bizi zela.
Lasai Harkaitz: badut lagun bat Laboaren familiakoa dena. Karrera amaitu eta urteak lanean eman ondoren, oraindik ere batxilergo ikasketak ea nola zihoazen galdetzen omen zion Mikelek aipatu lagunari.
Arratsaldean aita bisitatu dut egoitzan eta Donostiarako bidean, Agurtzanerekin gogoratu naiz, Mikelen alabarekin. Euskal Herriak musikari handi bat galdu du, baina Agurtzanek aita. Eta hau galera handiagoa delakoan nago.
Euskalerria Irratia 20 urte entxuferik gabe
Jaia antolatuko dute datorren ostiralean Barañaingo Auditorioan.

Pasa den astean Lakasta jaunak bidalitako mezu bat jaso nuen. Bertan zioen datorren ostiralean, azaroaren 7an, iluntzeko 19:00etan, Barañaingo Auditorioan ospatuko duela Euskalerria Irratiak 20. urteurrena. 1988ko egun horretan bertan hasi baitzituen emisioak eta Euskalerria Irratiak 20 urte entxuferik gabe ekitaldia antolatu dute aitzaki horrekin.
Zuzenean emitituko dute auditoriotik eta gonbidatu hauek elkarrizketatuko dituzte: Oinatz Bengoetxea pilotaria, Egoi Martínez txirrindularia, Oier Sanjurjo futbolaria eta Hedoi Etxarte poeta.
Musika zuzenean dastatzeko aukera izango da ere: disko berria publikatu duen Fermin Muguruzak hiru kanta joko omen ditu (pasa den ostiralean zuzenean aritu zen Bilboko Hikateneoan), Hesian, Cheese and Road Ensemble, A-lai-kapela.
Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano bikoteak lehiaketa muntatuko ei du han bertan.
Joan nahi izanez gero, gonbidapenak lehendik lortzeko bi bide daude:
1.- Telefonoa: 948 17 01 51.
2.- E-maila: administrazioa a bildua euskalerriai.com.
Albistea blog berri batean kargatu dut gazteleraz; Gente MQP- MQPzaleak montatu baitu Javier Vizcaínok zuzentzen duen irratsaio horretako entzule batek eta beste batzuei bertan parte hartzeko gonbitea luzatu. Ea ba.